Maitasuna edo amodioa atxikimendu eta afektu sentimenduek sortutako emozio eta esperientzia-sorta da. Sentimendu eta emozio horiek positiboki hartu ohi dira, eta pertsonen arteko afektutik plazer sinpleraino hedatzen da. Maitasun kontzeptuarekin adierazten diren esanahi ezberdinen artean ama batek umearekiko duen maitasuna, maitaleek euren artean dutena edo jatun batek janariarekiko duen maitasuna daude. Maitasuna bertute bat izan daiteke ere, gizakiaren ontasunari, errukiari edo besteen ongizateari dagokiona, eta Jainkoari lotuta egon daiteke.[1] Beste gizakiekiko, norberarekiko edo animaliekiko pasioa edo afektibitatea ere adierazteko erabiltzen da.[2]

"Maitasunaren harresia". Parisen. "Maite zaitut" esaera 311 hizkuntzetan.

Antzinako Greziako filosofoek lau maitasun mota desberdintzen zituzten: familia-maitasuna (storge), adiskideen arteko maitasuna (filia), maitasun erromantikoa (eros) eta jainkotasun maitasuna (agape). Gaur egungo autoreek beste maitasun mota batzuk ere desberdintzen dituzte: maiteminezko zoraldia, maitasun propioa eta gorteko maitasuna. Mendebaldetik kanpo ere, maitasun mota hauen arteko desberdintasunak eta sinbiosiak egin izan dira.[3][4]

Maitasuna egitea eta amodioa egitea esapideek sexu harremanak izatea esan nahi dute.[1][5]

Maitasunaren ikuspuntu filosofikoak aldatu

Antzinako Grezia aldatu

Maitasun pertsonalari dagokionez, Antzinako Greziako filosofoek “maitasuna” era zuzenean izendatzeko hiru nozio bereizi zituzten: Eros, Agape eta Philia.[6]

Eros aldatu

 
Afrodita, maitasunaren greziar jainkosa.

Maitasunaren alde sutsu eta biziari atxikitzen zaio, askotan desio sexualekin erlazionatzen delarik. Platonen idazkietan aldiz, Erosa edertasuna maitatzeko eta bereganatzeko erabiltzen da. Norbanako baten edertasunak, ideien munduan aurki daitekeen “benetako” edertasuna gogorarazten du. Amodioa ez da norbanako bat maitatzea, Platonen edertasun forma hori maitatzea bazik. Beraz, maitatzen dugun hori (edertasunaren) ideal bat baino ez da azken finean. Horregatik, iruditik, formatik, haratago begiratzearen beharra daukagu, gure aurrean dagoen irudi bizigarri hori alde batera utzi eta edertasun beraren gaineko gogoetetan, kontenplazioetan jarri arreta. Platonek maitasuna antzemateko duen ikuspuntuak ez du elkarrekikotasuna beharrezkotzat jotzen, gure desirak objektuarentzako bai dira (edertasunarenak).

Platonen aburuz, beraz, maitasunak (naturalki) desio sexual hutsak baino balio gehiago dauka; hau da, objektu, ideia edo pertsona batekiko amodio fisikoa ez da maitatzeko era zuzena. Izan ere, maitasuna, edertasun ideal horretan parte hartzen duten objektu, ideia edo pertsonaren zatiaren isla da; ideal horretara heltzeko arrazoimena beharrezkoa delarik, hori bai da animalien erreinutik, desioen mundutik aldentzen duena.

Philia aldatu

 
Fidias Partenoiko frisoak bere lagunei erakusten, 1868.

Philiak, Erosek ez bezala, bestearekiko afektu eta estimua dakar. Philia terminoak adiskidetasunari egiten dio erreferentzia, baita familiarekiko eta polisarekiko leialtasunari ere. Aristotelesen arabera, Philia etikan nahiz egilearen eta hurkoaren onuran oinarritu daiteke. Besteenganako maitasunetik bereizi egiten da helburuen erabilgarritasunagatik: baliagarria delako, harreman komertzialak kasurako, izaera eta balio atseginak dituelako (eta, beraz, ohitura erakargarri honek aldatzen baldin badira, adiskidetasuna ere aldatu egingo da), edota, berez duen balioagatik norberaren interesak alde batera uztera eramaten gaituelako.

Pertsonaia hoberenek, beraz, adiskidetasun hoberena sortuko dute; baita maitasuna ere. Gizaki arrazionalena zoriontsuena izango litzateke, eta hortaz, adiskidetasun mota hoberena sortzeko gai dena. Hala ere, “onak eta antzeko bertutedunak” direnen artean ez-ohikoa da horrelakorik gertatzea. Pentsa genezake Aristotelesen gizaki arrazional eta zoriontsu horien arteko maitasuna perfektua litzatekeela. Horrelako maitasuna nolabaiteko “gehiegizko sentimentutzat” jotzen du.

Horrez gain, kalitate gutxiagoko adiskidetasunak, beste pertsona baten laguntasunetik eratorritako plazer edo erabilgarritasunean oinarritu daitezke.

Maitasun aristotelikoaren forma gorenerako lehen baldintza gizakiak bere burua maitatzean datza. Hortaz, oinarri berekoirik gabe ezingo da begikotasuna eta adeitasuna besteengana hedatu. Moralki bertutetsua den gizakiak, halaber, bere azpitik daudenen maitasuna merezi du, baina ez dago behartuta (ordainetan) pareko maitasuna ematera. Ondorioz, maitasunaren kontzeptu aristotelikoa elitista edo perfekzionista dela esan daiteke. Nahiz eta elkarrekikotasuna berdinkidea ez izan, maitasun eta adiskidetasun aristotelikoaren ezinbesteko baldintza da; nahiz eta gurasoen maitasuna alde bakarrekoa izan.

Agape aldatu

 
Santa Teresaren estasia.

Agape aita jainkoaren gizakiarekiko maitasuna da eta aldi berean, gizakiakiaren maitasuna aita jainkoarekiko da. Gizateria osotik senide arteko maitasunera hedatzen dena. Agape, Eros eta Philian oinarritzen dela esan daiteke; hau ere hartu-eman gabeko maitasun perfektu eta txeratsuaz gain, berezitasun transzendentalaren bila aritzen delako.

Jainkoaren maitasuna Platonen edertasunaren maitasuna gogorarazten du. Debozio absolutua eskatzen dio tartean sartutako norbanako erotikoari. Lurreko oztopo eta kezkak gainditzen dituzten pasioa, harridura eta desira.

Bizilaguna zeure burua bezala maitatu dioen agindu unibertsalistak, norbanakoa, ingurukoak eta (beharrezkoa izanez gero) unilateralki maitatu behar luketenak aipatzen ditu. Aginduak elkarrekiko logika eta oinarri aristotelikoa aipatzen ditu, subjektuak bere burua modu egokian maitatu behar duela esanez.

“Ematea jasotzea baino hobea dela dioen logikaren modu analogoan, Agaperen unibertsalismoak norbaiten hasierako inbokazioa behar du: Aristotelesek zihoena alderantziz hartuta, kristauen ardura edo moral gorena maitasuna besteengana hedatzean datza. Dena den, aginduak maitasun berdinkidea eskatzen du; “etsaia maitatu” dioen kode kristaua bertatik eratorriko delarik.

Korronte filosofikoak aldatu

Hizkuntzaren bidez  “maitemindurik nago” edota “maite dut” esaerak askotan erabiltzen dira. Zentzu batean edo bestean, erabilera ulerkorrak dira. Atal honetan, biak aztertuko dira: alde batetik, maitasuna ezagutzearen eztabaida, eta bestetik, maitasunaren natura (korronte filosofiko ezberdinen arabera).[6]

Nola ezagutu maitasuna aldatu

Epistemologikoki maitasuna nola ezagutu eta ulertzen den aztertzen da. Azterketa hau egiteko bi jarrera mota ezberdintzen dira: batak maitasuna barne-esperientzia gisa ulertuko du, eta besteak, jarrera batzuen arabera aztertzen saiatuko da. Lehenengoak, azterketa introspektiboa egingo du; bigarrena, berriz, konduktista izango da. Azterketa honek hizkuntzarekin erlazio zuzena izango du, hizkuntza baita gizakiek elkarren artean komunikatzeko erabiltzen duten tresna. Adibidez, maitasunaren jaiotza barne-esperientzia batean oinarritzen dela onartzen bada, hizkuntza erabiliko da esperientzia hau komunikatzeko eta ezagutzeko. Alderdi honetan, emozionalistek maitasuna bakoitzaren barne-esperientzia dela esango dute; hortaz, ezin dela beste ezertara erreduzitu. Hots, pertsona batek maiteminduta dagoela dioenean, inork ezingo du egoera hori zalantzan jarri. Horrenbestez, hizkuntzaren bitartez soilik ezagutu daiteke.[7]

Maitasuna esperientzia pertsonal batera murrizten dela hausnartzen bada, batzuek soilik ezagutuko dutela arrazoitu daiteke. Modu honetara, adierazpen hau bi lekutatik abiatuko da; batetik, bizi izan dutenak izango dira ulertzeko gai diren bakarrak, edozein gertakarirekin jazotzen den bezala. Esaterako, paraxut batean inoiz bota ez bazara, ez dakizu zer sentitzen den bota arte, bizi arte ez duzu esperientzia hori ezagutuko. Bestalde, maitasunaren definizioaren arabera bestelako sailkapen bat egin daiteke; maitasuna ezagutzen dutenen eta ez dutenen artekoa, hain zuzen ere. Honela, pertsona batzuk soilik izango dira maitasuna ezagutzeko gai. Platonen arabera, benetako maitasuna filosofiaren bidea jarraituz lortzen da. Maitasunaren lorpenek hierarkia epistemologiko bati erantzungo diote, hau da, gutxi batzuk soilik izango dira gai maitasuna ezagutzeko; hura bizitzeko bide jakin bat jarraitu behar delako. Platon maitasunaren inguruan mintzatzen da Oturuntza idazkian, Sokratesen eta Aponiaren bitartez.[8] Aipatutako ondoriora heltzeko, maitasunaren analisi bat egiten du; izan ditzakeen interpretazio guztietatik igaroz.

Korronte filosofikoak maitasunarekiko erantzunetik abiatuta aldatu

Maitasunaren izaera aztertuz, definizio ezberdinak landu dituzte korronte filosofiko andanek. Batzuk pertsonen arteko erantzun fisiko bat dela esaten duten bitartean, beste batzuek horrekin bat datozen jarreretan ipintzen dute garrantzia.

Determinista fisikoek dena kausa fisiko batera murriztu daitekeela uste dute. Beraz, haien ustez maitasuna prozesu kimiko-biologikoetara murrizten da. Hauen aburuz, genetikan oinarritu daitezke “maitasunak bultzatuta” hartzen diren erabaki eta aukerak.  Teoria honek, ordea, arazo bat dauka, izan ere, pentsalariek ezin dituzte erakarpen sexual, ugaltze helburu edota odol loturetik kanpo aurkitzen diren gertakari eta gaien zergatiak azaldu. Korronte honetako pentalariak bat datoz identitate-teoriarekin. Esan bezala, gogo-egoera bakoitzari azalpen edo kontzeptu fisiko bat esleituko diote.

Konduktistek maitasuna jarrera multzo baten bidez ezagutu daitekeela uste dute. Ikusgai izateaz gain, (maitasuna) kuantifikatu daitekeela diote, hala nola, subjektu jakin batek gizabanako bat beste batzuen gainetik gogoko duela esaten duenean: esaterako, A-k B, C baino gogokoagoa badu, A-k B maite du C-ren gainetik. Beraz, norbait maitemindurik dagoen hala ez jakite aldera, jokaeran ipiniko dute arreta. Korronte honen proposamenak dakarren arazoa zera da, pertsona guztien portaera ez datorrela beti bat bizi duten gogo-egoerarekin.

Azkenik, maitasuna egoera fisiko jakin edo jokaera batera murriztu nahi ez dutenak aurkitzen dira. Hauek maitasuna erantzun emozional bat bezala deskribatzen dute; gogo-egoera bera erantzun espiritual bat dela esanez. Teoria hau dualismotik ulertua izan daiteke, non gorputza eta gogoaren arteko banaketa irmoa egiten den. Arlo honetako batzuen arabera, maitasunaren egoera adierazteko eta komunikatzeko tresna nagusia artea izango litzateke.

Sailkapenak sailkapen, kontuan izan behar da korronte batek ez duela bestea (guztiz) ukatzen. Maitasunari buruz mintzatzen diren heinean, ezaugarri batzuei garrantzia gehiago edo gutxiago ematea izango da bakoitzaren helburua.

Kristautasuna aldatu

Kristauen liburu sakratuan askotan erabiltzen da maitasunaren gaia[9]. Paulo apostoluak, esate baterako, oso garrantzitsutzat jotzen du: "maitasunik ez badut, ez naiz ezer"[10]. Kristauen testuetan aipatzen dira, Jaungoikoarekiko maitasuna, lagun hurkoarekikoa...

Maitasun erromantikoa aldatu

 
Romeo eta Julieta tragedia, maitasun erromantikoaren ikurra. William Shakespearek idatzi zuen, 1597. urtean.[11]
Sakontzeko, irakurri: «Maitasun erromantiko»

Maitasun erromantikoak nolabaiteko estatus metafisiko eta etiko altuagoa duela esan ohi da, erakarpen sexualarekin edo fisikoarekin alderatuz gero. Maitasun erromantikoaren kontzeptuaren ideiak  Platonengan du oinarria. Harentzako maitasuna edertasuna maitatzea zen, hots, edertasuna maitatze horren gailurra edo egoera gorena filosofia maitatzean egongo litzateke.

Zaldunen eta neskameen arteko maitasun erromantikoak Erdi Aroan du jatorria, Frantzian hain zuzen ere. Bai Platonek eta bai Aristotelesek maitasuna ulertzeko zuten ikuspuntua oihartzun filosofiko nabari baten ondorioz zabaldu zen. Teorian, maitasun erromantikoa agortezina zen, maitasun hori neskamearekiko errespetu sakonak sostengatzen eta eragiten zuelako. Hala ere, era aktiboan jardun behar zuten zaldunek, kontenplazioa baztertuz.

Gaur egungo maitasun erromantikoa, nolabait esatearren, Aristotelesek maitasuna ulertzeko zuen bertsio berezi horretara itzultzen da. Maitasun berezi horretan, bikote batek bata bestearen bertuteetan aurkitzen du nolabaiteko lotura edo edertasuna: “bi gorputz, baina arima bakarra”, era poetikoan azaltzen duen moduan. Esan genezake, etika, estetika eta metafisikaren aldetik, maitatzearen ikuspuntu hau estatus handiagokoa kontsideratu dela, konduktistek eta fisikoek deskribatutakoarekin alderatuz gero.  

Maitasuna ikuspuntu etiko eta politikoa aldatu

Maitasuna ikuspuntu etikotik aztertuz gero, “nola” eta “bidezkoa da maitatzea” bezalako galderak mahaigaineratzen dira; besteekiko maitasuna edo norbanakoarena zilegia den aztertzen da. Norbait maitatzean hainbat jarrera izan daitezke edota maitasun horrek zerbait eskaini ahal dio maitatzen duenari. Adibidez, maitasun erromantikoa barneratuta izatearen ondorioz hartzen diren jarrera batzuk toxiko gisa defini daitezke psikologiaren laguntzaz. Honela, maitasun mota honek moralki desegokiak diren ekintzak egitera bultzatzen baditu maitaleak, azterketa arlo etikora eraman beharko litzateke.

Maitasunaren balioa ikuspuntu etikotik aldatu

Maitasunaren balioa ikuspuntu etikotik ere aztertu daiteke, hala nola, amodioak maitaleari edota maitatuari zer eskaintzen edo ematen dion ikuskatuz; pentsalari askok hau aztertu dutelarik. Aristotelesen ustez, norbait maitatzea bakoitza ezagutzeko bide bat da, maitatuak, hein batean, ispilu baten funtzioa betetzen duelako. Bestalde, filosofo batzuen arabera, maitatzeak pertsona “hobe” bihurtzen gaitu; bakoitza bere portaera hobetzen saiatzen baita, bai maitatuaren onurarako baita maitatua izateko ere.[12]

Maitasunaren ikuspuntu politikoa aldatu

 
Maitasunaren ikuspuntu anitzen aldeko manifestazio bat.

Horrez gain, maitasuna ikuspuntu politikotik aztertua izan da askotan. Ildo honetatik, mugimendu feministak zer esan handia dauka. Hauek, maitasunak historian zehar izan duen papera aztertzen dute bereziki, baita emakumeen zapalkuntzarako maitasunaz egin den erabilera ikertu ere. Teoria batzuen arabera, maitasuna patriarkatuaren produktua da; Karl Marxen iritzira erlijioa herriaren opioa izango litzatekeen bezala funtzionatzen du maitasunak emakumeentzat.[6] Aldiz, barnean jaiotzen den nahi baten gisakoa denez, beste askok ezarritakoaren aurka bultzatzen duen zerbait bezala aztertu dute. Hemen maitaleak elkartzeko nahia kanpoko agenteek (familiek, gizarteak) baino indar handiagoa aurkezten dute. Horrela, maitasuna gailenduz, maitaleak zoriontsu izango dira. Kasuak kasu, bi ikuspuntuak guztiz bateraezinak ez izateaz gain, kontuan eduki behar da testuinguru historikoa.

Bigarren kontzepzioari dagokionez, kontuan hartu behar da XX. mendea arte, mendebaldeko herrialdeetako bikoteak ez zirela maitasunez ezkontzen; ekintza hauek negozio baten antzekoak baitziren. Horregatik, maitasun erromantikoaren mitoak irteera bat suposatu zuen maitale askorentzat, zeinak gizarte, familia eta egoera ekonomikotik ihes egiten zuten; beraien nahiak lehenetsiz.[13]

Hala ere, emakume eta gizonak ez dira egoera berean aurkitu gizartean; ez historikoki ezta maitasunean ere. Lehenik, emakumea eremu pribatuetara ardaztu zuten eta horrekin batera, zaintza eta sentiberatasunaren arlora murriztu nahi izan da. Simone de Beauvoirrek (XIX. mendea) “Bigarren sexua” liburuan, emakumearen izaera eraikuntza sozial gisa definitu zuen, hau da, emakumeari kulturalki esleitzen zitzaizkiola izaera natural guztiak. Izaeraren eraikuntza kultural honen bidez, eta emakumea eremu pribatura eta familiara baztertua izanik, zoriontasun eta bizitzaren helburu bezala maitasuna aurkitzera bultza zaio urte askotan zehar. Nahi horren ondorioz, beste arlo guztietatik baztertzera bultzatu ditu emakumeak. Honela, maitasuna, emakumeen bizitzaren zentzu bezala, modu ironikoan aurkeztu zuen Jane Austen (XVIII. mendea) idazleak bere eleberrietan. Ildo honetatik defendatu zituen Harriet Taylor-Millek emakumeen eskubideak bere Emakumeen emantzipazioa testuan. Bertan, ohiturak esleitutako izaera guztiak berezkoak ez zirela identifikatu eta arrazoimena erabiliz hauek deuseztatu zituen.

Mugimendu feministak maitasunaren gaia modu etiko batean landu du. Azaldu bezala, emakumezkoaren egoera (maitasun erlazioei dagokienez) ez da gizonezkoaren parekide egon. Beraz, maitasun erromantikoak bultzatzen dituen balioetatik aldenduz, feminismoak maitasunean beharrezkoak ikusten dituen hainbat puntu defendatu ditu, hala nola, koherentzia, begirunea, errespetua eta zintzotasuna, besteak beste. Hauek, antzekotasuna dute lagunarteko maitasunarekin. Horrenbestez, maitasunaren inguruko iraultzaren oinarria emakumeak maitasun horren subjektu (eta objektu ez izatean) bilakatzean datza. [13]

Maitasuna mitologian aldatu

 
Venus maitasunaren erromatar jainkosa zen.

Hainbat kulturetan maitasuna jainkoekin lotzen zen:

Erreferentziak aldatu

  1. a b «maitasun» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2018-02-14).
  2. (Ingelesez) Fromm, Erich. (2000). The art of loving. Perennial ISBN 9780060958282. PMC 44266121..
  3. Henry George Liddell, Robert Scott. «A Greek-English Lexicon, φι^λί-α» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2018-02-14).
  4. The Bhagavad Gita. Penguin 2003, 1962 ISBN 0140449183. PMC 50937475..
  5. «amodio» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2018-02-14).
  6. a b c Love. .
  7. «Philosophy of Love» Internet Encyclopedia of Philosophy.
  8. [1]
  9. «maitasun - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-01-14).
  10. «1 Ko 13 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-01-14).
  11. Fricke, V. S. (2016). El amor romántico en Romeo y Julieta, de William Shakespeare. Exlibris, (5), 98-115.
  12. Helm, Bennett. (2017). Zalta, Edward N. ed. «Love» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  13. a b Alario Gavilán, Mónica. (2017-03-01). «Miguel, Ana de (2015). Neoliberalismo sexual. El mito de la libre elección» Enrahonar. Quaderns de filosofia 58: 115.  doi:10.5565/rev/enrahonar.1036. ISSN 2014-881X. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu