Hizkuntza-lokalizazio

informatikan egiten den itzulpena. Testua itzultzeaz gain hainbat moldaketa kultural egin behar, moneta, data, ordua, neurri unitateak, alfabetoak, eta beste hainbat formatu eta xehetasun kultural.

Hizkuntza-lokalizazioa, (latineko locus (toki) eta ingeleseko locale (zerbait gertatzen edo kokatzen den lekua) aurretiaz hainbat hizkuntzara itzuli den testu bat herrialde, eskualde edo talde espezifikoentzat egokitzeko prozesua da. Produktu bat itzultzeko eta kultura jakin batera egokitzeko prozesu luze baten bigarren fasea da (lehena internazionalizazioa da)[1]; bigarren fase honetan, merkatu mota bakoitzak dituen desberdintasunak kontuan hartzen dira.

Hizkuntza-lokalizazioa itzulpenaz harago doa: kontuan hartu behar dira hartzaileen hizkuntzaren ezaugarri linguistikoak eta lurraldeari dagozkion ohitura kulturalak. Data eta ordua emateko formatua, erabiltzen den moneta edo alfabetoko letren arteko ordena, neurri-unitateak, eta abar.

Hizkuntzen lokalizazioa eta itzulpen jarduera bi gauza desberdin dira, lokalizazioak, produktua tokiko beharretara egokitzeko helburuarekin, xede kulturaren azterketa sakon bat egiten baitu. Lokalizazioarentzat ingelesez L10N laburdura erabili ohi da (“L” eta “N” artean 10 letra daudela adieraziz).

Lokalizazio prozesua orokorrean, itzulpenari baino, software, bideo-joko eta web-orrialdeen kultura-egokitzapenari eta itzulpenari egoten da lotua, nahiz eta itzulpenak ere kultura-egokitzapenak eskatzen dituen. Lokalizazioa hizkuntza bakar bat hitz egiten den eskualde edo herrialdeentzat zein hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten direnentzat gauzatu daiteke. Gaztelaniaren kasuan, esaterako, Hego Amerikan eta Espainian erabiltzen diren bariazioak ez dira berdinak, eta adibidez, eskualde bakoitzean berezkoak diren esaera batzuk erabiltzen dira. Berdin gertatzen da ingelesa hizkuntza ofiziala den herrialdeetan, leku batetik bestera aldatzen diren esapideekin (adib. Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Filipinak).

Internazionalizazioa, globalizazioa eta lokalizazioa: prozesu globalak

aldatu

LISAk (Localization Industry Standards Association) emandako definizioen arabera, globalizazioa “prozesu bakar moduan baino, hobe da ziklo bat balitz bezala ikustea”. Globalizazioa produktu baten diseinua eta garapena aztertzean eta aurrez haren plangintza egitean datza, erabiltzaile multikultural bati egokituta. Prozesuaren helburua kostuen igoera eta kalitate-arazoak saihestea, denbora aurreztea eta eskualde edo herrialde bakoitzari lokalizazio-lana erraztea da. Lokalizazioa globalizazio-prozesu orokorraren berezko atala da. Globalizazioa bi prozesu nagusik osatzen dute: internazionalizazioak eta lokalizazioak.

Lehenengo fasea internazionalizazioa da. Bere baitan hartzen ditu diseinuari begira sortutako produktu baten plangintza-fasea eta prestakuntza-fasea. Produktu horiek mundu osoko merkatuko beharrei erantzutea du helburu. Prozesu honetan ez da txertatzen ez erreferentzia kulturalik, ezta herrialdeen edo hizkuntzen inguruko eduki espezifikorik ere. Horrela, produktua erraz egokitzeko modukoa izango da ondoren, osagai nagusiak aldatzeko beharrik izan gabe. Eduki horiek fase honetan zehar bereizten ez badira, lokalizazio-prozesuan bereizi beharko dira, eta ondorioz, proiektuak denbora gehiago behar izateaz gain kostu handiagoak izango lituzke. Muturrera eramanda, aurrez internazionaldu gabeko produktuak baliteke gerora ez lokalizatzea. Bigarren fasea lokalizazioa da eta produktu bat merkatu-mota zehatz bati egokitzea esan nahi du. LISAren arabera, kontuan hartu beharreko puntuen artean leudeke ondorengo lauak: elementu linguistikoak, fisikoak, teknikoak, eta kulturalak eta komertzialak.

Fase bakoitzaren amaieran probak egiten dira, horien artean kalitate-bermearena, produktua behar bezala dabilela eta bezeroaren kalitatearen itxaropenak betetzen dituela bermatzeko.

Itzulpengintzaren eta lokalizazioaren arteko desberdintasunak

aldatu

Sarritan zaila izaten da itzulpengintzaren eta lokalizazioaren arteko desberdintasuna hautematea. Oro har, lokalizazioa produktuen edo zerbitzuen testuz kanpoko osagarri esanguratsuez arduratzen da. Lokalizazio prozesuak hainbat gauza hartzen ditu bere baitan: itzulpengintza (eta beraz, hizkuntza baten aldaeren artean egon daitezkeen gramatika eta ortografia arazoak); grafikoen egokitzapena; herrialde bateko monetaren egokitzapena; datak, helbideak eta telefono-zenbakiak adierazteko idazkera egokiak erabiltzea; koloreen hautua eta beste hainbat xehetasun, besteak beste, produktuaren itxura kontuan hartzea. Aldaketa horiek guztiek hiru helburu nagusi dituzte. Lehenengoa, tokian tokiko ezaugarriak onartzea. Bigarrena, kultura desberdinen edo tokian tokiko ohituren arteko gatazkak ekiditea. Azkena, tokian tokiko merkatuan sartzea, haien beharrak eta nahiak kontuan hartuz. Lokalizazioaren betebeharra da, esaterako, enpresa baten web-orria tokian tokiko ezaugarrietara moldatzea edo liburu baten edizioa berau salduko den herrialdera moldatzea.

Globalizazioaren eta lokalizazioaren arteko desberdintasunak

aldatu

Lokalizazioa eta globalizazioa bi kontzeptu desberdin dira. Lehenengoa, produktu bat leku jakin batera egokitzeko prozesua da. Bigarrenak, aldiz, produktua diseinatzen du lokalizazio bakoitzak eskatzen duen lan gehigarria ahalik eta txikiena izateko. Demagun, adibidez, pertsona bat AEBn bakarrik jardun duen enpresa bateko langilea dela. Baina orain, enpresa horrek bulego garrantzitsu bat zabalduko du Txinan eta txineraz idatzita dagoen web-orri baten beharra du. Enpresa horrek produktu eta zerbitzu berdinak eskainiko ditu bi herrialdeetan aldaketa txiki batzuekin. Izan ere, jatorrizko web-orrian estatubatuarrei zuzendutako osagarri batzuk desatseginak edo iraingarriak suerta dakizkieke txinatarrei (banderen, koloreen, irudi nazionalisten, abestien… erabilera). Hori horrela izanik, enpresak merkatu potentzial bat gal lezake aurkezpeneko xehetasun txikiengatik.

Horregatik, enpresak bere produktua bezero berrien ezaugarrietara moldatu beharko luke. Bideo-jokoak dira aldaketa mota honen adibide argiak.

Har dezagun orain adibide gisa hamabi herrialde desberdinetan bulegoak dituen enpresa bat. Herrialde bakoitzerako espresuki diseinatuta dagoen web-orri bat behar du. Herrialde jakin batean eskainiko dituzten produktuak zeintzuk izango diren eta bertako web-orria nola lokalizatuko duen erabaki aurretik, aholkulari batek gomendioak eman liezazkioke estrategia globala sortzeko. Bestela esanda, aholkulariak gomendioak eman ditzake enpresak negozioa gauzatzeko metodoari buruz. Enpresak estrategia globala kodifikatzeko eta hura babesteko sistema bat sor dezake. Estrategia eta globalizazio sistema hori hamabi herrialdeetan egin beharreko lokalizazio-proiektu guztien oinarria izango litzateke. Horrela, baliabideak eta lokalizazio-faseko denbora aurreztuko litzateke.

Laburbilduz, globalizazioak epe luzerako prozesua den lokalizazioaren lana arintzen du. Izan ere, jatorrizko web-orrian aldaketa bat egiten den bakoitzean, lokalizatutako web-orri guztietan egin behar da aldaketa bera.

Etiketa eta hizkuntza-kodeak

aldatu

Hizkuntza kodeek erlazio estua dute lokalizazio prozesuarekin, itzulpen eta produktuaren egokitzapenaren kokalekuak zeintzuk diren adierazten baitute. Hizkuntza kode hauek testuinguru desberdinetan erabiltzen dira; Europar Batasunak argitaratutako dokumentu batean era informalean ager daitezke, edo etiketa moduan lang HTML atributuarekin. Europar Batasunaren estilo gidaren kasuan, hizkuntza-etiketak alfa-2 kodearen ISO 639-1 arauan oinarritzen dira. Orokorrean, HTML dokumentuetan hizkuntza kodeak IETF: BCP 47-aren arabera izendatuak agertzen dira (BCPk Best Current Practice esan nahi du, “momentuko praktika hoberena”, literalki itzulia). Kode edo etiketa mota bat edo beste hautatzearen erabakia proiektuaren izaeraren eta lokalizazioan aditua den pertsonak ezartzen dituen baldintzen araberakoa izango da.

Hizkuntza etiketa gehienak bi edo hiru hizkiko azpietiketa batez osatuak egoten dira. Orokorrean azpietiketa nagusi bat egoten da hizkuntza identifikatzeko (adib. “en”) eta beste aukerazko azpietiketa bat, letra larriz idatzia, tokiko berariazko barietatea adierazten duena (adib. “GB” edo “US” ISO 3166-2 arauari dagokionez). Azpikodeak marratxo batez adierazten dira, testuinguru batzuetan azpimarra batez ordezkatu behar izaten diren arren. Askotariko hizkuntza etiketak daude kodifikaziorako. ISOk adibidez, ISO 639-1, ISO 639-2 eta ISO 639-3 arauetan zehazten ditu hizkuntza bakoitza adierazteko bi edo hiru hizkiko kodeak.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Itziar Bernaola, Ana Isabel Morales eta Irune Payros, EHU. «"Con mala escoba mal se barre": los problemas de la localización de productos informáticos no internacionalizados» www.translationdirectory.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-03).

Kanpo estekak

aldatu