Kintoa
Kintoa (gaztelaniaz: Quinto Real edo País del Quinto; frantsesez: Pays Quint), Aldubide, Alduide eta Aldude ere deitua, Nafarroa Garaiko iparraldeko baso- eta larre-eremua da, nagusiki pagadiek osatua eta 4.100 hektarea baino gehiagoko azaleran zabaltzen dena, Iparraldeko Kintoa delakoan 2.510 ha eta Hegoaldeko Kintoan 1.624 ha.
Kintoa | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Erroibar eta Baztan |
Koordenatuak | 43°02′N 1°26′W / 43.03°N 1.43°W |
Muga hauek ditu: iparraldean, Aldude, Urepele (Baigorri); ekialdean, Auritz; hegoaldean, Erroibar, eta mendebaldean, Esteribar, Erregerena mendia eta Baztan. Kintoko oihanak guztiz aberatsak dira, eta aspaldidanik erabili dituzte Pirinioz bi aldeetako nafarrek bazkarako eta, geroago, industria hornitzeko (ezkurrak eta pagatxak; burdinoletarako egurra, zur-industria)
Historia
aldatuHistorikoki jabetza dela-eta liskar ugariren sortzailea izan da mugako ingurune hau, abereak errege-erreginenak ziren mendietan ibiltzeko zerga-sistemagatik. Badirudi Erroibarko oihan gisa hartu zela aspaldidanik eta aldameneko nafarrak (baztandarrak eta, batez ere, baigorriarrak) zerga bat ordaindu beharrean zeudela hango horniduraz baliatzekotan. Nafarroako konkistaren ondoren, tirabira askoren ondotik, 1856ko Baionako Itunaren bidez gaur egungo muga ezarri zuten, eta arazoa nolabait konpondu zuten: ofizialki "Espainiak Frantziari urteroko diru-koporuaren truke betiko utzitako lurra" da. Erabakia ez zen izan Espainiako estatuko nafarren gustukoa, ez baitzen uren banalerroa muga lerrotzat hartu. XIX. mendean areagotu ziren nafarren eta Espainiako estatuaren arteko tirabirak Kintoko mendien ustiakuntza zela eta; 1877an, Kintoaren gaineko eskubideak jaso zituen estatuak eta, ordainean, Erregerena mendiko 576 ha jaso zituen Baztanek eta Kintoko 616 ha Erroibarrek. Argindarra 1979an eta telefonoa 1983an heldu ziren. Lurralde honetako 30 bat biztanleak administratiboki Espainiako lurretan bizi dira, baina eskolara eta beste hainbat kontutara Urepelera jotzen dute. Zergei dagokienez ere, batzuk Espainian eta beste batzuk Frantzian ordaintzen dituzte[1].
Gaur egun, mendi-mankomunitatea eratu dute. Lindus (1.220 m) eta Izterbegi (1.027 m) mendiek mugatzen dute ingurunea.
Lanbideak
aldatuIngurune honetan historiaurretik gizakiak bizi izan direlako aztarnak iritsi dira gaur egun arte, tartean Sorogaingo harrespila Erroibarren. Erromatar Inperioak ere bere aztarna utzi zuen: eskualde menditsu honetan meatzaritzak aspalditik izandako garrantziaren lehendabiziko seinaleak erromatarrenak dira. XV. mendetik aurrera Eugin, Baigorrin eta Bankan burdinolak martxan egon ziren, eta bertako beste jarduera tradizionalak artzaintza eta basogintza izan dira.
Animaliak
aldatuEzaguna da udazken aldian oreinak araldian daudenean arrek emeak erakartzeko egiten dituzten orroak. Bestela, berriki "Kintoa xerria" izena hartu du Urepele aldeko bertako txerri arrazak, zuri-beltza dena.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Txomin Laxalt. (2008). Brèves de Pays basque. , 108 or..
Bibliografia
aldatu- "Baztan-Kintoa lurraldeko landaredi kormofitikoaren ikerketa: katalogo floristikoa". Arantza Aldezabal, Eusko Ikaskuntza. 1994.
- "Kintoa-Aldudeko 4 gakoak: Ardi, burdi, arrain eta zerria". Jose Etxegoien eta Gema Arrugaeta. "Nora" aldizkaria. 18. zk. 2009ko uztaila.
Kanpo estekak
aldatu{{#coordinates:}}: cannot have more than one primary tag per page