XIX. mendea euskal literaturan

XIX. mendea euskal literaturan hainbat mugimenduren erakusgarri izan zen. Hasieran, euskal literatura, hizkuntzalaritza edo antropologia ez bezala, beheraldian zegoen, hala ere, Europatik zetorren erromantizismoak eta, politika aldetik, foruen desagerpenaren aurkako mugimenduak bultzada handia eman zion euskal literaturari. Euskaltzaletasuna eta, gero, abertzaletasunak erromantizismo eta kostunbrismo ekarri zizkioten euskal literaturari.

Euskalki guztiek idazle aipagarriak zituzten, adibidez:

Hego Euskal Herriko narratiba XIX. mendean aldatu

Hego Euskal Herriko narratiba XIX. mendean aztertzeko, arreta autore desberdinetan jarri behar da.

XVIII. mendean aita Manuel Larramendiren eraginez Hegoaldeko euskal liburugintza esnatu bazen ere, ez zen 1800 aldera arte suspertu, Frantziako Iraultzak, Konbentzio Gerrak batez ere garrantzia handia izan zuelarik honetan. Kanpotik zetozen pentsaera berriak zirela-eta, elizgizonek kolokan jartzen zuten beren etorkizuna, momentu haiek liburu berriak kaleratzeko aproposenak izango ez zirelarik. Hala ere, apaizek eta fraideek, ordura arte ez bezala, idaztearen lanari ekin zioten, bai Bizkaian eta baita Gipuzkoan ere.

Bizkaian, idazle ugari hasiko zaigu mende hasieran eliza liburuak argitaratzen: Juan Antonio Mogel, Konfesio ona (1803); Pedro Antonio Añibarro, Esku liburua (1802); Pedro Astarloa, Urteko aste gustijetarako berbaldi ikasbidekuak (1818) eta beste hainbeste.

Dotrinaren azalpenak, sermoiak eta antzeko gaiak lantzen dituze. Idazle hauei eta ondorengoei esker, bizkaierak bultzada handia jasoko du euskalki literario gisa indarra hartuko duelarik.

Hala ere, batzuetan eleizgizonek sortutakoak baziren ere, zuzenean erlijioarekin harremanik ez zuten lanak ere sortu ziren mendean zehar, fikziozko idazlan ugari idazten zirelarik narrazioak eta ipuinak, adibidez.

Eleberriari dagokionez, idazlanik aipagarrienetakoa Markina-Xemeingo erretore izan zen Joan Antonio Mogelen Peru Abarka dugu. Bizkaieraz idatzia, dialogoen bidez egituratua dagoen liburu hau euskaraz idatziriko lehen nobela saiakera dugu. Bertan, Peru Baserritar eruditoa eta Maisu Juan barberio kaletarraren arteko dialogoak azalten zaizkigu. Euskal literaturako lanik garrantzitsuenetakoa izateaz gain, interes zientifiko handikoa da, bertan, garaiko hizkuntzaren, ohituren eta laneko tekniken inguruko informazio aberatsa aukitzen dugularik.

Txomin Agirre izan da askorentzat euskal eleberriak izan duen idazlerik handienetakoa. Berak idatzi zituen, bizkaieraz zein gipuzkeraz garatuak, ondorengo belaunaldietako idazleen erreferentzia izan diren eleberrien izenak, hala mola, 1898.ean idatziriko Auñemendiko lorea nobela historikoa, bizkaieraz idatzita kostaldeko bizimodua azaltzen digun Kresala, edota Garoa, gipuzkeraz idatziriko euskal baserriaren nobela.

Ipar Euskal Herriko literatura XIX. mendean aldatu

Napoleon I.aren eta Frantziako Iraultzaren azken hatsekin ekin zion gizaldiak. Waterlooko porrotaren ondoren, Antzinako Erregimena berrezarri zen arren, lurralde antolamenduari dagokionez, ez ziren gauzak lehenera itzuli, euskal probintziek ez baitzituzten aurretik zeuzkaten eskubideak berreskuratu.

Antolamendu politiko anitz izan ziren mendean zehar, hala nola, monarkia aldiak, inperioak eta errepublikak, hauen ondorioz etorritako gerra, matxinada eta gatazka ugari ere gertatu zelarik. urrats handiak eman zituen Frantziak garraiobide eta industriari dagokionez. Bestalde, bai eskola eta baita soldaduskaren bitartez ere lurralde guztietara zabaltzen hasi zen estatu zentralistaren eraketa bateratua.

Dena den, Ipar Euskal Herrian ez ziren gauzak hain azkar eta nabarmen gertatu, industriak garrantzia gutxi izan baitzuen nekazaritza giroko gizarte tradizionala izaten jarraitzen zuen Euskal Herrian. Estatuko eztabaida erlijioso eta borroka ideologikoen oihartzuna iristen zen noizean behin euskaldunen artera, baina elizak indartsu zirauen oraindik eta gehienetan bere eraginari eutsi zion.

Ondorioz, euskarazko ekoizpenaren zati inportante bat elizgizonengandik etorriko zaigu oraindik: Adibidez, Duhalde, Lapeire eta Arbelbideren prosa erlijiosoa, edota Laphitz eta Joanategiren santuen bizitzak.

Anton Abadiaren Euskal Lore Jokoek eta Luis Luziano Bonaparteren dialektologiazko lanek bultzada nabarmena emango diete euskarazko bertsogintzari nahiz euskal ikerketei. Sortzaile laikoen artean, aipatzekoak dira, Etxahun koblariaz gainera, Joan Batista Elizanburu bertsogilea eta Joan Piarres Duvoisin prosagilea.

Kanpo estekak aldatu