Misteriozko antzezlan

Misteriozko antzezlanak edo mirarien antzezlanak (bi forma desberdin bezala bereizten dira, nahiz eta terminoak askotan elkarren artean erabiltzen diren) Erdi Aroko Europan formalki garatutako lehen antzezlanetakoak dira. Erdi Aroko misterio antzezlanak elizetan Bibliako istorioen irudikapenean zentratu ziren taula gisa, abesti antifonalarekin batera. Sorkuntza, Adam eta Eva, Abelen hilketa eta Azken epaiketa bezalako gaiak kontatzen zituzten.[1] Askotan elkarrekin egiten ziren, zikloetan, hainbat egun iraunez. Izena mirari zentzuan erabiltzen den misteriotik dator, baina noizean behin aipatzen den eratorpen bat ministerium-tik da, eskulangintza esan nahi duena, eta, beraz, artisau-kofradiek egiten zituzten "misterioak" edo antzezlanak.[2]

Misteriozko antzezlana, Flandria, XV. mendea.

Jatorria aldatu

V. mendean bizi taulak zerbitzu sakratuetan sartu ziren. Antzezlanak tropo soil bezala eginaz, testu liturgikoen hitzezko apaingarri, eta poliki-poliki landuago izaten joan ziren. Hasiera batean, eguneko elizkizuneko kantuak gehitzen zitzaizkion prosako elkarrizketari. Drama liturgiko hauen ospea handitu ahala, herri-hizkuntza formak sortu ziren, eta aktoreen konpainia ibiltariak. Tokiko komunitateek antolatutako antzerki produkzioak ohikoagoak bilakatu ziren azken Erdi Aroan.[3]

Quem quaeritis? dramaren hasierako formarik ezagunena da, Kristoren hilobian dagoen aingeruaren eta haren gorputzaren bila dabiltzan emakumeen arteko elkarrizketa liturgiko dramatizatua. Forma primitibo hauek elkarrizketarekin eta ekintza dramatikoarekin landu ziren gero. Azkenean, dramak elizatik kanpoaldera mugitu ziren, eliz-barrutitik merkatu publikora. Hasierako emanaldi hauek latinez ematen ziren, eta aurretik, hitzaurre hizkera bat egiten zuten, gertakarien laburpena eginaz. Antzerki zahar hauen idazleak eta zuzendariak fraideak ziren ziurrenik. Erlijio-drama arloa loratu egin zen IX. mendetik XVI. mendera.[4]

1210ean, mirarien antzezlanen ospea gero eta handiagoa zela susmatuta, Inozentzio III.a Aita Santuak ediktu bat eman zuen elizgizonak agertoki publikoan jardutea debekatzen. Horrek antzerkien antolaketa herriko gremioetara pasatzea eragin zuen, eta ondoren hainbat aldaketa gertatu ziren. Bertako hizkuntzek latina ordezkatu zuten, eta eszena komikoekin batera, Bibliakoak ez ziren pasarteak gehitu ziren, esaterako Wakefield Zikloko Secunda Pastorum-en. Ondorioz, antzezpena eta karakterizazioa landuagoak bilakatu ziren.[5]

 
Chester-eko Misteriozko antzerkia irudikatzen duen grabatu bat.

Misterio antzezlanak, zenbait lekutan, kristau egutegiko gertakari nagusi guztiak jorratzen zituzten antzezlan sorta batean, Sorkuntzatik hasi eta Epaiketa egunera arte. XV. mendearen amaieran, antzezlan hauek jai egunetan zikloka antzezteko ohitura ezarri zen Europako hainbat lekutan. Batzuetan, antzezlan bakoitza hirian zehar mugitzen zen gurdi apaindu batean antzeztuz, jende ezberdinek antzezlan bakoitza ikus zezaten, eta baita aktoreei kamerino bat eta eszenatoki bat ere eskaintzen zitzaien. Ziklo osoko antzezpenak hogei ordura arte irauten zuten, eta egun batzuetan banatzen zituzten. Osotasunean hartuta, hauek Gorpuzti zikloak bezala ezagutzen ziren. Ziklo hauek maiz egiten ziren Gorpuzti jaietan, eta haien diseinu orokorrak Kristoren bizitzari eta bere erredentzioari buruzkoak ziren.[6]

Antzezlanak profesionalen eta afizionatuen konbinazio batek antzezten zituen, eta ahapaldi forma oso landuetan idatziak zeuden. Dekoratuen bitxikeriak eta «efektu bereziek» markatzen zituzten askotan, baina zorrotzak eta intimoak ere izan zitezkeen. Antzerki era eta estilo poetiko anitza zegoen, baita antzezlanen ziklo bakarrean ere.[7]

Esanahia eta garapena aldatu

Elkarrizketa dramatizatuak (drama liturgikoari bizia eman ziotenak) drama sakratuaren prototipo bihurtzen amaitu zuten. Eta mirarien, jokoen (“jeux”) eta misterioen bilakaerak, bost faktoretan zehaztu daitezke:[8]

1. Emanaldian parte-hartzaileen kopurua handitzea,

2. Aktore laikoen integrazioa draman,

3. Elizen barrualdea abandonatuta egin zen. Ikuskizuna kalera ateratzen da, kasu batzuetan ibiltari bihurtuz,

4. Latinaren aztarnak tenpluetako elizkizunetarako geratu ziren, eta drama herrikoiagoak eraikitzen eta irudikatzen hasi ziren hizkuntza arruntean eta herri izaerako hizkuntzetan, eta

5. Gai erlijiosoen hedapen zabalagoa (Kristoren bizitza eta mirariak jada ez dira nahiko).[8]

Mirariaren balio historikoa, Erdi Arotik Aro Modernorako bilakaerarako testuinguru bezala balio izan zuela da. Horren adibide ona da Arnoul Grebanen Pasioaren Misterioak (hogeita hamabost mila bertso, berrehun pertsonaia baino gehiago, eta lau eguneko eszenaratzea), edo Jean Michelena: 65.000 bertso, hamar egun eta kostunbrista zein lazgarrien arteko pasarteak, hala nola, Judas Iskarioteren maitasun harremanak, edo María Magdalenaren bizitza profesionala.[9]

Mirariak eta jolasak aldatu

Mirariek drama sakratuaren eredua uztarri erlijiosotik askatu zuten, nolabait Erdi Aroko antzerki profanoarekin nahastuz. Santuen bizitzek (Urrezko Kondairatik hartuta) eta zentzu zabalean Ama Birjinaren mirariek, izen orokorra hartu zuten irudikapenen atze dramatikoa osatuz. Eta horregatik alegia, Frantzian “jokoak” (jeux) deitzen zaie eta Ingalaterran, bi terminoak elkartuz "mirari-jokoak” (miracle-plays) bilakatu ziren.[10]

Espainiako mirariak eta misterioak aldatu

 
Aingerua jaisten den eszena, Elxeko Misterioan.

Badirudi Iberiar penintsulan misterioek Frantziako katedraletan garatutako tradizioei jarraitzen ziela, hala nola Nevers, Reims, Orleans edo Compiègnekoek, Gabonetako Epifania, Igokundea eta San Joan Bataiatzailearen ospakizuna kontutan hartuz. Adibiderik zaharrena Errege Magoen Autofedea da, XII. mendearen amaierakoa. Eta ezagunena eta ondoen kontserbatua berriz, Erdi Arotik datorren Elxeko Misterioa drama liturgikoa da, eta urtero etenik ezagutu gabe antzeztu eta ospatzen dena. Mariaren Jasokundea oroituz, abuztuaren 14 eta 15ean ematen da Elx hiriko Santa Maria basilikan. Trentoko Kontzilioak elizetan antzerkiak debekatzeak, azkenean, Misterioaren urteroko emanaldia eteteko mehatxua egin zuen, baina 1632an Urbano VIII.a Aita Santuak baimen berezia eman zuen hura jarraitzeko. Bestalde, 2001ean UNESCOk Gizateriaren Ahozko Ondare Immaterialaren maisulanetako bat bezala izendatu zuen.[11]

Aipatutako Errege Magoen Autofedea-z gain, geroagoko adibideak gorde dira, besteak beste Gómez Manriqueren Gure Jaunaren jaiotzaren irudikapena, XV. mendearen erdialdean egindakoa Calabanzos monastegiko monjentzat, Miguel de Carvajalek eginzako Josephina izeneko Tragedia, eta Carvajal eta Luis Hurtadoren Gorteen Heriotzaren Autofedea, biak XV. mendekoak, eta Hernán López Yanguasen Fartsa sakramentala kopletan, 1520 ingurukoa.[12]

Bestalde, Erdi Aroko eta Errenazimenduko jatorriko misterio eta mirarien adibide multzo dramatiko garrantzitsu baten dokumentazio ugaria dago Katalunian, eta kasu batzuetan geroago berreskuratu diren tradizioekin. Badago irudikapenaren berri, jada 1380an, Gironako elizbarrutian, San Esteban oso gloriosoaren Martirioaren Misterioa (Misteri del Martiri del molt gloriós Sant Esteve), eta garai hartakoak ere bai Montserrateko Bisbetoren misterioak. Eta azken horien artean, Bartolomé Palauk XVI. mendean idatzitako Victoria Christi aipa daiteke. Hizkuntza katalanaren alorrean, Valentziako Erkidegoan bildutako hainbat misterio sar daitezke, hala nola Elxeko Misterioa eta Castello probintziakoak.[13]

Azpimarratzekoa da baita ere, misterio berrien sorrera, hala nola, 1965etik eszenaratzen den Obanosko Misterioa (Nafarroa).[14]

Frantziako mirariak eta misterioak aldatu

Frantziako Erdi Aroko misteriorik zaharrenak, gehienetan farzita hizkuntzan (latinaren eta herri hizkeraren nahasketa) idatzi ziren. Beharbada primitiboena Errege Magoen Misterioa da, 1060. urteko kodex batean aurkitua, Nevers-en gordetzen dena, Frantziaren bihotzean eta Donejakue Bidearen ibilbidean dagoen hirian. Beste misterio ezagun batzuk honako hauek dira: Ama Birjina eroak eta Ama Birjina zentzudunak (XII. mendearen erdialdean osatuak Anguleman) eta San Nikolasaren Misterioa (Bariko Nikolas). Baita XII. mende amaierako Adamen jokoak (Jeux d'Adam), (Ingalaterrako hegoaldean edo Normandian idatzia), eta XIV. mendeko Notre-Dameko berrogeita bi Mirariak, Itun Zaharreko Misterioak eta Apostoluen Egintzak (XIV. eta XV. mendeen artean).[15]

 
Jean Fouquet, Santa Apoloniaren Martirioa, eszenatoki moduko batean kokatua.

Italiako misterioak (“sacre-rappresentazione”) aldatu

XV eta XVI. mendeen inguruan Italiako penintsulan "misterio sakratuen" ( "sacre-rappresentazione") adibide asko daude. Misterioen parekoak, trama erlijiosoa duten pieza dramatiko hauek toskanar jatorrikoak dira, eta haien izenburuek drama sakratuaren edukiari buruzko orientazioa ematen dute: Santa Ursula birjinaren eta martiriaren irudikapena (egile anonimoa); San Juan eta Pauloen irudikapena, Lorenzo de Médici-k egina; San Jorgeren irudikapena herensugea zauritzen zuenean, Feo Belcari-rena; Santa Guglielmaren irudikapena, Antonia Pulci-rena (1452-1501), etab.[16]

Ingeles mirariak eta misterioak aldatu

Ingeles Erdi Aroko misterioak, "mirakulu-antzerkiak" izenez ezagutzen direnak, hainbat bildumatan gordetzen dira, hala nola, Chester-en (24 piezarekin), Townley-n, Widkirk bilduma ere deitua (30 pieza), eta Coventry-n (142 pieza) ) Erreferentzia ugari daude, ia eskualde edo hiri garrantzitsu bakoitzak bere «mirakulu-antzerki-zikloa» dauka, eta horietako bakoitzak bere kofradia, leku edo eszenatoki ibiltariak ditu.[17]

Alemaniako mirariak eta misterioak aldatu

Alemaniako eragineko Europa erdialdeko eremuan, hobekien dokumentatutako misterioak Alexandriako Santa Katalinarena eta Santa Dorotearena dira, biak XIV. mendekoak. Oberammergau-koa, edo Vienako Osterpiel eta "Weihnachtpiel" bezalako Gabonetako beste jolas batzuk oraindik ere egiten dira. Esaterako Gabonetako apaingarriak,"Weihnachtpiel".[18]

 
Gurutziltzaketa eszena Bere amodioaren indarra musikalaren 2010eko ekoizpenean Fond du Lac-en.

Emanaldi modernoak aldatu

Misteriozko antzezlanak erregularki ekoizten dira oraindik ere Erresuma Batuan. Bertako zikloak Yorken zein Chesterren berreskuratu ziren 1951n, Britainia Handiko Jaialdien barruan, eta oraindik ere bertako gremioek interpretatzen dituzte. N-Town zikloa 1978an berpiztu zen, Lincoln misterioa antzeztuz, eta 1994an Lichfield Mysteries berpiztu ziren (gaur egun Erresuma Batuko komunitateko antzerki ekitaldirik handiena dena).[19]

2001ean, Isango Ensemble-k Chester Zikloaren Afrikako bertsio bat ekoitzi zuen Londresko Garrick Theatre-n The Mysteries – Yiimimangaliso izenarekin, xhosa hizkuntza, zulu hizkuntza, ingelesa, latina eta afrikaansa uztartuz. Globe antzokian Shakespeare-ren ekoizpenaren bertsio egokitu bat berreskuratu zuten 2015ean, The Mysteries izenarekin. Eta 2004an, bi misterio antzezlan (bat Sorkuntzan zentratua eta bestea Pasioan) antzeztu ziren Canterburyko katedralean, Edward Woodward aktorearekin Jainkoaren paperean.[20]

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) "Vernacular Drama | Medieval Drama.". Encyclopædia Britannica Online. Encyclopædia Britannica.
  2. (Ingelesez) Gassner, John; Quinn, Edward. (1969). "England: middle ages". The Reader's Encyclopedia of World Drama. London: Methuen, 203–204 or. ISBN OCLC 249158675..
  3. (Ingelesez) Bellinger, Martha Fletcher. (1927). "A Thousand Years Of Quiescence And The Beginnings Of Sacred Drama". A Short History of the Drama, New York: Henry Holt and Company, 115-21 or..
  4. (Ingelesez) Ward, Augustus William. (1875). 'Properly speaking, Mysteries deal with Gospel events only. Miracle Plays, on the other hand, are concerned with incidents derived from the legends of the saints of the Church. History of English dramatic literature. London, England: Macmillan..
  5. (Ingelesez) Mystery Play | Dramatic Genre. Encyclopædia Britannica Online. Encyclopædia Britannica.
  6. (Ingelesez) Windeatt, Barry. (2015). "Medieval Imaginations: Literature & Visual Culture in the Middle Ages.". University of Cambridge.
  7. (Gaztelaniaz) Oliva, César y Torres Monreal, Francisco. (2002). Historia básica del arte escénico. Cátedra, Madrid, 84 or. ISBN 84-376-0916-X..
  8. a b (Gaztelaniaz) Gómez García, Manuel. (1997). Diccionario del teatro. Madrid, Ediciones Akal, 557 - 558 or. ISBN 8446008270..
  9. (Gaztelaniaz) Oliva, Césa, Torres Monreal, Francisco. "Historia básica del arte escénico",. , 82-83 or..
  10. (Katalanez) Gómez Muntané, Maricarmen. (2010). Misteri d’Elx / Misterio de Elche. Consueta de 1709. Valentzia: Tirant lo blanch ISBN 9788498767391..
  11. (Katalanez) Gómez Muntané, Massip Bonet, Maricarmen, Francesc. (2010). Tirant lo blanch, ed. Misteri d’Elx / Misterio de Elche. de 1709. Colección Prosopopeya edición. Valencia ISBN 9788498767391..
  12. (Gaztelaniaz) Deyermond, Alan. (2003). Historia de la literatura española: 1. La Edad Media.. Barcelona, Ariel, 362-363 or. ISBN 8474231140..
  13. (Gaztelaniaz) Oliva, César, Torres Monreal, Francisco. (2002). Historia básica del arte escénico. Cátedra, Madrid, 85 or. ISBN 84-376-0916-X..
  14. (Gaztelaniaz) "Obanos en el Camino de Santiago". Wayback Machine.
  15. (Frantsesez) Corvin, Michel. (1995). Dictionnaire encyclopédique du théâtre. Paris, Bordas ISBN 978-2-04-027132-9 - 978-2-04-027134-3..
  16. (Italieraz) Ventrone, Paola. (1994). L'eccezione e la regola: le rappresentazioni del 1439 nella tradizione fiorentina delle feste di quartiere, Firenze e il Concilio del 1439, Firenze. Firenze, Leo S. Olschki, 409-435 or. ISBN 978-88-222-4162-7..
  17. (Ingelesez) Kennedy, Edward Donald. (2007). Western Drama Through the Ages. Kimball King, Greenwood Publishing Group, 648 or. ISBN 0313329346..
  18. (Alemanez) Follath, Erich. (2000). Wer erschoss Jesus Christus?. Droemer Knaur, München ISBN 3-89667-122-7..
  19. (Ingelesez) Harrison, Tony. (1985). The Mysteries. London: Faber ISBN 0-571-13790-3..
  20. (Ingelesez) Normington, Katie. (2007). Modern mysteries: contemporary productions of medieval English cycle dramas. Melton, Suffolk, England: Boydell and Brewer ISBN 978-1-84384-128-9..

Kanpo estekak aldatu