Emmeline Pankhurst

Emmeline Pankhurst (Manchester, 1858ko uztailaren 15a - Londres, 1928ko ekainaren 14a) mugimendu sufragistaren sortzaileetako bat izan zen Britainia Handian. Haren izena hertsiki lotuta dago Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetako emakumeen boto eskubidearen aldeko borrokari.

Emmeline Pankhurst
Emmeline Pankhurst, seated (1913).jpg
Bizitza
JaiotzaManchester1858ko uztailaren 15a
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
HeriotzaHampstead1928ko ekainaren 14a (69 urte)
Hobiratze lekuaBrompton Cemetery (en) Itzuli
Familia
AitaRobert Goulden
AmaSophia Jane Craine
Ezkontidea(k)Richard Pankhurst  (1879ko abenduaren 18a -
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jardueraksufragista, sufragettea, politikaria, feminista eta giza eskubideen aldeko ekintzailea
Lan nabarmenakMy Own Story (en) Itzuli
KidetzaEmakumeen Batasun Sozial eta Politikoa
Mugimenduasufragismoa
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaWomen's Party (en) Itzuli
Independent Labour Party (en) Itzuli

IMDB: nm0659564 Find a Grave: 1927 Edit the value on Wikidata

Manchesterren jaio zen, familia abolizionista batean. Ezkondu aurrretik, Goulden deitura zuen, baina 1879an Richard Marsden Pankhurst abokatuarekin ezkondu zen Salforden. Senarra mugimendu sufragistaren aldekoa zen lehendik ere eta Married Women's Property Acts izeneko liburua idatzi zuen 1870-1882 bitartean.

1889an Women's Franchise League (Emakumeen Bozka-Eskubidearen Aldeko Liga) sortu zuen, baina bertan behera utzi zuen 1898an, senarra hil zeneean. 1903an Emakumeen Batasun Sozial eta Politikoa (Women's Social and Political Union, WSPU) sortu zuen. Mugimendu horretako partaide izan ziren, besteak beste, Annie Kenney, Emily Davison (erregearen zaldiak zapalduta hil zen 1913an, protesta gisan aurrean jarri zitzaionean) eta Ethel Smyth konpositorea. Adela eta Sylvia alabek ere mugimenduan parte hartu zuten.

Erabili zituen taktikengatik, behin baino gehiagotan espetxeratu zuten, baina gizarteko goiko klasekoa zenez, ez zuen beste sufragista batzuen tratu bera jasan. Dena dela, indarrez elikatua izan zen gose greba batean. Haren lidergoa zalantzan jarri zen eta mugimendua hainbat aldiz banandu zen. My Own Story autobiografia 1914an argitaratu zen.

Emmeline Pankhursten 40 urteko aktibismoa Representation of the People Act erabakiak amaitu zuten 1928an, Britainia Handiko Parlamentuak bi sexuen arteko berdintasun politikoa finkatu zuenean.

Gizonezkoek finkatutako legeak hitzaldiaAldatu

Londresen, 1908ko martxoaren 24ean egina.

Emakumeen Sufragiorako Elkarteen Batasun Nazionalak (National Union of Women’s Suffrage Societies, 1887an sortua), 17 elkarte batzen zituena, kanpaina sendoa sortu zuen, baina emaitzarik gabekoa. Egonezinaren ondorioz Emmelinek eta alaba Christalbelek bi elkarte independente sortu zituzten: Emakumeen Batasun Politiko eta Soziala (Women’s Social and Political Union) 1903an eta Emakumeen Askatasunerako Liga (Women Freedom League, borrokolariagoa) 1907an.

Sufragistek politikarien adierazpenak eteten zituzten eta poliziak zirikatzen zituzten, orden publikoa hautsi izanagatik, emakumeak atxilotuta eraman zitzaten. Horrelako metodoei esker, sufragistek publizitatea lortzen zuten. Hala ere, karikaturagileek eta egunkari handiek aitzakiatzat erabiltzen zuten, egoeraz iseka egiteko. 1907an, lege erreforma batek zergak ordaintzen zituzten emakumeek Britainia Handiko hauteskunde lokaletan boto eskubidea izatea lortu zuen; Pankhursti, aldiz, ez zitzaion nahikoa iruditu.

1908an, emakume aktibista batek zenbait hitzaldi eskaini zituen “Sufragioaren garrantzia” izenburuarekin. Hurrengo hitzaldia, Putney barrutiko hauteskundeen bezperan emandakoa, gauzen egoerarekiko kritika bortitza da. Pankhurstek argumentazio oso xehea ematen du, gizonezkoen legeek emakume arrunten egoera hobetzeko balio izan ez dutela erakusteko.[1]

«

Gau horretaz adieraziko ditudan ideiak ez dira berriak: bada urte eta erdi defendatzen ditudala, edozein lekutan eta hauteskunde kanpaina orotan. Zuetako askori jada ezagunak egingo zaizkizue, baina ez zaizue gehiegi axola askok ezagutzen ditugun argumentu eta adibide horiek berriz esatea, lehen aldiz entzuten didaten horien mesedetan.

Emakumeen botoa oinarrizkoa dela esaten hasiko naiz, haien ikuspuntuak erabaki publikoetan eragin dezan.

Zenbait legek berdin eragiten dute emakume zein gizonetan. Kasu horietan oinarrizkoa da legegileek emakumeen aurrean erantzun dezaten: era horretan, lege bat sortu edo aldatu aurretik, emakumeekin kontsultatzera beharturik egongo dira.

Urte asko daramatzagu apenas lege aurrerapenik ikusi gabe, emakumeen esparruari dagokionez. Arrazoiak begi-bistakoak dira. Parlamentariak gero eta denbora gehiago ematen dute enpresa edo talde politikoak defendatzeko batzen diren taldeen errebindikazioak aintzat hartzen. Ez du ezertarako balio parlamentariren batek zeharka emakumeen interesen kontuen jakitun izateak, inoiz ez dituelako kontuan hartuko: bere aulkia zor dien horien ongizatearen alde jokatuko du esklusiboki.

Onartu izan dira (edo gutxienez eztabaidatu) langileen ongizaterako hainbat lege, baina gutxi izan dira emakumeen egoera hobetzeko egin izan direnak, eta  ez gure beharrak premiazkoak ez direlako. Arau anakroniko ugari existitzen dira, eta erreformen beharra exijitzen dute, izan ere, larriki eragiten digute. Gustatuko litzaidake gela honetan diren emakumeei erakustea bereziki bidegabeak diren zenbait lege.

Politikariak ohituta daude legeek gugan eragingo ez balute bezala hitz egiten. Emakumeen lekua, esaten dute, etxean dago, eta haien interesak umeen zaintza eta heziketara mugatzen dira: politikak ez du zer ikusirik kontu horiekin; beraz, ez digu eragiten. Hala ere, legeen araberakoa da emakumea menperatzen duen erregimena, eta seme-alaben heziketa eta etorkizuna. Parlamentuak zehazten du hori guztia. Hausnar ditzagun, beraz, zenbait xedapen emakumeen ikuspuntutik.

Has gaitezen ezkontza legeetatik. Gizonezkoek egiten dituzte, eta emakumezkoengan eragiten dute. Azter dezagun bidezkoak, berdintasunezkoak eta zentzuzkoak diren. Emaztearen mantenua bermatzen dute? Emakume askok independentzia ekonomikoari uko egiten diote ezkontzeko: Nola konpentsatzen zaie? Zer moduko ziurtasuna ematen die independentzia ekonomiko horren sakrifizioa dakarkien ezkontza horrek? Soldata ona jasotzen duen emakume batengan pentsa dezagun. Ezkondu eta seme-alabak izatean, bere lanpostuari uko egin beharko dio. Zer jasoko du trukean?

Legeak senarra familiaren elikaduraz, etxebizitzaz eta jantziez arduratzera behartzen du, baina xehetasunetan sartu gabe: zenbat diru eta nola gastatuko den etxebizitzan erabakitzera soilik behartzen du legeak. Emakumeak ez du ahotsik kontu horretan, ezta eskubiderik senarraren diru-sartzeen gain. Gizon ona eta zuzena bada, bere eginkizuna beteko du eta behar duen beste emango dio. Kontrakoa gertatzean, hau da, janaririk ez ematea erabakitzen badu, emakumeak ez du inolako baliabide legalik izango bidegabekeria horri aurre egiteko; hortaz, bere senarrari egokia iruditzen zaionarekin ados egon beharko du.

Ez dut ezeztatzen gizon asko legeak behartzen dituena baino zuzenagoak eta zintzoagoak direnik… baina badaude senar gaiztoak, dudarik gabe eta zuek ados egongo zarete nirekin esaten dudanean lege erreforma bat sartzea beharrezkoa dela, haiengandik babesteko.

Aintzakotzat hartu, emakume bat alargun geratzen dela eta ume txikiekin. Senarrak ez badie testamentuan ezer ere uzten, ez da eragozpen legalik egongo. Testamentua onargarria izango da. Ikus dezakezuenez, emakumeak ez du segurtasun ekonomikorik izango. Zorte ona baldin badu senarrarekin, ona bada, lasai egon daiteke; horrela ez bada, sufritu egingo du, eta legeak ez du babestuko. Halakoa da ezkondutako emakumearen baldintza, eta bidezkoa izatetik oso urrun dago.

Demagun emakume batek zorte oso txarra duela eta senar inmoral eta gaiztoa suertatzen zaiola, semeak zaindu ezin dituena. Zer gertatuko da dibortzioak epaitzen dituen epaitegi batean? Nola askatuko da bera horrelako senarra izanda? Gizon bat emakume gaizto batekin ezkonduta badago, eta hartaz libratu nahi badu, desleiala izan dela esatearekin nahikoa izango da. Egoera berean dagoen emakume bati horrek ez dio balioko, izan ere, senarraren adulterioak ez baitu kausa legalik izango dibortzio batean. Hartaz libratzeko, bigamia edo etxearen utzikeria edo ageriko krudelkeria frogatu beharko du, inmoralitateaz aparte.

Orain aintzat har dezagun ama moduan den posizioaz. Hainbeste aldiz esan dugu adibide hori gure batzarretan, ezen zuetako askok jada ezagutzen baituzue. Legislazio ingelesak ez du ezkondutako emakume bat berak mundura ekarritako seme baten amatzat hartzen. Emakumea ez da legalki ama moduan existitzen.

Gure familia legeak kontuan hartuta, haurrak guraso bakarra du, eta horrek eskubide osoa du haurraren etorkizunaz erabakiak hartzeko: non eta nola biziko den, zenbateko dirua izango duen mantentzeko eta heziketarako, nolako heziketa izango duen, eta zein erlijio izango duen. Guraso hori aita da.

Zenbait adibide aipatu izan ditut gizonek ezarritako legeei buruz, emakumeei eragiten dietenak. Eta orain galdetzen dizuet: emakumeok boto eskubidea izango bagenu, lege horiek egongo ote lirateke? Sufragio eskubidea izango bagenu, arau ekitatiboak onartuko lirateke. Legediak dibortzioan berdintasuna arautuko luke, eta umeak bi guraso izatea, naturak eman dizkion biak.

Jada ezkonduta dagoen emakume baten egoera azaldu dizuet, legez gurasotzat agertzen ez dena. Umeek guraso bakarra dute, baina ilegitimoek ere bakarra dute, ama: bere umea bakarrik zaindu behar duen zorigaiztoko emakumea. Bera izango da arduradun bakarra umearen etorkizunari begira eta umearen zabartasunarengatik zigortua izango dena.

Adibide bat emango dizuet. Herefordshire bisitatu nuenean, hauteskunde bezperan, emakume ezkongai bat ezagutu nuen, bera bizi zen inguruan epaitua zena, bere semearengan arreta ez jartzeagatik. Neskamea zen, eta umea beste pertsona baten gain zegoen. Magistratuek —haien artean, hainbat koronel eta lurjabe— ez zuten galdetu jasotzen zituen diru sarrerei buruz, ezta nor zen aita, ezta horrek semearen mantenuan laguntzen zuen ere. Hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten.

Galdera bat egin nahi nieke hemen diren emakumeei. Emakumeek legeak egitean eragina balute, uste duzue lortuko luketela ume ilegitimoak dituzten gizonek emakumeen erantzukizun bera izatea?

Hautesleak eta legegileak gizonak dira eta gizonen interesak hartzen dituzte kontuan, emakumeena alde batera utziz. Egoerak horrela iraungo du, boto eskubidea lortzen dugun arte.

Hori gogoratzea baliagarria egingo zaigu, emakumeen eraginri buruz hitz egiten dugunean. Emakumeok ez dugu pisu politikorik izango, gizonak errebindikazio berriak izateko prest ez badaude.

Etorkizunaz pentsa dezagun. Gaur, inoiz baino garrantzitsuagoa da emakumeek bozkatu ahal izatea, egunkarietan, batzarretan, bai eta elizetan etengabe lege eta giza erreformei buruz hitz egiten baita. Zalantzarik gabe, lege horiek —eta dio Alderdi Liberalak, boterean segitzen badute, asko aldarrikatuko direla— emakumearentzako erabakigarriak dira.

Bidezkoa izatekotan, giza legediak emakume eta umeei mesede handia egingo die. Bidezkoa ez bada, baliteke historia osoko tirania okerrena jasatea emakumeok. Bizilekuari buruzko legediari buruz asko hitz egiten da. Nork ukatuko du gai horrek ez digula emakumeoi eraginik egiten? Horri buruz hausnarketa egiten duen edozein emakumeri lotsagabekeria irudituko litzaioke gizonezkoek gaiaren erabakiak hartzea, gu kontsultatu gabe.

Har dezagun hezkuntza sistema. Gizonak 1870. urtetik umeak hezteko moduari buruz gogoetan ari dira. Ustez, ez dira konturatzen uneren batean aholkua eskatu beharko digutela emakumeoi, mendeetan zehar ikasi dugunaren zatiren bat asimilatzen saiatuz. Bitxia da zenbat denbora galtzen duten diputatuek hezkuntza legeak eztabaidatzen...

Emakumeen bozkatze eskubideari buruz zenbat eta gehiago pentsatu, hainbat eta agerikoagoa egiten da haren garrantzia. Egunero, emakumeen sufragioaren aldeko kanpainan, argudio berriak, arrazoi berriak etortzen zaizkigu burura, hori aldarrikatzeko.

Emakumeen sufragioari buruz arretaz hausnartzeko hainbat gizon eta emakume konbentzitu izana espero dut. Eta espero dut konturatzea emakumeok kausa honengatik hainbeste borrokatzen badugu, behin bozka eskubidea lortuta onura asko egin dezakegulako dela. Ez dugu ez harrokeriarengatik, ez lortu dugunaz harrotzeagatik eskatzen. Eta ez gaitu mugitzen gizonezkoekin antzekotasun handiagorik izateko nahiak, beraiek bezalakoak izateko nahiak. Baizik eta eskubide hori izan gabe, ezinezkoa dugulako gizon eta emakume guztiek daukaten lana betetzea, komunitatearentzat onuragarria dena egitea.

»


ZinemaAldatu

ErreferentziakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Emmeline Pankhurst  
  1. 50 discursos que cambiaron el mundo. Turner 2017 ISBN 9788416714209. PMC 1026380702. (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).