Zabalgune

Zabalgune (hirigintza)» orritik birbideratua)

Zabalgunea hirigintzako hazkunde-forma bat da, hirian bizitegi-esparru berria eraikitzea helburu duena. Hego Euskal Herrian eta Espainian XIX. mendean gertatu zen, industrializazioaren eta demografia-eztandaren eraginez. Hiriaren handitze mota bat zen, planifikatua, sare ortogonal bati jarraituz egina, eta etxe-uharte itxiaren hirigintza-motan oinarritua. Horrenbestez, zabalguneak ohiko kalean oinarrituriko hiri mota bat sortu zuen. Garaiko burgesiaren bizitoki kutunena bihurtu zen, higiene, argitasun eta modernotasunaren ezaugarriak zituelako, alde zaharrek ez bezala. Hori dela eta, zabalgune burgesa ere esaten zaio.

Bartzelonako zabalgunea edo l'eixample, Ildefons Cerdà ingeniariak 1859ean diseinatua, XIX. mendeko hiri-zaharberritze eta zabalgunearen oinarri teorikoak ezarri zituena.

XX. mendean ere egin izan ziren, jatorrizko zabalgunearen ezaugarriak berraztertuta. Gaur egun ere, ez da erabat baztertu hirigintza hazkunde-forma horren erabilgarritasuna, diseinu- eta kudeatze-malgutasun handia baitu.

Zentzu orokorrago batean, eta hirigintzako jakintza-arlotik at, edozein hiri-handitzeri ere zabalgunea deitzen zaio.

Aurrekaria

aldatu
 
1868ko Edinburgheko irudia. Lehen planoan, Craigek diseinatutako First New Town delako zabalgunea.

XVIII. mendearen bukaeran hirigintza pragmatikoaren aurrekaritzat jo daitekeen proiektu garrantzitsua gauzatu zen Edinburghen, (First) New Town edo lehen zabalgunearen proiektuarekin. 22 urte baino ez zituen James Craig arkitekto eskoziar gazteak irabazi zuen hura garatzeko konkurtsoa. Diseinuak oreka egokia lortu zuen sinpletasun eta konplexutasunaren artean, berehala eragin handiko hiri-proiektu bilakatu zela. Craigek 175 x 140 metroko etxe-uharteez osatutako sare ortogonal bakun bat proposatu zuen, espazio publikoa ardatz hartuta, plaza bana ezarriz antolakuntzaren mutur bakoitzean. Tamaina txikiagatik ezin da zabalgune huts gisa kontutan hartu, baina aurrerapauso garrantzitsua ekarri zuen.

XIX. mendeko zabalgunea

aldatu
 
Miranda Ebroko zaharberritze eta zabalgune-planoa, Federico Kellerrek 1903an landua. Erdi Aroko hiribildua Ebro ibaiaren bazter batean utzi zen (irudiaren ezker aldean), zabalgunearen zatirik handiena kontrako bazterrean diseinatu eta garatu zelarik (irudiaren eskuin aldean).

Industria Iraultzak hiri handien hazkunde demografiko itzela sortarazi zuen XIX. mende erdialdera. Hiri askotako harresiek egoera jasanezina sortarazi zuten hiribilduetan, hazkundea ekiditen zutelako, eta barneko dentsitatea hainbat aldiz biderkarazten. Harresiez barneko Bartzelona zaharrean, adibidez, hektareako 900 biztanle zeudela kalkulatzen da.[1] Hori dela eta, harresiak eraisteko erabakia hartu zen askotan, hirien zabaltzeari ekin ahal izateko eta, horrela, hiriari beharrezko osasun eta erosotasuna eskaintzeko. Hirien zati berriek zabalgune planak direlakoei jarraitzen zieten: lerrokadura-planoak eta eraikuntza-ordenantza bereziak zehazten zituzten planoak ziren.

Zabalgunearen oinarri teorikoak finkatu zituena Ildefons Cerdà ingeniaria izan zen, 1860an eraikitzen hasi zen Bartzelonako zabalgunearen antolatzaile nagusia. Bartzelonako etxe-uhartea 113,3 metroko lauki alakatuan diseinatu zuen, kale tipoak 20 metroko zabalera zuela, garai hartarako nahiko dimentsio handia zena. Zabalgunearen plan osoak 1.300 hektarea inguruko azalera zuen, Bartzelonako udalerriaren %14a, gutxi gorabehera.

Bitxia bada ere, Cerdàren plana gauzatzea Espainiako Gobernuaren inposizioa izan zen, zabalgunea diseinatzeko konkurtsoa Antoni Rovira i Trias hirigileak irabazi baitzuen,[2] 12 metroko zabalerako kaleetan oinarritzen zen eta eragin barrokoagoa zuen antolakuntza-proposamen batekin. Horrek polemika bizia piztu zuen hirian, baina Cerdàren zabalgune isotropoa gailendu eta egikaritu egin zen, hasiera batean pentsatutako eraikigarritasuna nabarmen igo eta gero.

Aipatu beharra dago Cerdàk hirigintzaren hizkuntzan ere ekarpen handiak egin zituela, adibidez, berak asmatu zuen gaur hain hedatua den urbanizazio terminoa.[3] Haren eredu teorikoa honako esaeran laburbildu zuen, 1867ko Teoría general de la urbanización izeneko idazlan seminalaren hasieran emana:

 
Bartzelonako zabalgunearen espazio publiko eta partzelatuen eskema zedarritua.
 
Madrilgo zabalgunea, 1857ko planoan (Carlos María de Castro).
« Gizabanakoaren independentzia etxebizitzan: etxebizitzaren indepentzia hirian: mugimendu mota ezberdinen independentzia hiribidean. Hiritarra landatartu: landatarra hiritartu: ...Replete terram. »

—Ildefons Cerdà, [4]

Bartzelonakoaren antzerako zabalguneak proposatu eta gauzatu ziren Madrilen (Castro plana, 1860), Atenasen, Aljeren edota Barin (Trotti plana), beste batzuen artean.

Laburbilduz, XIX. mendeko zabalgune burgesaren ezaugarri nagusiak honakoak izan ziren:

  • Kalea oinarrizko elementua izan zen, espazio partzelatuak eratzeko etxe-uhartea itxia erabili zela.
  • Higiene eta bizi-kalitatearekiko ardura. Estolda, zoladura, berdegune eta ur-hornidura egokiak atontzeko asmoarekin antolatu ziren zabalguneak.
  • Ganorazko zirkulazioarekiko ardura. Horretarako, kaleak ahalik eta zabalenak diseinatu ziren. Cerdák, adibidez, 20 eta 50 metroko kaleak diseinatu zituen Bartzelonako zabalgunerako (azkenean, 20 metrorekin gauzatu zen kale-tipoa).
  • Etxe-uhartea infinituraino errepika zitekeen hirigintza-unitate isotropoa zen. Esan ohi da ezaugarri horrek, alde batetik, desorientazioa eragiten zuela, eta bestalde, hirien hazkunde-aurreikuspena puztu egin zuela (Cerdàren planak, bidenabar, 1.300 bat hektarea hartzen zituen; hiri harresidunak, berriz, 220 hektarea baino ez zeuzkan).
  • Etxe-uhartea ez zen modu bateratuan eraikitzen orokorrean, zatika eta sustatzaile ezberdinen bitartez baizik.
  • Behe-solairuak atariak eta komertzioak ezartzeko erabili ziren. Gehienetan, etxe-uhartearen patioa ere hartzen zuten behe-solairuetako saltokiek, eta patioetan zuhaitzen landatzea eragozten.
  • Lerrokadura-planoez gain, bete beharreko eraikuntza-ordenantzak ere bazeuden, besteak beste, eraikinen gehienezko altuerak, solairu-kopurua eta balkoietako eta eskaileretako ezaugarriak arautzen zituztenak.
  • Hirigintza-prozesua ohiko ordenan egin zen (alegia: partzelazioa, urbanizazioa eta eraikuntza, hurrenez hurren), beste hazkunde-forma batzuetan izaten den nahasketa gabe.
  • Tipologiari dagokionez, sakonera handiko etxebizitzak garatu ziren, 20 metro ingurukoak. Hori dela eta, etxe-uharteko patio handiaz gain, etxebizitzetan patio txikiagoak txertatu behar izan ziren haien erdiko guneak airezta eta eguzkiztatzeko.

XX. mendeko zabalgunea

aldatu
 
Alcorconeko (Madril) hegoaldeko zabalgunearen ikuspegia. Gaur egun oraindik eraikitzen ari dira.

Mugimendu Modernoak proposatutako antolakuntza irekiaren hirigintza-porrota gertatu eta gero, XX. mendearen azken laurdenean zabalgunearen berrirakurketa egin zen, behinik behin, Europako testuinguru urbanoan. Esan daiteke kaleari protagonismoa itzuli zitzaiola.

Hala ere, garrantzi handiagoa eman zitzaion etxe-uharteari berari, ia-ia eraikuntza-forma autonomo gisa tratatuz.[5] Ondorioz, etxe-uhartera bueltatze horretan, XIX. mendeko zabalgunearekin alderatuz, kaleak hiri-protagonismoa galdu zuen, etxe-uhartearen patioa hirira ireki egin zelako. XX. mendeko zabalgunearen hirian, oinezkoak kaletik joan zitezkeen, ohi bezala, baina etxe-uharteen patioetan zehar ere.

Halaber, etxe-uharteak, XIX. mendean ez bezala, era bateratuan sustatu eta eraiki egin ziren eskuarki, kalearen aniztasun estetikoa gutxituz. Arrazoietako bat autoentzako sotoetako aparkalekuen beharra izan zen, zeinak etxe-uharte osoa hartu behar zuen. Bestalde, etxebizitzen azalera eta eraikinen sakonera nabarmen txikitu zen, garai hartan, gaur egun bezalaxe, etxebizitzei orientazio bikoitza izan zezaten eskatzen baitzitzaien, aireztapen gurutzatua sortu ahal izateko. Sakoneraren murrizte horrek argi-patio txikien desagerpena ekarri zuen.

XX. mendeko zabalgune mota honen adibide ditugu etxe-uharteetan oinarritzen diren Bilboko Miribilla edota Donostiako Benta Berri eta Loiolako Erriberetako auzo berriak.

Zabalgunea Euskal Herrian

aldatu
  • Gasteiz: Arabako hiriburuaren zabalgunea 1865ean garatu zen Francisco Paularen gidaritzapean eta, beste batzuk ez bezala, ez zen oinplano berriko plan proiektatu baten emaitza izan. Esan daiteke jadanik baziren bideetara moldatutako zabalgune posibilista izan zela, hiriaren hazkundea hegoaldera ahalbidetu zuena, birpartzelazio bortitzegiak eragin gabe. Olagibelen hiri-proiektu txiki eta ertainen emaitza onaren ondorioa zatekeen hirian plan zuzentzaile handinahirik aurrera eraman ez izana. Gasteizko hegoaldeko zabalgunearen hedadura 38,4 hektareakoa da. Aipatu beharra dago, bestalde, Julian eta Miguel Apraiz arkitektoen 1944ko Zabalgune Aurreproiektua eta 1947ko Zabalgune Proiektua, gaur egungo Gasteizko oinarrizko egitura ezarri baitzuten, batez ere ingurabidea eta industrialdeen antolaketarekin.
  • Iruñea: Iruñeko Lehen Zabalgunea harresiez barne egin bazen ere, haren tamaina eskasak ez zuen hiriaren etxebizitza-eskaera ase. Harresien eraispena beste hirietan baino gehiago atzeratu zen, Iruñeko Bigarren Zabalgunea 1920ra arte ez zela eraikitzen hasi, Serapio Esparzaren diseinuari jarraikiz. Bere sare ortogonalaren norakoak bat egin zuen Nabarreria zaharreko kale nagusien norabidearekin, gaur egungo Brisa eta Aralar kaleak alde zaharreko Merced kalearen jarraipen gisa antolatuz. Zabalgune berria eta alde zaharra uztartu egiten zituen beste hiri-elementu esanguratsu bat Karlos III.aren hiribide nagusia izan zen, burguen arteko Gaztelu plazan jaiotzen zena. Iruñeko bigarren zabalgunearen hedadura 89,3 hektareakoa da.
  • Donostia: 1862ko martxoaren 17an hiriaren harresien eraispena onetsi zen. Urte bereko uztailean zabalgune berria egiteko konkurtsoa Antonio Kortazarrek (1823-1884) irabazi zuen, Porvenir goiburuarekin garatutako proposamenarekin.[6] Diseinuaren sareak alde zaharreko kale nagusiaren norabideari jarraitu zion, alegia, gaur egungo Hernani eta Loiola kaleak harekin modu jarraituan ezarri ziren. Ondorengo urteetan, proposamen honek hobekuntza eta aldaketa ezberdinak jasan zituen, Kortazarren oinarrizko egituraketa orokorra errespetatuz. Aldaketa aipagarrienak Jose Goikoa arkitektoarenak izan ziren, besteak beste, zabalguneari Urumea ibairantz fatxada egokia eta jarraitua eman ziona. Donostiako zabalgunearen hedadura 45,7 hektarea da.

Erreferentziak

aldatu
 
Antonio Kortazar arkitektoaren proposamena Donostiako zabalgunerako (1865. urteko bertsioa).

Bibliografia

aldatu
  • GALARRAGA ALDANONDO, IÑAKI [et al.]. Hiri zabalguneak Euskal Herrian. 1. argitalpena. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2002. ISBN 84-457-1796-0.
  • (Gaztelaniaz) MARTIN RAMOS, ANGEL. Los orígenes del ensanche Cortázar de San Sebastián. 1. argitalpena. Bartzelona: Fundación Caja de Arquitectos, 2004. ISBN 978-84-933701-4-5.
  • (Gaztelaniaz) SOLA-MORALES i RUBIO, MANUEL. Las formas de crecimiento urbano. 1. argitalpena. Bartzelona: Edicions UPC, 1997. ISBN 84-8301-197-2.
  • (Gaztelaniaz) SORIA Y PUIG, ARTURO (bildumaria). Cerdà. Las cinco bases de la teoría general de la urbanización. 1. argitalpena. Bartzelona: Electa, 1996. ISBN 84-8156-064-2

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu