Joanes Uharte Donibanekoa

Joanes Uharte Donibanekoa[1] —nazioartean Juan Huarte izen-deiturez ezaguna[2]— (Donibane Garazi, Nafarroa Beherea, 1529ko bukaera edo 1530eko hasiera - Linares, Jaen, Espainia, 1588) mediku eta filosofoa izan zen. Aragoin eta Gaztelan ikasi zuen, Huescako eta Alcala de Henaresko unibertsitateetan, Giza Zientziak eta Medikuntza, hurrenez hurren.

Joanes Uharte Donibanekoa

Bizitza
JaiotzaDonibane Garazi1529/1530
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
HeriotzaBaeza1588 (58/59 urte)
Hezkuntza
HeziketaAlcalako Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmedikua, filosofoa eta idazlea

Bizitza

aldatu

Oso gazte zela, Gaztelara aldera jo zuen haren familiak eta Baezan (Jaen) bizilekua hartu. 1530ean egin zion uko Karlos V.a enperadore eta Gaztelako erregeak Nafarroa Behereari, Fernando Katolikoak Nafarroa inbaditu ondoren (1512) eta, Gaztelako erregearen zerbitzariak zirelako edo, uhartetarrek lurralde hura utzi egin behar izan zuten.

Arte eta Filosofiako ikasketak egin zituen Huescako Unibertsitatean eta Medikuntzakoak Alcalako Unibertsitatean. Medikua izan zen lanbidez, baina filosofoa izatez. Eskolastikako filosofian ikasia zen arren, etikako eta metafisikako alorretatik aldendu eta naturari buruzko gogoetak egin zituen, filosofia berri baten ildoan.

Idazlan nagusia: Zientzietarako argimenen azterketa

aldatu
 
Examen de ingenios para las sciencias, 1603.

1575ean Baezan (Jaen) eman zuen argitara lehenengo aldiz Examen de ingenios para las sciencias (gaztelaniaz idatzia; euskaraz Zientzietarako argimenen azterketa Xabier Kintanaren itzulpena, 1996), Uharteren lan nagusia, handik aurrera argitalpen eta itzulpen ugari izan zuen obra. Psikologia, neurologia, pedagogia, antropologia, patologia eta soziologia arloak jorratzen ditu. Idazlanak arrakasta eta oihartzun handia lortu zuen, eta XVI. mendea amaitu baino lehen Espainian lau aldiz berrargitaratu behar izan zuten, besteak beste Iruñean 1578an. Halaber, hainbat hizkuntzatara itzuli zuten, besteak beste latinera, frantsesera, italierara, ingelesera eta alemanera.

Kordobako eta Madrilgo Inkisizioaren auzitegiaren aurrean salatua izan zen 1579an, eta Inkisizioak debekaturiko liburuen zerrendan zegoen lau urte geroago. Liburuari zuzenketak egin ziezazkiola agindu zion Inkisizioak, eta agindua bete zuen arren (1594an, Uharte hil ondoan, eman zen ezagutzera bigarren bertsioa), Vatikanoko II. Kontzilioa arte ez zen zentsuraren atzaparretatik libre egon. Debekuak gorabehera, liburuak eragin handia izan zuen hainbat idazlerengan: adibidez, Miguel de Cervantesek Kixotea idazteko inspirazio iturri izan zuen.

Examen de ingenios para las sciencias obra psikologia modernoaren korronte fisiologiko eta esperimentalaren aitzindaritzat hartzen da gaur egun, eta frenologiari buruz XIX. mendean idatzi zuten ikerlari batzuentzat inspirazioa ere izan zen[3].

Kaleak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Joanes Uharte Donibanekoa: Zientzietarako argimenen azterketa (Xabier Kintanaren itzulpena, 1996).
  2. «Berriz ere Kintanari segituz Joanes Uharte Donibanekoa gomendatzen dugu; nazioartean Juan Huarte erabiltzen da.»
    Irati ICIAR eta Jaione AGIRRE: «Euskal forma onomastiko baten proposamena pertsona izen historikoen azterketan oinarrituta», Euskalgintza XXI. mendeari buruz, Euskaltzaindiaren Nazioarteko XV. Biltzarra.
  3. «Mariano Cubí, propagador de la frenología en España. Con una breve recuerdo del auge y caída de la frenología» nah.sen.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-14).

Kanpo estekak

aldatu