Martha Nussbaum

filosofo estatubatuarra

Martha Nussbaum (New York, 1947ko maiatzaren 6a) filosofo estatubatuarra da. Antzinako filosofia, filosofia politikoa, zuzenbidearen filosofia eta eta etika dira bere interesgune nagusiak.

Martha Nussbaum

Bizitza
JaiotzaNew York1947ko maiatzaren 6a (76 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Familia
Ezkontidea(k)Alan Nussbaum (en) Itzuli  1987)
Hezkuntza
HeziketaHarvard Unibertsitatea
New Yorkeko Unibertsitatea
Hezkuntza-mailaDoktoretza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, idazlea, Ikasketa klasikoetan aditua eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k)Brown Unibertsitatea
Harvard Unibertsitatea
Chicagoko Unibertsitatea
Jasotako sariak
InfluentziakAristoteles, John Stuart Mill, As (egunkaria), Catharine MacKinnon (en) Itzuli eta Amartya Sen
KidetzaArteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Amerikako Sozietate Filosofikoa
IMDB: nm1767972 Edit the value on Wikidata

Biografia aldatu

Martha Nussbaum (New York, Amerikako Estatu Batuak, 1947ko maiatzaren 6a) gaur egungo filosofo bat da. Betty Warren eta George Cravenen alaba da. Erromako filosofian eta antzinako Grezian aditua da. Bere ideiak politikan, feminismoan, etikan eta moralaren inguruan kokatzen dira. Giza eskubide eta animalien eskubideen alde borrokatu izan du.

Antzerkia eta hizkuntza klasikoak ikasi zituen New Yorkeko unibertsitatean (NYU) eta 1969an giza zientzietan lizentziatu zen. Pixkanaka pixkanaka filosofiara gerturatzen joan zen. Harvardeko unibertsitatean, giza zientzien master bat lortu zuen (1972), baita  filosofiako doktoretza bat ere (1975). Garai hartan Alan Nussbaumekin ezkondu zen (1987an hauen ezkontza hautsi egin zen), judaismora bilakatu zen eta bere alaba Rachel jaio zen. Nussbaumek judaismoarekiko duen interesa ez da desagertu, izan ere, kontrakoa gertatu da: bere interesa handitu egin da, 2008ko abuztuaren 16an bat mitzvah bilakatu zen arte.

Harvarden egon zen denboran bereizkeria pairatu zuen, baita sexu jazarpena eta bere alaba zaindu ahal izateko arazoak ere. Baina ondoren, Harvardeko akademiko hoberenen taldean, Society of fellows, sartu zen, bertan sartzen zen lehenengo emakumea bilakatuz. Hau zoriontzeko, klasizista ospetsu batek ohar bat eman zion: bertan, “female fellowess” kontzeptu itsusia zenez, hetaira deitu beharko lioketela gomendatu zuen. Hetairak Greziako mintzaldietan parte hartzen zuten emakume bakarrak ziren.

70 eta 80ko hamarkadetan filosofia eta hizkuntza klasikoak irakatsi zituen, baina 1982an Klasikoen departamentuak postua ezeztu zionez, Brown unibertsitatera mugitu zen. Bertan, klaseak eman zituen 1994ra arte, gero Chicagoko unibertsitatera joan zen, zuzenbide fakultatera. Bere liburu garrantzitsuenetako batek, “La fragilidad del bien: fortuna y ética en la tragaedia y la filosofía griega” (The fragility of Goodness), gaitzat aintzinako etika duenak, eragin handia izan zuen eta Martha, giza zientzien eremuan, ezagun bilakatu zuen. Ondoren, lan honek ohorezko aipamen ugari jaso zituen.

Nussbaumek gaitasunen inguruan egindako lanean emakumeei buruz ere hitz egiten du, hauek pairatzen duten askatasun eta aukera desberdintasunaz hain zuzen ere. Beste feminismo mota bat garatu zuen: hortarako, tradizio liberalean aurkitu zuen inspirazioa, baina beti ere azpimarratuz liberalismoan, genero harremanen inguruan eta familiaren arteko harremanen inguruan hausnarketa bat egin behar dela.

Filosofiako beste eremu bat ere landu zuen Nussbaumek: emozioak.  Kontaketa neoestoizista bat babestu du: honen arabera, emozioak gauzei eta pertsonei esleiten zaizkien balorazioak dira. Egiten diren balorazio hauek pertsonen kontroletik kanpo daude, eta garrantzia handia dute pertsona baten loratzean. Oinarri honen gainean minaren, errukitasunaren eta maitasunaren inguruko analisia proposatu du eta horrez gain, geroxeago ateratako liburu batean, nazka eta lotsaren inguruko analisi bat ere.

80ko hamarkadan, Amartya Sen ekonomialarekin batera (Ekonomiako nobel sariduna) “Capabilities approachteoria azaldu zuten. 1993an, “The quality of life” publikatu zuten, garapenaren eta etikaren inguruko lana. Beraiek azaldutako teoriak gizakion garapenaz hitz egiten du. Haien ustez, garapena ez litzateke soilik ekonomiaren arloan gauzatu beharko, gaitasunen eremuan ere gauzatu beharko litzateke. Ongizatea ez da soilik fisikoa, zerbait potentziala ere bada. Pertsona baten gaitasunak kontuan hartu beharko lirakete hauek ere ekonomiaren garapen bat baitira.

Nussbaumek, beste zenbait intelektualekin batera, moralaren inguruko eztabaida askotan hartu du parte, bai liburu kritikatan, aldizkari ez hain famatutan edota auzitegian testifikatzen. Bere “etsaiak” Allan Bloom, John Finnis, Robert P. George, Harvey Mansfield eta Judith Butler izan dira, besteak beste. Bestalde, esan daiteke Martharen obrak zein honen ekintzak garrantzitsuak izan direla emakumeen eskubideak babesterako garaian.

Nussbaum “American Academy of Arts and Sciences” (1988an izan zen hautatua) eta “American Philosophical Society” -ren parte da. “Human Development and Capability Association” -en sortzailetako bat da eta presidente ohia, baita “American Philosophical Association” -eko presidente ohia ere. 2015an “Kyotosaria irabazi zuen, eta 2017an “National Endowment for the Humanitiesagentziak Martha hautatu zuen “Jeffersonhitzaldia emateko, AEBko gobernu federalak giza zientzietan lortutako lorpenengatik eskaini dezakeen ohorerik handiena. 2017ko maiatzean emandako hitzaldi honek “Powerlessness and the Politics of Blame” izena hartu zuen.

Nussbaum Cass Sunsteinekin atera zen, eta  honekin bizi izan zituen bere bizitzako hamar urte baino gehiago. Ezkontza hitza eman zioten elkarri. Harreman hau baino lehen Amartya Senekin harreman erromantiko bat izan zuen.

Martha gaur egungo emakumezko filosofo amerikar ospetsuena da. Mundu guztiko unibertsitate askok ohorezko aipamen ugari eskaini dizkiote. Gainera, Chicagoko unibertsitatean zuzenbide eta etikako klaseak ematen ditu. Aurretik zuzenbideko irakaslea izan da Harvard, Brown eta Oxford unibertsitateetan.[1][2][3]

Obra nagusiak aldatu

Ongiaren hauskortasuna: zortea eta etika tragedia eta greziar filosofian[4]

Obra honetan autoreak aurkezten digun dilema edo zalantza morala justiziarekiko fuerteki konpromezua hartzen duten pertsonen eudaimoniarako edo giza loratze horretarako ezintasuna da. Nussbaumek bilatzen du determinatzea zein punturaino arrazoiak burujabetasuna ahalbidetzen duen eta ukatu egiten du giza ontasunak arriskuaren aurka guztiz babes gaitzakeelako ideia platonikoa, zaurgarritasun edo kalteberatasuna onartzea giza ongia lortzeko klabe bezala onartuz.

Gizateriaren laborantzan[5]

Cultivating Humanity liburu honetan testu klasiko grekoak hartzen ditu oinarri formakuntza humanistikoa babestu eta eraberritzeko helburuarekin.

Nussbaumek kulturaniztasuna defendatzen du unibertsaltasun etiko baten testuinguruan, arraza, generoa eta giza sexualitatearen inguruko ikasketa akademikoa bultzatzen du eta gai etikoetan literaturak narraziorako irudimen bezala duen papera garatzen du.

Obra hau multikulturalismoaren defentsa sutsu eta argudiatu bat bezala hartua da.

Sexua eta justizia soziala[6]

Lan honetan autoreak dio sexua eta sexualitatea moralki hutsalak diren ezberdinketak direla eta artifizialki giza hierarkiaren iturburu bezala ezarri direla, hortaz, feminismoak eta gizarte justiziak kezka komunak dituztela. Kontrako arrazoi antiunibertsalistak ukatuz, Nussbaumek askatasun funtzionala edo giza gaitasun zentralak proposatzen dizkigu gizarte justiziarako errubrika bezala.

Autoreak feminismoak liberalismoari berari egindako kritikak aztertzen ditu, esanez liberalismoak gizabanako bezala besteekiko errespetua azpimarratzen duela.

Objektifikazioa”ren kontzeptua azaltzen digu Nussbaumek liburu honetan. Berak objektu bezala tratatua izatea zazpi gaitasunekin lotzen du: manipulagarritasuna, autonomiaren ukapena, gogogabezia, suntsikortasuna, bortxagarritasuna, jabetza eta subjektibitatearen ukapena. Honen harira prostituzioa objektifikaziorako erreminta bezala ezaugarritzen du feminismo sexualki positiboarekin kontrajarriz, era berean, prostituzioaren legalizazioaren alde agertzen da.

Obra honekin argi agertzen du ere nola erabiltzen den sexua hainbat pertsona, hau da, emakume eta gizon homosexualei justizia soziala ukatzeko. Goraipamen ezberdinak jaso ditu kezka feministak ahalegin bateratuetara hurbiltzeko justizia sozialerako agenda bat egituratzeko.

Gizateriatik ezkutatzea[7]

Lan honetan Nussmabumek bere psikologia moralaren inguruko lana zabaltzen du epai legalen oinarri legitimo bezala bi emozio, lotsa eta nazka, ezartzeko argudioak aztertzeko helburuarekin.

Nazkaren inguruan autoreak argudiatzen du kutsadurarekiko beldurren proiekzioaren bidez gizabanakook geure gorputzaren inperfekzioa edo animaltasuna arbuiatu edo nazkatzen dugula. Erantzun hau berez irrazionala da ezin baitugu gure gorputzen animaltasuna alde batera utzi. Lotsaren inguruan helburu zabalegia duela dio; giza askatasuna mugatzen duen eta intrusiboegia den eremu batean umiliazio edo iraina bultzatzen saiatzen da. Hortaz, nazka eta lotsa epaiketarako oinarri ziur bezala baztertu egiten ditu.

Nussbaumek azaltzen du nazka eta lotsa berez hierarkikoak direla: gizaki maila eta ordenak ezartzen ditu. Askatasunaren mugatzearekin ere lotura zuzena dute. Bi arrazoi hauengatik, berdintasun eta askatasunaren baloreak demokratikoki balioesten dituen edonor, lege eta politika publikoen arloan, emozio horiekin mesfidati agertu beharko litzateke.

Gizateriaren higuingarritasunaz: sexu-orientazio eta zuzenbide konstituzionala[8]

Aurreko liburuan aipatutako nazkaren sentimenduak Amerikako Estatu Batuetako eztabaida publikoan eta legedian duen papera ikertzen du autoreak obra honetan.

Liburu honetan nagusiki estatubatuarrak gay eta lesbianekiko duen kontrako legedia aztertzen du, mestizajearen, segregazioaren eta antisemitismoaren aurkakoekin batera bere “nazkaren printzipioa” den tesia zabalduz.

Nussbaumek dio estatubatuar legediak gay eta lesbianen aurka dituen murrizketen oinarrian dagoen eragile nagusia nazkaren printzipio hau dela, esaterako, bereizkeriaren aurkako legediak, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren debekua, eta abar. Poligamia eta hainbat eratako intzestu ezkontzak ere nazka printzipio  honetan oinarritzen dira baliogabetuak izan beharko liratekeela azaltzeko.

Autorea, legediak sortzeko orduan, nazkan oinarritutako moral bat jarraitzearen aurka agertzen da. Historian zehar herri nazka erabili izan da jazarpenerako justifikazio bezala, eta une askotan, arrazismo, antisemitismo eta sexismoaren bultzatzaile izan da.

Printzipio honen aurrean autoreak John Stuart Millek proposatutako minaren printzipioa defendatzen du norbanakoaren askatasunak mugatzeko. Izan ere, minaren printzipio honek baimena, adin nagusitasuna eta pribatutasunaren lege ideiak indartzen ditu, nazkaren printzipioa berriz fidagarria ez den jakinduriarik gabeko erantzun emozional bat besterik ez da.

Gainera, dio, printzipio honek pertsonei gizatasuna eta legearen aurreko berdintasuna ukatu izan die eta ukatzen die argudio arrazionalik gabe eta kaltetutako taldeei gizarte min nabariak sortuz.

Gainerako obrak aldatu

  • Aristotle's De Motu Animalium (1978)
  • The Fragility of Goodness: Luck and Ethics in Greek Tragedy and Philosophy (1986)
  • Love's Knowledge (1990)
  • Nussbaum, Martha, y Amartya Sen. The Quality o Life. (Oxford: Clarendon Press 1993)
  • The Therapy of Desire (1994)
  • Poetic Justice (1996)
  • For Love of Country (1996)
  • Cultivating Humanity: A Classical Defense of Reform in Liberal Education (1997)
  • Sex and Social Justice (1998)
  • Women and Human Development (2000)
  • Upheavals of Thought: The Intelligence of Emotions (2001)
  • Hiding From Humanity: Disgust, Shame, and the Law (2004)
  • Animal Rights: Current Debates and New Directions (editado con Cass Sunstein) (2004)
  • Frontiers of Justice: Disability, Nationality, Species Membership (2006)
  • The clash within democracy, religious violence, and India's future (2007)
  • Liberty of conscience: in defense of America's tradition of religious equality (2008)
  • From disgust to humanity: sexual orientation and constitutional law (2010)
  • Not for profit: why democracy needs the humanities (2010)
  • Creating capabilities: the human development approach (2011)
  • Philosophical interventions (2012)
  • The new religious intolerance: overcoming the politics of fear in an anxious age (2012)
  • Political emotions : why love matters for justice (2013)

Justizia eta etikari egindako ekarpena aldatu

Martha Nussbaumek sari ugari jaso izan ditu besteak beste pentsamendu grekoaren ezagutza sakonagatik, humanitateen arloan eta zuzenbidearen eta politikaren filosofian egindako ekarpenengatik eta garapen ekonomikoaren ikuskera etikoagatik. Horrela, justizia eta etikari dagokionez ekarpen zabala egin du.

Zuzenbide juridikoan sartuta, Nussbaumek emozioen alde egiten du, hauek arrazionaltasunaren aurkakoak izatetik urrun daudela eta gizakiaren berezko esentzia direla arrazoituz. Emozioak ukatzea giza esentzia ukatzea da eta horrek justiziaren deshumanizazioa dakar. Autorearen aburuz garrantzitsuena da emozioek duten gutxieneko eskuhartzea zein den ezartzea, horrela gizatasuna judizio abstraktuetatik aske geratzen da eta objektibotasuna enpatiaren bidez hezia izango da.

Judizio etiko bat egiterakoan kontuan izan beharko genuke emozioak gure bizitza mental eta sozialaren irudia direla, hortaz ez genituzke kanpoan utzi beharko, filosofiaren historian maiz gertatu izan den bezala.

Autoreak ez du pentsamendu morala sistema inpartzial bat bezala ulertzen, emozioek ezinbesteko moduan parte hartu behar duten arrazonamendu etikoko programa bat bezala baizik. Horrek ez du esan nahi besterik gabe onartu behar ditugunik, zentzuzkoa den teoria bat sortu behar da teoria etikoan onartzeko.

Bere ondorioetan baieztatzen du askatasunerako hezkuntza soilik benetan baliagarria izango dela pertsona libreak hezten dituen heinean, haien buruaren jabe direlako libreak direnak. Hau, autorearen aburuz, benetan erabakigarria eta hausnartzailea den kultura demokratiko bat eraikitzeko bide bakarra baita.

Sariak aldatu

Ohorezko aipamenak aldatu

Nussbaumek 62 ohorezko aipamen lortu ditu, mundu guztiko unibertsitate eta eskolek emandakoa, hoien artean:

Sariak aldatu

Jasotako sariak hurrengoak dira:


Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Martha Nussbaum. 2019-04-22 (Noiz kontsultatua: 2019-05-15).
  2. «Martha Nussbaum | Biography, Philosophy and Facts» www.famousphilosophers.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-15).
  3. a b (Ingelesez) Martha Nussbaum. 2019-04-19 (Noiz kontsultatua: 2019-05-15).
  4. Nussbaum, Martha Craven 1947-. (2015). La fragilidad del bien : fortuna y ética en la tragedia y la filosofía griega. Antonio Machado Libros ISBN 9788477743057. PMC 943686690. (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  5. Nussbaum, Martha Craven, 1947-. (2005). El cultivo de la humanidad : una defensa clásica de la reforma en la educación liberal. Paidós ISBN 8449317703. PMC 63695869. (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  6. Nussbaum, Martha Craven, 1947-. (2000). Sex & social justice. Oxford University Press ISBN 0195112105. PMC 43977497. (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  7. Nussbaum, Martha Craven, 1947-. El ocultamiento de lo humano : repugnancia, vergüenza y ley. ISBN 9788492946419. PMC 862815730. (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  8. Nussbaum, Martha Craven, 1947-. (2010). From disgust to humanity : sexual orientation and constitutional law. Oxford University Press ISBN 9780195305319. PMC 426812934. (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Martha Nussbaum