Joanes Erramiritz de Bakedano
Joanes Erramiritz de Bakedano edo Erramiritz (Arremiritz) Bakedao (1485/1490-1522), San Martingo eta Ekalako oinetxeen jauna, XVI. mendeko nafar buruzagi militar bat izan zen, Nafarroako independentziaren aldeko gerla denboran.
Joanes Erramiritz de Bakedano | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | San Martin (Ameskoa), 1480(e)ko hamarkada |
Herrialdea | Espainiar Inperioa Nafarroako Erresuma |
Heriotza | Irun, 1522ko ekainaren 30a (32/42 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | gudaria |
Familia
aldatuBakedanotarrena Ameskoako leinu noble bat zen. Bakedao herriko jatorria zuten eta, besteak beste, familia honetako kide batzuek izan zuten Lizarraldeko merino kargua edo Lizarrako Zalatanborreko gazteluzaintzaren kargua. Joanes Erramiritz de Bakedanoren aitonak, Joanes Ferrandiz de Bakedanok bilobari leinuaren ontasunak testamentuz utzi zizkion 1498an, San Martingo eta Ekalako oinetxeak. Hemendik aurrera Joanes ezaguna izango da San Martingo jauna bezala.
Biografia
aldatuNafarroako konkista hasten delarik Ataungo ingurua defendatzen ari da. Bainan Albako dukearen kanpainia oso bizia da eta egun gutxitan Iruñea espainiarren esku geratzen da (uztailak 25) eta Joanes III.a eta Katalina errege-erreginak ihesi doaz Bearnorantz. Denbora gutxitan beraz Fernando Katolikoaren usurpazioa sendotzen da eta Nafarroako nobleziak ezinbestean leialtasun zina egiten dio, tartean Nafarroako Mariskala eta San Martingo jauna (abuztuak 31). Geroxeago, jakinik Joanes III.a erregeak saiatuko duela erresuma berreskuratzen San Martingo jaunak osatzen du 700 laguneko tropa bat eta, Jakue Belatz de Medranoren laguntzarekin, lortzen du Lizarrako gazteluaren kontrola hartzea (urriak 5). Halere, laister Lizarra setiatua da Diego Martinez de Alabaren eskutik. Gaizki preparatua defentsa luzerako, San Martingo jaunak negoziatzen du gazteluaren entrega (urriak 28). Libre ateratzen da eta aprobetxatzen du bat egiteko Iruñea aurrean iritsi den Joanes III.a erregearekin. Hilabete baten buruan, Iruñeko erabateko blokeoa ezinezkoa izanik eta negu giroaren aurrean, erregeak erabakitzen du itzultzea iparralderantz (azaroak 30). San Martingo jaunak bat egiten du erabaki honekin.
Hurrengo urtean, bera ihesi dagoelarik, epaitua da Fernando Katolikoaren aurkako errebeldiagatik. Zigortuta geratzen da (1513ko ekainaren 6an) eta bere ontasun guztiak galtzen ditu Diego Martinez de Alabaren mesederako. Dirudienez Pedro Belitz de Gebara Oñatiko kondeak proposatzen dio bere burua defenditzea Fernando Katolikoaren aurrean, leialtasunaren truke. San Martingo jaunak arbuiatzen du proposamena eta zigorra aplikatuta geratzen da.
1516an, Fernandoren heriotza aprobetxatuz (urtarrilak 23), Joanes III.ak beste kanpainia militar bat martxan jartzen du. Aldi honetan San Martingo jaunak Nafarroako Mariskalarekin bat egiten du Erronkaribarretik aritzeko (martxoak 15). Cristóbal Villalbaren zaintza zorrotzak eta ezusteko elurteek korapilatzen dute kanpainia eta Isaban preso hartuak dira Mariskala eta San Martingo jauna (martxoak 25). Bi preso ospetsu hauek Gaztelara bidaliak dira, Atienzako presondegian geratzeko. Badirudi San Martingo jauna hiru urtez atxikia egon dela eta baldintzapean aske geratu zen 1519an. Orduan hasi zuen bere emaztearekin batera Diego Martinez de Alabarengandik bere ontasunak berreskuratzeko prozedura judiziala.
1520an Gaztelako Komunitateen Gerra pizten delarik, San Martingo jauna behartuta dago bat egiteko Gaztelako Kondestablearen tropekin Briviescan. Kondestablearen kanpainiak bukatu zuen Villalarko garaipenarekin (1521ko apirilaren 23a).
Gaztelako matxinada hura aprobetxatuz, Nafarroa askatzeko tropa antolatu zuen Henrike II.a errege berriak Esparrosko jaunaren gidaritzapean. Esparrosek askatutako Iruñean sartu zen maiatzaren 18an. San Martingo jaunak baliatzen du une hori uzteko Gaztelako gudarostea eta bat egiteko Nafarroakoarekin. Erresumaren kontrola ziurtatzeko operazioak bideratu zituen ondo ezagutzen zuen Lizarraldean beaumontarren aurka eta Zegarraingo guduan hauetako batzu garaitu zituen (maiatzak 31).
Geroxeago Esparrosek amore eman behar du Logroñoren aurrean eta Iruñerako bidean erabat garaitua geratzen da Noaingo guduan (ekainak 30). Ondorioz nafarren artean sortzen den deskalabruan, San Martingo jaunak saiatzen du Donibane Garazi defenditzea, Joan Arberoaren agindupean Diego de Vera espainiar koronelaren aurrean, bainan uztailaren 20an nafarrak errenditu behar dira eta beste lagun batzuekin batera preso hartua da. Verak zaintzapean bidaltzen du Iruñera, bainan bidean lortzen du ihes egitea eta salbu iristea Amikuze aldera (Arberoa aldiz urkatua izan zen Iruñean). 1521ko udazkenan Nafarroaren aldeko tropek beste kanpainia bat abiatu zuten eta Amaiur (urriak 3) eta Hondarribia (urriak 18) kontrolpean hartu zituzten. San Martingo jaunak ekintza hauetan parte hartu zuen Nafarroako Mariskal gaztearen agindupean.
Negua ondoren borrokak areagotu ziren Bidasoaldean eta espainiarrek lortu zuten Irungo Gaztelu Zahar gaztelua konkistatzen (ekainak 26). Kontra eraso bat antolatu zen Lapurdiko bailea zen Senpereko jaunaren gidaritzapean. Ekintza honetan parte hartzen zuen San Martingo jaunak landsknecht alemaniarrak zuzenduz. Aldabe mendian kokatu zirelarik, Oiartzualdeko miliziek inguratuak izan ziren eta san Martzial egunean (ekainak 30) gertatutako guduan Senpere eta San Martin garaituak izan ziren. Borroka honen ondorioz Senpere preso hartua izan zen et San Martingo jauna, aldiz, hilik geratu zen. Beltran de la Cueva Gipuzkoako gobernadore espainiarrak baimendu zuen San Martingo jaunaren gorpua entregatzea Hondarribiko nafar gudarosteari. Ondoren Lapurdin ehortzia izan zen.
Nahiz eta hilik egon, San Martingo jaunaren aurkako haserre inperiala ez zen gelditu. Alegia, Karlos enperadoreak ukatu zien barkamena alargunari eta semeari (1523ko abendua). Horregatik, oraindik 1539an Katalina alargunak justizia eskatzen zuen senarraren ontasunak berreskuratu ahal izateko. Ondoko urteetan dena den, lortuko zuen bere asmoa betiko leialtasunaren truke.
Ondorengotza
aldatuJoanes Erramiritz de Bakedano, San Martingo jauna, ezkondu zen Katalina izeneko andrearekin eta gutxienez seme bat izan zuen:
- Diego Erramiritz de Bakedano (1512-1580?), San Martingo eta Ekalako jauna, leinuari jarraipena eman ziona.
Honen birbiloba, Diego Ramirez de Bakedano Ruiz de Arkaia (1617-1695), Andiako markesa izendatua izan zen.
Beste ondorengoen artean aurkitzen da Angel de Saavedra y Ramirez de Bakedano, Andiako VI. markesa eta Rivaseko dukea.
Bibliografia
aldatu- (Frantsesez) Hubert Lamant-Duhart, Armorial du Pays Basque, Miarritze 1997
- (Gaztelaniaz) Luciano Puente Martínez, Estudio etnográfico de Améscoa, IX Los apellidos (Ensayo de Etnografía Histórica II), in Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, Iruñea 1980
- (Gaztelaniaz) Peio Monteano, La Guerra de Navarra (1512-1529), Iruñea 2010
- Asisko Urmeneta, Amaiur! Libera State, Nafarroa 2022
Kanpo estekak
aldatu
Artikulu hau Nafarroako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |