Diseinu grafikoa komunikazio bisualak proiektatzea helburu duen ogibidea da, talde sozial jakinei helburu jakineko mezuak helaraztera bideratua. Jarduera honek komunikazio grafikoak optimizatzen ditu. Komunikazio bisualaren diseinu edo diseinu bisual ere baderitzo.

Informazio-elkartrukearen hazkunde azkar eta masiboaren ondorioz, diseinatzaile grafikoen eskaera inoiz baino handiagoa da gaur egun. Giza faktoreei arreta jartzeko beharragatik hazi da eskaera bereziki, alorra ez baitago teknologia berrien garapenaren eta horiek garatzen dituzten ingeniarien konpetentzien artean.

Diseinu grafikoaren atalak dira, besteak beste, publizitatera bideratutako diseinu grafikoa, diseinu editoriala, identitate korporatiboko diseinua, web-diseinua, edukiontzi-diseinua, kartelgintza, seinale-diseinua eta informazio-diseinua.

Diseinu grafikoaren historia aldatu

Diseinatzaile grafikoaren lanbidea duela gutxi definitu da, haren prestakuntzari, jarduerari eta helburuei dagokienez. Diseinu grafikoaren sorreraren inguruan erabateko adostasunik ez badago ere, gerren arteko garaian kokatzen dute batzuek. Beste batzuen ustez, XIX. mende amaieran hasi ziren lanbide hori diseinu grafikotzat hartzen.

Esan daiteke Paleolitikoko labar-pinturetan eta K.a. hirugarren milurtekoko lengoaia idatziaren jaiotzan dagoela helburu espezifikodun komunikazio grafikoen jatorria. Hala ere, hain dira handiak gaur egungo eta historiaurreko gizakiaren arteko ezberdintasunak lan egiteko metodoei, zientzia osagarriei eta burutu beharreko formazioari dagokienean, ezen ezinezkoa baita diseinatzaile grafikoa eta XV. mendeko xilografoa edo 1890. urteko xilografoa alderatzea.

Jarduera honen emaitzen inguruan iritzi kontrajarriak daude. Batzuen ustez, edozein adierazpen grafiko izan daiteke diseinu grafikoaren emaitza. Beste batzuen ustez, ordea, ekoizpen industrialeko eredu bat aplikatuz sortzen diren emaitzak bakarrik biltzen ditu diseinu grafikoak, hau da, behar jakin batzuei erantzuteko sortzen diren adierazpen bisualak bakarrik. Behar horiek produktiboak, sinbolikoak, ergonomikoak edo testuinguruak sortutakoak izan daitezke, besteak beste.

Aurrekariak aldatu

 
Kells-en[Betiko hautsitako esteka] liburua

Kellseko liburua da batzuentzat diseinu grafikoaren kontzeptuaren lehenengo adibide goiztiarra, IX. mendean monje irlandarrek eskuz idatzitako Biblia ilustratua. Kalitate eta balio artistiko handiko adierazpen grafikoa da, diseinatzen ikasteko ere baliagarria. Gainera, ikuspuntu funtzional

garaikide batetik hartuta, lan grafiko honek egile taldeak azaldutako beharrei erantzuten die. Hala ere, beste askok ez dute diseinu grafikoaren emaitzatzat hartzen, ez baitute loturarik ikusten lan honen eta gaur egungo diseinu grafikoaren ikuskeraren artean.

Tipografiaren historia, eta ondorioz, liburuena, diseinu grafikoaren historiari estu lotuta dihoakio. Halabeharrez sortu da  lotura hau, zaila baita elementu tipografikorik ez duen diseinu grafikoren bat aurkitzen. Horren ondorioz, diseinu grafikoaren historiari buruz ari garenean, ezinbestean aipatuko ditugu Trajanoren zutabea izeneko tipografia, Erdi Aroko miniaturak, Johannes Gutenberg-en inprenta, liburuaren industriaren bilakaera, Arts & Crafts mugimendua, William Morris, Bauhaus eskola, etab.

Johannes Gutenbergen tipo mugikorrei esker, liburuen ekoizpena merkeagoa egin zen, hauen hedapena errazteaz gain. Lehen liburu inprimatuek aurrera egiteko eredua markatu zuten XX. mendera iritsi arte. Garai honetako diseinu grafikoa Estilo Zaharra edo Humanista izenez da ezaguna, garaiko lehen tipografoek erabili zuten tipografiagatik eta indarrean zegoen eskola filosofiko nagusiagatik, hurrenez hurren.

XIX. mendea aldatu

 
Kelmscott inprentaren eskutik, John Ruskin autorearen The Nature of Gothic liburuaren lehenengo orria

XIX. mendean zehar, mezu bisualen diseinua marrazkilarien eta inprimatzaileen eskuetan utzi zen. Lehenak artista prestakuntza zuen eta bigarrenak artisauarena. Sarritan, arte eta ofizioen eskola berean trebatutakoak izango ziren biak ala biak. Inprimatzaileak ornamentuak eta iturri tipografikoak erabiltzen zituen bere konposaketa inprimatuetarako. Marrazkilariak bigarren mailako elementutzat hartzen zuen tipografia; horregatik, arreta handiagoa jartzen zien elementu ornamental eta ilustratiboei.

1891 eta 1896 urteen bitartean, William Morris-en Kelmscott inprentak Arts & Crafts mugimenduko produktu grafiko esanguratsuenak argitaratu zituen. Fintasun handiko liburuen diseinuan oinarritutako negozioa sortu zuen eta liburuok klase aberatsari luxuzko objektu gisa.

Morris-ek egiaztatu zuen posible zela diseinu grafikoari eskainitako merkatu bat sortzea, ekoizpenaren eta arte ederren arteko banaketa ezarriz. Kelmscott inprenta estilo historikoak birsortzeagatik da ezaguna, erdi aroko estiloak aztertu eta berrinterpretatzeagatik bereziki.

Lehen abangoardiak aldatu

 
Henri de Toulouse-Lautrec autoreak sortutako kartela, Moulin Rougentzat. Art Nouveau mugimenduari esker, diseinu grafikoari ordena eta argitasuna eman zitzaion.

XX. mendearen hasierako diseinua, garai bereko arte ederrak bezalaxe, XIX. mendearen amaierako diseinu eta tipografiaren gainbeheraren aurkako erreakzioa izan zen.

Kalitatezko diseinuaren erakusle ziren apaingarriekiko interesa eta neurri zein estilo tipografiko ezberdinen erabilera. Ideia hau XIX. mendearen amaierara arte mantendu zen. Art Nouveau mugimenduak ordena eta zehaztasun bisual garbiagoa ezarri zuen, borondate estilistiko argiarekin. Konplexutasun maila altuaz gain, koherentzia bisuala mantenduko zuten lanen aldeko apustua egin zuen mugimendu honek eta bide batez, estilo tipografiko ezberdinen nahasketa baztertu zen.

XX. mendearen bigarren hamarkadako mugimendu artistikoek eta horien eskutik zetorren asaldura politikoak, aldaketa dramatikoak eragin zituzten diseinu grafikoan. Arte bisualen adar guztietan eta diseinuan eragin zuen ikuspuntu berri bat sortu zuten Dadak, De Stijl-ek, Suprematismoak, Kubismoak, Konstruktibismoak, Futurismoak eta Bauhaus eskolak.. Mugimendu hauek guztiak dekorazio-arteen eta arte herrikoien aurka agertzen ziren, Art Nouveau mugimendua bezalaxe. Azken honek, geometriarekiko interes berriaren eraginpean, art déco aldera jo zuen. Aurrez aipatutako mugimenduak espiritu errebisionista eta berritzaile batekin agertu ziren garaiko jarduera artistikoetan. Denbora-tarte honetan hasi ziren ugaritzen argitalpen eta manifestuak; honek, baliabide berri bat ireki zuen artistek euren iritzia adierazteko.

Diseinu grafikoaren konposizioarentzat interesgarriak izango ziren alderdiak hasi ziren garatzen 1930. hamarkadan zehar. Estilo grafikoaren aldaketa oso garrantzitsua izan zen, erreakzio bat erakusten baitu organizismoaren eta ornamentuzko-eklektizismoarekiko joeraren aurka. Konstruktibismoarekin, Suprematismoarekin, Neoplastizismoarekin, De Stijl-ekin eta Bauhaus mugimenduarekin lotutako estilo honek, eragin iraunkorra izan zuen XX. mendeko diseinu grafikoaren garapenean. Diseinuaren jardunarekin lotutako beste elementu garrantzitsuetako bat da forma bisualaren erabilera komunikazio-elementu gisa. Elementu hau Dada eta De Stijl-en diseinu lanetan agertu zen batez ere.

Tipografia modernoaren sinbolo nagusia serifarik gabeko tipografia da, XIX. mende amaierako tipografia industrialetan oinarritua. Arlo honetan nabarmendu ziren bereziki, besteak beste, Eric Gill eta Edward Johnston. Bigarrena Londres hirian hain ezaguna den metroko tipografiaren sortzailea izan zen.

Diseinu-eskolak aldatu

 
Bauhaus eskolaren logoa

Jan Tschichold-ek tipografia modernoaren hasiera erakutsi zuen 1928an, New Typography liburuan. Lan horretan erakusten zuen filosofiari uko egingo zion beranduago, faxistatzat jo zuelako. Hala ere, lanak eragin handia izaten jarraitu zuen. Herbert Bayer izan zen Bauhaus eskolako tipografia eta publizitate zuzendaria 1925 eta 1928 urteen bitartean. Tipografia eta publizitate zuzendaria izateaz gain, lanbide berriari bide eman zioten baldintzak ere sortu zituen: diseinatzaile grafikoaren ogibidea sortu zuen. Publizitate ikasgaia gehitu zuen irakaskuntza-programan. Besteak beste, publizitate bitartekoen analisia eta publizitatearen psikologia edukiak gehitu zituen honen bidez. Kontutan hartzekoa da bestalde, Diseinu Grafikoa definitu zuen lehenengoa William Addison Dwiggins tipografia izan zela 1922an.

Diseinu grafikoaren aitzindari izan ziren Tschichold, Herbert Bayer, László Moholy-Nagy, eta El Lisitski. Ogibidea gaur egun ulertzen dugun terminoetan finkatu zuten. Ondoren erabiliak izan diren erreprodukzio-tekniken eta estiloen aitzindariak ere izan ziren. Gaur egun ordenagailuek drastikoki aldatu dituzte erreprodukzio-sistemak, baina diseinuari eskaini zioten ikuspuntu esperimentalean inoiz baino garrantzitsuagoak izan ziren dinamismoa, esperimentazioa eta tipografiaren aukeraketa, besteak beste. Diseinatzaile hauek Bauhaus diseinu-eskolaren markoan bizi izan ziren, hau izanik egon direnen artean diseinu eskolarik handiena. Gainera, László Moholy-Nagy eta beste batzuk irakasleak izan ziren eta eskolaren programazioaren zati osatu zuten.

 
Theo van Doesburgek Dada Matinéerako sortutako posterra.

Hurrengo urteetan estilo modernoak onarpena lortu zuen, hau gelditzen zihoan heinean. Diseinu modernoak emandako izen garrantzitsuetako batzuk dira Adrián Frutiger, Univers-Frutiger tipografien sortzailea eta Josef Müller-Brockmann, 50. eta 60. hamarkadetako kartelgile garrantzitsua.

Ulm hiriko Hochschule für Gestaltung (HfG) eskola beste gako garrantzitsu bat izan zen diseinu grafikoaren garapenean. Eskola sortu zenetik, HfG publizitatearekiko lotura posibleetatik aldendu zen. Departamentua Diseinu Bisual izenarekin eman zen ezagutzera hasieran. Hala ere, argi geratu zen departamentu horren helburu nagusia zein izango zen: masa-komunikazioetako arloan diseinu-arazoak ebaztea. Komunikazio Bisual izena eman zitzaion departamentu berari 1956-1957 ikasturtean, Chicagoko New Bauhaus eskolaren izen bereko departamentuak ezarritako ereduaren arabera. HfG eskolan komunikazio ez-limurtzailearen arloan lan egitea erabaki zen hasiera batean. Trafikorako zeinu-sistemak, tresna teknikoen planoak edo eduki zientifikoen itzulpen bisualak landu zituzten. Ordura arte ez zegoen Europa osoan arlo horretako ikasgaiak modu sistematikoan erakusten zituen eskolarik. 1970. hamarkada hasieran Bund Deutscher Grafik-Designer (Diseinatzaile grafiko alemanen elkartea) taldeko hainbat kidek beraien identitate profesionalaren trazak eman zituzten ezagutzera, Anton Stankowskiren kasuan bezala. Lanbidea 1962. urtean publizitate-jardueretara bideratu bazen ere, aurrerago komunikazio-bisualen arloa ere hartzera iritsi zen. 5 Garapen Taldeak sortutako irudi korporatiboak identitate profesionala definitzeko erabakigarriak izan ziren, hala nola Braun firmarentzat eta Lufthansa aire-konpainiarentzat egindakoak.

Semantikatik ateratako ideiak diseinuari aplikatzen saiatu ziren lehenengoak Gui Bonsiepe eta Tomás Maldonado izan ziren. HfG eskolan 1956an burututako seminario batean proposatu zuen Maldonadok erretorikari edota konbentzitzeko arte klasikoari ukitu moderno bat ematea. Biek idatzi zituzten gerora semiotika eta erretorikari buruzko hainbat artikulu, Uppercase argitalpen ingelesarentzat eta Ulm aldizkariarentzat. Gerora, inguruetako diseinatzaileentzat baliabide garrantzitsuak izan dira. Bonsiepek aldarrikatu zuen beharrezkoa zela erretorika-sistemari ukitu moderno bat ematea, semiotikaren bidez eguneratua, publizitatearen fenomenoak aztertzeko eta deskribatzeko baliabide gisa. Terminologia honen bidez, publizitate-mezuetako "nonahi ageri den egitura" azaldu daiteke.

Urte askotan zehar mantendu zen ideia izan zen diseinu on bat osatzeko bidean sinpletasuna bete beharreko ezaugarria dela, bai alfabetoen diseinuan baita beste arlo batzuetan ere. Sinpletasunerako joerak abangoardiako bitarteko guztietan eragin zuen 50. hamarkadan. Momentu horretan erabaki zen sinplea, ona izateaz gain, irakurterrazagoa ere badela. Sinboloen diseinua izan zen eragin handiena jasan zuen arloetako bat. Diseinatzaileen esku geratu zen sinplifikazioaren arazoa planteatzea: sinbolo bat zein puntutaraino sinplifikatu daitekeen bere funtzio informatiboa desagerrarazi gabe. Hala ere, ikerketa berriek erakutsi dute sinbolo batek ez duela irakurtzeko erraztasuna irabazten sinplifikazioaren bidez bakarrik.

Bigarren abangoardiak aldatu

 
Hermann Zapfen metalezko tipo mugikorrak.

Diseinu grafikoaren soiltasunarekiko erreakzioa motela izan zen, baina baita tinkoa ere. Tipografia postmodernoen jatorria 50. hamarkadako mugimendu humanistatik dator. Hermann Zapf nabarmentzen da talde honetan, Palatino eta Optima tipografiak asmatu baitzituen. Serifadun eta serifa gabeko tipografien arteko muga lausotuz eta letra tipoetan traza organikoak berriz sartuz, diseinu hauek baliagarriagoak izan ziren mugimendu modernoaren bidea zuzentzeko honen aurka joateko baino.

Lo primero es lo primero (1964) manifestuaren argitalpena gertaera garrantzitsua izan zen, diseinu grafiko erradikalago bat sortzearen aldekoa baitzen, diseinuaren estandarizazioaren eta seriean ekoiztearen ideiak kritikatuz. Eragin masiboa izan zuen diseinatzaile grafiko belaunaldi oso baten gain, Emigre aldizkaria eta beste hainbat argitalpenen agerpenean lagunduz.

XX. mende amaierako diseinatzaile aipagarrietako bat da Milton Glaser, I Love NY kanpainaren (1973) eta Bob Dylanen kartel ezagunenetako baten autorea (1968). Kultura herrikoiaren elementuak jaso zituen bere diseinuetan, 60. Eta 70. Hamarkadetako kultura herrikoiaren trazak hain zuzen.

XX. mende hasierako aurrerapenak inprimatzean eta argazkigintzan emandako aurrerapen teknologikoetan oinarritu ziren. Mendearen azken hamarkadan teknologiak antzeko papera jokatu zuen, nahiz eta kasu honetan ordenagailuetan oinarritu zen. Hasieran atzerapauso bat izan zen. Zuzana Licko oso goiz hasi zen konposizioak osatzeko ordenagailuak erabiltzen, ordenagailuen memoria kilobyteetan neurtzen zenean eta tipografiak puntuz puntu sortzen zirenean hain zuzen. Bere senarra zen Rudy Van der Lans-ekin batera Emigre aldizkaria eta izen bereko tipoen galdaketa sortu zituen. Emigre aldizkaria diseinu digitalaren Biblia bihurtu zen.

David Carson da diseinu modernoaren hertsatzearen eta soiltasunaren aurkako mugimendu honen gailurra. Raygun aldizkariarentzat egindako bere diseinuetako batzuk apropos dira irakurtezinak, esperientzia bisualak sortzeko diseinatuak.

Gaur egun aldatu

Egungo diseinatzaile grafikoen lanaren zati handi bat tresna digitalen bidez sortzen da. Diseinu grafikoa asko aldatu da ordenagailuen ondorioz. 1984az geroztik, lehenengo autoedizio sistemen agerpenarekin batera, ordenagailu pertsonalen erabilpenaren ondorioz, teknika analogikoak sistema digitalek ordezkatu zituzten berehala. Geroztik, ordenagailuak beharrezko gailu bihurtu dira, eta hipertestua eta web-erabilerak gehituta, komunikazio-baliabide gisa zituen funtzioak areagotu dira. Gainera, teknologia nabarmendu egin da “crowdsourcing” bezalako fenomenoen eskuetan, eta lan-modalitateetan eragiten hasi da. Aldaketa honek denboraren, mugimenduaren eta interaktibitatearen inguruan hausnartzera eraman gaitu. Hala ere, diseinuaren praktikak ez du funtsezko aldaketarik jasan. Ekoizpen-moduak aldatu eta komunikazio-kanalak hedatu diren arren, giza komunikazioa ulertzen laguntzen diguten oinarrizko kontzeptuak berdinak izaten jarraitzen dute.

Diseinu grafikorako tresna digitalak aldatu

Azken hamarkadan zehar, editorialen produkzio prozesua guztiz aldatu da, baita papereko argitalpenerako zein argitalpen digitaletarako testu zein grafikoak ere.

Autoediziorako edo dokumentuen konposizio digitalerako funtsezko programak ondorengoak dira:

  1. Orri-konposiziorako programak; Indesign, QuarkXpres edo Scribus, adibidez. Microsoften Publisher edo Serif PagePlus erabil daitezke, besteak beste, alternatiba erabilerrazago gisa.
  2. Ilustraziorako edo marrazketa bektorialerako aplikazioak; Illustrator, CorelDraw, Inkscape edo Freehand, adibidez.
  3. Irudi eta argazkien tratamendurako programak; Photoshop edo GIMP, adibidez.

Adobe Photoshop aldatu

 
Adobe Photoshop CS5 icon

Adobe Photoshop irudiak manipulatzeko programa salduena da mundu mailan, 100 hizkuntza baino gehiagoko eskaintzarekin. Plataforma honetan irudi digital bateko elementuak editatzeko zehaztasun handiko tresnak eskaintzen dira. Programa honek Adoberen Adobe Creative Suite izeneko paketea osatzen du, Illustrator, Indesign, Flash, Acrobat Pro eta Dreamweaver-ekin batera, beste tresna erabilgarri batzuen artean.

Software hau irudi-moldaketak eta muntaiak egiteko erabiltzen da batez ere, baina web-diseinuak egiteko ere asko erabiltzen da, baita aurkezpen txartelen, panfletoen eta antzerakoen diseinu grafikorako ere.

Adobe Illustrator aldatu

 
Adobe Illustrator CS5

Adobe Illustrator parametro matematikoak erabilita irudi bektorial eta digitalak sortzen dituen programa da. Ez da marrazketa teknikorako gomendagarria, nahiz eta honekin lotutako lanen bat egin dezakeen. Berez, logotipo, ilustrazio, tipografia edo aurkezpen-txartelak eta antzerako dokumentu soilak sortzeko dago diseinatuta.

Lerro zuzenak eta kurbak trazatu, siluetak itxi eta hauek koloreztatuz sortzen ditu marrazkiak. Irudi eta testuak gehitzeko aukera ematen du, baina programa ez da funtzio hau betetzeko egokiena. Photoshop eta Illustrator-ek elkar osatzen dute, Photoshop irudiak editatu, egokitu eta efektu bereziak sortzeko programa baita. Illustrator-ek txantiloietatik abiatuta hainbat diseinu egiteko aukera ere ematen du: hala buletin, idazpuru edo web-orriak, nola DVDetako menu eta bideo-botoiak.

Irudi digitaletan ez bezala, ilustrazioko irudiek ez dute kalitaterik galtzen handitzean, parametro matematikoak erabiliz sortzen direlako, ez puntu-mapen bidez. Kalitate handiko irudiak dira, eta oso arinak.

Adobe Illustrator CS3 softwareak bektore-ilustrazio sofistikatuak sortzeko aukera ematen du, edozein euskarritarako erabiliko direnak. Marrazketarako tresna estandarren sektoreak, koloreen kontrol malguek eta kontrol profesionalek ideiak atzematen laguntzen dute, eta libreki esperimentatzen. Sarbide errazeko aukerek, denbora aurreztekoak direnak, modu erraz eta intuitiboago batean lan egitea ahalbidetzen dute. Errendimendu hobetuak eta Adoberen beste aplikazio batzuekin duen integrazio onak inprimatzeko, web-irudi eta irudi interaktiboetarako, eta grafiko animatu eta mugikorretarako grafiko ezin hobeak egitea ahalbidetzen du.

Adobe InDesign aldatu

 
Adobe InDesign CS5

Adobe InDesign liburu, liburuxka eta bookletak bezalako pieza editorialak maketatzeko programa da. Testu eta tipografiak modu optimoan lantzen ditu. Laneko espazioa hainbat orritan banatzen da, ondoren diseinatuko den argitalpenaren formatua simulatuz.

URL2PNG aldatu

Pantaila oso txikia duten ordenagailuetarako programa erabilgarria da hau, zeinak webgune bat osorik nola ikusiko den aurrez ikustea baimentzen baitu. Tresna honi behar dugun webgunearen helbidea eman eta programak berak gune beraren ikuspegi osoa eskainiko digu, PNG formatuan. Web-orriak sortzen dituzten diseinatzaileentzat oso tresna erabilgarria da, sortzen ari diren orriaren aurretiko irudi bat izateko aukera ematen baitie, erabiltzen ari diren sistema eragileak kontuan izan gabe.

Pixie aldatu

Ordenagailuetako kolore-hautatzaile gisa funtzionatzen du programa honek, Microsoft Windows sistema eragilea instalatuta duten ordenagailuetan.

Diseinu grafikorako beste programa batzuk aldatu

Azken urteetan diseinu grafikorako programa ugari agertu dira informatikaren zabaltzea dela eta, adimendun mugikor eta tableta digitalen etorrerarekin. Inkscape, GIMP edo Pixlr bezalako programei esker, aukera interesgarriak zabaldu dira.

Problemen adierazpen grafikoa aldatu

 
Barradun grafikoak

Grafiko bat hainbat aldagairen arteko konparaketa egiteko balio duen taula da. Grafikoek aldagaien arteko erlazioak deskribatzen dituzte. Ardatz horizontalean agertzen den aldagaiari, aldagai askea edo x aldagaia deritzo. Ardatz bertikalean agertzen den aldagaiari, menpeko aldagaia edo y aldagaia deritzo. Y aldagaia x aldagaiaren menpe agertzen da. Behin grafikoa eginda, informazioa eta ondorioak atera daitezke bertatik.

 
Grafiko zirkularrak

Adierazpenak sistema egituratuei dagozkien konfigurazioak dira; "sistema semiotikoak", karaktere eta zeinu primitiboen bidez osatuak daudenak, sistema bakoitzean arau partikularren bidez konbinatuak izateko. Aipatutako arauek adierazpenaren produkzio-sistema egituratzen dute eta edukia aberasten laguntzen dute.

Diseinua oso argi ikus daiteke grafikoetan, grafiko aniztasun handia aurki baitaiteke gaur egun. Diseinatzaile grafikoak animaziozko grafikoak sortzen hasi dira, honek entzuleak arreta jar dezan laguntzen baitu, bisualki erakargarria den zerbait eskaintzen zaionean.

Grafikoen arazo nagusia ulertzeko zailak eta aspergarriak izaten direla da. Aurkezpenetan erabiltzen direnean arreta galtzeko arrisku handia eskaintzen dute. Gapminder konpainiak estatistikak garatzen ditu animaziozko grafikoen bidez. Herrialde eta eskualde ezberdinetan inguruko datuak jasotzen dira grafiko hauetan, globo bakoitzak herrialde bat adierazten duelarik. Era honetan, publikoa erakartzen dute, kolore eta mugimenduen bidez.

Grafiko bat osatzen denean korrelazio bat egon ohi da aldagaien artean. "Korrelazioa" hitza erabiltzen da bi aldagaien artean erlazio bat agertzen denean, eta "a" aldagaia hazten bada, "b" aldagaia ere haziko da, hauen artean dagoen erlazioaren ondorioz. Adibidez, drogen arazoa hazi egiten bada, indarkeria eta narkotrafikoa ere haziko dira. Hori da korrelazioa, hiru aldagaiak arazo berdinak lotzen baititu.

Adierazpen grafikoak matematikan aldatu

Frakzio baliokideak identifikatu eta eskuratzeko adierazpen grafiko eta zenbaki zuzenak erabil daitezke, hauetan bi frakzio edo gehiagoren arteko baliokidetasuna erakutsi baitaiteke. Problema matematikoak agertzen direnean, oso erabilgarriak izan ohi dira grafikoak, aldagai ezberdinak konparatu eta hauen arteko ezberdintasunak egiaztatu daitezkeelako, problema matematikoak ebatziz.

Jarduera profesionala eta gaitasunak aldatu

Diseinatzeko gaitasuna ez da berezkoa izaten, praktika eta hausnarketaren bidez lortzen da. Hala ere, ahalmen bat izaten jarraitzen du, potentzian aurkitzen den zerbait. Hori leherrarazteko beharrezkoa da etengabeko hezkuntza eta praktika, oso zaila baita intuizioaren bidez lantzea. Sormena, berrikuntza eta zeharkako pentsamendua dira diseinatzaile grafikoaren lan-jarduerarako gakoak. Sormena diseinuari dagokionean, aurrez ezarritako erreferentzia-markoen barruan mugitzen da, baina landu daitekeen gaitasun bat da, ustez konponbiderik ez duten arazoen aurrean konponbideak aurkitzeko. Honen emaitza dira maila eta kalitate handiko diseinu-lanak. Sortzea diseinu prozesuaren nukleoa da baina sormena bera ez da diseinatzea. Hau horrela izanda ere, sormena ez da bereziki diseinu grafikoari dagokion gaitasuna, ezta beste edozein ogibideri ere. Aldi berean, guztiz beharrezkoa da diseinu-jarduera bat aurrera eramateko.

Diseinatzaile grafikoa mezuaren interpretatzailea izango da komunikazio-prozesuan. Mezu bisualen interpretazioan, antolamenduan eta aurkezpenean egiten du lan. Bere formarekiko eta edukiarekiko sentsibilitateak paraleloa izan behar du. Lan honek komunikazioen egituraketa eta planifikazioan datza, hauen ekoizpen eta ebaluazioan. Diseinu-lana beti hasten da bezeroaren eskaeratik, linguistikoki egiten dena, bai idatziz edota ahoz ere. Argiago esanda, diseinatzaile grafikoak mezu linguistikoa manifestazio grafiko batean eraldatzen du.

Diseinatzaile grafikoak gutxitan lan egiten du hitzez osatzen ez diren mezuekin. Batzuetan hitz askeren bat ager daiteke, beste batzuetan aldiz, testu konplexuak erabiliko ditu. Erredaktorea kasu askotan komunikazio taldeko funtsezko partaidea izango da.

Diseinu-jarduerak askotan talde bat behar izaten du atzean. Partaideen artean egon daitezke argazkilariak, ilustratzaileak, marrazkigile teknikoak; baita mezu bisualari itxuraz gutxiago lotzen zaizkion beste hainbat lanbide ere. Diseinatzailea askotan taldearen koordinatzailea izango da, mezu bisualari ekarpena egingo dioten diziplina ezberdinen koordinatzailea. Era honetan ikerketa, ikuskera eta errealizazioa koordinatuko ditu, eta horretarako informazioaz eta proiektuaren araberako espezialistez baliatuko da.

Diseinu grafikoa diziplinarteko jarduera da, horregatik diseinatzaileak beste jarduera batzuen inguruko ezagutza eskuratzea beharrezkoa izango du. Diziplina horien artean aurkitzen dira argazkigintza, marrazketa, marrazketa teknikoa, geometria deskribatzailea, pertzepzioaren psikologia, Gestalt psikologia, semiologia, tipografia, teknologia eta komunikazioa, besteak beste.

Diseinatzaile grafikoa komunikazio bisualetan espezialista da eta bere lana komunikazio-prozesuaren pausu guztiekin erlazionatzen da. Testuinguru horretan elementu bisual bat sortzea prozesuaren aspektu bat besterik ez da. Prozesu honek hurrengo pausuak jarraitzen ditu:

  1. Arazoaren definizioa
  2. Helburuak zehaztea
  3. Komunikazio-estrategiaren ikuskera
  4. Bisualizazioa
  5. Ekoizpen-programa
  6.  Ekoizpenaren ikuskapena
  7. Ebaluazioa

Diseinatzaileak ondorengo jakintza arloen inguruko ezagutzak eduki beharko ditu prozesua jarraitzeko:

  1. Komunikazio bisuala
  2. Komunikazioa
  3. Pertzepzio bisuala
  4. Ekonomia eta giza baliabideen administrazioa
  5. Teknologia
  6. Baliabideak
  7. Ebaluazio-teknikak

Diseinu grafikoaren lau printzipio nagusiak diseinatzaileak izan beharko dituen aldagaiak dira, proiektu baten aurrean jarri baino lehen argi eduki beharko dituenak:

  • Norbanakoa: unitate etiko eta estetiko bezala ulertua, gizartea osatzen duena eta aldi berean gizartearen zati dena. Espazio bisuala uniformea, jarraia eta lotua izango da norbanakoarentzat.
  • Erabilgarritasuna: informazio behar bati erantzuten diolako, komunikazioaren zati baita.
  • Giroa: errealitate fisikoaren ezagutza beharrezkoa da giroaren armonia mantentzeko, beste testuinguru batzuen errealitatean ez eragiteko eta giza giroaren egitura eta esanahia ulertzeko.
  • Ekonomia: elementuen ekoizpenerako beharrezkoak diren prozesuen eta materialen kostu eta arrazionalizazioa biltzen dituelako.

Jarduera-profesionalaren arloak

Diseinu grafikoaren eremuak funtsezko hainbat arlo hartzen ditu, hauen mugak partzialki gainjartzen direlarik lan jardueran. Sailkapena arlo bakoitzak behar duen prestaketa eta trebeziaren araberakoa da. Arloak hurrengoak dira:

  • Informaziorako diseinua: diseinu editoriala barne hartzen du. Orokorrean produktu hauek biltzen duten informazioaren tamainaren arabera sailkatzen dira: kartelak, flyer-ak, bolanteak, liburuak, aldizkariak, katalogoak, CDak, DVDak, etab. Gainera, seinaleak ere talde honetan sartzen dira, trafiko-seinaleak, arrisku-seinaleak, itsas seinaleak , trenbideetarako seinaleak, besteak beste.
  • Limurtzeko diseinua: publikoaren jokaeran eragiteko komunikazio-diseinua da. Publizitatea eta propaganda barne hartzen ditu. Identitate korporatiboa ere talde honetan sartzen da.
  •  Hezkuntzarako diseinua: material didaktikoa barne hartzen du, hala nola erabilpen argibideak, fitxa didaktikoak, etab. Segurtasun industrialeko seinaleak eta lan-eremuetako seinaleak ere sartzen dira talde honetan.
  • Administraziorako diseinua: formularioak, billeteak, zigiluak edo faltsifika daitekeen edozein pieza
  • Diseinu tipografikoa: sans serif tipoak edo serifarik gabekoak, gotikoak, kaligrafikoak, fantasiazkoak.
  • Logotipo-diseinua (branding): enpresa, produktu eta antzekoen logo edo irudien diseinuari dagokio.

 Marketing digitalerako diseinua: sare sozialetan eta baliabide digitaletan erabiltzen den material grafikoaren diseinu guztia sortzean datza. Community Manager-ek egiten dutenari oso lotuta doa.

  • Interfazen diseinua: erloju digitalen pantailak, telefono mugikorrak, kamera digitalak eta beste aparatu batzuk. Itxura bisuala erabiltzaileak lehenengo jasotzen duen inpresioa da; itxura erakargarri eta funtzionala da aurkezpenik onena diseinu grafikoaren bidez sortutako objektu batentzat, sinesgarritasuna eta konfiantza sortzeko.

Ikus, gainera aldatu

Bibliografia aldatu

  • López López, Anna María (2013). Curso Diseño Gráfico – Fundamentos y técnica. Colección Espacio Diseño. ANAYA Multimedia. ISBN 9788441532533.
  • Bierut, Michael (2001). Fundamentos del diseño gráfico. Compilado por Michael Bierut, Steven Heller, Rick Poynor. Ediciones Infinito. ISBN 9879393066.
  • Dondis, Donis A. (1980). La sintaxis de la imagen. Introducción al alfabeto visual (Tercera edición). Gustavo Gili. ISBN 842520609X.
  • Frascara, Jorge (2000). Diseño Gráfico y Comunicación (Séptima edición). Ediciones Infinito. ISBN 9879637054.
  • Gallego, Rosa y Sanz, Juan Carlos (2003). Atlas cromatológico CMY-CMYK. Hermann Blume / Akal, Madrid. ISBN 9788489840386.
  • Gallego, Rosa y Sanz, Juan Carlos (2006). Guía de coloraciones. Hermann Blume / Akal, Madrid. ISBN 9788489840317.
  • González Ruiz, Guillermo (1994). Estudio de Diseño. Emecé Editores. ISBN 9500413809.
  • Rico, Esteban Javier y Gómez Martin. ESTUDIOS CRÍTICOS SOBRE DISEÑO DE INFORMACIÓN. Editorial FILO:UBA, Buenos Aires. ISBN 978-987-1785-37-7
  • Sanz, Juan Carlos (1996). El libro de la imagen. Alianza, Madrid. ISBN 9788420608044.
  • Wong, Wucius (1995). Fundamentos del diseño. trad. Homero Alsina Thevenet. G. Gili. ISBN 9688872881.

Kanpo estekak aldatu