Komunikazio
Komunikazioa informazioa, sentimenduak edo esanahia duen edozer trukatzeko prozesu soziala da, gizaki eta hainbat izaki bizidunen artean gertatzen dena, zeinu edo ikurrak (gizakien artean, hitzak askotan) baliatuz. Latinezko communis hitzetik dator, euskaraz «partekatua» esan nahi duena. Mundua ulertu eta azaltzeko funtsezko tresna da. Komunikazio prozesuko elementuak mezu edo seinalea (komunikatzen den informazioa edo dena delakoa), igorlea (mezua bidaltzen duena) eta hartzailea (mezua jasotzen duena) eta komunikabide bat (komunikaziorako bitartekoa) dira. Gizakien arteko komunikazioa hitzezkoa (ahozkoa nahiz idatzizko) zein hitzik gabekoa (keinuak erabiliz, esaterako) izan daiteke. Komunikazioa nork bere buruarekikoa zein pertsonen artekoa izan daiteke.
Masa-komunikazioa egungo gizartearen ezaugarri nagusi bat da, hedabideen bitartez garatzen dena. Komunikazio egoki baterako hainbat oztopo izan daiteke, trukatzen den mezua eten edo aldatzen denean prozesuan zehar; horren arrazoiak fisikoak izan daitezke, baina baita ere kulturalak (igorlearen eta hartzailearen hizkuntza desberdinak direnean, adibidez) eta emozionalak (haserre egoteagatik mezua jaso nahi ez denean, esaterako). Beste alde batetik, giza komunikazioa teknologiaren alor nagusia da, hain zuzen, gizakiak hainbat metodo, sistema eta gailu erabili ditu historian komunikazio hobetu eta zabaltzeko, suzko seinaleetatik egungo telekomunikazioetara.
Komunikazio-ereduakAldatu
Komunikazio eredu klasikoa, historian garatu zen lehena, lineala da: igorle batek mezu edo seinale bat igortzen dio hartzaileari. Geroztik ordea, komunikazioaren eredu konplexuagoak eratu dira; horien artean, komunikazioaren transakzio-eredua dago, komunikazioaren agenteak aldi berean igorle eta hartzaile gisa jarduten dutela ezartzen duena eta komunikazioaren feedbacka nabarmentzen duena.
Komunikazioko oinarrizko elementuak:Aldatu
Hauek dira komunikazioko oinarrizko elementuak:
- Kodea: zeinu multzo bat da, zenbait arauren (semantika) arabera konbinatzen direnak, eta interpretatu egin daitezke (deskodetzea); horien bidez, igorleak mezua eratuko du. Hartzaileak kodea ezagutu behar du mezua interpretatu ahal izateko.
- Kanala: Igorlearengandik hartzailearengana mezua transmititzeko behar den oinarri fisikoa da. Adibidez, orriak, haizea, kable elektrikoak...
- Igorlea: komunikazio-asmoa duen pertsona da, eta berak transmitituko du informazioa (mezua); horretarako, mezua eratu, eta hartzaileari bidali behar dio. Pertsona horrek aukeratuko du zer zeinu erabiltzea komeni zaion horretarako, beraz, kodifikazio-prozesu bat egingo du, alegia, mezua kodifikatuko du.
- Hartzailea: aurrez igorle batek igorri duen mezua jaso eta interpretatzen duen pertsona da. Hau da, pertsona honek deskodetu beharko ditu jaso dituen mezuaren zeinuak. Informazioa interpretatu ondoren, hartzaileak erantzun egin dezake, eta, hala, igorlearen lekua hartuko du; horrela, komunikazio-ekintza gertatuko da.
- Mezua: zentzurik orokorrenean, komunikazioaren helburua da. Igorleak eratu eta hartzaileari kanal edo komunikabide zehatz baten bidez igorriko dion informazioa edo zeinu-sekuentzia da.
- Egoera, komunikazio-egoera edo testuingurua: zentzu orokorrean hartuta, komunikazio-ekintza edo -gertaera gertatzen den espazioa da. Igorleari eta hartzaileari eragiten dioten inguruabarrak egongo dira, eta horiek mezuaren interpretazioa baldintzatuko dute. Hala igorleak nola hartzaileak kontuan izan behar dituzte komunikazio-ekintza horren inguruabarrak, zeinak, elkarrizketa batean jakintzat ematen baitira, komunikazioa eraginkorra izan dadin.
- Erreferentzia-esparrua: zer ingurunetan gertatzen den egoera.
Komunikazio-modu nagusiakAldatu
Erabiltzen diren zeinuen arabera, hitzezko komunikazioa eta ez-hitzezko komunikazioa bereiz daitezke.[1]
Sarritan, hitzezko zeinuak eta ez-hitzezkoak nahastu egiten dira mezuetan; hala, komunikazio-modu mistoak gertatzen dira. Horren adibide izan daitezke publizitate-iragarkiak, zinema edo komikiak.
Igorlearen eta hartzailearen arteko harremanari erreparatuz gero, aldebakarreko komunikazioa eta aldebiko komunikazioa bereiz daitezke.
Aldebakarreko komunikazioa gertatzen da hartzailea ez denean igorle bihurtzen. Esate baterako, trafiko-seinaleekin hori gertatzen da. Aldebiko komunikazioa egongo da hartzailea igorle ere bihurtzen denean; hala gertatzen da, adibidez, elkarrizketetan.
Ez-hitzezko komunikazioaAldatu
Ez-hitzezko komunikazioa da adieraziak transmititzea hitzezkoak ez diren zeinuen bidez. Zeinu ez-linguistikoak erabiltzen dira horretarako. Ez-hitzezko komunikazioaren adibideak dira keinuak, aurpegiaren adierazpenak, gorputz-adierazpena, kontaktu bisuala, janzteko modua eta abar.
Hitzezko komunikazioak berak ere baditu ez-hitzezko elementuak ere, esaterako, paralinguistika (hitzekin batera agertzen diren ez-hitzezko elementuak, adibidez, sorpresa-tonua, interesarena, nekearena, beldurrarena...). Ikerketen arabera, giza komunikazioaren % 55 aurpegi-adierazpen ez-hitzezkoen bidez egiten da, eta % 38, paralengoaiaren bidez.[2] Hori komunikazio idatziari ere badagokio; izan ere, idazkeraren, hitzen arteko espazioen banaketaren edo emotikonoen bidez emozioak transmiti daitezke. Zentzu horretan, mezua transmititzeko erabil daitezke: koloreak (ur-txorrotetako kolore gorria eta urdina), soinuak (anbulantzien sirenak) eta keinuak (begi-keinuak).
Ez-hitzezko komunikazioaren xedeetako batzuk hauek dira: mezua osatu edo argitzea, besteak beste, indartzeko edo are ezeztatzeko ere. Horrek garrantzi handia ematen dio ez-hitzezko komunikazioari; izan ere, igorleari ideiak eta helburua indartzeko aukera ematen dio, eta hartzaileari laguntzen dio jasotzen duen mezua hobeto deskodetzen.
Hitzezko komunikazioaAldatu
Hitzezko komunikazioa edo komunikazio linguistikoa da hitzak erabiltzen dituena zeinu gisa. Eraginkorra izan dadin, hainbat faktore izan behar dira kontuan: ez-hitzezko komunikazioa, aditze-gaitasunak eta argitasuna.
Funtsean, hitzezko komunikazioa ahozkoa da; ahoskatutako hitzak erabiltzen dira. Idatzizkoa ere izan daiteke. Idatzian, soinuak letra bihurtzen dira, eta ahoskatutako hitzak, hitz grafiko.
Idatzizko komunikazioaAldatu
Idatzizko komunikazioan, igorlearen eta entzulearen arteko elkarreragina bestelakoa da, hitzezkoaren aldean; elkarreragina luzatu egin daiteke denboran, edo inoiz gertatu ez, nahiz idatziak iraun egingo duen. Historian zehar, komunikazio-mota hori garatu egin da teknologien eta zientziaren garapenari esker. Garapen-prozesu horiek hiru etapatan bereiz daitezke: piktogramak, giza idazketarako formarik primitiboen gisa; hainbat hizkuntzatako alfabetoen garapena, euskarri fisiko desberdinetan idatzita, esate baterako, harria, argizaria, buztina, papiroa eta papera; eta, azkenik, bitarteko elektronikoen bidez transmititutako informazioa.
HistoriaAldatu
Historian zehar adiera ezberdinak izan ditu komunikazio hitzak, Yves Winkin autoreak azaltzen duenez:
- Erromatarren jatorrizko hitza frantsesean agertzen da XIV. gizaldian zerbaitetan parte hartzea adierazteko. Communier hitzarekin zerikusia zuen, komulgatu aditzarekin konjugatuz.
- Baina XVI. mendean transmititu esanahia hartu zuen, adibidez gaixotasun bat komunikatu adierazteko, egoera biribil batetik (elkarrekin edukitzetik) funtzio lineal batera pasatuz (batak besteari pasatu).
- XVIII. mendean garraiobideen garapenagatik, singularra plural bihurtzen da, komunikazioak garraiobideekin nahastuz: errepideak, ubideak, trenbideak...
- XX. mendean zinema, prentsa, irratia, telebista eta beste hedabideen zabalkuntza gertatzen da, igorle batek sortutako mezua hartzaile askori (masa bati) helarazteko.
ErreferentziakAldatu
- ↑ (Gaztelaniaz) «Los 28 tipos de comunicación y sus características» psicologiaymente.com 2017-01-14 (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
- ↑ Mehrabian, A. (1972). Nonverbal communication. Transaction Publishers.