Gerra Hotzaren garaian, Hirugarren Mundua terminoak Asia, Afrika eta Latinoamerikan garapen bidean zeuden herrialdeei egiten zien erreferentzia, hau da, ez Lehenengo Munduarekin ez eta Bigarren Munduarekin ere bat egiten zuten herrialdeei. Hitzaren erabilera hori batez ere mendebaldeko herrialdeetan egin da ezagun, Gerra Hotza amaitzearen ondorioz.

Gerra Hotzaren aldian banatutako hiru munduak. Koloreek ez dute haien egoera ekonomikoa islatzen, baizik eta haien arteko aliantzak. ██ Lehen Mundua: Estatu Batuen herrialde aliatuak. ██ Bigarren Mundua: SESBen herrialde aliatuak. ██ Hirugarren Mundua: herrialde neutralak eta lerrokatu gabeak.

Hurrengo hamarkadan, Sobietar Batasunaren erorialdian eta, 1991n, Gerra Hotzaren amaitutakoan, Hirugarren Mundua eta garapen bidean zeuden herrialdeak bi terminoak modu berean erabiltzen ziren, baina kontzeptua zaharkitua geratu da, ez baitu gaur egun munduan dugun egoera politiko-ekonomikoa deskribatzen. Hiru Munduen eredua Gerra Hotzaren garaian sortu zen honako banaketa hau egiteko: NATOn (Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea) zeuden herrialdeak, Lehen Mundua; Ekialdeko Blokea, Bigarren Mundua, nahiz eta termino hori gutxiago erabiltzen zen; eta, ez batean ez bestean zeuden herrialdeak, Hirugarren Mundua. Egia esanda, Hirugarren Mundua taldekatze politikoa zen, ekonomikoa baino.

Etimologia

aldatu

Alfred Sauvy demografo, antropologo eta historialari frantsesak, L'Observateur aldizkari frantseseko artikulu batean, 1952ko abuztuaren 14an, Hirugarren Mundua (frantsesez, Tiers Monde) terminoa sortu zuen, Gerra Hotzaren garaian bloke sobietar komunistarekin edo NATOko bloke kapitalistarekin lerrokatuta ez zeuden herrialdeez hitz egiteko.[1] Terminoak Hirugarren Estatuari egiten zion erreferentzia, Frantziako plebeioei, alegia, Frantziako Iraultzaren aurretik eta bitartean kleroaren eta nobleen aurka (Lehen eta Bigarren Estatuaren aurka, hurrenez hurren) agertu zen gizarte taldeari. Sauvyk honela idatzi zuen: «Hirugarren Mundu baztertu, ustiatu eta mespretxatu honek, Hirugarren Estatuak bezala, zerbait izan nahi du». Bloke kapitalista edo komunistarekin politikoki lerrokatu gabekoen kontzeptua sortu zuen.[2]

Sorrera eta esanahi-aldaketa

aldatu

Hirugarren Mundua terminoa Gerra Hotzaren garaian sortu zen NATOrekin eta Ekialdeko Blokearekin lerrokatuta ez zeuden herrialdeak definitzeko. Ameriketako Estatu Batuek, Kanadak, Japoniak, Hego Koreak, Europa Mendebaldeko nazioek eta haien aliatuek osatzen zuten Lehen Mundua; Sobietar Batasunak, Txinak, Kubak eta haien aliatuek, berriz, Bigarren Mundua osatzen zuten. Terminologia horrek Lurreko nazioak hiru taldetan banatzeko modu bat ezarri zuen, banaketa politiko eta ekonomikoetan oinarrituta. Sobietar Batasuna erori eta Gerra Hotza amaitu zenetik, Hirugarren Mundua terminoa gero eta gutxiago erabili izan da. Garapen bidean dauden herrialdeak, gutxiago aurreratutako herrialdeak edo Hegoalde Globala terminoak erabiltzen dira horren ordez. Kontzeptua bera zaharkitua geratu da, jada ez baitu munduaren egungo egoera politiko edo ekonomikoa ordezkatzen.

Eskuarki, Hirugarren Mundua taldean sartzen ziren iraganean koloniak izan ziren Afrikako, Latinoamerikako, Ozeaniako eta Asiako herrialde asko. Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduko parte ziren herrialde berberak izendatzen ziren batzuetan. Raul Prebisch, Walter Rodney, Theotonio dos Santos eta Andre Gunder Frank bezalako pentsalarien mendekotasunaren teoriaren arabera, Hirugarren Mundua terminoa mundu-sistemako banaketa ekonomikoarekin lotu da, ekonomiaren nukleoa osatzen duten herrialdeen menpe dauden herrialde periferiko gisa.[3]

Esanahien eta testuinguruen bilakaeraren historia konplexua da, eta, horregatik, ez dago Hirugarren Munduaren definizio argi edo adostu bat.[3] Ekialdeko Blokeko herrialde batzuk, Kuba esaterako, sarri Hirugarren Mundukotzat hartzen ziren. Hirugarren Munduko herrialde asko ekonomikoki pobreak eta industrializatu gabeak zirenez, estereotipo bihurtu zen herrialde pobreak Hirugarren Munduko herrialde gisa hartzea; hala ere, Hirugarren Mundua terminoa ere erabili ohi da berriki industrializatutako herrialdeez hitz egiterakoan, hala nola Brasil, India eta Txina; orain, herrialde horiek BRIC osatzen dutela esaten da. Historikoki, Europako herrialde batzuk lerrokatu gabe zeuden, eta horietako batzuk oso oparoak ziren eta oraindik ere badira, esaterako, Irlanda, Austria, Suedia, Finlandia eta Suitza.

Hirugarren Mundua vs Hiru Mundu

aldatu

Hiru Munduen Teoria Mao Zedongek garatu zuen, eta Mendebaldeko Hiru Munduen edo Hirugarren Munduaren teorietatik ezberdintzen da. Mendebaldeko teorian, adibidez, Txina eta India Bigarren eta Hirugarren Munduaren parte dira, hurrenez hurren, baina, Maoren teorian, esplotatutako nazioz osatutako Hirugarren Munduaren parte dira bai Txina eta bai India. Maok espero zuen Txina eta Indiaren egoera beretsuan zeuden herrialdeek, Txina eta Indiaren eredu berari jarraitu ez ezik, inspirazioa izango zutela beste hirugarren bide batzuei ekiteko, komunismoa eta kapitalismoaren arteko gatazka desafiatzea helburu.

Hirugarren mundutartasuna

aldatu

Hirugarren mundutartasuna 1940ko hamarkada amaieran edo 1950eko hamarkada hasieran Gerra Hotzean sortutako kontzeptu politiko eta ideologikoa da, Ameriketako Estatu Batuen edo Sobietar Batasunaren alde jarri nahi ez zuten nazioen artean batasuna sortu nahi zuena. Kontzeptua Maoismo-Hirugarren Mundutartasun teoria politikoarekin oso lotuta dago, baina ez da gauza bera.

Hirugarren mundutartasuneko pentsalari eta buruzagi politikoek adierazi zuten Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zatiketek eta gatazkek lehen mailako garrantzia politikoa zutela Gerra Hotzaren garaiko Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko oposaketarekin alderatuz. Hiru Munduen ereduan, Ameriketako Estatu Batuen aliatu ziren herrialdeek osatzen zuten Lehenengo Mundua. Nazio horiek arrisku politiko gutxiago zuten, besteak baino hobeto funtzionatzen zuen demokrazia bat, egonkortasun ekonomiko handiagoa eta bizi-kalitate handiagoa, eta halaxe da gaur egun ere. Bigarren Mundua terminoak Sobietar Batasunaren menpe zeuden estatu sozialista industrial ohiei egiten zien erreferentzia. Beraz, Hirugarren Munduak ez NATO ez Ekialdeko Blokearen alde jarri ez ziren herrialdeak definitzen zituen. Iraganean Afrikan, Latinoamerikan, Ozeanian eta Asian koloniak izandako herrialde asko izendatzeko erabiltzen zen, normalean, terminoa. Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduko parte ziren herrialde berberak izendatzen ziren batzuetan, ekonomiaren nukleoa osatzen duten herrialdeen menpe dauden herrialde periferikoak izendatzeko.[3]

Hirugarren mundutartasuna deskolonizazioaren osteko mugimendu politiko berriei lotuta zegoen, baita Asiako, Afrikako eta Ekialde Hurbileko kolonia zaharretan nahiz Latinoamerikako estatu zaharretan (panarabismoa, panafrikanismoa, panamerikanismoa eta panasianismoa) sortutako erregionalismo forma berriei ere.[4]

Hainbat buruzagi Hirugarren Mundutartasuna mugimenduarekin erlazionatu izan dituzte:

Historia

aldatu

Hirugarren Munduko herrialde gehienak koloniak izandakoak dira. Independentzia lortu ostean, herrialde hauetako askok, batez ere txikienek, nazioa eta erakundeak lehenengo aldiz eratzeko erronkari aurre egin behar izan zioten. Adibide aipagarria da kolonia izandako herrialdeek beren independentzia lortu eta geroxeago, 1955ean hain zuzen ere, Bandungeko batzarra. Bertan parte hartu zuten herrialdeetatik 29 Hirugarren Mundukoak kontsideratzen dira. Komunean duten iragana dela eta, nazio horietako askok beren ekonomia «garatzen» igaro zuten XX. mende gehiena, eta horietako askok oraindik horretan dihardute. Terminoak, gaur egun ematen zaion erabileraren arabera, ELGA herrialdeen besteko garapen mailara heldu ez diren eta, beraz, garapen bidean dauden herrialdeei egiten die erreferentzia.

1980ko hamarkadan, Peter Bauer ekonomialariak Hirugarren Mundua terminorako definizio bat proposatu zuen. Bauerrek adierazi zuen herrialde zehatz bat Hirugarren Mundua estatusarekin lotzeko irizpideak ez zeudela oinarrituta ez ekonomiaren egonkortasunean, ezta politikaren finkotasunean ere, eta, oro har, prozesu arbitrarioa zela. Hirugarren Munduko kontsideratzen ziren herrialdeak (Indonesiatik hasi eta Afghanistanerainokoak) askotarikoak ziren: batzuk ekonomikoki primitiboak ziren, eta beste batzuk, aldiz, ekonomikoki garatuak; eta batzuk politikoki lerrokatu gabeko eta beste batzuk joera sobietardunak edo mendebaldardunak.[6] AEBko zati batzuk Hirugarren Mundukoak direla ere eztabaida daiteke.

Bauerrek Hirugarren Munduko herrialde guztiek zuten ezaugarri bakar bat antzeman zuen: gobernu horiek guztiek «Mendebaldeko laguntza eskatzen eta hartzen» zutela, eta horrekiko jarrera guztiz kontrakoa zuen Bauerrek. Bada, Gerra Hotzean ere, Hirugarren Mundua terminoa engainakortzat jo zen, terminoak ustez hartzen zituen herrialdeek ez zutelako komuneko identitate ez koherente ezta kolektiborik ere.

Kolonizazioak Hirugarren Munduan izandako inpaktua gai sozial eta kulturaletara arte zabaldu zen. Ian Kapoor poskolonial jakintsuak argudiatu zuen, Bandungeko batzarrean konturatu zenez, sexualitatea gai eztabaidagarria zela. Esan zuen estatu nazio askok «homosexualitatea» ukatzen eta purgatzen zutela, eta gainera «mendebaldeko inportazioari» egozten ziotela errua.

Ameriketako Estatu Batuetako Donald Trump presidenteak eta Turkiako Recep Tayyip Erdogan presidenteak Washingtonen izandako batzarrean, bizkartzain turkiarrek protestari baketsu batzuk eraso zituzten. Horri erantzuteko Iate Arizonako John McCain senatariak Hirugarren Munduko herrialde gisa izendatu zuen Turkia.

Garapenerako lankidetza

aldatu

Gerra Hotzean, Hirugarren Munduko lerrokatu gabeko herrialdeak[3] Lehen zein Bigarren Munduko aliatu gisa hartzen ziren. Beraz, Ameriketako Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak ahal zen guztia egin zuten herrialde horiekin loturak ezartzeko, babes ekonomikoa eta militarra eskainiz, estrategikoki kokatutako aliantzak lortzeko (adib. Ameriketako Estatu Batuek Vietnamen edo Sobietar Batasunak Kuban).[3] Gerra Hotza amaitu zenerako, Hirugarren Munduko herrialde askok kapitalismoa edo komunismoa deritzen sistema ekonomikoak ezarri zituzten, eta aukeratutako aldearen babesa jasotzen jarraitu zuten. Gerra Hotzean zehar eta ondoren, Hirugarren Munduko herrialdeek Mendebaldeko kanpo-laguntza gehiena jaso izan dute, eta garapen ekonomikoaren gunea izan dira, Modernizazioaren Teoria eta Mendekotasun Teoria nagusien bitartez.[3]

1960ko hamarkadaren amaieran, Hirugarren Mundua terminoa Mendebaldearekin konparatuz azpigaratuta dauden Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako herrialdeak izendatzeko erabili zen, hainbat ezaugarritan oinarrituta (garapen ekonomiko txikia, bizi-itxaropen laburra, pobrezia handia eta gaixotasun asko eta abar).[1] Herrialde horiek nazio aberatsagoetako gobernuen, GKEen eta banakoek emandako laguntza eta babes nagusia jaso zuten. «Rostowren hazkunde ekonomikoaren etapak» izeneko eredu ospetsuaren arabera, garapena 5 etapatik igarotzen da (gizarte tradizionala; aireratu aurreko baldintzak; aireratzea; heldutasunerako jauzia; masa kontsumo handiko garaia).[7] W.W.Rostowk esan zuen aireratzearen etapa zela Hirugarren Munduari falta zitzaiona edo hura gainditzeko arazoak zituena. Beraz, kanpoko laguntza behar zen herrialde horietako industrializazioa eta hazkunde ekonomikoa sustatzeko.[7]

Desadostasun eta bateratasun handia

aldatu

Askotan desberdintasun handiak daude Lehenengo eta Hirugarren Munduen artean. Munduaren iparraldea eta hegoaldea gehienetan batera doaz. «Hirugarren Mundua/Hegoaldea» deritzogu eta «Lehenengo Mundua/Iparraldea» Munduaren iparraldea aberatsagoa eta garatuagoa baita, aldiz, Hegoaldea ez dago hain garatuta eta orokorrean behartsuagoa da.[8]

Pentsatzeko era horri aurre egiteko, 1980. hamarkadaren amaieran, zenbait adituk munduaren dinamikan aldaketa bat lortzeko aldaketa bat proposatzen hasi ziren, eta horri Bateratasun Handia deitu zioten.[9] Jack A. Goldstone eta bere kideek aipatu zutenez, «XX. mendean, Lehen Mundu Gerra baino lehenago eta 1970. hamarkadan zehar Desadostasun Handia mailarik gorenera heldu zen. Hurrengo bi hamarkadetan gorabeherak egon ziren eta 1980. hamarkadaren amaieran Bateratasun Handiak ordezkatu zuen, Hirugarren Munduko herrialde gehienen ekonomia tasa Lehenengo Munduko herrialde askorena baino gehiago handitu zen».[10]

Beste batzuek Gerra Hotzaren garaiko lerrokatzeetara itzuli zirela ikusi zuten (Mackinnon, 2007; Lucas, 2008), 1990-2015 bitartean funtsezko aldaketak egon ziren geografian, mundu mailako ekonomian eta harreman dinamikan egungo zein garapen bidean daude potentzien artean. Ez nahitaez Lehen, Bigarren eta Hirugarren Munduko terminoen esanahi klasikoa birdefinituz, baizik eta munduko zein potentziari edo herrialde-koaliziori dagokion elkarketaren bidez, adibidez, G7, Europar Batasuna, ELGA; G20, LPEE, BRICS, Asiako Hego-Ekialdeko Elkartea, Afrikako Batasuna eta Eurasiako Batasun Ekonomikoa (EBE).

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Gregory, Derek et al. (Eds.) (2009). Dictionary of Human Geography (5th Ed.), Wiley-Blackwell.
  2. Wolf-Phillips, Leslie (1987). "Why 'Third World'?: Origin, Definition and Usage", Third World Quarterly, 9(4): 1311-1327.
  3. a b c d e f Tomlinson, B.R. (2003). "What was the Third World", Journal of Contemporary History, 38(2): 307–321.
  4. Berger, Mark T.. (2004). After the Third World? History, destiny and the fate of Third Worldism. Researchgate, 25(1): 9-39 or..
  5. Malley, Robert. (1999). The Third Worldist Moment. ProQuest, 98(631): 359-369 or..
  6. "Third World America", MacLeans, September 14, 2010.
  7. a b Westernizing the Third World (Ch 2), Routledge
  8. Mimiko, Oluwafemi (2012). "Globalization: The Politics of Global Economic Relations and International Business". Carolina Academic Press: 49.
  9. Korotayev A., Zinkina J. On the structure of the present-day convergence. Campus-Wide Information Systems. Vol. 31 No. 2/3, 2014, pp. 139-152.
  10. Phases of global demographic transition correlate with phases of the Great Divergence and Great Convergence. Technological Forecasting and Social Change. Volume 95, June 2015, Page 163.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu