Maurizio Elizalde

amaiurtar txistularia eta folklore biltzailea

Maurizio Elizalde Etxeberria (Amaiur, 1915eko irailaren 21a - Arizkun, 1992ko apirilaren 18a) baztandar txistularia eta folklore biltzailea izan zen. Euskal Herriko txistulari handienetakoa, Isidro Ansorena, Boni Fernandez eta Jose Luis Garaiekin batera. Baztango folklorea, musika eta dantzak partituretan jarri eta ezagutzera eman zituen . Berrogei urte baino gehiagoz aritu zen txistua jotzen eta gazteei irakasten.

Maurizio Elizalde

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMaurizio Elizalde Etxeberria
JaiotzaAmaiur1915eko irailaren 21a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaArizkun1992ko apirilaren 18a (76 urte)
Familia
AitaAntonio Elizalde Iriarte
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikaria eta txistularia
Musika instrumentuatxistua

Bizitza aldatu

Maurizio Elizalde Etxeberria Amaiurko Lizundegiko mendia baserrian jaio zen, 1915eko irailaren 21ean. Geroago, Arizkungo Martintoneko bordara joan zen bizitzera Elizalde familia, eta herri horretan eman zuen Mauriziok bere bizitzaren zatirik handiena. Silbestra Elizalde lehengusinarekin ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten, lau mutil eta bi neska.[1][2]

Aita, Antonio Elizalde, txistularia zuen, eta hark irakatsita hasi zen txistua jotzen.. Musika-ikasketak (solfeoa eta klarinetea) sakontzeko hainbat irakasle izan zituen; lehenik eta behin Benito Irura Arizkuneko organo-jolea, ondoren Jesus Jimenez tokiko eskoletako maisua eta Emiliano Apecechea Erratzuko organo-jolearekin ere aritu zen.[2]

Plazan aitarekin batera agertu zen lehen aldikoz, 1927ko otsailaren 11n, Arizkungo Egun Ttun Ttunean. Aitaren txistuko lagunak, Jose Telletxeak,[2] egiteko hori alde batera utzi zuenean, Elizalde aita-semeak bikotea hasi zen plazaz plaza jotzen. Hala txistua, nola klarinetea jotzen zuten, dantza bakoitzaren arabera. Sona handia lortu zuten Baztanen eta inguruetan, bereziki semeak txistua jotzeko zuen estiloarengatik.[3]

Antonio Elizaldek, Erratzuko Jose Telletxearekin batera, lan handia egina zuen Baztan aldeko mutildantzak eta beste doinu batzuk biltzen eta ezagutzera ematen. 1943an, melodia horiek pentagraman idazten hasi zen Maurizio; partitura guztiak Baztango udaletxean gorde ziren, Aita Donostiak zuzendu eta gero.[3] Behin betiko iraun zezaten, Baztango musikarekin osatutako iraupen luzeko hiru disko grabatu zituen.[4]

1950ean aita jubilatu zenetik, urte anitz eman zituen jotzen Felix Iriarte atabalaria lagun zuela. Aurretik beste lagun batzuk izan zituen, hala nola, Xidro, Manuel eta Tomas Jaurena, baina denbora gehiena Felixen ondoan eman zuen.

Arizkungo txistulari ofiziala izan zen berrogei urtez, eta baita Elizondokoa ere.[3] Lantzeko inauterietan eta Euskal Herriko bazter askotan ere ibili zen txistulari, osasunak utzi zion arte. Horrez gain, nahi zuen orori erakusten zizkion berak hain maiteak zituen Baztango euskal dantzak, eta pisu handia izan zuen dantza horien zabalpenean.[1][3]

« Maurizioren inguruan, bitxikeri bezala kontatzen da berak erraten zula;- “Nik jotzen det nere aittek jotzen zun era berean”. Honek eratzun xinplea dirudi arren, harras zalla da ulertzea! Mauriziok soñu berbera bat, ez zuen iñoz berdiña iten! bazutan era batera jotzen zun ta bertzentan era hori aldatzen zun. Inprobisazioa eta melodien eta erritmoen jokua zen bere jotzeko era. Orduan ez baldin batzuen iñoiz berdin jotzen , nola joko zuen bere aitak? ba, badirudi berdin joko zuela , hau da inprobisatuko zuela ere. Hori ikusten (entzun) ahal da utzitako lanetan, lan hoien artean bi disko daukagu; Baztango-Dantzak diska eta Lantzeko zortzikoa. Jostaketa-dantzak diska eta hoietako bat Juan Mari Beltranekin grabatu zun eta berak garai batean erran zun bezala, berarekin grabatu zuen diska ez zuela pieza bakar bat errepikatu. »
Mariano Izeta

Omenaldi ugari egin zitzaizkion, baina denetan garrantzitsuena eta azkena 1991ko irailaren 22an jaso zuen, Arizkunen, Felix Iriarte atabalariarekin batera, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak Urrezko Domina eman zionean.[5] Elizondoko plaza batek Maurizio eta Felixen izena dauka.[6]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Oiartzabal, Mailo. Elizalde, Baztango folklorearen lekuko. Euskaldunon Egunkaria, 1992ko apirilak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-2).
  2. a b c Aranburu Urtasun, Mikel, Sánchez Ekiza, Karlos. Elizalde Etxeberria, Maurizio. Auñamendi Entziklopedia, 2023 (Noiz kontsultatua: 2023-10-2).
  3. a b c d Elizalde aita-semeak, txistua jo eta irakatsi. Euskaldunon Egunkaria, 1992ko apirilak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-2).
  4. Oiz, Joxan. Maurizio Elizalde txistulari eta biltzaile baztandar handia hil da. Euskaldunon Egunkaria, 1992ko apirilak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-2).
  5. Izeta, Mariano. Urrezko Domina Maurizio txistulariari. Euskaldunon Egunkaria, 1991ko urriak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-2).
  6. «Pl. Mauricio Eta Félix · 31700 Elizondo, Navarra, España» Pl. Mauricio Eta Félix · 31700 Elizondo, Navarra, España (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).

Kanpo estekak aldatu