Jerry Lee Lewis
Jerry Lee Lewys (Ferriday, Louisiana, Ameriketako Estatu Batuak, 1935eko irailaren 29a - DeSoto konderria, Mississippi, 2022ko urriaren 28a) estatubatuar pianista eta abeslaria, rock and rollaren aitzindari garrantzitsu bat izan zen.
The Killer ezizenez ezaguna izan zen eta Elvis Presleyren pareko, ospea okertzen joan zitzaion eskandalu bat bestearen atzean zela medio. Gaur egun, badirudi fama hori zuzendu zaiola eta rock&rollaren hasieran ezinbesteko irudia dela onartzen da. 2003an, ''Rolling Stone'' aldizkariak 24. postuan jarri zuen XX. mendeko musikari hoberenen artean, Little Richard eta Chuck Berryrekin batera, rock&rollaren lehen belaunaldia osatzen baitu.
Biografia
aldatuJerry Lee Lewis Ferridayko (Concordia Parish, Louisiana ekialdean) familia behartsu batean jaio zen. Aita Elmo zen eta ama, berriz, Mamie Lewis. Oso gazte hasi zen pianoa jotzen bere lehengusuekin batera eta, Jerry Leeren gaitasuna ikusita, bizi zirenenko etxaldea hipotekatu zuten Jerryri piano bat eros ahal izateko. Garaiko musika herrikoiaren eraginpean, The Louisiana Hayride edo Grand Ol' Opry bezalako irratsaioak entzuten zituen eta country, rhythm and blues, boogie-woogie eta gospela nahastu zituen, bere estilo propioaren bila.
Nerabezaroan, beltzen ghettotara joaten hasi zen, haien bluesak entzuteko eta 1949ko irailaren 29an jendaurrean agertu zen lehen aldiz, Drinkin wine, spoo-dee-o-dee abesten, Ford automobil konpainiak bere jaioterrian antolatutako ikuskizun batean.
1952an, 16 urte besteri ez zituenean, Dorothy Bartonekin ezkondu zen, bera baino bi urte gehiago zituen emakumea (garai hartan ezkontzeko adin hori ohikoa zen AEBetako hegoaldean).
Urte hartan ere, bere lehenengo kantak grabatu zituen: New Orteans boogie pianorako eta Don't stay away country estiloan. Irailean, amak Waxahachieko (Texas) eskola erlijioso batera bidali zuen, erlijio musika interpretatzeko bakar-bakarrik; amaren helburua berehala geratu zen bertan behera, eskolatik bota egin baitzuten semea, My God is real boogie-woogie estiloan jotzen ari zela-eta.
1953an, bere lehenengo emaztearekin ezkonduta jarraitzen zuen, Jane Mitchamekin ezkondu zenean, hau haurdun geratu zela-eta. Bere lehenengo semea izan zuen eta aitaren izen berdina ipini zioten, Jerry Lee Lewis Jr.
1954an kantu grabazio berriak egin zituen, If I ever needed you edo I don't hurt anymore tarteko. Garai hartan hasi zen klubetan jotzen Ferriday, Natchez, Mississippi edo Nashville (Tennessee) bezalako hirietan. The Louisiana Hayride programan ateratzekoan, galarazi egin zioten, gitarra jotzea nahi baitzuten eta ez pianoa.
1956an, Elvis Presleyren inguruko artikulu bat irakurri omen zuen aldizkari batean eta Memphisera bidaiatu zuen Elvisen diskografika berean, Sun Records, grabatu nahian. Une horretan diskografikaren jabea zen Sam Phillips Floridara joana zen eta Jack Clement izan zen lehen abestiak grabatu zizkiona: Ray Priceen Crazy arms bertsioa eta berea zen End of the road.
Urte hartako abenduaren 4an, gertakizun historikoa eman zen, inprobisatutako saio batean Elvis, Carl Perkins eta Johnny Cashekin batera, hainbat abesti grabatzen zituenean. Million Dolar Quartet (Milioi dolarreko laukotea) izena eman zien egunkarietan eta arrakasta handia izan zuen ateratako argazkiak, baina urteak pasatu ziren grabazioa argitaratu arte.
Arrakasta
aldatuArrakastarik handiena 1957an lortu zuen, Whole Lotta Shakin abestiarekin. Hasiera batean, Sam Phillips ez zegoen Jerryk abesti hori grabatzearekin konforme, sexuari aipamen gehiegi egiten ziola eta beltzen estilokoa zelako; azkenean, adostasuna lortu zuten eta single baten B aldean sartu zuten It'll be me abesti nagusia zelarik. Whole Lotta shakin zuzenean jo zuen Arkansaseko taberna batean otsailaren 22an eta publikoa txundituta geratu zen; gau hartan, 25 alditan errepikatu behar izan zuen kanta. Leku askotan zentsuratu zuten, irrati eta telebistan. The Ed Sullivan Showean inmoraltzat hartu zuten eta ez zioten kantatzen utzi, baina The Steve Allen show programan lortu zuen abestea eta izugarrizko arrakasta izan zuen country, rock&roll eta pop zerrendetan, mundu guztian 6 milioi kopia saldu zituelarik.
Singleak lortutako harreraren ondoren, Otis Blackwell, Elvisentzako lan eginda zegoen abesti idazleak, Jack Hammerrekin batera, Lewisen abesti arrakastatsuena izango zena egin zuen, Great Balls of Fire!. Oraingo honetan, Sam Phillipsek egin ahalak egin zituen Jerryk kanta hori abesteko, blasfemoa zela eta ez baitzuen kantatu nahi. Mundu mailako arrakasta lortu zuen eta lehen postuetan kokatu zen AEB eta Erresuma Batuko zerrendetan.
Garai horretakoa izan zen Jerry Lee Lewisen gertakizun ezagunena, artista problematikoaren fama eman ziona eta The Killer ezizena irabaziarazi ziona: New Yorkeko Brooklyn Paramount Theatreen, Chuck Berryren teloneroa izango zen. Jerryri ez zitzaion gustatu eta gasolinaz betetako Coca Cola botila bat igo zuen eszenategira eta, Great Balls of Fire jotzen ari zen bitartean, su eman zion pianoari. Bukatu zuenean, horrela esan omen zion Chuck Berriry:
- Ea hau gainditzen duan, beltz hori!
1958an, Lewis zen garaiko musikari arrakastatsuena. Bi kanta zituen punta-puntakoak: Breathless eta High School Confidential. Baina, bere ospeak gainbehera handia jasango zuen eta, sekula ez zen errekuperatuko gainera, bere bizitza pribatuko albiste batek garaiko gizartea eskandalizatu zuenean.
Eskandalua
aldatuMenphisera bidaiatu zuenean, Myra Gale Brown, J.W. Brown bere lehengusua zenaren alaba, ezagutu zuen. Abenduaren 12an ezkondu ziren, bigarren emaztearekin banandu gabe zegoelarik. Myra Brownek 13 urte besterik ez zituen eta Lewisek, berriz, 22; horregatik ezkutatu zuten ezkontza.
1958ko maiatzaren 22an, Jerry Lee Lewis Ingalaterrara iritsi zen bere familiarekin; emazte berria ere han zen, egin ahalak egin bazizkioten ere hori ez gertatzeko. Londresko aireportuan, kazetari batek ezkontzaren berri izan zuen eta, emaztearen adina galdetu zuenean, Lewisek 15 urte zituela erantzun zion. Prentsan berehala jakin zuen Myrak 13 urte besterik ez zituela eta izugarrizko eskandalua piztu zen. Lewisen ospeak zartarako handia jasan zuen eta, oso jende gutxi gerturatu zitzaion 3 kontzertu besterik eman eta gero, ibilaldi hura bertan behera geratu zen.
Eskandaluak AEBetara jarraitu zion Lewisi eta, pixkanaka, musika girotik apartatzen joan ziren. 100.000 dolar irabaztetik 250 irabaztera pasatu zen.
Sun Recordsek The return of Jerry Lee atera zuen, umorez tratatutako abestien zatiekin hornitutako elkarrizketa. B aldean Lewis Boogie ere sartu zuten, baina diskak frakaso galanta jaso zuen eta ez zen zerrendetara iritsi.
1959an, bere bigarren semea jaio zen, Steve Allen Lewis, eta Jerry aurkeztu zuen telebistako presentadorearen izena jarri zion.
1960an, Sun Studiosek ahalegin handia egin zuen Lewisen karrera errekuperatzeko eta abesti instrumentalak grabatu zituzten The Hawnk ezizenapean ezkutatuta, baina Jerryren estiloa erraz ezagutzen zen eta saiakera alferrikakoa izan zen. Garai honetan lortutako arrakasta bakarra 1961ean lortu zuen, Ray Charlesen What'd I Say abestiarekin. Europan, pixkanaka bere ospea berpizten hasi zen, Erresuma Batuan eta Alemanian, batez ere, baina ez AEBetan.
Arazo pertsonalak
aldatu1962ko apirilaren 22an, Pazko eguneko igandean, Steve Allen Lewis txikia ito egin zen piszinan, Elmo Lewis aitonak zaintzen zuen bitartean. Jerryren ustean, iraganeko pekatuen zigorra izan zen gertaera tamalgarri hura. Hiletak pasa eta 5 egunera, Erresuma Batuan zen bira bat egitekotan. Oso harrera ona izan zuen, baina semea hil eta gero, Myrarekin zuen harremanak okerrera egin zuen eta pilula eta alkoholarekiko dependentzian erori zen gero eta gehiago.
Urtebete beranduago, 1963an, Jerry eta Myrak alaba bat izan zuten, Phoebe Lewis, gaur egun aitaren managerra dena. Urte hartan bukatu zen Sunekin zuen kontratua eta Smash Recordsera joan zen. Beste tour bat egin zuen Europan, Ingalaterra, Eskozia, Alemania eta Frantzian.
1964an, Hanburgoko Live at Star Clubeko emanaldian izan zen eta bere album onenetariko bat izango zena atera zuen.
Rock&Rollean urteetan ibili eta gero, 1968an, Lewis country musikan kokatu zen batik bat eta arrakasta lortu zuen To make love sweeter for you bezalako abestiekin. Sarrerak bukatzen ziren kontzertu gehiago ere etorri ziren, 1973an Chantilly Lace egin zuenekoa bezala, baina ez zuen sekula aurreko arrakasta hura lortu, eskandalu aurrekoa.
70eko hamarkada ez zen ondo hasi: 1970ean emazteak dibortzioa eskatu zion, 1971n ama hil zitzaion eta 1973an, Jerry Lewis Jr, bere 19 urteko semea hil zitzaion automobil istripuan. Dibortziatu eta urtebetera, berriro ezkondu zen.
Linda Gail Lewis, Jerryren arreba, ere pianojolea zen eta Van Morrisonekin grabatu zituen abesti batzuk. Baina beste izen ezagun bat, Jimmy Swaggart, telebistako ebangelista, Jerryren lehengusua zen eta bere ospea ere bertan behera joan zen. Familia problematikoaren fama hartu zuten Lewistarrek.
Odoleztatutako ultzerek ospitalizatuarazi zuten 1984an eta ia hilean egon zen.
Handik gutxira, Jaren Gunn Pate, bere laugarren emaztea, lagun baten etxeko piszinan ito zen.
Handik urtebetera, bosgarren emaztea hilik agertu zen etxean, metadona sobredosiaz. Jerry Lee Lewis ere drogaren menpean zegoen eta Betty Ford desintoxikazio klinikan sartzeko erabakia hartu zuen. 80ko urteetan behin baino gehiagotan izan zituen osasun arazoak eta internatu beharrean izan zen.
Zergekin ere arazoak izan zituen eta 3 milioi dolarretako zorrera iritsi zen.
1987an, bere seigarren emazteak, seme bat izan zuen, Jerry Lee Lewis III. 1989an, Great Balls of Fire! (Suzko bola handia) pelikula egin zuten, bere lehen urteetan oinarritu zena eta publikoak berriro izan zuen kontuan. Filma Myraren, bere emazte ohiaren liburutik atera zen, batik bat eta Dennis Quaidek egin zuen Lewisen papera, Winona Ryder eta Alec Baldwin ere filman agertzen zirelarik.
Eszenatokira itzultzen
aldatuHainbat urte eszenatoki bat zapaldu gabe egon eta gero, 2004an album berria ateratzeko saiakera egin zuen Lewisek, baina alferrik.
Azkenean, 2006ko irailaren 26an Last Man Standing atera zuen eta 21 dueto ditu barnean, Little Richard, Chris Isaak, Mick Jagger, Jimmy Page, Bruce Springsteen, Ringo Starr, Neil Young, Keith Richard, BB King o Buddy Guy tarteko.
2007an, DVD bat atera zuen zuzenean eta 500.000 kopia saldu zituen.
2008an berriz, Grammy sarietan jo zuen, AEBetako Kapitolioan eta Ingalaterran izan zen tour batean. 2009an, Rolling Stonesen laguntzarekin, album berri bat aterako du.
Zinema
aldatu- Great Balls of Fire! (1989): Dennis Quaid aktoreak antzeztu zuen.