Joan Batista Gamiz

euskal idazlea (1696-1773)
Juan Bautista Gamiz» orritik birbideratua)

Joan Batista Gamiz Ruiz de Oteo (Sabando, Araba, 1696ko apirilaren 8aBolonia, Italia, 1773ko apirilaren 28a) euskal idazlea izan zen. Arabako Mendialdean jaioa, eskualde horretako euskararen lekuko izateak garrantzitsu bihurtzen du euskal literaturan.

Joan Batista Gamiz

Bizitza
JaiotzaSabando1696ko apirilaren 8a
Herrialdea Araba, Euskal Herria
HeriotzaBolonia1773ko apirilaren 28a (77 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea

Literaturaren Zubitegia: 545
Gamizen omenezko 1973ko oroitarria Sabandon.

Izenaren aldaerak

aldatu

Sabandoarra bizi izan zen garaia dela kausa, dokumentazioan bere izen-deituren aldaera anitz topa ditzakegu. Adibideak:

  • Joan Baptista Gamiz Ruiz de Otheo[1] edo Ruiz de Oteo.
  • Juan Bautista Gamiz[2].
  • Joan Bautista Gamiz[3].
  • Juan Baptista Gamiz[4]
  • Espainieraz, gainera, abizenaren de Gamiz aldaera dago.

Bizitza

aldatu

Sabandon jaio zen. Pobrea izan zen gazte denboran eta zenbait hiritan bizi izan zen: hogei urterekin Valladolidera joan zen jesuita bihurtzeko; 1720tik aurrera sukaldari ibili zen Coruñako ikastetxe jesuitan; ondoren Valladolidera itzuli eta San Ignacio ikastetxeko diruzain izendatu zuten[1], eta Jesusen Konpainiako legoa izanda, Iruñean Sebastian Mendibururekin lan egin zuen; hiriburuan urte luzeak eman zituen kongregazioak bertan zuen La Anunciada ikastetxean, non ardura ekonomikoak zituen.

Ikastetxe hartan igaro zuen bere bizitza, Karlos III.a Espainiakoak 1767an jesulagun guztien kanporaketa agindu eta Kartagenatik Italiara joan behar izan zuen arte; lehenago hasi zitzaizkion arazoak, eta kartzelatik alde egin zuen. Italian geratu zen, Mendiburu bezala, Bolonia inguruan hil arte.

Sabandoarra kultura gizona izan zen. Lantoki eta etxebizitza zuen La Anunciada ikastetxean 4000 aledun liburutegia zegoen, eta hil ondoren, 208 liburu aurkitu zituzten bere logelan. Gai anitzekoak ziren, erlijioa, matematikak, historia zein garai hartako euskal egile eta predikadoreen literatura.

 
Arabako azpieuskalkien gutxi gorabeherako eremuak, XVI.-XVII. mendeetan. Gamizek Arabako sortaldeko euskara (mapan 3 zenbakiarekin adierazia) erabili zuen.[5]

Idazle elebiduna izan zen. Bere idazlanen jatorrizko bertsioak Loiolako artxibategian gordetzen dira.

Bere eskuizkribu ugariak (12.000 bat bertso) Ofrecimientos varios de poesía izenburuarekin bildu zituen.[6] Gehienak olerki laburrak dira, eta gai aldetik askotarikoak: gehien bat maitasunaz aritzen zen, hitz-jokoak eta poesia dekoratiboa erabiliz.Espainieraz hainbat olerki idatzi zuen. Euskaraz, sei gorde dira (guztira 238 bertso), bi luzeak dira eta lau motzak, eta balizko zazpigarren poema baten izenburua ere gordetzen da. Guztiak 1760tik aurrera idatzi zituen:

Erdarazkoak batez ere 1736 eta 1748ren artean idatzi zituen; haietako batzuk A una presumida, Descripción de Puente la Reyna, Al rey Enrique VIII de Inglaterra, A cierta doncella fea dira. Gutun asko idatzi zituela jakina da, baina ezin izan dira topatu.

Euskaraz idatzitako hainbat testutan, lehenik gaztelaniaz idatzi eta ondoren itzuli egin zituela ikus daiteke. Hori horrela, Gamizen testuek hizkuntzari dagokionez dute garrantzi handiagoa literaturari dagokionez baino; izan ere, garai hartako Arabako euskararen lekuko izan daiteke eta garaiko predikadoreen eragina ikus daiteke bere testuetan.[7]

Denbora luzez Gamizen lana itzalpean egon zen: XIX. mendean Jose Antonio Aranak Betolazako hainbat bertso argitaratu zituen José Butrón Mujika izenpean, eta ez zen informazio oker hori zuzendu ezta benetako egilearen inguruko ezer gehiago aurkitu ere 1920 eta 1930 hamarkaden artean Joakin Aspiazuk, Antonio Pérezek, Ignacio Elizaldek eta Ion Goikoetxeak ikerkuntza berriak egin zituzten arte.

Olerki-zatia

aldatu

Dabiltzentxoak (Dabilcenchoac, jatorriko bertsioan) olerkiaren hasiera:

« Erderaz eztuzu nay
ene viotza
euzqueraz copla eguiten
eztut nic lotza
ycuzco deugu
albadaygu eguin zerbait
nola beardegu
»

Bere oroimenez

aldatu

1970ean Gasteizen helduentzako euskararen irakaskuntzan jardun zuen irakasle-talde baten izena Joan Bautista Gamiz izan zen.[8]

Sabando jaioterrian Euskaltzaindiak oroitarria ipini zuen 1973ko apirilaren 29an Gamizen heriotzaren 200 urteurrena gogoratzeko. Bi egun lehenago omenaldi akademikoa egin zioten Gasteizen[9].

Arraia-Maeztun zenbait urtetan egon zen ikastola proiektuak Juan Bautista Gamiz izena izan zuen.[10] Gasteizen bere izena daraman kale bat dago Adurtza auzoan.

Bibliografia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Estibalitz Breñas eta Jabi Otsoa de Alda: Arabako euskal hotsak, Geu Gasteiz, Gasteiz, 2002. Ikus 132-133. or.
  2. Erreferentzia ugari, tartean berari dedikatutako Gasteizko kalea edo bere izena erabili zuen irakasle taldea.
  3. Arabako ekialdea eta Sakanako continuumaren azterketa diakronikoa artikulua, Jose Luis Erdozia Mauleon.
  4. Henrike Knörr: Gamiz-en hizkeraz zertxobait, Euskaltzaindia, 1974.
  5. Koldo Zuazo (1997): «Euskara araban», Uztaro, 21. zenbakia, 79-95. orrialdeak.
  6. Álava en sus manos bilduma: Literatura y Literatos kapitulua, Julio-César Montoyo, Vital Kutxa, Gasteiz, 1983.
  7. «Gamiz, Juan Bautista - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2025-03-17).
  8. «Vitoria-Gasteiz (las lenguas)», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  9. Estelas discoideas de homenaje en Alava, Vicente Arrizabalaga Loizaga, Antso Jakituna Fundazioa; ikus 13-15 or.
  10. «Arraia-Maeztu», Auñamendi Eusko Entziklopedia.

Kanpo loturak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan Batista Gamiz