Japoniar Inperioa
Artikulu hau hobetzeko lanean ari da wikilari bat. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. |
Japoniar Inperioa edo Japoniako Inperioa (japonieraz, 大日本帝國, egungo idazkeraz, 大日本帝国 Dai Nippon Teikoku), 1868ko Meiji Berrezarketatik hasita, Bigarren Mundu Gerraren amaiera arteko Japonia da. Egun Japoniakoak diren uharteak ez ezik, gaur egungo Ipar Korea, Hego Korea eta Taiwan bere mende izan zituen, besteak beste.
Japoniar Inperioa 大日本帝國 Dai Nippon Teikoku Japoniar Inperio Handia | |||
---|---|---|---|
1867 – 1945 | |||
Monarkia konstituzionala | |||
| |||
Ereserkia [[Fitxategi:Kimi Ga Yo Ereserki Inperiala|280px]] | |||
Japoniar Inperioa 1942an. | |||
Geografia | |||
Hiriburua | Tokio | ||
Biztanleria | 97.770.000 (1935) | ||
Azalera | 675.000 (1935) km² | ||
Ekonomia | |||
Dirua | Japaniar Yena Korear Yena Taiwandar Yena Japoniar Yen Militarra | ||
Kultura | |||
Hizkuntza(k) | Japoniera | ||
Erlijioa | Estatu Sintoismoa | ||
Historia | |||
Japoniaren industrializazio eta militarizazio azkarrak, zeinak Fukoku Kyōhei (富国強兵, "Herrialdea aberastu, indartu bere Indar Armatuak") eta Shokusan Kōgyō (殖産興業, "Sustatu Industria") leloen pean egin ziren, mundu mailako potentzia bihurtzea ahalbidetu zion japoniar herrialdeari. Potentzia mundiala izaki, bere ingurunean barrena hedatzeari ekin zion gerren bitartez, helburu horrekin parte hartu zuen Lehen Sino-Japoniar Gerran, Boxerren Matxinadan, Errusia-Japonia Gerran eta Lehen Mundu Gerran. Gerra guzti horietan bere lurraldea zabaltzea lortu zuen. 1920ko hamarkadako asaldatze politiko eta ekonomikoak bidea ireki zuen inperio asiarrean militarismoaren, nazionalismoaren eta totalitarismoaren loraldia gertatzeko eta hala, aipatutako jarreren une gorenean Japoniak Ardatzeko potentziekin aliantza egin zuen. Aliantza horren baitan menderatu zituen Ozeano Bareko Asiako lurralde zabalak Bigarren Mundu Gerran.
Bigarren Mundo Gerra hasi bezain laster, japoniar indar armatuek garaipen militar ugari lortu zituzten, besteak beste, Bigarren Sino-Japoniar Gerran (1937-1945) eta Ozeano Bareko Gerran. Alabaina, Ardatzeko Potentzien aliantza beheraldian sartu zenean hasi zen amiltzen Japoniar Inperioa, lehenik, Indar Aliatuek garaipen ugari lortu zituzten Ozeano Barean, ostera, Sobietar Batasunak gerra deklaratu zion Japoniari 1945eko abuztuaren 9an, Mantxuriako konkistari hasiera emanez eta azkenik, aliatuek Hiroshima eta Nagasaki bonbardatu zituzten bonba atomikoekin. Segida horrek Japoniaren errendizioa ekarri zuen 1945eko abuztuaren 15ean. Inperioak etsi ondoren, Aliatuek japoniar lurrak okupatu zituzten denbora batez. 1947an, Estatu Batuen eragin nabarmenarekin, konstituzio berri bat idatzi zen Japoniarentzat, bere Inperioari amaiera emanez ofizialki. Okupazio eta berreraikuntzak 1952ra arte iraun zuen, periodo hori amaitzerakoan Japoniak gaur egun den monarkia konstituzional burujabe gisa jarraitu zuen bidea.
Garai honetako Enperadoreak, zeintzuek Meiji eta Taishō aro osoetan eta Shōwa aroaren lehen zatian zehar jardun zuten, gaur egun Japonian hil-ondorengo izenekin ezagutzen dira. Izen horiek bat datoz aipatutako aro izenekin: Meiji Enperadorea (Mutsuhito), Taishō Enperadorea (Yoshihito) eta Shōwa Enperadorea (Hirohito).
Terminologia
aldatuEuskaraz Japoniar Inperioa edo Japoniako Inperioa[1] bezala ezagutzen da Asiako herrialde hark eratutako inperioa. Japonieraz Dai Nippon Teikoku (大日本帝国) gisa izendatzen da inperioa, zeinak "Japonia Handiko Erresuma" (Dai "Handia", Nippon "Japoniarra", Teikoku "Erresuma") esan nahi duen. Teikoku hitza Tei (enperadoreari erreferentzia) eta -koku (nazioa edo estatua) izenek osasen dute, hortaz, literalki "Estatu Inperial" gisa itzuliko litzateke japonierazko hitza.
Esanahi horrek badu garrantzia Japonia eta inguruko herrialdeak geografikoki aztertzean. Japoniako Erresuma izena anti-Tokugawa aginteen ondoren hasi zen erabiltzen, Satsuma eta Chōshū siren horien buruak, zeintzuek Meiji Berrezarkuntza garaian gobernu berria eratu zuten. Gobernu hori eratzearen arrazoia Mendebaldeko Inbasioari aurre egitea zen. Ezustean, gobernu berri horrek potentzia mundial bihurtu zuen Japonia gerora.
Kanji karaktereetan duen izenarengatik eta banderarengatik, "Eguzkiaren Erresuma" exonimoa ere eman zaio.
Testuingurua
aldatuBi menderen ostean, Edo periodoko shogunek ezarritako bakartze politikak amaitu ziren, herrialdea nazioarteko merkataritzara zabaltzera behartua izan zenean, 1854ko Kanagawako Konbentzioan. Era horretan, Bakumatsu izenarekin ezagutzen den periodoa hasi zen.
Hurrengo urteetan japoniar herrialdeak atzerriko herrialdeekin harremana handitu zuen; Tokugawa shogunerria eta Mendebaldeko herrialdeen arteko merkataritza itunak sinatu ziren. Hein handi batean atzerriko herrialdeekin itundu ziren akordio desorekatu umilgarriengatik, shogunerriak laster egin behar izan zien aurre herrialde barneko gatazkei, zeintzuk sonnō jōi (literalki itzulita, Enperadorea errespetatu, basatiak kanporatu) muturreko mugimendu xenofobikoan hezurmamitu ziren.
1863ko martxoan, Enperadoreak "basatiak kanporatzeko agindua" argitaratu zuen. Alabaina, shogunerriak ez zuen agindua betetzeko asmorik, eta horrek shogunerriaren eta kanpotarren aurkako erasoak eragin zituen Japonian. 1862ko Namamugi Gertakaria izan zen eraso horien adibidetako bat, zeinetan gizon ingeles bat, Charles Lennox Richardson, hil zuten Satsumako samurai batzuek. Ingelesek kalte-ordainak eskatu zituzten, baina ukatuak izan ziren. Ingelesen Errege Itsasteria ordainketa itxaroten zegoela, kostako bateriekin erasotua izan zen Kagoshiman. Ingelesek eraso horri Kagoshimako portua bonbardatzen erantzun zioten, 1863an. Azkenean, Tokugawa gobernuak Richardsonen erailketa zela eta kalte-ordainak ematea onartu zuen. Atzerritarren bidalketei Shimonosekin egindako erasoek eta atzerritarren ondasunei egindako erasoek Shimonosekiko bonbardaketa eragin zuten, 1864an, herrialde askotako indarren eskutik. Chōshū taldeak Kinmongo Gertakaria eragin zuen, bestalde, arrakasta handirik gabe. 1866an Satsuma-Chōshū aliantza eratu zen, Tokugawa bakufua agintetik botatzeko asmoarekin. 1867aren hasieran, Kōmei Enperadorea hil egin zen nafarreriak eraginda eta bere seme Mutsuhito Printzeak hartu zuen agintea.
1867ko azaroaren 9an, Tokugawa Yoshinobuk bere kargu eta agintaritza utzi zuen Enperadorearen aurrean, hala, onartu zuen "agindu inperialak aurrera eramateko tresna" zela. Era horretan amaitu zen Tokugawa shogunerria. Yoshinoburen kargu-uzteak huts handia sortu zen gobernuaren goi esferetan, baina bere estate-ereduak martxan jarraitu zuen. Gainera, shogunerriaren agintaritzak, Tokugawa familiak gehienbat, politikan eragin-indar handia mantendu zuen eta zenbait botere exekutibo ere bere mende edukitzea lortu zuen. Hori onartezina zela irizten zuten Satsuma eta Chōshū muturreko mugimenduek.
1868ko urtarrilaren 3an, Satsuma-Chōshū indarrek Kyotoko jauregi inperiala setiatu zuten, eta biharamunean hamabost urteko Meiji Enperadoreak bere Berrezarkuntza deklaratu zuen. Inperioaren Aholkularitza Batzordea osatzen zutenen gehiengoa gobernuak egindako deklarazioarekin ados bazeuden ere, eta Tokugawa familiarekin kolaborazio iraunkor bat ezartzearen alde egonda ere, Saigō Takamorik batzordeari mehatxu egin zion, shogun titulua ezezta zezan lortzeko eta ondoren, Yoshinoburen lurrak konfiskatzeko agindua eman zuen.
1868ko urtarrilaren 17an Yoshinobuk "Berrezarkuntzaren aldarrikapena zertan bete ez zuela eta Gorteek aldarrikapen hori desegin zezatela" eskatu zuen. Urtarrilaren 24an, Yoshinobuk Kyoto erasotzeko prestatzeari ekin zion, zeina Satsuma eta Chōshū indarrek okupatuta zegoen. Erabaki hori hartzearen arrazoietako bat bere etxebizitza nagusi Edoko Gaztelua erre izana izan zen.
Boshin Gerra
aldatuBoshin Gerra (戊辰戦争, Boshin Sensō) 1868ko urtarrilean hasi eta 1869ko maiatzean bukatu zen. Gerra lehertzearen arrazoi nagusia Meiji Enperadore berriak berrehun urteko adina zuen Tokugawa shogunerria desegitea izan zen. Meijiren alde agertu ziren hegoaldeko eta mendebaldeko aginteetako samurai aliantza eta gorteetako zenbait funtzionario. Tokugawa Yoshinobu shogunaren helburua Kyoto jauregi inperiala, zeina Gorteen egoitza zen, setiatzea izan zen. Gutxiengo izanik ere, erlatiboki modernizatua zegoen alderdi inperial baten alde jarri zen gerra, horrek daimyō asko alderdi inperialaren alde jartzea eragin zuen, shogunaren kaltetan. Toba-Fushimiko Gudua gudu erabakigarria izan zen, zeinetan Chōshū, Tosa, eta Satsuma aginteek Tokugawaren armada garaitzea lortu zuten. Ondoren, shogunerriaren aldekoen aurkako zenbait gudu gehiago egin ziren, harik eta Edo indar inperialen aurrean errenditu zen arte, eta ostera, Yoshinobu pertsonalki indar inperialen aurrean errenditu zen. Meiji Enperadoreak Yoshinoburi bere botere guztia kendu zion eta Japonia gehienak enperadore berriaren agintaritza onetsi zuen.
Hala ere, Tokugawaren armadako zenbaitek ez zuten onartu errendizioa eta Honshūra (Ōuetsu Reppan Dōmei) erretiratu ziren, ondoren Ezora (gaur egungo Hokkaidō) berriz erretiratzeko, non Ezoko Errepublika ezarri zuten. Gobernu inperialak indar espedizionario bat bidali zuen Ezoko Errepublika mendean hartzeko eta horiek Hakodateko setioa ezarri zuten, zeina 1869ko maiatzean amaitu zen, Ezoko Errepublikaren errendizioarekin.
Meiji aroa (1868-1912)
aldatuZin egite gutuna 1868ko apirilaren 7an argitaratu zen, Meiji Enperadorearen tronuratze egunean. Zin egite gutunak aro berriaren helburuak zehaztu zituen eta Meiji Enperadorearen agintaldian nola jardungo zen ere aurreratu zuen, hau da, Japonia modernizatzeko oinarri eta eszenario legalak finkatzea izan zen aro honetako helburu nagusia. Meiji buruzagiek gobernu inperial berriarentzat (Chōshū eta Satsuma aginteetako kideek osatua) laguntza morala eta ekonomikoa handitzea ere helburutzat izan zuten.
1871ean Japoniak Iwakura Misioa bidali zuen. Misio horren helburua Mendebaldeko potentziekin sinatutako itun desorekatuak birnegoziatzea izan zen, eta bestalde, Mendebaldeko herrialde industrializatuen sistema ekonomiko eta sozialei buruzko informazioa lortzea ere eskatu zitzaien misioko kideei, hala, Japonia modernizatzeko pistak biltzeko. Itunen birnegoziaketa ez zen arrakastatsua izan, alabaina, misioak Ameriketako eta Europako herrialde garatuen sistemak zehaztasunez behatzea lortu zuen eta horrela, Japoniara modernizazioa hasteko informazio baliotsua eraman zuten. 1875ean Japoniak Errusiarekin muga-itun bat sinatu zuen eta Kuril uharteak bereganatzea lortu zuen Sakhalin uhartearen truke.
Japoniako gobernuak behatzaileak bidali zituen Mendebaldeko potentzietara beraien ohiturak ikasteko, eta gainera, "kanpotar aholkulari" izenekoak ordaindu zituen, Japoniara etorri eta hainbat arlotan japoniarrak "hezi" zitzaten. Aholkulari horiei esker mendebaldeko ideiak sartu ziren herrialde asiarrean eta horregatik, adibidez, Japoniako konstituzioa eta sistema judiziala Prusiakoetan oinarritu ziren. Gobernu berriak, gainera, Japonia feudalarekin lotura zuten hainbat ikur legez kanpo utzi zituen, hala nola, jendartean katana nola erakutsi eta erabili erakustea edo goi-korapiloa nola egin erakustea, bi ikurrek ere samuraien klasearekin lotura zuten. Gogoan izan behar da klase hori deuseztatua izan zela shogunerriarekin batera. Debeku horiek gobernu inperialaren eta samuraien arteko gatazka piztuko zuten gerora.
Idazle askok egin zuten Japonia mendebaldekotzearen alde, nahiz eta euren etsai politikoek sarritan heriotz mehatxuak egin zizkieten horregatik. Idazle horietako bat Fukuzawa Yukichi izan zen. Yukichik, besteak beste, "Mendebaldeko Baldintzak", "Asia uzten" eta "Zibilizazioaren teoria baten eskema bat" lanak argitaratu zituen, zeintzuetan Mendebaldeko gizartea xehe deskribatu zuen eta bere ideia filosofikoak aditzera eman zituen. Meiji Berrezarkuntzak garrantzia berezia eman zien indam militar eta ekonomikoei. Indar militarra nazio garapenaren eta egonkortasunaren sinonimo bihurtu zen japoniarrentzat. Hogeita bost urteren buruan, Japoniar Inperioa europarra ez zen mundu mailako potentzia bakarra bihurtu zen eta Ekialde Urruneko indar esanguratsu ere egin zen, dena industrializazio eta garapen ekonomiko bizkorrari esker.
Albrecht Fürst von Urach idazleak "Japoniaren Indarraren Sekretua" (1942an argitaratua, Japonia Ardatzeko aliantzan zegoela) liburukian ondorengoa iruzkindu zuen goian aipatutakoari buruz:
« | Japoniak azken 80 urteetan mundu mailako potentzia bihurtzeraino egindako ibilbidea munduaren historiako miraririk handiena da. Antzinako erresuma mitikoek, Erdi Aroko eta Aro Modernoaren hasierako erakunde politiko handienek, Espainiar Erresumak, Britainiar Erresumak, mendeak behar izan zituzten euren indar osora iristeko. Japoniaren goraldia ziztu bizian gertatu da. 80 urte soilen ondoren, munduaren patua zehazten duten potentzia gutxietako bat da. | » |
—Albrecht Fürst von Urach |
Ordena sozialaren aldaketa
aldatu1860ko hamarkadan, Japonia asaldadura sozial handia bizitzen hasi zen modernizazio azkarrarekin batera. Japoniako sistema feudala eta bertako jauntxoak 1869. urtean deuseztatu ziren formalki, Meiji berrezarkuntzarekin. 1871n, Meiji gobernu eratu berriak Senmin Haishirei (賤民廃止令 Klase Doilorrak Abolitzeko Ediktua) izeneko dekretua argitaratu zuen, hala, goi- edo jauntxo-klaseetakoak ez zirenei eskubide politikoak emanez. Aipatutako dekretua Kaihōrei (解放令 Burujabetze Ediktua) izenez ezagunagoa da. Alabaina, herritar arruntek zituzten monopolio ekonomiko batzuen deuseztapenak kalte egin zien, horrela, haien bizi baldintzak kaskartuz. Klaseen arteko desberdintasunak iraun zuen, beraz. Horren adibide, 1871ean ganadu-haragia jatearen debekua bertan behera geratu zen eta horren ondorioz, eta (klase baxueneko herritarrak) ugari hiltegietan eta harategietan hasi ziren lanean. Baina 1871eko dekretuak ez zituen jarrera sozialak errotik aldatu eta aipatutako lanetan zebiltzanak mespretxuz hartu zituzten, bereziki landagunetan, beste japoniarrek. Bizilagunen mespretxuak eta euren bizi baldintzen kaskartzeak Eta komunitateak gizartetik bazterrarazi zituen, auzo zokoratuak agertu ziren horrela.
Asladadura soziala izan zen Meiji periodoaren ezaugarrietako bat, erlijio praktiketan eta erakundetan eragin zuen asaldadura hark. Erlijio tradizionaletik ateratzearen debekua altxatu zen eta 250 urtez iraun zuen kristautasunaren debekua ere altxatu zen, horrela, misiolari kristauei atea irekiz. Sintoismo eta Budismoaren arteko sinkretismoa tradizionala amaitu zen. Mendeetan zehar gobernuaren aldetik izandako laguntzarik gabe, budismoak zailtasunak izan zituen bere erakunde eta ohiturak mantentzen, hala ere, gobernuak bere politiken bidez murrizketa ugari altxatu izanak ere lagundu zion bere jarduerak jendartean zabaltzen. Edo periodoaren azken hamarkadan sortutako gatazka sozialei esker, Japonian erlijio berriak agertu ziren, zeinak xamanismoak eta sintoismoak zuzenean eragin zituen.
Ogimachi Enperadoreak 1565 eta 1568 urteetan kristautasuna debekatzeko ediktuak argitaratu zituen, baina ez zuten eragin handirik izan. 1587. urtearen hasieran, Toyotomi Hideyoshi erregeorde inperialak ezarritako Josulagun misiolarien aurkako debekuak kristatutasuna zigortzen zuen, batasun nazionalaren aurkako delitu bat balitz bezala. Hideyoshi eta bere ondorengo Tokugawa shogunerrietan, kristatutasuna debekatuta eta zigortuta egon zen eta berarekin zerikusia zuen edozer jazarria izan zen. 1620. urtean Tokugawa shogunerriak kristautasuna debekatu zuenean, erlijio horrek publikoki existitzeari utzi zion. Hainbat kristauk ezkutuan jarraitu zuten, ezkutuko kristau bihurturik (隠れキリシタン, kakure kirishitan), beste batzuk bizia galdu zuten. 1853an Japonia atzerriko potentzietara ireki zenean, Eliza Kristaua, Protestantea eta Ortodoxoak elizgizonak bidali zituzten herrialde asiarrera, nahiz eta erlijio horiek debekatuta egoten jarraitu. Meiji Berrezarkutza gertatu arte kristautasunak ezin izan zuen Japonian berrezarri. 1871. urtean onartu zen erlijio askatasuna, Eliza Kristauari, beste erlijioei bezalaxe, legalki existitzeko eta euren sinismenak zabaltzeko aukera emanez.
Ekialdeko Ortodoxia XIX. mendean iritsi zen Japoniara, San Nikolasen (jaiotzez Ivan Dmitrievich Kasatkin) eskutik. San Nikolas 1861. urtean bidali zuen Errusiar Eliza Ortodoxoak Hakodatera (Hokkaidō), Errusiar Kontsulatuaren eliza batera. San Nikolasek Itun Berria, Salmoen Liburua eta beste hainbat liburu erlijioso itzuli zituen japonierara. 1970. urtean Moskuko Patriarkatuak San Nikolas kanonizatu zuen. Bere oroipen eguna otsailaren 16a da. Japoniara bidali zuten beste ortodoxo ezagun bat Andronic Nikolsky izan zen, Kyotoko lehen apezpikua, baina Errusiako Iraultzan egin zen ezagunagoa, Permeko artzapezpiku gisa. Nikolsky 2000. urtean kanonizatua izan zen Errusiar Eliza Ortodoxoaren eskutik.
Divie Bethune McCartee izan zen Japonia bisitatu zuen lehen misiolari presbiterianista, 1861 eta 1862 urteen artean. Japonierara itzuli zuen ebanjelioa eta hori izan zen Japonian idatzi zen lehen liburu protestantea. 1865ean, McCartee Ningbora itzuli zen, Txinara, baina bere ondotik beste hainbat misiolari protestante joan ziren Japoniara. XIX. mendearen bukaeran Japonian kristautasunak goraldia izan zuen, gobernu berriak egindako irekiera sozial eta erlijiosoa baliaturik. Protestantismoaren igoera aldiz makaldu egin zen XX. mende hasieran, Shōwa periodoko gobernu militarraren eraginez.
XX. mende hasieran, gobernuak baimenik gabeko zenbait erlijioren aurka jo zuen noizean behin, izan ere, Japoniara gobernu hark nahi baino erlijio gehiago sartu ziren. Gobernuaren errepresio erlijiosoak gora egin zuen 1930eko hamarkadan, japoniar nazionalismoak eta estatu sintoistak eraginda, 1940eko hamarkadaren hasierara arte. Meiji gobernuaren garaian, Enperadorearen edo haren etxearen aurkako edonolako irainak zigortuak izan ziren, baita ere sintoismoaren santutegi nagusien aurkako irainak, horiek enperadoreari estuki lotuak zeudela uste baitzen. Denborak aurrera egin ahala, gobernuak erakunde erlijiosoen gaineko gero eta kontrol handiagoa ezarri zuen, sintoismo nazionala eta nazionalismoa ahuldu zezaketelakoan.
Erreforma politikoa
aldatuKonstituzio idatzi baten ideiak eztabaida ugari piztu zituen Meiji gobernuaren barnean eta kanpoan. Meiji oligarkia kontserbadoreak demokrazia edo errepublikanismoarekin zerikusia zuen edozer mesfidantzaz eta beldurrez ikusi zuen hasieran, eta horregatik, ideia horietara gradualki hurbiltzearen alde egin zuten. Askatasuna eta Herritarren Eskubideen Mugimenduak berehalakoan biltzar nazional hautetsi bat eratzea eskatu zuen eta horrekin batera konstituzio bat idaztea.
Konstituzioak shogunerriaren deuseztapenaren ondoren aldaketarako eta modernizaziorako beharra zegoela onartu zuen:
« | Guk, Gure Aurretikoen Tronu oparoaren Oinordeak, zin dagiegu umiltasunez Gure Etxearen Eratzaile Inperialari eta gure beste Arbaso Inperialei, Zeru eta Lurrean hedatzen den araudi handia betez, gure antzinako gobernu era iraunarazi eta babestuko dugula bere gainbeheratik. ...
Giza gaiek aurrera egiteko duten joera progresiboa aintzat hartuz eta zibilizazioaren aurrerapenarekin bat etorriz, beharrezko ikusten dugu, Gure Etxearen Eratzaile Inperialak eta beste Arbaso Inperialek utzitako argibideak argi eta bereizgarri uzteko, oinarrizko legeak ezartzea. ... |
» |
—Japoniar Erresumako Konstituzioa (1889) |
Japoniar Inperioa 1889. urtean ezarri zen de iure, Japoniar Erresumako Konstituzioa onartu eta aldarrikatu ostean. Konstituzioak Erresumaren egitura politikoaren zati handi bat formalizatu zuen eta Enperadoreari eskumen ugari eman zizkion.
- 4. Artikulua: Enperadorea Erresumako buruzagia da, berak ditu subiranotasun eskumenak eta horiek Konstituzio honetan azaltzen dena betez baliatzen ditu.
- 6. Artikulua: Enperadoreak legeei zer zigor ezarri erabakitzen du eta legeen aldarrikapen eta betearazpena agintzen du.
- 11. Artikulua: Enperadoreak Armadaren eta Itsasteriaren komandantzia gorena du.
1890ean, Meiji Konstituzioa jarraiki Dieta Inperiala eratu zen. Dieta izenez ezagutzen zen erakundea Euskal Herriko Eusko Legebiltzarraren baliokidea zen, parlamentua alegia. Dieta bi ganberek osatzen zuten, Ordezkarien Ganberak eta Parekideen Ganberak. Bi ganberatan japoniarrez gainera, Japoniaren mendeko kolonietako pertsonek eduki zezaketen jarlekua. Dieta Inperiala 1947an deuseztatu zen.
Garapen ekonomikoa
aldatuModernizazio prozesua Meiji gobernuak zuzenean gainbegiratu zuen eta baliabide ugarirekin hornitu zuen, gobernuaren jardunaren ardatz bihurtu baitzen. Gainera, gobernuak harreman estua izan zuen modernizazio lanetan korporazio elkarte batekin, zaibatsu izena eman zitzaiena, zeinaren kide ziren Mitsui edo Mitsubishi, besteak beste. Mendebaldeko teknologia bereganatuz eta eraldatuz, Japoniak Asiako manufakturatutako merkantzien gehiengoaren gaineko kontrola eskuratu zuen laster, lehenik ehungintzan indarra hartu ondoren. Herrialdearen egitura ekonomikoa oso merkantilista bihurtu zen, lehengaiak inportatzen baitzituen eta ondoren bukatutako produktuak esportatu. Izan ere, Japonia ez zen aberatsa lehengaien aldetik.
Erreforma ekonomikoak egin ziren, hala nola, yena ezarri zen (moneta bateratu modernoa), bankuei, merkataritzari eta zergei buruzko legeak erreformatu ziren, burtsak eratu ziren eta komunikazio sareak eraiki ziren. Gobernuak, hasieran, modernizazio ekonomikoan ezinbesteko parte-hartzea izan zuen, "eredu-fabrikak" eraikitzea agindu baitzuen, herrialdea modernizaziora bideratzeko asmoarekin. Baina, trantsizio-fase hori ez zen motza izan. 1890eko hamarkadan hasi ziren nabaritzen Meiji gobernuak Japonia herrialde kapitalista bihurtzeko egindako saiakeren fruituak, jada gobernuak lortu baitzuen erakunde moderno eta kapitalisten erreferentzia marko zabal bat eraikitzea. Garai hartarako, gobernuak modernizazioaren gaineko kontrol txikiagoa zuen, aurrekontu arazoengatik bereziki. Daimyō-ak zirenen artetik askok, gorantz zihoazen industrietan inbertsio handiak egin zituzten, euren erretiro-pentsioak ordainaldi bakarrean ordaindu zirelako, eta horrela, aberastea lortu zuten askok.
Tokugawa-Meiji trantsizioa amaitu zenean, Japonia modernizatua jaio zen. Hasiera-hasieratik, Meiji agintariek bere egin zuten merkatu-ekonomiaren kontzeptua eta merkatu askeko kapitalismo ingeles eta estatubatuarra hartu zuten eredutzat. 1868tik aurrerako Japoniar ekonomia hazkunde azkarrak eta egitura-aldaketek ezaugarritu zuten. Hasieran, ekonomiak hazkunde apala izan zuen eta gehienbat japoniar nekazaritza tradizionalean oinarritu ziren finantza-industria modernoari eman zitzaizkion laguntzak. Errusiar-Japoniar gerra lehertu zenean (1904ean), Japoniako lanbideen %65 eta Barne Produktu Gordinaren (BPG) %38 nekazaritzaren mende zeuden, baina industria modernoa jada hasia zen hedatzen. 1920ko hamarkadaren bukaerarako, manufaktura- eta meatzaritza-industriek BPGaren %34a ordezkatzen zuten, nekazaritzak aldiz %20a. Garraioa eta komunikazioa ere garatu egin ziren, garapen industrial astunak aurrera egin zezan.
1894tik, Japonia Taiwan, Korea, Mantxuria eta Txina Iparraldeko zenbait lurretan zabaldu zen. Hala, Japoniak eragite-ahalmen esanguratsua lortu zuen arlo politiko eta ekonomikoan, beste herrialdeek jar zakizkiokeen lehengai-bahidurak edo itsas-bideen blokeoak saihestuz, eta bere garapen ekonomiko azkarra ziurtatuz. Japoniak garrantzia handia eman zion armadari, bere garapen ekonomikoa eta aberastasuna mantentzeko ezinbestekotzat jotzen baitzuen. Gainera, Japoniak beldur handia izan zien beste herrialdeek bere kontra hartu zitzaketen neurri estrategikoei, Japoniar uhartea eskasa baita lehengai aldetik eta ezinezkoa izango zitzaiolako garapena mantentzea inguruko lurrekiko merkataritzarik gabe.
Lehen Sino-Japoniar Gerra
aldatuLehen Sino-Japoniar Gerra 1894an hasi eta 1895ean amaitu zen. Gerra honen bidez erabaki zen Korea penintsularen gaineko kontrola eta eragina zeinek edukiko zuen, lehendik Joseon Dinastia korearraren mende zegoen penintsula. Korea tradizionalki Txinako Qing Erresumaren estatu zergaduna izan zen, eta horregatik txinatar erresumak eragin handia zuen korear ofizial eta agintariengan. 1876ko otsailaren 27an, korear isolazionista eta japoniarren arteko hainbat liskarren ondoren, Japoniak 1876ko Japonia-Korea Ituna ezarri zion Koreari, zeinak Korea japoniar merkataritzara irekitzera behartu zuen. Itun horrek oztopo gaindiezina ezarri zien Korearen gaineko kontrola gura zuten gainerako herrialdeei, hala, amaiera eman zitzaion Txinak Korean zuen eraginari.
1895ko ekainaren 4an, Koreak Qing Dinastiari Donghak matxinada zapaltzeko laguntza eskatu zion. Txinatar dinastiak 2800 soldadu bidali zituen Koreara. Japoniak ordea, 8000 soldaduz osatutako indar espedizionario bat Koreara bidaltzen erantzun zuen. Lehen 400 soldaduak ekainaren 9an iritsi eta Seulera abiatu ziren, ekainaren 12an beste 3000 lehorreratu ziren Incheon hirian. Japoniak Qing dinastiari proposatu zion korear gobernua erabakitzeko elkarlanean aritzea, baina Qing dinastiak uko egin zion proposamenari. Ostera, Koreak Japoniari bere tropak korear lurretatik atera zitzan eskatu zion, baina japoniarrek ez zuten halakorik egin. 1894ko ekainaren hasierarako, 8000 soldadu japoniarrek osatutako armadak Gojong Koreako erregea bahitu zuten, bere Jauregia okupatu zuten eta ekainaren 25ean, menpeko gobernu bat eratu zuten Seulen. Japoniarren mendeko korear agintaritza berriak Qing dinastiaren menpeko armada herrialdetik kanporatzeko baimena eman zuen eta Japoniak tropa gehiago bidali zituen Koreara bien bitartean.
Txinak ez zuen onartu bere tropen kanporatze agindua, ez eta gobernu berria, hortaz, gerra hasi zen. Japoniar lurreko armadak txinatar lurreko armada garaitu zuen Liaodong penintsulan eta Txinatar itsasarmada ia osoa Yalu ibaiko guduan suntsitua izan zen. Shimonosekiko Itunak, zeina Japonia eta Txinak sinatu zuten, amaiera eman zion gerrari, baina Japoniak Taiwan uhartea eskuratu zuen trukean. Bake ituna sinatu ostean, Errusia, Alemania eta Frantziak Japonia bere tropak Liaodong penintsulatik erretiratzera behartu zuten. Japoniar tropak erretiratu ostean ordea, Errusiak Liaodong penintsula okupatu zuen eta Arturo Portua gotorlekua eraiki zuen bertan, hala, Errusiar Pazifikoko Flota bertan kokatzeko. Alemaniak, bide beretik, Jiaozhou badia okupatu zuen eta Tsingtao gotorlekua eraiki zuen bertan, hor kokatzeko Ekialdeko Asiako Alemaniar Eskuadroia.
Boxerren matxinada
aldatu1900ean, Japonia batu egin zen Txinako Qing Erresumako Boxerren matxinada erantzuteko eratu zen koalizio militarrera. Japonia izan zen koalizioari tropa-ekarpen handiena egin ziona: 20.840 soldadu, eta 18 gerraontzi ere eman zituen. Soldadu horien artetik 20.300 Japoniako Armada Inperialeko 5. Infanteria Dibisiokoak ziren, Yamaguchi Motoomi jeneralaren agindupekoak; beste 540 soldaduak aldiz Japoniako Itsas Armada Inperialeko rikusentai-ak (itsas armadako soldaduak) ziren.
Boxer matxinada hasi zenean, Japoniak soilik 215 soldadu zituen Txina Iparraldean ezarriak, Tientsinen; horien artetik ia guztiak itsas-armadako rikusentai-ak ziren, Kasagi eta Atago gerraontzietakoak, Shimamura Hayao kapitainaren agindupean. Japoniarrek 52 gizon bidali zituzten Seymour Espediziora, zeina Txinak garaitua izan zen. 1900eko ekainaren 12an, Seymour Espedizioak ezin izan zuen aurrera egiten jarraitu eta Beijingera iritsi, hiriburutik 50 kilometrora Boxer eta Txinatar indar armatuekin topo egin zuelako. Espedizioak atzera egitea beste aukerarik ez zuen izan, Txinatar eta Boxerrak askoz gehiago izanik, 300 hildako inguru eragin zizkioten espedizioari. Tokioko armadaburutza jada konturatu zen Txinako baldintzak okertzen zihoazela Japoniarrentzat eta japoniar gobernuari eskatu zion tropa gehiago ezartzeko lur txinatarretan, baina gobernuak ez zuen onartu eskaria, Mendebaldeko potentziek halakorik eskatu ezean. Alabaina, aurreko gertaera jazo eta hiru egunera Fukushima Yasumasa jeneralaren agindupean 1300 soldaduko behin-behineko indarra Txina iparraldera bidaltzea erabaki zen. Fukushima indar armatu hori gidatzeko aukeratu izanaren arrazoia ingelesez mintzatzeko zuen gaitasuna izan zen, gaitasun horri esker gai izango zelako britainiar komandanteekin hitz egiteko. Indar armatua uztailaren 5ean iritsi zen Tianjinera.
1900eko ekainaren 17an, Kasagi eta Atago gerraontzietako rikusentai-ak britainiar, errusiar eta alemaniar marinelekin elkartu ziren Dagu gotorlekuak setiatzeko, Tianjinetik hurbil. Egoera kaskarraren eraginez, britainiarrak japoniarrei errefortzuak eskatzera behartuak izan ziren, izan ere, japoniarrak ziren bakarrak indar armatuak zituztenak handik hurbil. Garai hartan, Britainia Boerren gerran murgilduta zegoen eta horregatik, armada ingelesaren zati handi bat Hegoafrikan zegoen. Indian bazituen tropa ugari erabilgarri, baina horiek Txina iparraldera ekartzeko denbora gehiegi beharko zen eta gainera, Indiako barne segurtasuna kolokan jartzeko aukera zegoen. Aoki Shūzō Japoniako Kanpo Harremanetarako ministroak bere kalkuluak egin eta ondorioztatu zuen aliatuen koalizioan parte hartzeak Japoniari ekarriko zizkion abantailak erakargarriegiak zirela albo batera uzteko. 1900eko uztailaren 6an, 5. Infanteria Dibisioari ohartarazi zitzaion litekeena zela Txinan sartzeko agindua emango zitzaiela, baina ez zen datarik zehaztu. Handik bi egunera, britainiar armadak albait azkarren behar zituela tropak Pekingo setioari eusteko, britainiar enbaxadoreak japoniar gobernuari milioi bat britainiar libera eskaini zizkion japoniak koalizio militarrean parte hartzearen truke.
Handik gutxira, 5. Dibisioko soldaduak Txinara bidean jarri ziren, hala, koalizio militarreko 17 000 soldaduei 3 800 soldadu japoniar gehitu zitzaizkien. 5. Dibisioko komandanteak, Yamaguchi Motoomi jeneralak, Fukushimaren kontrol operazionala bere gain hartu zuen. Japoniarrek parte hartu zuten uztailaren 14ko Tianjingo oldarraldian, zeinaren ondoren koalizio aliatuak indarra hartu zuen eta 5. Dibisioko gainerako tropei eta beste errefortzuei itxaron zien. Setioa altxatu zenerako, 1900eko abuztuaren 14an, japoniar indarrak 13 000 soldadu zituen koalizioaren armadan, armada horretan soldadu gehien ipini zituen herrialdea zen, guztizko soldaduen %40a, izan ere, armada hura garai hartan 33 000 soldadu inguruk osatzen zuten. Erasoan parte hartu zuten japoniar gudariak ondo ibili ziren orokorrean, nahiz eta britainiar behatzaile batek idatzita utzi haien bortizkeriak, formazio oso populatuek eta erasotzeko zuten gehiegizko nahiak behar ez ziren bajak eragin zituztela. Adibidez, Tianjingo oldarraldian, bajen erdia japoniarrak izan ziren (400, 730tik), beraien tropak guztizkoaren laurdena baziren ere (3 800 soldadu 17 000tik). Era berean, Beijingen japoniarrenak izan ziren bajen ia bi heren (280, 453tik), nahiz eta parte hartu zuten soldaduen erdia baino zertxobait gutxiago izan japoniarrak.
Matxinada zapaldua izan ondoren, Japoniak eta Mendebaldeko herrialdeek Boxer Protokoloa sinatu zuten Txinarekin, zeinaren bidez Txinan tropak edukitzeko eskubidea eman zitzaien atzerritar herrialdeei, haien biztanleak babesteko. Itunaren ondoren, Errusiak Mantxuria osoa okupatzen jarraitu zuen.
Errusia-Japonia Gerra
aldatuErrusia-Japonia Gerra Japonia eta Errusiaren artean 1904 eta 1905. urteen artean egin zen gerra bat izan zen, zeinetan Korearen eta Mantxuriako zenbait zatiren kontrola zeinek hartuko zuen erabaki zen. Japoniarren garaipenak herrialde asiarrari garrantzia nabarmen handitu zion mundu mailako egoera geopolitikoan. Gerra lehertzearen arrazoia Errusia eta Japoniarren arteko interes-talkak izan ziren, bi herrialde horiek aurkako interesak baitzituzten Korea, Mantxuria eta Txinan, bereziki Liaodong penintsulan, Ryojun herriaren mendekoa.
Shimonosekiko Itunak Ryojun hiria Japoniari eman zion. Baina itun horren zati hori Mendebaldeko potentzien presiopean egin zen, eta haiei esker, Errusiar Erresumak hiri hartako portua jaso zuen, hala, Errusiarren lurralde hartako interesak babestuz. Errusiarren interesak ordea Japoniarrenen aurkakoak ziren. Hala, gerra 1904ko otsailaren 8an hasi zen japoniarren ezusteko eraso batekin, zeinaren helburua Errusiar Ekialdeko flota garaitzea zen, zeina Porth Arturren zegoen lehorreratuta. Gudu horri Port Arthurreko gudua deritzo. Errusiarrek atzera egitea erabaki zuten, baina Togo Heihachiro amiralak gidatutako itsas-armadak ez zien utzi eta errusiar flota erabat garaitua izan zen Itsaso Horiko guduan. Errusiarrek erantzun moduan Baltikoko Errusiar flota bidaltzea erabaki zuten, baina ingelesek kontrolatutako Suezko kanaletik igarotzea ukatu zitzaion. Hala, flota berandu iritsi zen (gerra hasi eta urtebetera), eta suntsitua izan zen Tsushimako guduan. Lurreko guduetan ere errusiarrak makal ibili zirenez, japoniarrek nagusitasuna erakutsi zuten negoziaketei begira. Horrela, negoziaketetan presio handiagoa egin zuten japoniarrek eta gerrari amaiera eman zion Portsmoutheko Itunean (Estatu Batuetan negoziatua, Theodore Roosevelt presidenteak gainbegiratuta) islatu zen hori. Itun horretan adostu zen Errusiak Sakhalin uhartea Japoniarrei emango ziela (Karafuto Prefektura eratu zen horrela) eta Mantxurian zenbait meatzaritza eskubide galduko zituela. Errusia garaitu izanak Japoniari Korea anexionatzeko bidea ireki zion eta 1910ean anexionatua izan zen.
Korearen anexioa
aldatuXIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Mendebaldeko potentzia ugari lehian aritu ziren, zeinek edukiko eragin, merkataritza-ahalmen eta lurralde gehien Ekialdeko Asian. Japoniaren helburua potentzia horiekin lehiatzea zen. Japonia modernizatu berriak, garai hartan Txinako Qing dinastiaren eraginpeko Korea bereganatu zuen. Hasiera batean, japoniar gobernuak Korea Txinatik banatzea zuen helburu eta hala, Japoniaren eraginpeko herrialde-satelite bihurtzea, japoniarren interesak eta segurtasuna babestuko zituena.
1876ko urtarrilean, Meiji Berrezarkuntza jarraituz, Japoniak presio diplomatikoa baliatu zuen Joseon Dinastiak 1876ko Japonia–Korea Ituna sina zezan lortzeko, hala, Japoniari herrialdez kanpoko eskubideak bermatu zitzaizkion Korean eta penintsula hartako hiru portu ireki ziren Japoniarekin merkataritza egiteko. Itun honetan Japoniak Korean eskuratutako eskubideak Mendebaldeko potentziek Japonian zituztenen antzekoak ziren. Japoniarren eragina Korean 1890eko hamarkadatik aurrera areagotzen hasi zen, periodo politikoki mugitua hasi baitzen hamarkada hartan.
Korearen japoniar okupazioa 1905ean hasi zen, urte hartako Japonia–Korea Itunak Korea Japoniaren protektoratu bihurtu zuenean. Korear Erresumaren aldarrikapena egin ondoren, Korea ofizialki anexionatua izan zen Japoniara 1910eko anexio-itunaren bidez.
Korean periodo honi "Japoniar Bortxazko Okupazioaren Aldia" (Hangul: 일제 강점기; Ilje gangjeomgi, Hanja: 日帝强占期) izenarekin ezagutzen da. Badira beste izen batzuk: "Japoniar Inperioaren Periodoa" (Hangul: 일제시대, Ilje sidae, Hanja: 日帝時代), "Japoniar administrazioa" (Hangul: 왜정, Wae jeong, Hanja: 倭政). Japonian aldiz, ohiko izena "Japoniar agindupeko Korea" (日本統治時代の朝鮮, Nippon Tōchi-jidai no Chōsen) da. Ofizialki, Korea 35 urtez izan zen Japoniar Erresumaren zati, 1910eko abuztuaren 29tik 1945eko irailaren 2ra arte, egun hartan Japonia errenditu egin baitzen Bigarren Mundu Gerrako Indar Aliatuen aurrean. 1905 eta 1910eko itunak "baliogabe" izendatu ziren Japonia eta Hego Korearen aldetik 1965ean.
Erreferentziak
aldatuIkus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu