Jura (mendigunea)
Jura[1] mendebaldeko Europako mendigunea da, Alpeetatik iparraldera hedatua, Rhin eta Rodanoren haranen artean, 230 km luze eta 61 km zabal den zerrenda batean.
Jura (mendigunea) | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Crêt de la Neige |
Mota | mendigune eta Toles eta zamalkadura gerriko |
Luzera | 340 km |
Zabalera | 65 km |
Azalera | 14.000 km² |
Geografia | |
Koordenatuak | 47°14′35″N 6°01′19″E / 47.2431°N 6.0219°E |
UTC ordua | UTC+01:00 |
Honen parte da | Alpetar gerrikoa |
Estatu | Suitza |
Suitzako kantonamendua | Vaud kantonamendua |
Geologia | |
Material nagusia | arroka sedimentario |
Garaia | Mesozoiko Zenozoiko |
- Artikulu hau Europako mendiguneari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Jura (argipena)».
Izena eta kokapena
aldatuJura izena frankoproventzerazko juris-etik dator, eta hau latinezko juria-tik (euskaraz: «mendiko oihana»); hitz guzti hauen jatorria zelterazko jor, jore da (euskaraz: «goragune oihantsua»). Mendiguneak Frantziako departamendu bati, Suitzako kantonamendu bati eta aro geologiko bati eman die izena.
Jura mendizerrak Jurasiar sistemari ematen dio izena, arroka gehienak adin honetakoak baitira.
Geografia
aldatuJura Frantzia, Suitza eta Alemaniaren artean banaturik dago:
- Frantzian, Franche-Comté eskualdean, Rodano-Alpeak eskualdearen hegoaldean eta Ain departamenduaren ekialdean dago. Azken departamendu honetan dago mendiguneko mendirik altuena, Crêt de la Neige. Frantziako Juraren hegoaldeko zatia Savoiako iparraldea da, iparraldeko zatia, berriz, Alsaziako hegoaldea.
- Suitzan, Jurak mendebaldeko muga egiten du, Basilea, Solothurn, Jura, Berna, Neuchâtel eta Vaud kantonamenduak zeharkatuz. Bertako hiri nagusiak La Chaux-de-Fonds, Le Locle eta Sainte-Croix dira.
- Alemanian, mendiak txikiagoak dira. Mendiguneak Bavaria Suabia eta Frankoniako ordokiekin lotzen du.
Mendirik altuenak
aldatuGeologia
aldatuKokapen geologikoa
aldatu3 gunetan bereizten da Jura: Jura tabularra, Barne-Jura eta Kanpo-Jura. Azken biak nagusitzen diren eremuak dira. Ipar-ekialdean Molasse arroak bereizten ditu Alpeak eta Jura. Iparraldetik eta mendebaldetik Rhin eta Bresse grabenak bereizten dituzte. Gainera Jurak, Bresse grabena eta Jura tabularra zamalkatzen ditu.
Arkuaren fronteko luzera 400km-koa da eta barne-aldeko muga 340km-koa. Bi arkuen arteko zabalera bi ertzetatik loditzen da 65km-ko zabalera maximoa lortu arte.
Estratigrafia eta Jura mendigunearen eboluzioa
aldatuJura mendizerrak Alpeetako toles eta zamalkadura gerrikoaren parte da, eta 2km inguruko lodiera duen sekuentzia sedimentarioa du.
Mesozoikoan Jura mendigunea eta Molasse arroa Tethyseko ertz egonko alpetarraren parte ziren, zeinean 2km lodierako kareharri eta tupen arteko txandakapena eman zen. Malm serieko kareharriak eta tupa Jurako erdialdean azaleratzen dira, eta Kretazeoko kareharriek mendebaldeko antiklinalen gailurrak eratzen dituzte.
Oligozenoan eta Miozenoan sedimentu klastiko ibaitar, itsastar eta lakutarrak metatu ziren eta Mesozoikoko arroken gainean gainjarri ziren. Oligozeno eta Miozenoko materialak, Molasse arroan agertzen diren gehienbat, baina Jurako sinklinalen guneetan ere ageri dira.
Jura mendigunean, basamentu/estalki sedimentario estilo tektonikoa nagusitzen da. Basamentua arroka sedimentarioen edo arro sedimentarioen azpitik agertzen diren arroka igneo eta metamorfikoen multzoari deritzo. Arroka hauek aurkitzen diren tokiaren arabera, adin ezberdina dute. Beraz, basamentuaren gainetik metatzen diren arroka sedimentario edo arro sedimentarioei estalki sedimentario deritze. Estalki sedimentarioan aurkitzen diren arrokek beti ukipen diskordantea dute azpiko basamentuarekiko.
Mota honetako estilo tektonikoa garatzeko beharrezkoa da maila disarmoniko bat izatea. Maila disarmonikoa portaera moldakorra duen edozein materialez osatuta dago, eta lodiera minimo bat behar du gainetik eta azpitik dauden materialen aurrean jokaera ezberdina izateko. Konpresio-esfortzu egoera batean, maila disarmonikoaren gaineko materialak tolestu egiten dira gehienbat, eta neurri txikiago batean failatu; azpitik daudenak, ordea, ez dute deformazioaren eraginik jasango. Gainera maila disarmonikoa osatzen duten materialek fluitzeko gaitasuna dute; hau da, maila disarmonikoaren gaineko materialak tolestean eta failatzean eratutako hutsuneak eta gainezartzeak maila disarmonikoa osatzen duten material inkonpetentearen mugimenduek xurgatzen dute.
Egitura
aldatuJura mendigunea bi eremu nagusitan banatzen da:
- Kanpo-Jura
- noizbehinka mendigune estuekin moztuta duden eremu lauez eratuta dago. Eremu lauak plateau-ak dira eta mendigune estuei Faisceaux deritze. Plateauak faila gutxi dituzten sinklinal oso zabalak dira eta Faisceaux-ak, berriz, failez jositako eremu antiklinal estuak.
- Barne-Jura
- toles-serie jarraituak daude bertan. Toles hauek ekialdean, failatuta dauden detatchment-tolesak dira; mendebaldean, toles geometria apalagoak nagusitzen dira. Barne- Juran honetan nagusitzen diren egiturak tolesak dira, baina zamalkadurak eta tear-failak ere badaude. Tolesen anplitudea sekuentzia sedimentarioen lodieraren eta laburketa kopuruaren araberakoa da. Gainera tolesek, harreman zuzena dute zamalkadurekin eta alboetarantz desagertzen dira ardatzak barneratzen direlako edo tear-faila baten aurka amaitzen direlako. Barne-Jurako materialak Kanpo-Juraren plateau-en gainetik daude zamalkatuta. Hegoealdeko mugan, Barne-Jurako geruzak Molasse arroko Oligozeno-Miozenoko materialen azpitik galtzen dira.
Batzuetan hirugarren eremu bat definitzen da: “Jura tabularra”. Eremu hau Jurako arkutik kanpo aurkitzen da, Ohian Beltzeko eta Vosgoseko basamentuen estalki sedimentarioei dagokio.
Jurak duen ezaugarri bereizgarriena, orogenoan bertan duen kokapena da. Orogenoaren gunetik Molasse Arroa baino urrunago kokatuta baitago. Juran orogenotik urruntzean deformazio-kopurua murriztu beharrean handitzen baita, eta teorikoki orogeno batean orogenotik urrundu ahala deformazioa gutxituz joan behar da.
Jura mendizerrako materialen sedimentazioa erdi-Triasikotik Miozenora bitartean eman zen eta failak eta tolesak erdi-Miozenoean eta Pliozenoan eratu ziren. Azpitik gelditzen diren arroka zaharragoek ez dute konpresioaren eraginik jasan. Erdi- eta goi-Triasikoko ebaporitek osatzen duten maila ahularen gainetik ostera materialak deformaturik ageri dira. Beraz, Jura mendigunean agertzen diren tolesak ez ditu deformazio prozesu batek eragin, baizik eta, maila konpetetente (kareharriak) eta inkonpetenteen (arbelak eta tupak) arteko txandakapenaz eragindako anisotropiak sortutakoak.
Ekonomia
aldatuNekazaritza munta handikoa da: mahastiak hegoaldean, gaztagintza (comté Frantzian eta gruyère Suitzan) eta zur industria. Eskulanek berebiziko garrantzia izan dute (erlojugintza, optika-kristalak, hargintza, plastikogintza) eta indar hidroelektrikorako erraztasunak industria modernoa ekarri du (ehungintza, altzairu bereziak, metalgintza). Turismoa garrantzitsua da.
Galeria
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/05/24 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ 159. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-10-12).