Jarabe[1] (Heg.) edo ziropa (Ipar.) (arabieraz: شراب‎šarāb, euskaraz: «edaria» esan nahi duena) ura eta azukrea edo ura eta eztia nahasiz egiten den likidoa da.[2] Azukrea aurkitu baino lehen, eztiaz egiten zuten. Prestakin medikamentosoa ere bada, uretakoa, azukre-kopuru handikoa (pisuaren bi herenak, normalean). Jarabe medizinalek zenbait sendagai edo substantzia medikamentoso eduki ohi dute, zapore-emaileekin batera.[3]

Jarabe
Edari, viscous liquid (en) Itzuli, concentrate (en) Itzuli, sukaldaritzako osagai eta ongailu
Maltose syrup.jpg
OsagaiakSakarosa
zukua
azukrea
Edateko urra
Osagaiakazukrea, ura eta aroma compound (en) Itzuli

Jarabe medizinalakAldatu

Jarabe medizinalak aho bidez administratzeko forma farmazeutiko likidoak dira. Prestakin urtsu, garbi eta biskositate altukoak dira, sakarosa edo beste azukreren bat asetze kontzentrazioan daramatenak. Normalean pediatrian eta geriatrian erabiltzen dira.

Ezaugarriak:

  • Jarabearen dentsitatea 1,313 g/mL da; hau da, 1,313 gramo jarabek 1 mililitro okupatzen ditu.
  • Jarabeak duen sakarosa kontzentrazioa %65 (p/p) da; hau da, 100 gramo jarabek 65 gramo sakarosa ditu. Beste modu batera esanda, jarabearen herena ura da eta gainontzeko bi herenak sakarosa.
  • Jarabearen irakite tenperatura 105ºC da.

AbantailakAldatu

  • Azkarrago eragiten du: Osagai aktiboa jada jarabean disolbatuta dagoenez, LADME prozesuaren lehen urratsa (askapena) eginda dago. Horren ondorioz, lehendabizi askapena gertatu behar den forma-farmazeutikoekin konparatuz, osagai aktiboa azkarrago iritsiko da odol zirkulaziora, eta eragin farmakologikoa azkarrago burutuko da. Laburbilduz, jarabeetako farmakoen bioerabilgarritasuna ona da, eta forma farmazeutiko solidoetako (konprimatuak adibidez) farmakoak baino azkarrago xurgatzen dira, eta efektu farmakologikoa lehenago gertatzen da.
  • Mukosa gastrikoaren efektu narritakorra forma solidoena baino txikiagoa da.
  • Erraz irensten da. Horregatik, oso aproposak dira pediatrian eta geriatrian erabiltzeko.
  • Bolumenean dosifikatzen direnez, dosifikazioa erraza da. Haurretan dosia pisuaren arabera zehazten denez (mL jarabe /Kg ume) dosifikatzeko modu errazak behar dira. Ume bakoitzaren pisua kontuan izanez, pisu horri dagokion jarabe bolumena hartzen da xiringa baten bidez. Aldiz, konprimatuak bezalako forma farmazeutiko solidoekin ezinezkoa da zehaztasun horrekin dosifikatzea.
  • Zenbait farmakoren zapore txarra estaltzeko egokiak dira, ezaugarri organoleptiko onak dituztelako.

Jarabe motakAldatu

Bi motatako jarabeak daude:

  • Jarabe sinplea (bakuna): jarabe honek ez darama printzipio aktiborik, urez eta azukrez osatuta dago, eta medikamentudun jarabea prestatzeko erabiltzen da. Garaiz kanpoko prestakinen eramaile bezala ere erabiltzen da. Gainera, beste zenbait forma farmazeutikoren osagaia ere bada (disoluzioetan zaporea zuzentzeko edo loditzeko eta bikortatuen aglutinatzailea).
  • Medikamentudun jarabea: jarabe bakunei printzipio aktiboa gehituz lortzen den jarabea.

Jarabeen osagaiakAldatu

Azukrearen funtzioak jarabeanAldatu

Azukredun jarabeetan azukrea osagai nagusia da, eta hainbat funtzio betetzen ditu:

  • Gozotzailea: azukreak jarabeari zapore gozoa ematen dio eta farmakoen zapore txarrak ezkutatzeko balio du.
  • Likatzailea: azukreak jarabearen likatasuna areagotzen du. Hori garrantzitsua da kontuan edukiz jarabeak pediatrian eta geriatrian erabiltzen direla. Lehenengo kasuan, umeak ez direnez geldi egoten, likatasunari esker mugitu arren ere jarabea ahoan mantendu daiteke. Bigarren kasuan, pertsona helduek normalean jarabea koilara batekin hartzen dutenez, oso likidoa balitz, koilaratik erortzea erraza izango litzateke eta ondorioz, dosiaren zati bat galduko litzateke.
  • Kontserbatzailea: azukrea asetze kontzentrazioraino gehitzen denez, jarabean ez da ur librerik geratzen. Urik gabeko inguruneetan ezin dira mikroorganismoak hazi; beraz, azukreak kontserbatzaile lana egiten du.
  • Disolbatzailea: azukreak uraren konstante dielektrikoa jaisten du. Osagai ez hain polarrek uretan duten disolbagarritasuna areagotzen du.

Dena den, azukreak arazo batzuk ere eragin ditzake:

  • Kristalizazioa: jarabea berotan prestatu ondoren hoztean azukrearen asetze maila gutxitu egiten da; horren ondorioz, azukrearen kristalizazioa gerta daiteke.
  • Printzipio aktiboa disolbatzea zaildu dezake: azukrea asetze kontzentrazioraino gehitzen denez, ez da ur librerik geratzen, eta ondorioz, osagai aktiboa bertan disolbatzea zaildu egiten da.

Jarabeen prestaketaAldatu

Prestaketa metodo hotzakAldatu

Metodo hau kolorerik gabeko jarabeak lortzeko erabiltzen da. Metodo honetan erabiliko diren osagaiak hotzean lurrunkorrak izan behar dira, eta beste metodoek baino egonkortasun hobea du. Desabantaila nagusia prozesuaren iraupen luzea da.

Jarabeak hotzean prestatzeko hiru metodo daude:

  • Irabiaketa bidezko metodoa: ura ontzi batean jarri eta irabiatuz pixkanaka azukrea gehitzen da. Gehiegizko likatasuna saihestu behar da. Metodoan aldaera bat egin daiteke: lehendabizi, sakarosa urarekin hezetu, eta ondoren, irabiatuz hezetutako sakarosari gainontzeko ura gehitu.
  • Perklolazio bidezko metodoa: perkoladorea inbutuaren antzeko tresna bat da. Inbutuaren ahoan kotoia jartzen da eta gainean azukre geruza bat (azukre bikor lodiak erabiltzen dira kotoia ez butxatzeko). Ondoren, ur destilatua fluxu egokiarekin perkoladoretik pasarazten da; urak sakarosa disolbatzen du, eta kotoiari esker sakarosa disolbatuta daraman ura iragazten da. Iragazitako ura beheko ontzian jasotzen da. Metodo azkarra da eta jarabe argia lortzen da. Maixu prestakinetan erabiltzen den metodoa da.
  • Sakarolizatzaile bidezko metodoa: industrian erabiltzen den metodoa da. Modu jarraian egiten da eta ez du irabiaketarik behar. Azukrez beteta dagoen ontzi zilindrikoaren eta jarabea biltzeko ontziaren artean iragazki bat jartzen da. Ondoren ontzi zilindrikora ura modu jarraian gehitzen da, eta ontziko azukrea disolbatzen da. Azukrea disolbaturik duen urak iragazkia igarotzen du, eta biltzeko ontzira pasatzen da. Biltegiratze ontzian kokatutako dentsitometroak bildu den jarabearen dentsitatea neurtzen duenez, momenturo kontrolatu daiteke.

Prestaketa metodo beroakAldatu

Formulazioaren osagaiak lurrunkorrak edo termosentikorrak ez direnean erabili daiteke. Metodo honek azukrearen disoluzioa erraztu, uretan disolbaturiko CO2-a eliminatu eta sakarosaren hidrolisia murrizten ditu, gainera hotzean egindako metodoa baino azkarragoa da.

Desabantaila nagusiak ondorengo hauek dira: azukrearen karamelizazioa, sakarosaren hidrolisia edo alderanzketa, gozotasuna (fruktosak eragindakoa), iluntasuna, kutsadura (hartzidura) arriskua eta uraren lurrunketa.

Metodo hau egoera berezietan soilik erabiltzen da; hala nola, jarabeen substantzia proteikoak eliminatu nahi direnean eta azukre erreduktoreen presentziak printzipio aktibo oxidagarriak babestu ditzakeenean.

Jarabeen prestaketa industrialaAldatu

Printzipio aktiboa (farmakoa) gehitzeko 3 prozedura daude:

  • Printzipio aktiboa jarabe bakunean disolbatzea: osagaiak ur kantitate txikian disolbatzen dira eta ondoren jarabe bakunari gehitzen zaizkio.
  • Azukrea medikamentuzko likidoan disolbatzea: farmakoa eta substantzia laguntzaileen disoluzioa prestatu ondoren azukrea gehitzen zaio.
  • Jarabe bakuna medikamentuzko likidora gehitzea: jarabeak likidoak diren estraktu jariakorrak, tinturak edo medikamentuak dituenean (likidoa:jarabea proportzioa = 5:95) erabiltzen da prozedura hau.

Jarabeen argitzapenaAldatu

Jarabeak prestatu ondoren iragazi egin behar dira, horretarako bi modu daude:

  • Iragazketa arrunta: iragazki paperarekin egiten da.
  • Presiopeko iragazketa: prentsa-iragazkiekin egiten da (industrian erabiltzen da).

Partikulen tamaina txikia denean adsortzioa egin behar da lehendabizi (paper orea, talkoa, Mg karbonatoa, albumina) eta iragazketa ondoren.

Jarabeetan ager daitezkeen aldaketakAldatu

Aldaketak kanpo-faktoreek (O2, CO2, hezetasuna, tenperatura eta argia) edo barne-faktoreek (pHa eta osagaiak) eragin ditzakete.

AldaketakAldatu

  • Azukrearen kristalizazioa: jarabea beroan prestatu ondoren hoztean azukrearen asetze kontzentrazioa gutxitu egiten da; horren ondorioz azukrearen kristalizazioa gerta daiteke. Gainera, biltegian tenperatura baxuak badira, disolbagarritasuna ere gutxitu egiten da. Horregatik guztiagatik mikroorganismoen hazkuntza errazago gerta daiteke. Azukrearen kristaltzea ekiditeko sakarosa jarabea, glukosa jarabearekin edo sorbitol disoluzioekin ordezkatu daiteke.
  • Sakarosaren alderanzketa: jarabea tenperatura altua dagoen lekuetan gordetzen bada, sakarosaren alderanzketagatik etanola eta CO2-a eratu daitezke.
  • Kutsadura mikrobianoa: jarabeko azukre kontzentrazioa asetze puntua baino txikiagoa denean gerta daiteke, baita beroan prestatu ondoren azkar ontziratzen bada ere. Azken kasu horretan kondentsazioa gertatuko da, eta ontziaren gainazalean ur geruza bat eratuko da mikroorganismoen hazkuntza faboratuko duen ingurunea sortuz. Kutsadura ekiditeko jarabea giro freskoan kontserbatu behar da, eta argitik eta berotik babestu behar da.
  • Kolore aldaketa edota arretasuna: Azukrearen hartziduragatik gertatzen da.

Ontziratzea eta biltegiratzeaAldatu

Plastiko opakoa edo topazio beira erabiltzen da jarabea argitik babesteko. Izan ere, argiak sakarosaren alderanzketa katalizatu eta printzipio aktiboaren egonkortasunean eragin dezake.

Ontziak bete baino lehen ondo lehortu behar dira (urik egotekotan jarabearen ur/sakarosa proportzioa aldatuko litzatekeelako) eta ontziak ia guztiz bete behar dira.

Leku freskoan biltegiratu behar dira kristalizazioa, sakarosaren alderanzketa eta hartzidura saihesteko; izan ere, beroak prozesu horiek guztiak gertatzea errazten du.

ErreferentziakAldatu

  1. Euskalterm: [Hipermerkatuetako Produktuak Hiztegia] [2009]
  2. Euskalterm: [Erlezaintza Hiztegia] [2018]
  3. Euskalterm: [Hiztegi Terminologikoa] [2009]

BibliografiaAldatu

1.- Martínez Pacheco, R. Tratado de Tecnología Farmacéutica. Volúmenes I, II y III Ed. Síntesis. Madrid. 2016.

2.- Lozano, C., Córdoba, D., Córdoba, M. Manual de Tecnología Farmacéutica. Ed. Elsevier. Barcelona. 2012.

3.- Vila Jato. Farmazia-Teknologia. II liburukia. Forma Farmazeutikoak. Unibertsitateko argitalpen zerbitzuak (UPV/EHU), Bilbo 2007.

4.- Aulton, M.E. Pharmaceutics. The Science of dosage form design. 2ª Edición. Churchill Livingstone. New York. (2002). Gaztelanierara itzulita. Elsevier España. Madrid 2004.

5.- Farmakopea espainiarra:https://www.aemps.gob.es/profesional-sanitario/farmacopea/?lang=eu

6.- Farmakopea europarra: https://www.edqm.eu/en/european-pharmacopoeia-ph-eur-10th-edition-

7.- USP (U.S. Pharmacopeia): https://www.usp.org/

6.- Formulario nacional: https://www.aemps.gob.es/formulario-nacional/

Ikus,gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu