Hondarribiko setioa
Hondarribiako setioa (1521-1524) Nafarroako Erresumaren konkistako atal bat izan zen, haren azken fasean jazoa. Bertan, Karlos V.a enperadorearen agindupeko espedizio batek setioa jarri zion Hondarribiari, une horretan nafar eta, batez ere, frantses indar militarren eskuetan zegoena. Hondarribiko setioa Noaingo Guduaren eta Donibane Garaziko Guduaren jarraipena izan zen, Nafarroaren independentzia osoa behin betiko galarazi zutenak.
Hondarribiko setioa | |||
---|---|---|---|
Nafarroako konkista Lau Urteko Gerra | |||
Moret. Sitio de Fuenterrabía.jpg | |||
Data | 1523ko uztaila - 1524ko apirila | ||
Lekua | Hondarribia![]() | ||
Koordenatuak | 43°21′45″N 1°47′29″W / 43.36244°N 1.79148°W | ||
Emaitza | Espainiarren garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Setioa hautsi ezinik, espainiar agintari inperialek setiatuak desmoralizatzen eta irtenbide diplomatiko bat bilatzen saiatu ziren, lehendabizikorako Petri Nafarroakoa mariskala erailez eta bigarrenerako nafar subiranistei barkamen bat eskainiz. 1524ko apirilean, azken setiatuak Hondarribi hondatutik irten ziren, enperadoreari leialtasuna zin egitearen ordainetan. Hondarribiko setioan, gipuzkoar miliziek parte hartu zuten.
Testuingurua
aldatuNoaingo Guduko porrota jazo berria zutela, Henrike II.a Nafarroakoa eta Frantses erregea berriz elkartu ziren kontraerasoari ekiteko. Espainiar indarrei Nafarroako iparraldeko eskualdeetan jo nahi zuten erasoa, pentsatuz militarki eta ekonomikoki jota egongo zirela, gerran etengabe aritu zirelako. 1521eko irailean, frantsesak eta nafarrak bi zutabetan banatu ziren, eta Bidasoarantz egin zuten aurrera.
Lehendabiziko zutabea, nafar agaramontarrez, normandiarrez eta gaskoiz osatua, Lapurdin finkatu zen, une horretan Frantziako errege lurraldean zena. Bigarren zutabea, berriz, aleman, gaskoi eta normandiar infanteriak osatzen zuen, Henrike II.a nafar erregearen agindupean, eta Donibane Garazitik abiatu zen. Guztira, 27.000 gerlari ziren, Gilen Gouffier, Bonniveteko jaunak zuzenduak.[1]:95 Tropa gehienek Foix-Labrit leinuaren Bortuetako eta normandiar lurraldeetan zuten sorburua. Erronkari hartu eta gero, bigarren zutabea mendebalderantz zuzendu zen Bortuetan barrena, eta Orreaga hartu.
Frantses-nafar espedizio bat Amaiurrera hurbildu zen (Baztan haranean), eta setioa jarri zioten gotorlekuari, lehenago gaztelarrek moldatu eta sendotua. 1521eko urriaren 2an, Jakue Belatz de Medrano Amaiurko gaztelu eta hiribilduaren alkaide izendatu zuten. 1521eko urriaren 3an, gaztelarrek amore eman zuten bizirik atera eta Gaztelara alde egitearen truke. Gilen Gouffier-en tropek, orduan, Lapurdira jo zuten eta, luze gabe, Behobiara. Bertan, Urantzuko gotorlekua hartu zuten, eta luze gabe setioa jarri zioten Hondarribiko gotorlekuari, Bidasoaren bokalean. Gotorlekua 1521eko urriaren 12an azpiratu zuten (beste iturri batzuek urriaren 6an diote).[1]:96[2]:354 Ordurako frantsesek eta nafarrek Belate eta Bidasoa ibaiaren arteko eremua zuten beren eskuetan.
1522ko maiatzean, Karlos V.a enperadorea Iruñean zela, haren espainiar indarrek nafarrei eta frantsesei aurre egiteko funtsak eta tropak bilatzen hasi ziren. 1522ko uztailean, Amaiur espainiarrek setiaturik eta galtzear zela, enperadorea Santanderren lehorreratu zen 4,000 lanskeneterekin. Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta, are, Nafarroako euskaldun asko Karlos V.aren indarrekin bat egitera deituak izan ziren, baita aragoitarrak ere. Gipuzkoar miliziek eta 1.000 lanskenetek frantses eta nafar indarrei aurre egin zieten iSan Martzialgo Guduan. 1522ko ekainaren 30ean, Karlos V.aren aldeko indarrek Hondarribia setiatzeko posizioak hartu zituzten. XVI. mendeko Hondarribia egun baino handiagoa zen izan ere ia Irun guztia eta Hendaia eta Behobia zatiak barnean zituen. Hiribildua eta gotorlekua muino batean zegoen, harresiz, mendi eta itsasoz inguratuak Bidasoaren bokalean.
Nafar-frantsesen okupazioa
aldatu1521eko urriaren hasieran Bonniveteko jauna zen Guillaume Gouffier almirante frantziarrak Behobiako gaztelua hartu zuen, ia ez zen eroriak izan gaztelarrek aurka egin ez zutelako. Berehala, urriaren 6an Hondarribiko gaztelua setiatu eta hamabi egun geroago hartu zuten, nafar-gaskoien armadaren hiru erasoan ia 1.000 hildakoak izanik. Bertako alkaidea zen Diego de Verak urriaren 18an amore eman zuen.
Bonniveteko jaunak 3.000 laguneko garnizioa utzi zuen, horietatik 2.000 gaskoi eta 1.000 nafar. Ludeko jauna zen Jacques Daillon alkaidea zen "Nafarroako erregearen izenean". Horrexegatik Nafarroako Erresumako bandera setio osoan zehar dantzatzen ari zen, nahiz eta frantsesek bere bandera jaso nahi.
Karlos V.a enperadoreak Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren arbitraje eskatu zuen Frantzisko I.a Frantziakoari hiribildua eskatzeko. Nafarrek hizketaldiak ezagutu ondoren, garnizioa aldatu zuten.
Gotorlekuaren setioa
aldatuLehen jada kargua jardun bazuen ere, Beltrán de la Cueva, 1522ko maiatzaren 23an, Gipuzkoako kapitain jeneral berri bihurtu zen. Laster 3.000 eta 4.000 soldadu berriak lortu zituen: alemaniar landsknechtak, gaztelarrak, nafarrak, aragoiarrak, bizkaitarrak, errioxarrak eta arabarrak.
Behobiako gaztelua defenditzeko zaila zenez, nafar-gaskoiek uztea erabaki zuten. Kanoiak, armak eta elikagaiak handik eramanak ziren. Gero, harresiak suntsitzeko lehergaiak jarri bazituzten ere, Otxoa Sanz Asuakoa kapitainak zuzendutako tropa gaztelarrak metxa amatatu eta gaztelua hartu zuen.
Egun bi geroago San Martzialeko gudua gertatu zen.
1522ko uztailean, gotorlekua gosez errenditzea erabaki zuten. Hamar hilabete hornitua izan gabe, gosez hiltzen hasi ziren defendatzaileak. Frantzia eta Nafarroako tropak laguntzeko ailegatu eta, Bidasoa zeharkatu ondoren, gaztelarrei ihes egitea eragin zieten. Gotorlekua berriro hornitu eta garnizioaz aldatu zenez, Beltrán de la Cueva kargutik kendu zuen erregeak. Ordezkaria Gaztelako kondestablea zen Iñigo Fernández de Velasco zen.
Frantsesek itsasoa kontrolatzen zutenez, gotorlekua hornitzeari ekin zioten.
1523 eta 1524 arteko neguan Karlos V.ak Frantzisko I.a Frantziakoaren aurkako kanpaina antolatu zuen, Tolosa, Nafarroa Beherea, Baiona eta Hondarribia kontrolatu nahi zuena. Kanpainak 24 egunetan kale egin zuen, desertzio eta gaixotasunak jota armadaren lauren bat galdu zuelako. Gainontzeko tropak berriz elkartu eta Hondarribiko setioan zegoen armadari lagundu zion.
Otsailaren 2an gotorlekua bonbardatzeari ekin zioten eta laster hasi ziren amore emateko negoziaketak. Otsailaren 27an frantziarrek gaztelua utzi zuten. Nafarrak eta biarnesak baino ez ziren geratu Hondarribian, horietatik nagusiena Petri Nafarroakoa Erresumako mariskala izanik. 1524ko otsailaren 29an, Karlos V.a enperadoreak berari aurka egindako nafarren barkamen partziala agindu zuen, berari leialtasuna zin egin eta haien posizio politikoaren "errua" onartzen bazuten; aukera hori eskaini zitzaion Petri III.a Nafarroako mariskalari ere, artean Hondarribian zegoela, baita Hondarribiko beste setiatu batzuei ere. Apirilaren 29an errenditu ziren.
Ikus, gainera
aldatuBibliografia
aldatu- Pedro Esarte, "Navarra, 1512-1530" Pamiela Iruñea, 2001 ISBN 84-7681-340-6
Kanpo estekak
aldatu- ↑ a b Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan:
ez da testurik eman
Guiadelarec
izeneko erreferentziarako - ↑ Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan:
ez da testurik eman
per350
izeneko erreferentziarako