Alfontso Idiakez

Alonso Idiakez» orritik birbideratua)

Alfontso Idiakez Jurramendi (Izengoitia: Alonso) (Anoeta edo Tolosa, 1497 - Elba ibaia, Alemania, 1547) Gipuzkoako militarra izan zen, Idiakez leinuarena. Karlos V.a Alemaniako enperadorearen aholkularia eta idazkaria izan zen 1520. urteaz geroztik. Tuniseko konkistan borrokatu zen (1535), eta Filipe II.aren eta Portugalgo Mariaren arteko ezkontza negoziatu zuen. San Telmoko komentua sortu zuen Donostian eta han dago bere hilobia.

Alfontso Idiakez
San Sebastián (Guipúzcoa)-Museo de San Telmo-6-Sepulcro de Alonso de Idiáquez y Gracia de Olazábal.JPG
Bizitza
Izen osoa Alonso de Idiáquez y Yurramendi
Jaiotza Anoeta, 1497 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Torgau, 1547 (egutegi gregorianoa) (49/50 urte)
Familia
Seme-alabak
Leinua Idiakez leinua
Jarduerak
Jarduerak errege-idazkaria eta diplomazialaria
Kidetza San Jakueren ordena
Alcantarako ordena militar
Calatravako Ordena
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkak Conquest of Tunis (en) Itzuli

BiografiaAldatu

Joan Idiakezen eta Catalina Jurramendiren semea, tolosarrak biak; Maria Elordi eta Pedro Martinez Idiakaitzen biloba, azken hau Bizkaiko kutxazain nagusia eta Granadako gudan kapitaina; Joan Idiakez Olazabal semea berriz, Felipe II.aren eta Felipe III.aren idazkari eta aholkulari izandakoa.

1523az geroztik Frantzisko Cobosen-Carlos V.aren idazkaria- mirabe izan zen eta lau urte geroago bere lehen kargu publikoa eskuratu zuen : Ubeda hiriko erregidore. Handik Administrazio Errealera igo zen, 1530. urtetik aurrera dokumentuetan ageri denez Carlos V. Enperadoreak 101.000 marabedi eman zizkion Ameriketatik zetorren diru andanaren gordailuan egindako kontularitza lanen ordainetan.

Aurrerantzean Alonso Idiakez errege administrazioan aritu zen lanean eta bere zerbitzuengatik dohaintzak eta ordainketak jasotzen hasi zen. Haien artean nabarmena izan zen 1531an Oikia, Aizarna, Zestoa eta Aizarnazabaleko elizetako patronatuen emakidak edo kontzesioak. Honek bertako kleroaren aurkaritza ekarri zuen , ez bait zuten errenta horien kontrola galdu nahi. Gipuzkoan kokatuta izanik, Idiakezentzat ,Gortean lortutako lehentasuna bere jaioterrian ere islatzea esan nahi zuen.

Hurrengo urteetan Napoli Erreinuko aferaz enkargatu zen , eta Calatravako Ordena militarrean idazkari izendatua izan zen, baita Estremerako Komendadore ere , Santiago Ordenaren barruan zegoena azken hau. Horiek izan ziren , beste batzuen artean , Hispaniako Ordena Militarretan izandako karguak.

Eginkizun zibilez gain militar lanetan ere ibili zen, hala nola, Tunezko kanpainan Frantzisko Cobosen laguntzaile, eta Corbeilgo konkistan Parmako Dukearekin..

1539an Tolosako Eliza kabildoaren lizentzia lortu zuen, bertako Santa Maria Elizan kapera bat jartzeko; eta urtebete geroago Donostian beste kapera bat jartzeko lizentzia, hango San Sebastian Elizan.

Donostian ezkondu zen 1539an Grazia Olazabalekin, Donostiako bizilaguna eta Migel Perez Erbetaren eta Mari Gomez Olazabalen alaba. Hitzarmenezko ezkontza izan zen , garaiko ezkontzazko aliantza-sistemaren adibide, Donostiako sendi garrantzitsuenetako baten alabarekin ezkontzeak tokiko nahiz probintziako aferen kontrola bermatzen bait zion bi ezkontideen familiak osatzen zuten harreman-sare handiaren bitartez. Ezkontzaren bitartez Olazabal familiak posizio politikoa indartu zuen eta Idiakez leinuak Donostia eta Gipuzkoa kontrolatzeko behar zuen ondare aberatsa lortu zuen.

Donostiaz eta Gipuzkoaz haratago , Erregearen Idazkari karguak eta Enperadorearen lurralde ugarietara egindako bidaiek aukera eman zioten Alonso Idiakezi Europako finantza-buruekin harremanetan jartzeko . Hartu-eman hauen ondorioz , Arjona hiribilduko alkabala zergaren gaineko eskubidea erosi zion Alfredo Fucar alemanari, 2.100.000 marabedien truke; geroxeago Medinako hiribilduaren alkabala zergaren eskubideagatik aldatu zuena. Horrela joan zen osatzen sendiaren ondarea eta 1539an sortu zen maiorazkoa, beste titulu batzuek zekartzaten errentak gehituz joan hala, esaterako urte horretan bertan lortutako Erreinuetako Eskribau Notarioarena. Ondoren Kuartangoko Jauntxoari lurrak eta tituluak erosi zizkion, 5,8 miloi marabedien truke eta Kuartangoko Bailararen Jauntxo egin zen honela.

Bitartean, Carlos V. enperadorearentzat lanean jardun zuen: besteak beste, Felipe II. Errege izango zenaren eta Portugalgo Mariaren arteko ezkontza negoziaketetan parte hartu zuen; baita ere, Frantziako Frantzisko I.a eta Carlos V.aren arteko gudari bukaera emango zion Crepyko Trataduan (1544ko irailaren 16an) negoziatzaile aritu zen.

1547an Alemaniako Jorga herrian, Elba ibaiaren ibarrean zebilen Enperadorearen mandatuz eta beste zortzi lagunekin batera hil egin zuen protestante talde batek. Bere hilotza Donostiara ekarri zuten San Telmo Monasterioan eraikitako kaperan hilobiratzeko, hantxe lurperatuta daude senar-emazteak gaur.

Bukatzeko, errenazimenduko gizona izan zen Alonso Idiakez, arteak eta letrak maite zituen eta horren adibide Luis Vives humanistarekin izandako laguntasuna. Grazia Olazabal bere emaztearekin batera fundatu zuen San Telmo Monasterioa Donostian, Dominikoen Ordenari emana eta marinelen zaindari den Done Elmuri eskainitakoa. Ius Patronatus edo patronatu-eskubidea izan zuen San Telmo monasterioaren fundatzaile izanagatik, alegia, eskubide batzuk, esaterako familia bertan lurperatzeko hilobia izatea eta elizkizunetara tribuna pribatuan joateko eskubidea; betebeharrak berriz, finantziazioarekin lotutakoak gehienbat. Alonso eta Graziaren seme Joanek handiagotze lanak sustatu zituen , San Telmoko kapera nagusia Panteoi bihurtuz, eta gurasoentzat marmol zurizko hilobia enkargatuz Genoako Taddeo Carlone eskultoreari. Hortaz gain, Idiakez Olazabal senar-emazteek 1546an Donostiako Antiguako moja dominikarren komentua birsortzeko agindua eman zuten.

ErreferentziakAldatu