Txanbela Azala taldea utzi ondoren Juan Mari Beltranek bere ikuspegi musikalaren neurrira sortu eta garatutako taldea izan zen Txanbela. Hasieratik euskal herri musika berreskuratu eta ezagutzera emateko helburua izanik, inork baino hobeto erakutsi zuen Txanbelak berreskuratze lanaren garrantzia, eta hori gauzatu zuen bere buruarekiko fidel gertatzen diren lau disko eta zuzeneko hamaika emanalditan.

Txanbela
Datuak
Musika motafolk
Urteak1984 - 1997
Produkzioa
Diskoetxea(k)IZ
Taldekideak
Juan Mari Beltran
Iñaki Peña
Juantxo Villalba
Aurkene Alzua
Joxe Ramon San Sebastian
Maria Pilar Otxoa de Eribe
Mendigaña Gorostiaga
Miriam Fernandez
Ane Errege Belda

Taldea aldatu

Azala taldea utzi ondoren, Juan Mari Beltranek sortu zuen Txanbela, 1984an. Beltranez gain, Iñaki Peñak (eskusoinua, trikitia), Pilartxo Otxoa de Eribe (biolina eta ahotsa) eta Juantxo Villalbak (gitarra) osatu zuten hasierako laukotea. Ez da harritzekoa galtzear zegoen euskal musika tresna baten eta haren inguruko estiloaren izena aukeratzea taldearentzat. Argi azaldu zuen Beltranek taldearen helburua: "Musika herrikoiari hurbiltzea da gure asmoa.... gure herriaren altxor kultural hori berreskuratzea eta suspertzea da bildu berri garenon asmoa eta erabakia" (1). Bide batez, utzi berri zuen Azala taldearena baino apustu musikal zuzenagoa eta "sinpleagoa" egin nahi zuen. Laster batean kaleratu zuten lehen diskoa, Txanbela (IZ, 1984).

Euskal Herria bere osotasunean hartu, eta, herri musikaren topikoak hautsiz, entzuleentzat hain ezagunak ez ziren erritmo eta doinuak (pasodobleak...) landu zituzten, ohiko dantza doinuen alboan (porrusalda...). Horretarako euskal tradizioan ageri diren tresnak erabili zituzten. Folk-rockaren ukitu elektrikoetatik urruti, oso sonoritate akustiko eta artifiziorik gabea izan zen taldearen ezaugarria handik aurrera grabatu zituen beste hiru diskoetan ere.

Fideltasunez eutsi zioten bideari bigarren diskoan, Doinurik Doinu (IZ, 1987), nahiz eta aldaketak izan taldean. Aurkene Azua (biolina, ahotsak) eta Joxe Ramon San Sebastian (tuba, gitarra, koilarak eta ahotsa) sartu ziren Pilartxo Otxoaren ordez, eta boskote bilakatu zen Txanbela. Doinu tradizionalei egungo idazleen hitzak jarri izana da disko horren berrikuntza nagusia. "Historiak erakusten du historia ezberdinak kontatu direla musika berarekin, eta letrak ahantzi direnean ere musika geratu da. Oraingoan, bestalde, denbora izan dugu: gauzak patxadaz prestatzeko, letrak egin ditzakeen jendearekin egoteko", zioen Beltranek diskoaren aurkezpenean (2).

Herri musikaren altxorretik jasotako beste dozena bat piezak osatzen dute taldearen hirugarren diskoa, Hirugarren Koxkan (IZ, 1989). Agiña, Jon Sarasua, Jon Lopategi eta Juanjo Uriaren hitzak daude, baita Jose Afonso kantari portugaldarraren musikarekin egindako kantu bat ere, "Jose Zeca Afonsoren Zitan". Dena den, ez ziren garai onak folk taldeentzat, eta hirugarren disko horren ondoren taldea lozorroan geratu zen. Alde batetik, musikariak beste jardunetan aritu beharrak eta, bestetik, Beltranek beste egitasmo batzuk martxan jartzeak Joxan Goikoetxearekin elkarlanean) geldiarazi egin zuten Txanbela taldearen martxa.

Handik zortzi urtera, Arin-Arinketan(IZ, 1997) diskoarekin itzuli zen Beltran, musikari berriz inguratuta: Mendigaina Gorostiaga (ahotsa, panderoa...), Mirian Fernandez (biolina) eta Ana Errege Balda (eskusoinua, trikitia...). Disko hori ondoren Beltranek bakarka kaleratuko zituen diskoen eta Txanbelaren lanaren arteko erdibidean dago. Txanbelaren testamentua eta Juan Mari Beltranen hurrengo bidea iragartzen duen diskoa da. Hortik aurrera, ofizialki ez bada ere, desagertutzat jo daiteke Txanbela.

Diskografia aldatu

  • Txanbela (1984, IZ)
  • Doinurik doinu (1987, IZ)
  • Hirugarren koxkan (1989, IZ)
  • Arin-arinketan (1997, IZ)

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu