Vera Figner (Khristoforvka, Kazan, Errusiako Inperioa, 1852ko uztailaren 7a greg./ekainaren 25ajul. - Mosku, SESB, 1942ko ekainaren 15a) errusiar iraultzaile, historiagile eta idazle eserista eta feminista izan zen. Alexandro II.aren kontrako atentatuen antolakuntzan parte hartu zuen, eta horrek ezagun egin zuen; hala ere, ibilbide luzeko militante historikoa izan zen: XIX mendeko eta XX mendeko mugimendu iraultzailea ezagutu zituen.

Vera Figner

(1930)
1918ko Errusiako Batzar Konstituziogileko diputatu

Bizitza
JaiotzaKazan1852ko ekainaren 25a (juliotar egutegia)
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
HeriotzaMosku1942ko ekainaren 15a (89 urte)
Hobiratze lekuaNovodevitxi hilerria
Heriotza modua: pneumonia
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaZuricheko Unibertsitatea
Q4207781 Itzuli
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
Jarduerakmilitante politikoa, oroitzapen-idazlea, biografoa, idazlea eta politikaria
KidetzaSociety of Former Political Prisoners and Exiled Settlers (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Narodnaia Volia
Alderdi Sozialista Iraultzailea

Gazte aroa eta mugimendu iraultzailearekin lotzea aldatu

1852an jaio zen, beraz XIX mendeko errusiar mugimendu iraultzailea hastapenetatik ezagutu ahal izan zuen. Noblezia txikiko familia batean jaio zen, eta heziketa ona izateko aukera izan zuen, Kazan hiriko Rodionovski institutuan. Neskentzako eskola horretan erakusten zen genero paper tradizionalak gogaituta, ikasketak emaitza oso onez betetzeaz gain, debekatutako literaturara jo zuen. Ikasketak bukatuta, Errusian emakumeek medikuntza ikasterik ez zutenez, Zurichera joan zen ikastera, bere ahizpa Lidija Fignerrekin batera (hau ere, mugimendu iraultzaileko kide egin zen geroago). Han zirkulu iraultzaileekin harremanean jarri zen lehen aldiz. Zurichen Mikhail Bakunin anarkista ospetsua ezagutu zuen. Azken honek, Zurichen zeuden errusiarrak, emakumeak batez ere Errusiara propaganda egitera itzul zitezen nahi zuen, baina Fignerrek uko egin zion. Halere, atxiloketa batzuen ostean, bera ere itzuli egin behar zen. 1875an Errusiara itzuli zen eta hurrengo urtean Lurra eta Askatasuna (Zemlia i Volia) ideologia populistako talde iraultzaileko kide egin zen. 1876an baita ere, mediku-laguntzaile azterketa gainditu zuen (Zurichen karrera bukatu gabe utzi zuenez, ezin zen mediku oso izan[1]).

Figner, klase sozial erdi-altuko alaba izaki, batez ere literatura eta moralaren bidez heldu zen mugimendu iraultzailera. Txernixevskiren Zer Egin? eleberriak eta haren protagonista Rakhmetovek inpresio handia sortu zuten berarengan, mugimendu iraultzailean parte hartzen has zedin. Fignerren arabera, berak geroago idazle moduan azaldu zuen moduan, populista edo iraultzailea benetan izateko, haurtzaroan edo nerabezaroan “existentzia goxoa astintzen duen momentu bat, kontzientzia-itzartze bat” gutxienez bizi izan behar zen; Vera Fignerren kontzepzio ideialista eta moralistaren arabera, halako helduleku moral bat, ohartarazpen bat, beharrezkoa zen gizartearen bidegabekeriak gogorarazteko eta iraultzan atzera ez egiteko (Fignereren kasuan bere familiaren lur-ondasunetan lan egiten zuten baserritar-jopuen egoera eta Rodionovski Eskolako giroa izan zitezkeen). Fignerrek, lehenebizi mediku izateko asmoa zuen, hain zuzen ere “herria laguntzeko”; bere iraultza kontzepzioa filantropia kontzepzioarekin lotua zegoen[1].

Narodnaia Volia eta tsarraren kontrako atentatua aldatu

1877an Errusiako nekazalgunera joan zen mediku lana egiten eta harekin bat nekazarien artera propaganda egiten, mugimendu populistan orduan ipar hartzen zen “Herriarengana!” kanpainarekin bat eginez. Hala ere, berak eta bere ahizpak (baserritarrentzat eskola bat fundatu zuenak), arazo asko izan zituzten agintearen ordezkariekin: honek Figner, askatasun politikoa aldaketetarako aurre-baldintza zela konbentzitu zuen. 1879an Lurra eta Askatasunaren kongresuan parte hartu zuen. 1879an, propagandako kanpaina populistek kale egin ostean, Lurra eta Askatasuna konponbide mota ezberdin bi proposatzen zuten bi zatitan banatu zen: batzuek metodoak gogortu eta borroka armatua hasi behar zela uste zuten, eta Herriaren Borondatea (Narodnaia Volia) taldea sortu zuten; beste batzuek propaganda langileen artean egiten jarraitzea, baina ideologia aldaketa eta marxismoaren ekarpenak pixkanaka bereganatzearen alde egin zuten Zatiketa Beltza (Txorni Peredel, Plekhanovek eta Zasulitxek zuzendutakoa) sortuz[1].

Figner Narodnaia Voliaren kide egin zen, eta laster erakundearen zuzendarietako bat izan zen. Aleksandr II tsarra hiltzeko atentatua prestatu zuen taldeko arduradunetako bat izan zen, bi saiakeretan parte-hartu zuen: 1880an Odessan kale egin zutelarik, eta 1881ean San Petersburgon lortu egin zutelarik, Fignerrek dinamita eraman zuen San Petersburgera, dokumentu faltsuak prestatu zituen eta baita ere bonbak egiteko erabili zen pisu bat alokatu (antza denez Vera Fignerek atentatu gehiago egin nahi zituen, baina Narodnaia Voliaren zuzendaritzak ahalegin guztiak tsarraren kontrako atentatuan kontzentratu behar zirela esan zuen). 1881eko martxoaren 13an hil zuten Aleksandr II Narodnaia Voliako kideek. Atentatu horren ostean Figner izan zen Narodnaia Voliako buruen artean Errusian aske geratu zen bakarra (besteek ihes egin zuten edo atxilotu egin zituzten), eta beraz, erakundea berreraikitzeko ardura hartu zuena. Odessan eta Kharkoven egon zen alderdia antolatzen, baina 1883ko otsailean atxilotua izan zen, eta 1884an epaitua izan zen. Hasieran heriotz-zigorra ezarri bazioten ere, gero bizi osoko kartzelaldi-zigorraz aldatu zioten, eta 1903an 20 urteko kartzela zigorraz. Hala, 1904an atera zen kartzelatik[1].

Idazketa-urteak aldatu

1904an kartzelatik ateratakoan, barne-deportazioa jaso zuen, Arkhangelsk probintzian demarkatu zutelarik; eta bi urte beranduago, 1906an, erbestera joateko baimena lortu zuen, osasunez tratatzeko. Erbestean, bere lehen kanpaina, preso politikoak laguntzeko kanpaina bat izan zen, hala bere bizitzako azken hamarkadak eskaini zizkion kausa, preso politikoak laguntzearena, hasiz: 1907an bere egondako Schlüsselburg herriko kartzelako presoak laguntzeko komite bat fundatu zuen, eta Europako iritzi publikoa gaiaren inguruan sentsibilizatzeko artikuluak zein liburuak idatzi zituen, bata ere giza eskubideen aldeko hainbat erakunderekin kolaboratu zuen. 1910an Preso Politikoak Laguntzeko Parisko Komitea sortu zuen. Bigarren erbestealdi honetan, Fignerrek biografiak idazteari ekin zion, eta mugimendu feministarekin bat egin zuen, batez ere britainiar feministekin kontaktua izan ostean. Erbestealdi honetan, hainbat intelektual ezagutu zituen, euren artean Maksim Gorki idazlea, George Bernard Shaw britainiar idazlea, Boris Savinkov idazle eta atentatugile eserista eta Piotr Kropotkin anarkista, honen laguna izan zen bizitza osoan zehar. Erbestean, 1901an fundatutako Alderdi Eseristaren kide egiteko aukera izan zuen; Grigori Gerxuni orduko eseristen Borroka Erakundeko liderrak konbentzitu zuen (1906an, oraindik Errusian zegoela egin zuen lehen kontaktua eseristekin, baina orduan uko egin zion politikan sartzeari, politika zela medio). Vera Fignerrek, hasiera batean, ardurarik hartuko ez zuela esan zuen, baina I Biltzar Nagusi Eseristan ordezkari izan zen, eta 1909an Komite Zentral Eseristaren kide ere izan zen. Biltzar horietan, Borroka Erakundeko zuzendari zen Jevno Azefekiko susmoak planteatu ziren, polizia sekretuko agentea zela eta; Fignerrek Azef defendatu zuen. Baina ez zuen arrazoirik, 1909an Azef agentea zela frogatu baitzen. Pertsonalki eta baita eskandaluak atsekabetuta, Fignerrek 1909an Alderdi Eserista utzi egin zuen[1].

Vera Figner 1915ean Errusiara itzuli zen (1907an itzuli labur bat egin ostean, zortzi urte eman zituen Errusiatik kanpo). Hasieran Errumania eta Errusiaren arteko mugan atxilotu zuten, baina laster aske utzi zuten, hirietan ez ibiltzeko baldintzarekin. Fignerren itzulerak jada ez zuen motibazio politiko bat, pertsonal-familiarra baino. 1915tik aurrera, bere aktibitatea literatur tertulietan (idazle bezala fama ondo irabazia zuen dagoeneko) zein zientzia eta hezkuntza arloan kontzentratu zen. Gudaren aurrean zuen posizioa ez zen oso patriotikoa, baina “hobe aliatuek (Errusia tartean) irabaz dezatela”  posizioaz laburbildu zuen (posizio hori Otsaileko Iraultzaren ostean erradikalizatu egin zuen)[1].

Iraultza-urteak aldatu

1917ko Otsaileko Iraultza, logikoa denez, oso begi onez ikusi zuen Fignerrek, baina jada ez zen politikari aktibo bat, mugimendu iraultzailearen ikono bat baino.. Hala ere politikan zenbaiteko parte-hartzea izan zuen: Martxoan, sortu berri zen Preso Politiko Ohien Elkarteko lehendakari izendatu zuten, eta 1917ko martxoaren 19an Petrograden burutu zen emakumeen bozka eskubidearen aldeko manifestazio feministaren antolatzaile eta buruetako bat izan zen, Poliksena Xixkinarekin batera. 1917ko maiatzean, Errusia Osoko Baserritarren Sobieten Lehen Biltzar Nagusian, Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboko kide aukeratu zuten. Bere bizitza Alderdi Eseristari emandako emakume hau, 1917ko ekainean Udal-hauteskundeetan zinegotzi aukeratua izan zen Alderdi Kadetearen partetik. Ekainean bertan, gudarekiko posizioak erradikalizatu egin zituen eta “garaipena arte!” jarraitzea eskatzen zuen manifestu bat sinatu zuen. Irailean, Sobietak Aurre-parlamentuko kide izendatu zuen, baina erakunde horrez oso iritzi txarra izan zuen Fignerrek, berriketarako enparantza soila bezala hartzen zuen. 1917an oro har, Gobernuaren koalizioaren alde agertu zen Figner, eta hasieran Behin-behineko Gobernuari ongietorria eman zion, baina gerora desilusionatuz joan zen, beharrezkoak ziren neurriak hartzen ez zituztela eta atzeratzen zituztela eta. Fignerrek hasieran ondo hartu zuen Behin-behineko Gobernuak jakobinoen autoritarismorako joera ez izatea, baina bere determinazio falta kritikatu zuen. Bere ustez, plan konkretu bat zuten bakarrak boltxebikeak ziren, baina hauek ere ez ziren bere kritikatik libratzen: “ez dakite euren ekintzek Aberria alemaniarren eskuetan uzten dutela”[1].

Urriko Iraultzaren aurka agertu zen, oso gaizki hartu zuen boltxebikeek bai Aurre-parlamentua zein Asanblada Konstituziogilea abolitzea. Berak esaten zuen moduan “halako eztanda batetarako ez nengoen prestatua”. Halere, ez zuen aktiboki kontra egin, “langileen eta sozialisten ekimenen aurka egon ezin zelako[1]”.

SESBeko urteak, historiari dedikatuta aldatu

Urriko Iraultzaren ostean, ia ez zuen politikan parte hartu, baina Preso Politiko Ohien Elkarteko buru izaten jarraitu zuen. 1921ean Kropotkin Fundazioko lehendakari izan zen, 1923an Kropotkin Museoa zabaldu zuelarik. Fignerrek, bere kontzepzioaren arabera “presoak” (izan ziren erregimenen gainetik, eta zein klasekoak zirenaren gainetik) defendatzeko joera zuen: hala Sobietar Gobernuari askotan bere barne-politika aldatzeko eskatu zion (bai Kropotkinekin batera Iraultzaren ondorengo urteetan, eta bai 30.eko hamarkadan). Historiara eman zituen hurrengo urteak, 1921an, Narodnaia Volia taldeko kideen (eta boltxebikeen) biografiak eta autobiografiak editatzen hasi zen, berea barne, Granat argitaletxearentzat. Hilde Hoogenboom historialariaren arabera, 1926rako, berrogeita hiru biografia editatuak zituen, entziklopedia batetan (Granat Entsiklopedija) bildu zituelarik; historiagileek errusiar mugimendu iraultzailearen hastapenak eta bertako “Beteranoak” ezagutzeko lehen mailako iturri bihurtu zirelarik. 1932an bere Lan Osoa editatu zen, zazpi liburukitan[1].

Figner sobietar erregimenak toleratua izan zen eta bere lanek arrakasta handia izan zuten. Oso miretsia izan zen, izan ere, idazleek, eskolako umeek, langileek eta abarrek askotan eskutitzak bidaltzen zizkioten miresmena adieraziz. 1926an, Sobietar Gobernuak Fignerrentzat eta Narodnaia Voliako bizirik geratzen ziren beterano apurrentzat bizi arteko pentsio bat eman zuen. Alta bera ez zetorren guztiz bat komunistekin eta hala adierazi zuen: Fignerrentzat, iraultza (populisten eta gero eseristen mugimenduan militatu zuen emakume gisa), kolektiboaren eta moralismo indibidualaren arteko orekan zetzan, eta bere ustez komunistek eta hauen ideologia materialistak norbanakoaren ikuspuntua ezabatu egin zuten[1].

Vera Figner Moskun hil zen 1942an, 89 urte zituela.

Bitxikeriak aldatu

  • Figner 1883an atxilotutakoa izaterakoan, Dmitri Tolstoi barne ministroa ere joan zen Figner ezagutzera. Momentu batean Tolstoik zera esan zion Fignerri: “Zer pena hain denbora gutxi izatea! Denbora gehiago banu, izu politikoaren baliogabetasunaz konbentzituko zintukedan!”. Eta Fignerrek erantzun: “Zer pena hain denbora gutxi izatea! Denbora gehiago banu, zu Narodnaia Voliako kide bihurtuko zintukedan!”[1].
  • Presoaldian zehar, izan zuten kartzela-zuzendarietako bat Gangardt komandantea izan zen, zientziazalea eta liberala. Honen bidez, kartzelak eta San Petersburgeko Museoak elkarren arteko itun bat egin zuten, eta presoek lan zientifiko batzuk egiten erabili zituzten. Hauetako lan batzuk 1900.eko Pariseko Nazioarteko Erakusketan erakutsi zituzten[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i j k l «Figner, Vera» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-25).