Etta Federn

idazle, itzultzaile, pedagogo eta anarkofeminista austriarra (1883 - 1951)

Etta Federn edo Marietta FedernEtta Federn-Kohlhaas, Etta Federn-Kirmsse eta Esperanza izenez ere ezaguna— (Viena, 1883ko apirilaren 28aParis, 1951ko maiatzaren 9a), idazle, itzultzaile, pedagogo, militante anarkista, anarkosindikalista eta anarkofeminista austriarra izan zen, eta, Bigarren Mundu Gerraren aurreko Alemanian, letra-emakume garrantzitsua.[1] 1920ko eta 1930eko hamarkadetan parte hartze nabarmena izan zuen Alemaniako eta Espainiako mugimendu anarkosindikalistan.

Etta Federn
Bizitza
JaiotzaViena1883ko apirilaren 28a
Herrialdea Frantzia
 Austria
HeriotzaParis1951ko maiatzaren 9a (68 urte)
Familia
AitaJoseph Salomon Federn
AmaErnestine Federn
Ezkontidea(k)Max Kirmsse (en) Itzuli  (1916ko irailaren 28a -  1919ko apirilaren 23a)
Peter Paul Kohlhaas (en) Itzuli  (1921eko abenduaren 8a -  1934ko urtarrilaren 23a)
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hezkuntza-mailadoktoretza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakliteratura-kritikaria, idazlea, itzultzailea eta sindikalista
MugimenduaFrantziako Erresistentzia
Izengoitia(k)Esperanza

1905ean, Berlinera joan zen bizitzera, eta han literatura kritikari, itzultzaile, eleberrigile eta biografo gisa jardun zuen. 1932an, naziek boterea lortu zutenean, Federn Bartzelonara joan zen. Han, 'Mujeres Libres' talde anarkofeministaren kide egin zen, eta mugimenduaren idazle eta pedagogo bihurtu zen.[2] 1938an, Espainiako Gerra amaitu baino lehenxeago, Frantziara ihes egin behar izan zuen. Han, Gestapok atxilotu egin zuen, erresistentzia frantsesaren jarraitzailea eta judua zelako. Bigarren Mundu Gerra ezkutuan pasatu behar izan zuen.[3]

Alemanian 23 liburu argitaratu zituen; haien artean, daniera, errusiera, bengalia, antzinako greko, yiddish eta ingelesezko obren itzulpeak. Espainian egon zenean ere bi liburu argitaratu zituen.

Etta Federn eta bere bi semeen bizitzak 1948ko Skuggan av Marten (Mart-en itzala) antzerki obra inspiratu zuen. Antzezlanaren egilea Stig Dagerman izan zen, 31 urte zituela bere buruaz beste egin baino lehen zenbait eleberri, joko eta artikulu argitaratu zituen idazle suediarra.[4] 2017an, New Yorkeko August Strindberg Repertory Theatre konpainiak ingelesezko bertsioa antzeztu zuen.[4]

Biografia aldatu

Federn Vienako familia judu burges batean jaio zen. Ama, Ernestine Spitzer aktibista sufragista eta margolaria, emakumeentzako arte-eskola baten sortzaileetako bat izan zen. Aita Salomon Federn izan zen, bere ikerketekin arteria-presioaren neurketek barne-medikuntzan duten garrantziaz ohartu zen mediku aitzindaria. Aitaren aldeko aitona, Bunzlfedern, Pragako errabino ezagun bat izan zen.[5][6][7]

Ettaren neba-arrebak Paul, Walther, Karl eta Else izan ziren. Paul Federn psikoanalista eta Sigmund Freud-en lehen jarraitzaile eta kideetako bat izan zen. Egoaren psikologian eta psikosien tratamenduan aditua eta Vienako Elkarte Psikoanalitikoko lehendakariordea izan zen. Walther Austriako kazetari ospetsua izan zen, ekonomian aditua, Hitler botereaz jabetu baino lehen. Karl abokatua izan zen. Erresuma Batura ihes egin zuen, eta han, famatu egin zen haren idazki antimarxistengatik. Else ahizpa langile soziala zen Vienan. Gizartearen erreformaren aldeko ekintzailea izan zen Londresen egon zenean ezagutu zuen Settlement mugimenduan. 2013an, Vienako parke bati haren izena eman zioten bere omenez.[8]

Federn-en lehen senarra Max Bruno Kirmsse izan zen, adimen urriko haurren irakasle alemana. Bigarren senarra Peter Paul Kohlhaas ilustratzailea izan zen.[9] Bi seme izan zituen, Hans eta Michael. Seme nagusia, Frantziako erresistentzian Jean kapitaina ezizenaz jardun zuena, nazien kolaboratzaileek hil zuten 1944an.[10]

Ibilbide profesional eta politikoa aldatu

Vienan eta Berlinen, Federnek literaturaren historia, alemaniar filologia eta antzinako greziera ikasi zituen. Idazle gisa, genero asko jorratu zituen: artikuluak, biografiak, literatur azterlanak, poesia eta abar. Horrez gain, Aleksandra Kollontai, Hans Christian Andersen, William Shakespeare eta beste batzuen lanak itzuli zituen.[10] Argitara eman ez zuen nobela bat idatzi zuen.

Kazetari gisa, literatura kritikak idatzi zituen Berliner Tageblatt egunkarian. Dante Alighieri-ren eta Christiane Vulpius-en, Goethe-ren emaztearen, biografiak idatzi zituen. 1927an, Walther Rathenau-ren biografia argitaratu zuen. Rathenau, Alemaniako Atzerri Arazoetako ministro judu liberala, eskuineko terrorista antisemitek hil zuten 1922an. Handik aurrera, biografia horrengatik, Federnek nazien heriotza-mehatxuak jasan beharko zituen. 1920ko hamarkadan, zenbait anarkistak osatutako talde bateko kide egin zen; haien artean Mollie Steimer, Senya Fleshin eta Emma Goldman zeuden, eta baita adiskide handiak izango zituen Rudolf Rocker eta Milly Witkop bikotea ere.[11][12] 1921ean Alemaniako Langile Libreen Sindikatuak (FAUD) sortutako SFB (Syndikalistischer Frauenbund) Emakume Sindikalisten Federazioko kide izan zen, eta zenbait egunkari eta aldizkari anarkistatan kolaborazioak idatzi zituen.[13] Garai hartan, sexu-hezkuntzako eta kontrazepzio-metodoen erabilerako kanpainetan ere parte hartu zuen.[10]

Berlinen, yiddish-ez idazten zuten zenbait poeta judu poloniarrekin ere harremanak izan zituen. Federnek, 1931n, Abraham Nahum Stencl-en Fischerdorf (Arrantza-herria) poesia-bilduma itzuli zuen. Olerkari poloniarraren 'emozio poetiko grinatsua' miresten zuen Thomas Mann-ek berak itzulpena berrikusi zuen eta ederretsi egin zion.[14]

1932an, nazien erregimenean bere idatziak argitaratzea ezinezkoa izango zuela ikusirik, Berlinetik alde egin zuen. Handik aurrera, Hirugarren Reich-ak arbuiaturiko idazleetako bat izan zen. Semeekin Bartzelonara joan zen erbesteraturik, eta han itzultzaile gisa lan egin zuen. Bere etxea hainbat anarkista alemaniar atzerriraturen topaleku izango zen. Egunkarietako artikulu batzuetan, Federn kiromantiko eta etorkizuneko iragarletzat jo zuten, kirologiaz eta grafologiaz zuen ezagutzagatik.[15]

Gaztelania eta katalana ikasi zituen, eta 1932-1936 artean Bartzelonako kultura-munduan ohiko parte hartzailea izan zen. Garai hartako artista eta intelektualak elkartu ohi ziren "11 club" tertulian parte hartu zuen. Han izaten ziren, beste batzuen artean, Félix Martí Ibáñez, Aurora Bertrana, Mercè Plantada, Corominas eta Ferenc Oliver Brachfeld. 1935ean, Bartzelonako Ateneoan Thomas Mann-en jaiotzaren hirurogeigarren urteurrena zela eta egin zen omenaldian parte hartu zuen. 1936an, "Emakumearen egoera zenbait herrialdetan" ikastaroa eman zuen Ateneo Polytechnicum-en.[16] Urte berean, Mujeres Libres erakunde anarkistarekin bat egin eta artikulu batzuk argitaratu zituen taldeak argitaratzen zuen izen bereko aldizkarian.[17] Bartzelonako Mi Revista aldizkarian ere parte hartu zuen.[15][18]

Etta Federnek, emakume anarkista askoren moduan, alfabetatzeak emakumeentzat duen garrantzian sinesten zuen, eta baita jaiotza-kontrolean, sexu-askatasunean eta ama onak izateko hezitako emakumeen boterean ere.[19]

« «Emakume kontzienteek beren esperientzien eta sufrimenduen berri ematen dute, eta, horrez gain, beren seme-alaben sentsazio eta inpresioez intuitiboki ohartzen dira eta ulertu egiten dituzte. Hezitzaile onak dira, zaintzen dituzten umeen lagunak direlako». »
Etta Federn “Maternidad y maternalidad”. Mujeres Libres 12.

1937an lau eskola aurrerakoi sortu eta zuzendu zituen Blanes-en. Bertan, balio laiko eta antimilitaristetan oinarrituriko heziketa eskaini zien bai umeei eta baita irakasle izango ziren ikasleei ere. CNTko (Lanaren Konfederazio Nazionala) Blanesko Federazioan afiliatu zen. Garai honetan, Espainiako Gerran parte hartu zuten miliziano anarkosindikalista alemanei zuzendutako Die Sociele Revolution aldizkarian kolaboratu zuen. Bertan, Francisco Ferrer i Guardia-ren hezkuntza-erreformari buruzko sinatu gabeko artikuluak argitaratu zituen. 37ko maiatzeko gertaerak izan zirenean, Bartzelonara itzuli zen, han bere hezkuntza lanetan segitzeko seguruago sentitzen baitzen, Blanesen komunistak etenik gabe zebiltzalako haren atzetik zelatan. Bartzelonan, Mujeres Libres erakundeak kudeatzen zuen La Casa de la dona treballadora etxean eskolak eman zituen. 1938an, erakundeak Federnek idatzitako Mujeres de las Revoluciones (Iraultzetako Emakumeak) liburuxka argitaratu zuen. Bertan, dozena bat emakume iraultzaileren biografiak aurkeztu zituen (Emma Goldman, Inga Nalbandian, Madame Roland, Liy Braun, Emmeline Pankhurst, Angélica Balabánova, Rosa Luxenburgo, Charlotte Corday, Ellen Key, Vera Figner, Isadora Duncan eta Alexandra Kollontai).[15] 1997an, liburua alemanez berrargitaratu zuten, Revolutionär auf ihre Art. Von Angelica Balabanoff bis Madame Roland. 12 Skizzen unkonventioneller Frauen izenburuarekin; eta 2022an, Anarquismo en pdf liburutegi libertario birtualak gaztelaniazko jatorrizko bertsioa argitaratu zuen.[20]

Etta Federnen semea, Hans, Espainiako Errepublikaren armadan borrokatu zen teniente gisa.

1938an, Bartzelonako bonbardaketen ondorioz, Federn-ek Frantziara ihes egin behar izan zuen. Han iheslarientzako esparru batean atxiki zuten errefuxiatu gisa. Bigarren Mundu Gerra Lyonen igaro zuen ezkutaturik, batzuetan monasterio batean, eta Erresistentzia Frantseserako itzulpenak egin zituen. Bere seme Hans Charavines-en Erresistentzian borrokan ari zela hil zutenez, frantses hiritartasuna eman zioten. Beste semea, Michael, Pirinioetako partisanoekin borrokatu zen eta bizia salbatzea lortu zuen. 1947an, Annemarie eta Stig Dagerman bisitan joan zitzaizkion. Stigek Ettaren eta haren semeen bizitzak izan zituen bere Skuggan av Mart nobelaren inspirazio-iturri. Etta Federnek Parisen eman zituen bere azken urteak, 1951ko irailaren 29an miseria gorrian hil zen arte (maiatzaren 9an, iturri batzuen arabera). Federico García Lorcaren Romancero Gitanoren alemanerako itzulpena argitaratu gabe geratu zen.

Lanak aldatu

Biografiak

  • Christiane von Goethe: ein Beitrag Psychologie Goethe (Christiane von Goethe: Goetheren psikologiari egindako ekarpena), 1916.
  • Dante: ein Erlebnis für werdende Menschen (Dante: Esperantzarako esperientzia), 1923.
  • Walther Rathenau: sein Leben und Wirken (Walter Rathenau: Bizitza eta obra), 1927.
  • Mujeres de las Revoluciones (Iraultzetako emakumeak), 1937. Alemanez berrargitaratua, Etta Federn: Revolutionär auf ihre Arte, Von Angelica Balabanoff bis Madame Roland, 12 Skizzen unkonventioneller Frauen, Marianne Kröger-ek argitaratua eta itzulia, 1997. 2022an, gaztelaniazko jatorrizko bertsioa linean argitaratua.

Itzulpenak aldatu

  • H.C. Andersens Märchen, Historias de Hans Christian Andersen-en ipuinak, danieratik itzulia, 1923. 1952an berrargitaratua.
  • Shakespeare-Lieder, William Shakespeareren sonetoak, ingelesetik itzulia, 1925.
  • Wege der liebe : drei Erzählungen (Maitasun Bideak: Hiru Istorio), Alexandra Kollontairena, errusieratik itzulia, 1925. 1982ko berrargitaratua.
  • Gesichte, Samuel Lewin-en poemak, yiddishetik itzulia,, 1928.
  • Fischerdorf (Arrantza-herria), Un. N. Stencl-en poemak, yiddishetik itzulia, 1931.
  • Sturm der Revolución (Iraultzaren ekaitza), Poemas de Rabindranath Tagore-ren poemak, bengaleratik itzuliak, 1931.
  • Anakreon, Anakon-en poemak, greziera zaharretik itzuliak, 1935.

Erreferentziak aldatu

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, gaztelaniazko wikipediako «Etta Federn» artikulutik itzulia izan da, 2023-01-26 data duen 148859974 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-01-26 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. (Alemanez) Wininger, Salomon. (1925). Grosse jüdische national-biographie: Hey-Laz. Druck "Orient", 494 or. (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
  2. (Ingelesez) «Federn, Marietta aka Etta 1883- 1951 | libcom.org» libcom.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
  3. (Alemanez) Federn-Kohlhaas, Etta; Kröger, Marianne; Federn, Ernst. (1997). Revolutionär auf ihre Art: von Angelica Balabanoff bis Madame Roland; 12 Skizzen unkonventioneller Frauen. Psychosozial-Verl ISBN 978-3-930096-84-8. (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
  4. a b (Ingelesez) MARTY’S SHADOW – Dagerman. (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
  5. (Alemanez) «Federn, Ernestine | Frauen in Bewegung 1848–1938» fraueninbewegung.onb.ac.at (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
  6. (Ingelesez) «Federn, Joseph Salomon» Austria-Forum (Austria-Forum) (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
  7. (Ingelesez) Alexander, Franz; Eisenstein, Samuel; Grotjahn, Martin. (1966). Psychoanalytic Pioneers. New York/ London: Basic Books, 143 or..
  8. (Ingelesez) Rastl, Charlotte; Magyar, Helga. (2015-12-08). «Else Federn» web.archive.org (Unlearned Lessons) (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
  9. (Alemanez) Kröger, Marianne. (2009). "Jüdische Ethik" und Anarchismus im Spanischen Bürgerkrieg: Simone Weil - Carl Einstein - Etta Federn. Peter Lang, 166 or. ISBN 978-3-631-59141-3. (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
  10. a b c (Frantsesez) Paul. Allemagne, Espagne, France… le long combat pour la liberté d’Etta Federn. La Feuille Charbinoise (Noiz kontsultatua: 23-08-12).
  11. (Italieraz) «Etta Federn» Anarcopedia (Noiz kontsultatua: 23-08-12).
  12. (Alemanez) «Etta Federn — eine jüdisch-libertäre Pionierin « Bücher – nicht nur zum Judentum» buecher.hagalil.com 2009-06-17 (Noiz kontsultatua: 23-08-12).
  13. (Alemanez) Pawlowski, Martina. (1998ko urtarrila). «Etta Federn (1883–1951) und die Mujeres Libres» www.graswurzel.net (Graswurzel revolution) (Noiz kontsultatua: 23-08-12).
  14. (Ingelesez) Valencia, Heather. Stencl's Berlin Period. The Mendele Review: Yiddish Literature and Language (Noiz kontsultatua: 23-08-12).
  15. a b c (Katalanez) Etta Federn (1883-1951). ateneu llibertari estel negre (Noiz kontsultatua: 23-08-12).
  16. (Gaztelaniaz) «Etta Federn» Mujer y memoria - Biografías Iraila: 1-3. (Noiz kontsultatua: 23-08-12).
  17. (Ingelesez) Ackelsberg, Martha A.. (2005). Free women of Spain : anarchism and the struggle for the emancipation of women. Oakland, CA : AK Press, 266-268 or. ISBN 978-1-902593-96-8. (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
  18. «Hemeroteca Digital. Biblioteca Nacional de España» hemerotecadigital.bne.es.
  19. (Ingelesez) KAYMAKÇIOĞLU, GÖKSU. (2010). "STRONG WE MAKE EACH OTHER": Emma Goldman, The American Aide to Mujeres Libres During the Spanish Civil War, 1936–1939. THE DEPARTMENT OF HISTORY BILKENT UNIVERSITY. ANKARA, 74 or. (Noiz kontsultatua: 23-08-12).
  20. (Gaztelaniaz) Federn, Etta. (2022). Mujeres de las Revoluciones. anarquismoenpdf (Noiz kontsultatua: 2023-08-11).

Kanpo estekak aldatu