Gabriel García Márquez
Gabriel José García Márquez (Aracataca, Magdalena, 1927ko martxoaren 6a - Mexiko Hiria, Mexiko, 2014ko apirilaren 17a) kolonbiar idazlea eta kazetaria izan zen.
Latinoamerikako idazlerik famatuenetakoa izan zen munduan, "errealismo magikoa" estiloaren sortzailerik ospetsuenetakoa. 1967an argitaratu zuen "Cien años de soledad", haren libururik ezagunena, baina bere bizitzan zehar lan mordo bat idatzi zuen, munduan barrena asko irakurri diren lanak. 1970ean "persona non-grata" izendatu zuten Kolonbian, orduko presidente militarrak hala erabakita, idazlearen aktibismo politikoa zela-eta. 1982an, Estokolmon, Literaturako Nobel Saria jaso zuen[1].
Bizitza eta lanakAldatu
Gabriel García Márquez, Gabriel Eligio García eta Luisa Santiaga Márquezen semea zen. Bere gurasoak maitemindu zirenean, amaren aitak, Nicolás Ricardo Márquez Mejía koronelak, harreman hura gaitzetsi egin zuen, Aracatacara telegrafista gisa iritsi zen Gabriel Eligio García bere alabarentzako gizon desegokia zela uste zuelako. Izan ere, senargabeko amaren semea zen, Kolonbiako Alderdi Kontserbadoreko kidea eta emakumezalea[2]. Bikotea banantzeko asmoz, Luisa hiritik atera zuten, baina Gabriel Eligiok erraz gorteatu zuen Luisa bibolinez jotako serenatekin, maitasunezko poemekin, gutunekin eta maiz bidaltzen zizkion mezu telegrafikoekin. Azkenean, familiak amore eman zuen eta 1928ko ekainaren 11n ezkondu ziren Santa Martan. Gurasoen tragikomedia hau inspirazio-iturria izan zen semearentzat, El amor en los tiempos del cólera liburua idazteko[2].
Gabriel (Gabo) jaio eta gutxira, bere aita farmazialari gisa hasi zen lanean, eta 1929ko urtarrilean Barranquillara joan zen bizitzera, Luisarekin, Gabriel semea Aracatacan utziz, amaren aldeko aitona-amonen zaintzapean. Haurtzaroko lehen urteak, 1936. urtera arte, aitona-amonekin pasa zituenez[3], bere aitona Nicolás Márquez koronelaren eragin zuzena jaso zuen, zeinak gaztetan Medardo Pacheco akabatu zuen duelu batean eta bere hiru seme ofizialez gain, beste bederatzi ume izan zituen emakume desberdinekin. Amaren ama, Tranquilina Iguarán Cotes (berarentzat amona Mina), “irudimen eta superstizioso handiko emakume” gisa deskribatzen zuen García Márquezek, etxea mamuen istorioekin, aieruekin, augurioekin eta seinale misteriotsuekin betetzen zuen emakume gisa, eta aitonaren eragina handia izan bazen, ez zen gutxiago izan amonarena; García Marquezek berak esanda, bere eragin literario nagusia izan zen amona[4]; batez ere, amonak istorioak kontatzeko zuen gaitasun hori izan zen bere inspirazio nagusia; bere kontakizunak, oso fantastiko, ezohiko edota sinesgaitzak izanik ere, egiazkoak bailiran kontatzeko zuen gaitasun hori. Amona Mina izan zen, halaber, 30 bat urte beranduago García Marquezek Cien años de soledad eleberrian (bere nobelarik ospetsuenean) aurkeztu zuen Ursula Iguarán pertsonaia sortzeko inspirazio nagusia.
1943a urte erabakigarria izan zen Gaborentzat, bere bizitzan egingo zituen bidaia ugari guztien abiapuntua izango zen lehenengo bidaia egin baitzuen, Bogotara, eta han egin zuen Batxillergoa, Liceo Nacional de Zipaquirá ikastetxean.
1944an bere bizitzako maitea izango zena ezagutu zuen, berarengandik bananduko ez zen adiskidea, literaturan izan zuen konplizea, bere ametsak betetzeko babes osoa emango zion emakumea; Mercedes ezagutu zuen, hamaika urteko neskatila.
1947. urtean, Bogotako Universidad Nacional de Colombian Zuzenbideko ikasketak hasi zituen urte berean hasi zen El Espectador egunkarian bere lehenengo ipuinak argitaratzen. Zehazki, 1947ko irailaren 17an argitaratu zen bere lehenengo ipuina, La tercera resignación. Argitalpen horiek Ojos de perro azul liburuan bildu zituen gero.
1948. urtean, Juan Roa Sierra izeneko gizon batek Jorge Eliécer Gaitan hil zuen Bogotan, eta hilketa hark hirian eragin zuen zalapartaren eraginez, Cartagena hirira lehenik eta Barranquillara gero mugitu zen García Márquez, non norabiderik eta dirurik gabe pasatu zituen hainbat hilabete; parkeetan lo egiten hasi zen eta prostituten auzo batean bizitzen bukatu zuen, Barranquillako El Universal eta Heraldo de Barranquilla izeneko egunkarietan lanean hasi zen arte. La Jirafa deitu zion bere zutabeari. Urte gogorrak bizi izan zituen arren, zoriontsua zen[5].
1954. urtean, Bogotan, El Espectador egunkariko erredakzioan sartu zen, eta zinemako kritikak eta erreportajeak idazten zituen[3].
1955. urtean bere lehenengo saria irabazi zuen, Un día después del sábado lanarekin, eta La Hojarasca bere lehen eleberria argitaratu zuen. La hojarasca nobelan, Faulknerren eraginpean, gerora oinarri izan zuen literatur mundua eraiki zuen. Izan ere, bertan agertzen dira ondorengo eleberrietan eta kontakizun laburretan azaltzen diren hainbat pertsonaia eta giro, eta baita Macondo ere, García Márquezek sortutako alegiazko herria.
Urte haietan, Kolonbian, errepresio politikoa areagotzen ari zen, eta ezkerreko ideologia zuten kazetarien atzetik hasi zen erregimena. Ondorioz, kazetari, zinemako berriemaile eta nobelagile gisa lehenengo arrakastak lortzen hasi zen une hartantxe, bere herrialdetik ateratzea erabaki zuen.
1955-58 urte bitarteak Europan pasa zituen kazetari-lanetan, El Espectador egunkariko berriemaile gisa, eta zinema munduarekin eta glamourrarekin txundituta, zinemako ikasketak egin zituen Italian.
Hiru urte Ekialdeko Europan barna ibili ondoren, Caracasera joan zen Revista Momento delakoan kazetari gisa lan egitera, eta 1958an Kolonbiara itzuli zen, Barranquillara, Mercedes Barcharekin ezkontzera.
1959an Cubara joan zen, Plinio Apuleyorekin batera, hango iraultzaren berri bertatik bertara emateko asmoz. Urte berean jaio zen, halaber, bikotearen lehenengo semea, Rodrigo (zinemagile izatera iritsi zena). Eta handik gutxira Habanara joan zen lanera, Prensa Latina izeneko erredakzioan kazetari berriak formatzeko arduradun gisa. Habanako giroa zapuzten hasi zenean, Prensa Latina bulegoak irekitzen hasi zen Latinoamerikako hainbat hiriburutan eta 1961ean New Yorkera bidali zuten Gabo, berriemaile gisa, bere familiarekin. Urte horretan argitaratu zuen El coronel no tiene quien le escriba. Baina iraultzaren aurka zeuden disidente kubatarrengandik mehatxuak eta kritikak jasotzen hasi zen, bere erreportajeetan kontatzen zuenarekin bat egiten ez dutelako, familiari beldurra sartu zitzaion eta Mexikora mugitu ziren, lasaitasun bila. Mexiko Hiriaan jarri ziren bizitzen 60. hamarkadaren hasieran eta hantxe jaio zen bigarren semea, Gonzalo (diseinatzaile grafikoa). 1962an, Gonzalo jaio zen egun berean, eman zioten 3.000 dolarreko balioa zuen ESSO Eleberriaren Saria, La mala hola lanarekin[6]. Los funerales de la Mamá Grande ere urte berean argitaratu zuen, 1962an.
La casa eleberria idazteko ideia buruan zuela, ez aurrera ez atzera geratu zen, bere karrera literarioa bukatutzat zegoela sentitzera iritsi arte. Eta orduan zinema munduan hasi zen lanean. Carlos Fuentes idazle mexikarrarekin batera Juan Rulforen El gallo de oro lana egokitu zuen zinemarako gidoi formatura eta Arturo Ripsteinek zuzenduko zuen Tiempo de morir filmaren gidoia ere idatzi zuen bere lan-taldearekin. Gerora, aipatu zuzendariak Gaboren hainbat lan zinemaratuko zituen. Lan zinematografiko hauek lasaitasun ekonomiko bat eman zioten familiari. Baina García Márquezek idatzi egin nahi zuen, idaztea zen bere izateko arrazoia.
Mexiko Hirian bizi izan ziren urte haietan idatzi zuen Cien años de soledad, 1967ko maiatzaren 30ean argitaratu zena eta bere lanik esanguratsuena izan dena. Lehenengo edizio hartan 8.000 kopia atera ziren eta 2 asteko epean saldu ziren ale guztiak. Hurrengo hiru hamarkadatan 37 hizkuntzatara itzuli zen eta 25 milioi ale saldu ziren mundu osoan. Ikaragarrizko arrakasta izan zuen lanak eta berehala bilakatu zen Latinoamerikako arimaren ispilu eta mundu osoko nobelista garrantzitsu gehienen eredu. Macondo herrian bizi den Buendía familiaren historia kontatzen duen eleberri honek errealismo magikoa du ardatz. Bestalde, garai hartako literaturan erabateko eragina izan zuen liburu honi ahozko tradizioaren kutsu handia antzematen zaio.
1975ean, El otoño del patriarca idatzi zuen, diktadore elezaharreko baten historia, zehatz kontatua.
1981ean, Crónica de una muerte anunciada (Heriotza iragarritako baten kronika, Xalbador Garmendiak itzulia) kaleratu zen.
García Márquezen beste lan batzuk dira El amor en los tiempos del cólera (1987), El general en su laberinto (1989, Jenerala bere laberintoan, Xabier Mendigurenek itzulia) edota Doce cuentos peregrinos (Hamabi ipuin xelebre, 1992).
1982an Literaturako Nobel saria jaso zuen Estokolmon.
LanakAldatu
NobelakAldatu
- 1955 - La hojarasca
- 1961 - El coronel no tiene quien le escriba
- 1962 - La mala hora
- 1967 - Cien años de soledad
- 1975 - El otoño del patriarca
- 1981 - Crónica de una muerte anunciada
- 1985 - El amor en los tiempos del cólera
- 1989 - El general en su laberinto
- 1994 - Del amor y otros demonios
- 2004 - Memoria de mis putas tristes
Nobela eran idatzitako erreportajeakAldatu
- 1970 - Relato de un náufrago
- 1986 - Las Aventuras de Miguel Littín Clandestino en Chile
- 1996 - Noticia de un secuestro
IpuinakAldatu
- 1962 - Los funerales de la Mamá Grande
- 1968 - Un señor muy viejo con unas alas enormes (zinemarako egokitu izan zena)
- 1968 - El ahogado más hermoso del mundo
- 1972 - La increíble y triste historia de la cándida Eréndira y de su abuela desalmada
- 1972 - Ojos de perro azul (bere lehenengo ipuinen bilduma)
- 1992 - Doce cuentos peregrinos
Kazetari-lanakAldatu
- Cuando era feliz e indocumentado (1973)
- Chile, el golpe y los gringos (1974)
- Crónicas y reportajes (1976)
- De viaje por los países socialistas (1978). Fue reeditado por Penguin Random House en 2015 bajo el título De viaje por Europa del Este.
- Periodismo militante (1978)
- Obra periodística 1. Textos costeños (1948-1952) (1981)
- Obra periodística 2. Entre cachacos (1954-1955) (1982)
- Obra periodística 3. De Europa y América (1955-1960) (1983)
- Obra periodística 4. Por la libre (1974-1995) (1984; ampliado en 1999)
- La soledad de América Latina. Escritos sobre arte y literatura 1948-1984 (1990)
- Obra periodística 5. Notas de prensa (1961-1984) (1991; ampliado en 1999)
- El amante inconcluso y otros textos de prensa (2001). Selección de notas publicadas en la revista Cambio.
- Gabo periodista (2013)
- Gabo. La nostalgia de las almendras amargas (2014). Selección de notas publicadas en la revista Cambio.
- Gabo contesta (2015). Respuestas a los lectores de la revista Cambio.
OroitzapenakAldatu
AntzerkiaAldatu
HitzaldiakAldatu
- 1983 - Nuestro primer premio Nobel.
- 1983 - La soledad de América Latina / Brindis por la poesía.
- 1986 - El cataclismo de Damocles.
- 1992 - El coloquio de invierno, Carlos Fuentes eta Fernando del Pasorekin.
- 1995 - Un manual para ser niño.
- 1996 - Por un país al alcance de los niños.
- [[2007] - Cien años de soledad y un homenaje, Carlos Fuentesekin.
- 2010 - Yo no vengo a decir un discurso.
EuskaratuakAldatu
- 1982 - Heriotza iragarritako baten kronika (Crónica de una muerte anunciada). Sendoa argitaletxea. Itzultzailea: Xalbador Garmendiak[7].
- 1990 - Jenerala bere laberintoan (El general en su laberinto). Elkar argitaletxea. Itzultzailea: Xabier Mendiguren[8].
- 1992 - Koronelari ez dio inork idazten (El coronel no tiene quien le escriba). Ibaizabal argitaletxea. Itzultzailea: Tomás Sarasola[9].
- 1998 - Naufrago baten kontakizuna (Relato de un náufrago). Ekain argitaletxea. Itzultzailea: Eneko Barrutia Etxebarria[10].
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Gabriel García Márquez. (Noiz kontsultatua: 2018-05-24).
- ↑ a b García Márquez, Gabriel. Vivir para contarla. Norma (Bogotá)(1. edizioa) ISBN 978-958-04-7016-8..
- ↑ a b García Márquez, Gabriel. (1982). Heriotza iragarritako baten kronika. Sendoa, 1982, Hitzaurrea or. ISBN 84-02-07693-9..
- ↑ García Márquez, Gabriel. (1982). El olor de la guayaba:conversaciones con Plinio Apuleyo Mendoza/Gabriel García Márquez. Ed. Bruguera (Barcelona), 1982 ISBN 84-02-08803-1..
- ↑ Pantoja, Óscar. GABO, memorias de una vida mágica. Ed. Sins entido (Madrid), 2013 ISBN 978-84-15530-21-3..
- ↑ Martin, Gerald. Gabriel García Márquez: una vida. Nueva York: Knopf Doubleday Publishing Group, 2009 ISBN 0-307-47228-0, 9780307472281..
- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-15).
BibliografiaAldatu
Ikus, gaineraAldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gabriel García Márquez |