Agirre-Etxeberria etxea

eraikitako euskal ondare nabaria Legazpin

Agirre-Etxeberria etxea Legazpiko eraikina da, Patrizio Etxeberria enpresaburuaren bizilekua zena.

Agirre-Etxeberria etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaLegazpi
Koordenatuak43°03′13″N 2°19′57″W / 43.0537°N 2.33239°W / 43.0537; -2.33239
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XX. mendea
JabeaPatrizio Etxeberria
Arkitektura
EstiloaEuskal estiloko arkitektura
Ondarea
EJren ondarea109

2015eko urriaren 8an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Deskribapena aldatu

Aguirre-Echeverría eraikuntza-multzoa eraikin nagusiak (etxea), garajeak eta lorategi handi batek osatzen dute, elementu osagarri batzuez gain. Etxea Urola kaletik Santikutz kalera gorantz doan partzela batean kokaturik dago, dezenteko malda duena.

Etxebizitza egiteko orduan, estilo neoeuskalduna aukeratu zen, Atlantiko aldeko baserrien arkitektura tradizionalaren berezko formak berreskuratuz eta horiek etxebizitza garaikidearen erabilera eta beharrizanei egokituz. Konfortaren kontzeptu modernoari uko egin gabe (materialetan, higienean, barne-kanalizazioetan, berokuntzan, argiztapen natural eta artifizialean... izandako aurrerapenak), sortzen den irudia elementu hauetan oinarritzen da: material tradizionalak (zura, harria, adreilua eta burdina forjatua) eta herri arkitekturaren berezko formak (bi isurkiko teilatua, arkuen konbinazioa, ateburu eta leihoburudun baoak...). Hori guztia, 1920ko hamarkadan moda betean zegoen pintoreskismoaz apaindua; kasu honetan, asimetria kalkulatu bat, multzoaren erregulartasuna apurtzen ez duena, eta arkitektura kultutik (toskanar kolomak edo esfera formaz bukatutako pinakuluak), landako arkitekturatik (horman sartutako pilastrak, balkoi hegaldunak, zurezko armazoi, habe eta euskarriak) eta arkitektura garaikidetik (batez ere britainiar joerakoa: leiho handiak eta gorputz irtenak, bow-window eran) hartutako osagaien konbinazioa.

Gaur egun oso itxura zaindua du, 1950eko hamarkadan egin zitzaizkion esku-hartzeetan Luis Astiazaran arkitektoak proiektatuak errespetatu egin baitziren Guillermo Eizagirrek 1924an diseinatutako estiloa eta irudia.

Eraikinaren oinplanoa angeluzuzena da, lau altuera ditu (erdisotoa, beheko solairua, lehenengoa eta teilatupea) eta, erremate gisa, bi isurkiko estalki asimetrikoa du. Ekialderako orientazioa du, eta alde horretara zabaltzen da fatxada nagusia. Sarbidea ere bertatik du, iparraldera lerratua eta erdi-puntuko arku batez hornitua, atezango nabarmenez eta ageriko adreiluzko ate-txapelaz. Atea bera sendoa da, zur landuzkoa, eta xehetasun oso zainduak ditu; besteak beste, letoizko burdineria eta postontzia.

Fatxada nagusi hori hiru erregistrotan banaturik dago, hain zuzen ere solairuen barne-banaketari dagozkionak, eta bakoitzean erabilitako materialarengatik nabarmentzen dira. Beheko solairuak, etxeari sendotasuna ematen dionak, luzitu gabeko harlangaitz-hormak ditu, eta ageriko adreilua baoen azpatuan. Lehenengo solairua zuriz zarpiatua dago, eta akabera lau eta leundua du, solairu nagusia bisualki nabarmenduz. Azkenik, zerbitzarien logelak zeuden goiko solairuak akabera errustikoa du, errekarri erako estalduraz, zurezko armazoiaren itxurako zerrenda bertikal erritmikoez apaindua. Solairuen arteko hierarkia nabaria da, orobat, bost ertzetan lerrokatuta dauden baoetan. Beheko solairukoak, non etxeko gela publikoak dauden, handienak dira, eta erdi-puntuko arku zabalak ageri dituzte, lurretik hasita solairuaren ia altuera osoa hartuz. Lehenengo solairuan, baoak ardatz bertikalean dintelduak dira, zurezko barandadun balkoi irtenetara zabaltzen diren bi orriko balkoi-ateen moduan. Azkenik, bigarren solairuaren bereizgarri nagusiak honako hauek dira: espazio hutsean dagoen horma, arraseko begiratoki bat erdigunean, eta bi bao oso txiki, ardatz bertikalean dintelduak. Fatxada honetako balkoi-ateak eta leihoak veneziar motako zurezko leiho-oholekin ixten dira kanpoaldera.

Fatxadaren erdiko ardatza, beheko solairuan, egongelak hartzen du. Poligono-formako begiratoki zabal bat nabarmentzen da bertan, fatxada-lerrotik irtena, bow-window eran. Haren gainean, eta poligono-formako oinplanoari eutsiz, balkoi irten bat dago, logela nagusira ematen duena. Erdiko ardatz horren erremate gisa, bigarren solairuan eta estalkiaren bizkarpean, arraseko balkoi bat dago, zurezko barandaduna, jantzitegira eta zerbitzuko bi logelatara zabalik. Begiratoki hori areago nabarmentzen dute harrizko plintoen gainean landuta dauden eta akabera zapata molduratuzkoa duten zurezko bi kolomek. Barneko esparrua zuriz eta urdinez pintatutako azulejuz gaineztatua dago, zokalo moduan, eta sabaiaren akabera fatxadarekiko zutak diren zerrendekin moldatu da, zurezko habeteria irudikatuz. Fatxada nagusi honetan bereziki aipagarriak dira iparraldetik gertuen dagoen muturrean kokatutako baoa, bi solairuko tartea hartzen duena eta arku zorrotz batean amaitzen dena, eta hegoaldeko fatxadaren gertueneko baoa, lehen solairuaren parean; teilatutxo baten azpian dagoen lau angeluko leiho zabal bat da, etxearen simetria apurtzen duena.

Iparraldeko altxaeran ere beheko solairua eta lehenengoa modu bertsuan bereizten dira: behekoan, ageriko harlangaitz-hormak, eta lehenengoan zuriz luzitutako horma, akabera lauekin eta zurezko armazoien tankerako zerrenda bertikalez apaindua. Baoei dagokienez, fatxada honetan dauden lauak desberdinak dira formaz eta tamainaz, bakoitzari dagokion gelaren araberakoa; horrenbestez, beheko solairuan bao karratu handi bat ageri da, familiaren jangelara ematen duena, eta beste bat txikiagoa, ardatz bertikalean dinteldua, office-ra zabalik. Haren gainean, lehenengo solairuan, bi isurkiko teilatutxo baten azpian eta zurezko armazoi faltsuekin nabarmendua, ardatz bertikalean dinteldutako bi orriko leiho bat zabaltzen da, logela bati dagokiona. Haren ondoan, ekialdeko fatxadatik gertueneko muturrean, ardatz horizontaleko leiho txiki bat ikus daiteke, solairu nagusiko bainugeletako bat argiztatu eta aireztatzeko egina.

Hegoaldeko fatxadara beheko solairua eta lehenengoa soilik zabaltzen dira, eta gorputz irtena du, jatorrizko eraikinari atxikia; hain zuzen ere, Luis Astiazaranek 1950eko hamarkadan egindako handitze-lanetako baten emaitza da. Bigarren solairuan gelarik ez dagoenez, haren altuera fatxada nagusiarena baino txikiagoa da, eta estalki asimetriko bat du, isurki bikoitza eta fatxadarekiko zuta den bizkarra ageri dituena; teilatuaren bizkarpean sortutako triangelu-formako esparruan, berriz, zurezko armazoi faltsuak ditu. Hegoalderantz zabaldutako gorputz horri esker, jangela nagusiaren ondoko egongela jarri zen, eta baita kapera ere, beheko solairuan, eta egongela eta portxe bat goikoan. Baoei dagokienez, beheko solairuan, egongelara emanez, erdi-puntuko bi arku handi daude, kurba hasi arte harrizko azpatua eta uztaian ageriko adreilua dituena. Horien aldamenean, ardatz bertikalean dinteldua den bao bat, beirate beruneztatuez itxia, kaperaren presentzia adieraziz. Lehenengo solairuan, bao dinteldun handiek fatxadaren ia aurrealde osoa hartzen dute, hormaren aldean nagusi, harrizko toskanar kolomatxoen artean. Kaperaren gainean, hegoalde eta mendebaldera irekia, portxe bat dago, gaur egun barrualdearekin loturarik ez duena. Mendebaldeko fatxadan dagoen eskailera exentu batetik heltzen da bertara; eskailerak atal bikoitza du lehen tartean, eta bakuna bigarrenean, harlangaitzez gaineztatua.

Iparraldeko altxaera ere, alegia etxearen atzealdeko fatxada, 1950eko hamarkadan egindako handitze-lanarekin sortu zen. Hemen ere, solairuen akaberek eta baoen antolaerek solairuen eta eraikinaren barrualdeko esparruen hierarkizazioa adierazten dute. Eraikinaren barrualderako sarbidea erdian dago, arku apalduak dituen ataripe zabal baten azpian eta erdi-puntuko arkudun ate batetik; atearen alboetan, burdin hesidun bi leiho zabal, horiek ere erdi-puntukoak. Beheko solairuko gainerako baoak ardatz bertikalean dinteldunak dira, eta etxe barruko geletara ematen dute. Guztiek burdin hesia dute kanporantz, eta veneziar leiho-oholak. Sarrerako ataripearen gainean terraza handi bat dago, eta hara ematen dute solairu nagusian nabarmentzen diren burdin sarez hornitutako erdi-puntuko bost arku jarraituetako hiruk; barrualdean galeria dago. Hegoaldetik gertuen dagoen baoen multzoa osatuz, idi-begi handi bat dago, ertzez eta kanpora burdin hesiez apaindua, bainugela bati dagokiona. Iparraldetik gertueneko aldean, berriz, bulegora ematen duten bi leiho dinteldunak, harrizko azpatu batez apainduak bien irudi bateratua emateko; horiek ere burdin sarea dute. Goiko solairuan, erdiko ardatzean dagoen beiraz hornitutako begiratokia nabarmentzen da, estalkiaren bizkarpean.

Etxeko solairuen arteko komunikazio bertikala erdialdean dagoen hiru ataleko eskaileraren bidez egiten da. Eskailera zurezkoa da, eta kono-formako adabegidun zurezko balaustrada eta material bereko eskubanda ditu. Eskailera-kaxaren tarteko atalak, jatorrizko diseinuan, etxebizitzaren atzealdeko kanpo-hormetara egokituta zeuden, eta horietako bakoitzean ardatz bertikalean dinteldutako leiho handiak zabaltzen dira; leihook zurezko arotzeria dute, eta motibo heraldikoz hornitutako beirate beruneztatuez ixten dira. 1966an igogailu bat jarri zen, solairuen arteko komunikazio bertikala hobetzeko.

Barne-banaketari dagokionez, beheko solairuan etxebizitzako gela publikoak eta erdi-publikoak daude, eta zerbitzuari lotutako beste batzuk, behar bezala bereiziak eta harrera-gelatik sarbide independenteak dituztenak. Garbi bereizitako bi ate daude: batak egongelara ematen du, eta besteak zerbitzuko zonaren banalekura. Hallean eskailera nagusia eta igogailua daude, eta gune horrek lotzen ditu alde publikoa, zerbitzuari dagokiona eta goiko solairuetako alde pribatua. Horrez gain, zerbitzuko zonak beste sarbide bat du atzealdeko fatxadatik, beste harrera-gela batekin loturik dagoen ataripe batetik zehar; azken horrek harraskara eta sukaldera ematen du soilik. Atzealdeko harrera-gela horretatik sotora ere joan daiteke. Eremu guztiz funtzionala da hori, besteak beste bodega[[]], latsarria, esekitokia eta galdara-gela dituena.

Lehenengo solairuan familiaren gela pribatuak daude, eta korridore nagusitik sarbidea dute. Korridorera ematen dute lau logelak, horietako hiru fatxada nagusi aldera eta laugarrena iparraldeko fatxada aldera. Erdiko korridoretik, atzealdeko galeriara doan hall txiki batera helduko gara. Galeria horretan erdi-puntuko bost arku daude elkarren segidan, beirate handiez hornituak; erdiko hirurak bi orriko ateak dira, eraikinaren mendebaldeko fatxadan dagoen kanpoko terrazara, balaustrada soil batek itxia, irteera dutenak. Handik atzealdeko lorategia dugu ikusmenean.

Bigarren solairuan, korridore nagusitik zerbitzuko hiru logelatara heltzen da; logela nagusiak baino nabarmen txikiagoak dira horiek, eta komunik ez dute. Korridorearen muturretan kamarote bana dago. Mendebaldean, hiru leiho handiren bidez atzealdeko fatxadara zabalik, galeria edo etxe-egutera bat dago, sarbidea zerbitzuko hirugarren logelatik edo igogailuaren ondoan dagoen pasabide batetik duena.

Etxea basamentu zabal baten gainean jasoa dago, eta haren aurrean iturri bat dago erdi-puntuko arkudun horma-hobi batean; tutua metalezkoa du, eta harrizko aska handi batera isurtzen du ura. Iturriaren alboetara, landare-apaingarriak dituzten bi pilastra, eta horien gainean barraskiloen eskultura bana. Iturria eskailera baten aurrealdean dago. Elkartzen diren bi atal ditu eskailerak, mailak harrizkoak ditu, eta handik basamentuaren goiko aldera heltzen da. Eskaileraren baranda eta basamentuaren balaustrada forjatuak dira, kono-formako adabegidun barrak dituzte eta zur pintatuzko eskubanda. Basamentuari akabera emanez, harrizko lauza karratuak dituen terraza handi bat dago.

Eraikin nagusia inguratzen duen lorategiaren konfigurazioa erdiko ardatz eskaileradun batean oinarritzen da, Urola kaletik abiatu eta etxea jasota dagoen basamentuaren aurrealdera heltzen dena. Bi bidezidor gehiago ere badira, ardatzaren alboetan bana, bihurgune zabala eratuz lorategiaren behealdetik iturriaren aurreko guneraino. Hortik, etxea inguratuz atzealdeko lorategiraino igotzen diren beste bi bidezidor simetriko abiatzen dira.

Lorategien hegoaldeko muturrean, Santikutz kaleko 12. zenbakiko etxetik bereizten dituen horma perimetralari atxikia, otorduetarako estalpe txiki bat dago; funtsean, hormigoizko teilape bat baino ez da, malda leuneko bi isurkiko estalkia duena, atzealdeko horman eta lau angeluko bi harroinetan bermatua. Lorategietan dago, halaber, garajeen eraikina, finkaren hego-mendebaldeko angeluan maldaren kontra ezarria. Hormigoi armatuzko eta altuera bakarreko eraikina da, lau angeluko oinplanoa du eta, akabera gisa, malda leuneko bi isurkiko estalkia. Fatxada nagusiak ekialdera ematen du, eta ertzetan piramide-enbor itxurako harlangaitzezko bi gorputz solido ditu. Barrualdean espazio bakarra dago, garaje-erabilerari dagokion moduan.

Jatorrian, itxiera-horma batek osorik inguratzen zuen multzoa, baina gaur egun, etxearen eta lurren titulartasuna aldatzean eta erabilera etxebizitza pribatu izatetik ekipamendu publiko izatera igaro delarik, horma horren zati bat desagertu da. Ekialdean, onibarrera sartzeko jatorrizko atea gorde da; teilazko estalki irtena du eta zurezko arotzeria, eta, alboetara, etxebizitzaren jabeen abizenak ageri dira: Aguirre Echeverría.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa