Akira Kurosawa

Japoniako zinema zuzendaria

Akira Kurosawa (黒澤 明 Kurosawa Akira edo 黒沢 明, Omori, Tokio, 1910eko martxoaren 23a- Setagaya (Tokio) 1998ko irailaren 6a) film zuzendari, ekoizle eta gidoilari japoniarra izan zen. 57 urtetan zehar, 30 film zuzendu zituen. Zinemaren historiako zinemagilerik garrantzitsu eta esanguratsuenen artean dago[1][2]. Sugata sanshirô (Judo handiaren kondaira) (1943) bere opera prima izan zen[3], eta, bost hamarkadatan, eragin handiko izenburuak dituzten 30 pelikula ditu[4], hala nola Rashōmon (1950)[5],​ Shichinin no samurai (Zazpi samuraiak) (1954)[6],​ Dersu Uzala (Ehiztaria) (1975)[7]​ edo Ran (Kaosa) (1985)[8].

Akira Kurosawa

(1953)
Bizitza
JaiotzaShinagawa1910eko martxoaren 23a
Herrialdea Japonia
 Japoniar Inperioa  (1910 -  1947)
BizilekuaJaponia
Lehen hizkuntzajaponiera
HeriotzaSetagaya1998ko irailaren 6a (88 urte)
Hobiratze lekuaAn'yō-in (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: watershed stroke (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Yōko Yaguchi (en) Itzuli  (1945 -  1985eko otsailaren 1a)
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakjaponiera
Jarduerak
Jarduerakfilm-zuzendaria, zinema ekoizlea, gidoilaria, film-muntatzailea, idazlea, errealizadorea, produktorea eta margolaria
Altuera182 zentimetro
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaArteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Izengoitia(k)AK

IMDB: nm0000041 Allocine: 72 Rottentomatoes: celebrity/akirakurosawa Allmovie: p98309 TCM: 106389 Metacritic: person/akira-kurosawa TV.com: people/akira-kurosawa
Last fm: 黒澤明 Musicbrainz: b2618dc9-013f-4835-afd3-4c6c57a9043a Discogs: 561933 Find a Grave: 4608 Edit the value on Wikidata

1938an hasi zen Kajiro Yamamotoren zuzendaritza-laguntzaile lanetan. Bere lehen filmek kutsu nazionalista argia dute, Bigarren Mundu Gerran hasi baitzen zuzendari lanean. Gerraren ostean, Yoidore Tenshi arrakastatsua zuzendu zuen, Toshiro Mifune aktore ezezagunarekin paper nagusian. Film horrekin ospea lortu zuen Japoniako zuzendari gazteen artean. Mifunek eta Kurosawak hamabost filmetan egin zuten lan elkarrekin.

Nazioarteko arrakasta Rashomon (1950) filmari esker lortu zuen[9][10]. Arrakastak bere lanetan askatasun gehiago eman zion. Lehenengo arrakasta horri beste askok jarraitu zioten, baina, Akahige eta Dodeskaden filmeen porrot komertzialen ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu zen. George Lucas eta Francis Ford Coppolaren diru laguntzaz egin zituen Kagemusha eta Ran bere pelikula epiko handiak.

Steven Spielbergek «zinema garaikidearen Shakespeare» gisa izendatuta,​ bere ibilbidean, Berlin, Venezia, Cannes eta Moskuko jaialdietan saritu zuten, eta BAFTA eta Oscar sarietako zeremonietan antzitetsi zuten, non 1990ean Ohorezko Oscar Saria eman zioten bere ibilbideagatik.

Biografia

aldatu

Haurtzaroa eta gaztaroa

aldatu

Isamu eta Shima Kurosawaren zazpigarren semea zen Akira, bi anaia eta hiru arreba zituen, beste anaia bat bera jaio baino lehenago hil zen. Martxoaren 23an jaio zen Tokioko Omori barrutian. Ama Osakako merkatari sendi batekoa zen. Aita, berriz, samurai familia baten ondorengoa zen, eta, armadaren institutu batean, soinketa irakasten zuen[11][12].

Handia zela eta, ez zen kiroletarako ona, eta eskolako kideek baztertu egiten zuten. Horregatik, haurtzaro bakartia izan zuen, eta bere burua arrarotzat jotzen zuen. Lehen hezkuntzan, irakasle batek bere talentua nabaritu, eta marrazten hastera bultzatu zuen[11].

Bere anaia nagusiak, Heigok, eragin handia izan zuen berarengan. 1923an, lurrikara handi bat izan zen Tokion, eta 100.000 pertsonatik gora hil ziren. Heigok lurrikararen ondorioak ikustera eraman zuen Akira, eta hildakoen gorpuak gogoz kontra begiratzera derrigortu zuen 13 urteko haurra. Kurosawak esaten zuen gertakizun horrek beldurrei aurre egiten erakutsi ziola[13][14].

Heigo ikasle bikaina zenez, bere familiak unibertsitatean ikasiko zuela sinetsi zuen beti, baina, aitaren esanak ez jarraitzeagatik, unibertsitateko sarrera-froga nahita suspenditu zuen. Ikasi beharrean, film mutuen narratzaile, benshi, bilakatu zen[13]. Bere lana zen irakurtzen ez zekitenentzat filmen testuak narratzea, eta, horren ongi egiten zuenez, arrakasta handia zuen, eta zinema aretoak bera entzuteko betetzen ziren. Soinudun zinea iritsi zenean, bere lana alferrikako bilakatu, eta deprimitu egin zen.

Bere buruaz beste egiteko asmoa zuela esan zion Heigok bere amari, baina Akirak ez zuen uste hala egingo zuenik, eta ez zuen ezer egin hori eragozteko. Akirak 20 urte zituela, Heigok sepukua (samuraien heriotz errituala) burutu zuen. Akira bizitza guztian damutu zen gertakizun heragotzi ez izanaz. Bere anaien heriotzek Akira seme nagusi bihurtu zuten[15]; kontuan izan behar da seme nagusi izatea Japonian familiaren barruan garrantzi eta erantzukizun handiko maila dela eta Akira ez zela sekula izan horretarako prestatua[13].

Seme nagusi gisa, bi bideren artean erabaki behar zuen: bere aitaren nahiak jarraitu ala Heigok izango ez zuen bizitza aurrera eraman. Heigok bezala, arte ederren eskolan sartzeko froga suspenditu zuen, eta zinemaren munduan sartu zen. Harrezkero, Akirak Heigoren urratsak jarraitu zituen. Bere film askotan ikusten da bi gizonen arteko harremana eta baita gizon batek bestearen lekua hartzea ere, hala nola Kagemushan.

Heldutasuna

aldatu

1938an, Kurosawa Toho zine estudio handietan lanean hasi zen Kajiro Yamamoto zuzendariaren laguntzaile.

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean fisikoki gaitasunik ez zuenez, gerra-tokira ez bidaltzea lortu zuen. Jendeari ez zitzaion ongi iruditu arte martzialetan trebea zen eta 1,82 m garai zen gizon handia gerrara ez joatea, eta, horregatik, bizi osoan jasan zuen gaitzespena.

Zuzendari gisa bere lehen lana Sanshiro Sugata izan zen, eta, arrakasta izan zuenez, bigarren zati bat ere egin zuen. Japoniar gobernuaren esanak jarraituz, propaganda abertzalea ere egin behar izan zuen. Horren adibide da Ichiban utsukushika (Ederrena) filma, Bigarren Mundu Gerran emakumeek fabriketan egin zuten lan garrantzitsuari buruzkoa.

Film ugari zuzendu ondoren, Veneziako zinemaldian Urrezko Lehoi bat irabazi zuen Rashomon filmarekin; mundu osoan ospetsu bilakatu zen, eta japoniar zineari ekialdeko ateak ireki zizkion. Kurosawa film horretan hasi zen Toshiro Mifune aktorearekin lanean.

Hurrengo urteetan, Toshiro protagonista zen arrakasta handiko filmak zuzendu zituen, Shichinin no samurai (Zazpi samuraiak), Kimonosu-jo (Odolezko tronua) eta Yojimbo (Bizkarzaina) adibidez.

Porrotaren ondoren

aldatu

Tengoku to jigoku, Akahige (1965) (Bizargorri) filmak ez zuen arrakastarik izan, eta Toshiro Mifune eta Kurosawaren elkarlanaren amaiera izan zen.

1970an, Dodes ka-den filmean, Kurosawak estudio handiak utzi, eta estilo berria ikertu zuen. Film horren porrotak depresioa eragin zion, eta, Heigok bezala, bere buruaz beste egiten saiatu zen. Porrot horregatik, hurrengo filmetan, ikerketa gutxitu zuen, eta estilo klasikoagoa erabiltzen saiatu zen.

Porrotak bultzaturik, hurrengo filma, Dersu Uzala, Japonia utzita Errusian filmatu behar izan zuen.

 
Dersú Uzalá esploratzaileari eskainitako monumentua, Arsenieven (Errusia)

Ondorengo urteetan, arrakasta berreskuratu zuen, eta bere lana miresten zuten George Lucas eta Francis Ford Coppolaren diru laguntzaz egin zituen bere pelikula epiko handienak: Kagemusha, 1980an eta Ran, 1985ean. Bere azken urteetako lanek ez zuten kritikaren artean arrakasta handirik izan, baina, bere ospeari esker, 82 urte zituela egin zuen azken lana, Madadayo, 1982an, maisu baten azken urteei buruzko film hunkigarria.

 
Sugata sanshiro filmaren promozio-kartela (La leyenda del gran judo / La Légende du grand judo), Kurosawak zuzendutako lehen filma (1943)

Estiloa eta gaiak

aldatu

Zinema-teknika

aldatu

Kurosawak zinema-teknika propioa zuen, 1950eko hamarkadan garatu eta bere filmei aparteko itxura ematen diena. Teleobjektiboko lenteak erabiltzea gustatzen zitzaion enkoadraketa lautzen zuten moduagatik eta kamerak aktoreengandik urrun jarriz interpretazio hobeak lortzen zirela uste zuelako. Era berean, hainbat kamera erabiltzen zituen aldi berean, eta, horri esker, plano bera hainbat angelutatik filma zezakeen. Kurosawaren estiloaren beste berezitasun bat zen bere filmetan elementu meteorologikoen ohiko erabilera, hala nola Rashomon filmaren hasierako eszenan eta Shichinin no samurai filmaren amaierako batailan sartutako euri jasa; Nora Inu-nen (Zakur amorratua) bero handia; Yojimbon (Mertzenarioa) haize hotza, Ikirun (Bizi) euria eta elurra, edo lainoa Kumonosu-jōn (Odolezko tronua).

« Gidoi bihurtu nahi nukeen ideia original bat bururatzen zaidanean, hotel batean ixten naiz papera eta arkatzarekin. Puntu horretan, tramaren ideia orokor bat daukat, eta, gutxi gorabehera, badakit nola bukatuko den. Ez badakit zer eszenarekin hasi, modu naturalean sortzen diren ideien korronteari jarraitzen diot »

—Akira Kurosawa (1991) [1]


Tenno izenez ezaguna (literalki, Enperadorea) zuzendari gisa zuen estiloagatik, perfekzionista zen denbora eta ahalegin handiak ematen zituelako lortu nahi zuen efektu bisuala lortzeko. Rashōmonen tinta beltzez tindatu zuen ura euri-jasaren efektua lortzeko, eta, azkenean, inguruko ur guztia erabili zuen ekaitz bat sortzeko. Kimonosu jo filmean, Toshirō Mifune geziek harrapatzen duten azken eszenan, Kurosawak arkulari adituek gertutik jaurtitako gezi errealak erabili zituen, aktorearen gorputzetik zentimetro batzuetara iltzatu zirenak. Ranen gaztelu oso bat eraikiarazi zuen Fuji mendiaren hegalean filmeko eszena garrantzitsuenean zimenduetaraino erretzeko bakarrik. Kurosawaren perfekzionismoari buruzko antzeko beste istorio batzuek diote erreka baten ur-fluxuaren noranzkoa alderantzikatzeko agindu zuela ikusizko efektu hobea lortzeko, edo etxe bateko teilatua kenarazi zuela (gero berriro jarri behar izateko) soilik teilatu horrek tren batetik filmatutako sekuentzia labur bat hondatzen zuela iruditu zitzaiolako.

Bere perfekzionismoa ere agerian geratzen zen jantzien aukeraketan: aktoreari traje egin berria emateak pertsonaiari egiazkotasuna kentzen ziola iruditzen zitzaion. Hori konpontzeko, pelikula egin baino aste batzuk lehenago banatzen zizkien jantziak aktoreei, eta egunero erabiltzera behartzen zituen, arroparekin «lotura bat ezartzeko». Kasu batzuetan, esaterako Shichinin no samurai filmean non aktore gehienak baserritar txiroek osatzen zuten, aktoreei agindua eman zitzaien filmatu aurretik arropa higatu eta txiki zezaten.

Kurosawak pentsatzen zuen musika bukatua ere ez zetorrela bat zinemarekin. Eszena bati laguntzeko musika-pieza bat aukeratzean, instrumentu bakarra bilatzen nuen (tronpetak hutsik, adibidez). Bere pelikulen amaiera hurbiltzean soilik entzuten da musika amaituagoa.

« Film mutuak gustatzen zaizkit eta gustatu izan zaizkit beti. Askotan, soinudunak baino askoz ederragoak dira. Hala ere, haren edertasunaren zati bat zaharberritu nahi izan nuen. Gogoan dut horrela pentsatu nuela: pintura modernoaren tekniketako bat sinplifikazioa da; beraz, film hau sinplifikatu egin behar dut »

—Akira Kurosawa (1991) [2]

.

Eraginak

aldatu
 
Kimonosu-joren logotipoa (1957)

Kurosawaren pelikulen alderdi nabarmen bat da bere eragin artistikoen zabaltasuna. Bere filmetako batzuk William Shakespeareren obren egokitzapenak dira: Ran, adibidez, Lear erregean oinarrituta dago, eta Kimonosu-jo Macbethen, Warui yatsu hodo yoku nemuru (Gizatxarrek bakean egiten dute lo), berriz, zenbait paralelismo gordetzen ditu Hamletekin, nahiz eta ez dagoen argi hartan oinarritzen den.

« Japoniarra naiz, eta japoniar gisa pentsatzen dut, eta gogo-aldarte horrekin egiten ditut filmak. Ez naiz inoiz egon atzerritarraren eraginpean. Macbeth irakurri nuenean, oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gauza askotaz pentsarazten zidan. Gerra zibileko Japoniak eta Shakespeareren garaiak antz handia dute. Pertsonaiak ere bai. Shakespeare hartu eta Japoniako testuinguru batera egokitzea ez zen zailegia izan. Ezetza bakarra den adierazpidea da munduan. Inpaktu ikaragarria du. Bada, nik adierazpen hori hartu izan ez banu, pertsonaiek ez zuketen eragin bera izango. Nik ezetza maite dut, eta beti begiratu izan diot; beraz normala da hartan inspiratzea. »

—Akira Kurosawa (1991) [3]


Kurosawak errusiar literatur lanen egokitzapenak zuzendu zituen japoniar testuingurura egokituz eta girotuz, hala nola Hakuchin (Ergela) (1952), Fiódor Dostoyevskiren Idiot Идиот (Ergela) lanean oinarritua, edo Donzoko (Bazter zuloak) (1957), Maksim Gorkiren izen bereko eleberrian oinarritua. Ikiru (Bizitzea) (1952) filmak Lev Tolstoiren Ivan Ilitxen heriotza ipuineko gai berak jorratzen ditu neurri batean. Akahigen (Bizargorria) (1965) dauden argumentu-trama batzuk Fiódor Dostoyevskiren Unizhennye i oskorblennye, Униженные и оскорбленные (Apalduak eta irainduak) liburuan aurki daitezke.

« Liburuaren egilea, Shuguro Yamamoto, bere eleberriak zinemara eramatearen aurka egon zen beti. Bizargorriarekin salbuespena egin zuen setati tematu nintzelako lortu arte. Hala ere, pelikula ikusten amaitu ondoren, begiratu eta esan zidan: «Beno, nire nobela baino interesgarriagoa da». »

—Akira Kurosawa (1991) [4]


Tengoku to jigoku (Gorrotoaren infernua) Ed McBain poliziari buruzko idazle estatubatuarraren King's Ransom obratik hartu zituen ideiak. Yojimbo (Mertzenarioa) antzekotasunak ditu Dashiell Hammetten Uzta Gorriarekin. Nora Inu (Zakur amorratua) Georges Simenon belgikarraren detektibe-eleberriak ditu inspirazio-iturri. Shichinin no samurai (Zazpi samuraiak) filmaren ernamuina Greziako Eskiloren Zazpiak Tebasen aurka tragedia klasikoan dago.

« Izan ere, bere liburuetan oinarritutako filmak ikustean, autore batzuek diote: «Nire nobelaren zati hori, ondo erretratatuta dago». Baina, egia esan, zuzendariak gehitutako zerbaiti buruz ari dira. Ulertzen dut esaten ari direna, zeren pantailan argi eta garbi adierazita ikus baitezakete zuzendariaren intuizio hutsengatik, haiek idatzi nahi izango zuketen zerbait, baina ez ziren horretarako gai izan. »

—Akira Kurosawa (1991) [5]


John Ford zuzendari estatubatuarrak ere eragin handia izan zuen Kurosawaren obran. Japoniar kritikari batzuek Kurosawari mendebaldarregia izatea leporatu zioten arren, bere herrialdeko kulturak ere eragin handia zuen, batez ere Kabuki eta antzerkiak eta zinema japoniarraren Jidaigeki generoak.

Beste artistengan eragina

aldatu
 
Rashōmonen afixa

Akira Kurosawaren filmek eragin handia izan dute munduko zineman, eta, oraindik ere, zuzendari askoren inspirazio iturri dira[2], hala nola​ Ingmar Bergman, Federico Fellini, Roman Polanski, Bernardo Bertolucci, Andréi Tarkovski, Martin Scorsese edo Quentin Tarantino zuzendariek miresmena eta errespetua adierazi dute publikoki zuzendari japoniarrarekiko[16].​ Batzuetan, beren filmen ekoizle ere izan ziren: Francis Ford Coppola eta George Lucas ekoizle exekutiboak izan ziren Kagemushan (1980)[4],​ eta Steven Spielbergek eta George Lucasek Yume (Ametsak) (1990) ekoitzi zuten[17].

« Kurosawaren filmak eta Felliniren La Dolce Vita dira zinema-zuzendari bihurtzeko motibaziorik handiena duten gauzak. »

Bernardo Bertolucci [6]


Rashōmon (1950)[18]​ (Oscar saria atzerriko film onenari, Urrezko Lehoia saria eta zinemaren historiako lehen pelikula judizialtzat hartua[19]) Martin Rittek The Outrage (1964) filmean berrikuskatu zuen[20] Haren eragina nabaria da Quentin Tarantinoren Reservoir Dogsen (1992)[21].​ (1992), Bryan Singerren The usual suspects (1995)[22], Tom Tykwerren Lola Rennt (1998)[23] edo Zhang Yimouren Ying Xiong (2002)[24] filmetan. Andha Naal (1954)[25] eta Virumaandi (2004)[26] Kollywood-en (tamileraz filmatuak) filmek ere antzeko baliabide narratiboak erabiltzen dituzte. Japoniako zinema mundu osoan ezaguna egiteaz gain, narratiba mota bati izena eman dio, zatikatua eta funtsik gabea eta Rashōmon efektua izenez ezagutzen dena[27].​ Psikologia sistemikoan, Rashōmon deitzen zaio bertsio desberdinen arteko konfrontazioan oinarritutako teknika terapeutiko bati, senitartekoen edo talde bateko pertsonen artean, besteek haien egoera emozionalak eta interpretazioak ezagutu ditzaten[28].

« Argi utzi nahi dut: Jungfrukällan (Dontzeilaren iturburua) Kurosawaren imitazio negargarria da. »

—Ingmar Bergman [7]


 
Shichinin no samurairen logotipoa

Shichinin no samurai (1954),​ Japoniako filmografian egindako pelikularik onena eta zinemako pelikularik garrantzitsuenetakotzat jo izan dute, eta eragin iturri izan da beste lan batzuetan. Oinarrizko egitura narratiboa mantentzen duten lan aipagarrienetako batzuk dira: John Sturges-ek zuzendutako The Magnificent Seven (Zazpi apartak) (1960); Khwaja Ahmad AbbasenSaat Hindustani (1969), zeinean Amitabh Bachchan debutatu zuen; Jimmy Wang Xu-ren Beach of the War Gods (1973)​; Jimmy T. Murakami eta Roger Cormanen Battle Beyond the Stars (1980), edo Lee Katzinen World Gone Wild (1987). Beste pelikula batzuk, modu libreagoan, jatorrizkoan oinarritzen dira, hala nola Gilberto Gazcónen Los tres amigos (1970) edo John Lasseter eta Andrew Stantonen A Bug's Life (1998). John Milius-ek zuzendutako Conan the Barbarian-en (1982) eszena bat, non istorioaren kontalariak hildako gudarien armadurak kargatu eta Conan-i eskaintzen dizkion filmaren azken gudurako, badirudi Kurosawaren klasikoan inspiratuta dagoela, non nekazariek hildako samuraien armadurak berreskuratzen dituzten gainean duten mehatxu berriari aurre egin ahal izateko. [[Esaera2|Pelikula bat filmatu aurretik Zazpi samurai ikusten dut.|Andrei Tarkovski [8]|col2=|col3=}}

Yojimbo (1961)[29],​ bere aldetik, Sergio Leoneren Per un pugno di dollari (1964)[30] filmaren oinarria da, zeinarekin spaghetti western generoa hasi zen. Ekoizleek ez zutenez eskubiderik ordaindu, Yojimboren gidoilariek (Kurosawa eta Ryuzo Kikushima[4]) egile eskubideak urratzeagatik auzitara eraman zituzten auzia irabaziz, irabazien % 15 bereganatuz eta Japonian, Hego Korean eta Taiwanen banaketa eskubideak lortuz[31].​ Walter Hillek zuzendutako Last Man Standing (1996)[6], Boaz Yakinen Fresh (1994)[7] drama urbanoak eta Quentin Tarantinoren Django Unchained (2012)[8] ondoren egindako lanek lotura dute Kurosawaren jatorrizkoarekin.

« Kurosawak Per un pugno di dollari ikusi zuen, eta gustatu zitzaion, baita The Magnificent Seven ere. Baina Per un pugno di dollariren kasuan arau-hauste bat egin zuten. Orduan Tohok, Kurosawaren estudioak, salaketa jarri zuen Leoneren aurka eta Kurosawak gutun bat bidali zion. Leone oso pozik zegoen jasotzeaz, baina eskutitzak honela zioen: «Zure pelikula ikusi dut. Oso pelikula ona da. Zoritxarrez, nire filma da». »

—Stephen Prince [9]


Kakushi toride no san-akunin (Gotorleku ezkutua) (1958)[32],​ Zilarrezko Hartza saria eta The Criterion Collectionek «historiako ekintza- eta abentura-film onenetakotzat, erritmo azkarrekoa, burutsua eta bisualki ikaragarria jo zuena»[33], George Lucasen Star Wars sagan, onartutako eragina du. Bereziki, Star Wars IV. Atala: Itxaropen Berria (1977)[34] eta Star Wars VI. Atala: Jedi Zaldunaren Itzulera (1983)[35] filmetan eta C-3PO eta R2-D2 filmetako pertsonaietan. Lucasek Kurosawak erabilitako trantsizioen teknika zinematografikoa ere erabili zuen bere sagan[36].

« Kakushi toride no san-akunin (Gotorleku ezkutua) eragina izan zuen Star Wars-en. Gidoia idazten hasi nintzenean, film hori neukan buruan. Gogoan dut gehien harritu ninduena istorioa pertsonaiarik xumeenek kontatzea izan zela.(...) Kurosawaren benetako jeinua estimatzea zaila da. Haren pelikula batzuk ikusi behar dira. Beste batzuekin alderatuta, estilo bisual paregabea du. »

George Lucas (Días de cine, 2015) [10]

.

Filmografia

aldatu

Sariak

aldatu

Bere ibilbidean, Kurosawak 67 sari eta 27 izendapen jaso zituen hainbat lehiaketatan[37]

Oscar sariak
Urtea Maila Filma Emaitza
1952[38] Nazioarteko film onenaren Oscar Saria Rashomon Irabazle
1972[39] Ingelesez egina ez den film onena Dodes'ka-den Izendatua
1976[40] Nazioarteko film onenaren Oscar Saria Dersu Uzala Irabazle
1981[41] Ingelesez egina ez den film onena Kagemusha Nominado
1986[42] Zuzendari onenari Ran Hautagai
1990[43] Ohorezko oscar Irabazle

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «Beauty Beneath the Brutality: Japanese Masters Mizoguchi and Ozu» MovieMaker Magazine 1998-12-01 (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  2. a b (Gaztelaniaz) Sánchez Casademont, Rafael. (23 de marzo de 2019). Akira Kurosawa para principiantes. .
  3. (Gaztelaniaz) La leyenda del gran judo (1943). .
  4. a b c Eduardo Medina. (23 de marzo de 2018). 10 películas imprescindibles del maestro Akira Kurosawa | Cine O'culto. .
  5. Gonçal Mayos. (23 de mayo de 2010). El 'efecto Rashomon'. Análisis filosófico para el centenario de Akira Kurosawa.. .
  6. a b González Gonzalo, Antonio Joaquín.. (D.L. 2009). Los siete samuráis Akira Kurosawa (1954). Nau Llibres ISBN 978-84-7642-777-4. OCLC .776354828.
  7. a b Vidal Estévez, Manuel.. (1992). Akira kurosawa. Cátedra ISBN 84-376-1131-8. OCLC .34554177.
  8. a b (Gaztelaniaz) García Noriega, Ignacio. (7 de septiembre de 2019). «RAN», por Akira Kurosawa (Película). .
  9. Dixon, Wheeler W., 1950-. A short history of film. ISBN 9780813544755. PMC 276170255. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  10. Russell, Catherine, 1959-. (2011). Classical Japanese Cinema Revisited.. Continuum International Pub. Group ISBN 9781441144614. PMC 741492634. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  11. a b Galbraith, Stuart, 1965-. (2002). The Emperor and the wolf : the lives and films of Akira Kurosawa and Toshiro Mifune. (1. ed. argitaraldia) Faber and Faber ISBN 0571199828. PMC 46462771. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  12. Godard, Jean-Luc, 1930-. Godard on Godard : critical writings by Jean-Luc Godard. ISBN 0306802597. PMC 13092375. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  13. a b c Kurosawa, Akira, 1910-1998.. (1983, ©1982). Something like an autobiography. (1. Vintage books ed. argitaraldia) Vintage Books ISBN 0394714393. PMC 9080996. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  14. Prince, Stephen, 1955-. (1999). The warrior's camera : the cinema of Akira Kurosawa. (Rev. and expanded ed. argitaraldia) Princeton University Press ISBN 0691010463. PMC 40990269. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  15. Richie, Donald, 1924-2013.. (1998). The films of Akira Kurosawa. (3. ed. argitaraldia) University of California Press ISBN 0520220374. PMC 41038353. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
  16. (Gaztelaniaz) Alejandra Lomeli. (23 de marzo de 2019). Directores que admiran a Akira Kurosawa. .
  17. Dreams. .
  18. Rashômon. .
  19. (Gaztelaniaz) Elisa Hernández. (27 de marzo de 2016). “Rashômon” (1950), de Akira Kurosawa. .
  20. The Outrage. .
  21. Reservoir Dogs. .
  22. The Usual Suspects. .
  23. Run Lola Run. .
  24. Héroe. .
  25. Andha Naal. .
  26. Virumandi. .
  27. (Ingelesez) Prince, Stephen. (6 de noviembre de 2012). The Rashomon Effect. .
  28. (Gaztelaniaz) Rashomon: En busca de la verdad perdida. 9 de septiembre de 2017.
  29. (Gaztelaniaz) Días de cine: 'Yojimbo', de Akira Kurosawa, cumple 50 años - RTVE.es. 29 de abril de 2011.
  30. A Fistful of Dollars. .
  31. Por un puñado de dólares (1964). .
  32. The Hidden Fortress. .
  33. (Ingelesez) Ehrenstein, David. The Hidden Fortress. .
  34. Star Wars: Episode IV - A New Hope. .
  35. Star Wars: Episode VI - Return of the Jedi. .
  36. (Gaztelaniaz) Días de cine: Cine en casa: Dos clásicos modernos de vampiros y 'La fortaleza escondida' de Kurosawa | RTVE Play. 2015-12-18 (Noiz kontsultatua: 2025-02-13).
  37. Akira Kurosawa Awards. .
  38. (Ingelesez) «24th Academy Awards (1952)» Academia de Artes y Ciencias Cinematográficas.
  39. (Ingelesez) «44th Academy Awards (1972)» Academia de Artes y Ciencias Cinematográficas.
  40. (Ingelesez) The 48th Academy Awards. 1976. Academia de Artes y Ciencias Cinematográficas.
  41. (Ingelesez) The 53th Academy Awards. 1981. Academia de Artes y Ciencias Cinematográficas.
  42. (Ingelesez) The 58th Academy Awards. 1986. Academia de Artes y Ciencias Cinematográficas.
  43. «The 62th Academy Awards (1990) Nominees and Winners» Academy of Motion Picture Arts and Sciences.

Bibliografia

aldatu
  • González Gonzalo, Antonio Joaquín. (2009). Guía para ver y analizar : Los siete samurais. Akira Kurosawa (1954). Nau Llibres ISBN 9788476427774..
  • (Ingelesez) Kurosawa, Akira. (2006). Bert Cardullo ed. Akira Kurosawa: Interviews. Univ. Press of Mississippi ISBN 9781578069972..
  • Kurosawa, Akira. (1990). Autobiografía (o algo parecido). Editorial Fundamentos ISBN 9788424505615..
  • Sánchez, Sergi. (1999). Akira Kurosawa: el silencio y la furia. Manga Films ISBN 9788479048976..
  • Vidal Estevez, Manuel. (1992). Akira Kurosawa. Cátedra ISBN 9788437611310..

Kanpo estekak

aldatu