Ez da nahastu behar arrazionalismo korronte filosofikoarekin. Zenbaki batzuen ezaugarri matematikoarentzat, ikus zenbaki arrazional.

Arrazionaltasuna[oh 1] arrazoiz pentsatu, erabaki eta jarduteko jokabideen multzoa da, norberaren helburuak lortzeko koherentziaz eta printzipio zenbait jarraituz. Jokabide horiek arrazionalak direla esaten da orduan. Printzipio horiek jarraitu ez badira, jokabidea irrazionala edo irrazionaltasunez jokatu dela esaten da. Latineko rationalitas hitzetik dator eta azken hau aldi berean ratio (arrazoia, neurria, ulermena) hitzetik. Kontzeptuak hainbat esanahi ditu diziplina desberdinetan.

Arrazionaltasuna arrazoimenari dagokiona bezala definitzen du Euskaltzaindiak. Baita "adimena duena" bezala.[1]

Bilakaera historikoa

aldatu

Antzinaro klasikoan

aldatu

Arrazionaltasuna hainbat modutara ulertu da historian zehar eta antzinaroa horren adibide da. Gizakiak arrazoia era egokian, hau da, logikaren printzipioen arabera, erabiltzea arrazionaltasunaren definiziotzat hartuz gero, zibilizazioaren hasieratik antzematen dira fenomeno honen aztarnak: Babiloniar astronomian, Indiako logikan, Antzinako Egiptoko ureztatze sistemetan…[2]

Filosofo presokratiko batzuk garaiko ikuskera holistaren aurrean munduaren kuantifikazioa aldarrikatu zuten.[3] Eskola pitagorikoa da adibiderik esanguratsuena, haien filosofia matematikoak pentsamendu arrazionalaren oinarriak seinalatzen dituelako (ikus Euklidesen elementuak). Errealitatea azaltzeko printzipioaren eboluzioan ere antzematen da mitotik logos-erako trantsizioa, non hasieran airea eta ura izatetik Anaxagorasen nous-a izatera pasa zen hura.[4]

Denboran aurrera eginez, Aristotelesek gizakia animalia arrazional (zoon logon echon) gisa deskribatu zuen eta bizitza zoriontsua, berriz, “arimaren jarduera arrazoiari dagokionez bizitakoa” gisa.[5] Haren esanetan arrazoiketa egokiaren oinarria desberdina izan litekeenaren inguruan ondo pentsatzean zegoen.

Garai helenistikoaren etorrerak arrazionaltasunaren ikuskera desberdinak ekarri zituen. Estoikoentzat, emozioek arrazoia makaltzen zuten eta ondorioz haien kontrola ezinbestekoa zen bizitza arrazional bat eramateko. Neoplatonikoentzat, berriz, heriotza ostean arima ideien munduarekin batzen zela uste zuten, pentsamenduaren dibertsitatea eta haren arrazionaltasuna batuko zirela sinetsiz.

Erdi Aroan

aldatu
 
Agustin Hiponakoaren ustez arrazoia beti egon behar zen fedearen pean. Arrazionala izatea fededuna izatea zen harentzat.

Erdi Aroaren hasierak, patristikaren garaiak, arrazionaltasunaren ideiaren aldaketa ekarri zuen kristautasunaren eskutik. Horrela, kristautasunaren praktika arrazionala Jainkoaren esanei obeditzea zen. Agustin Hiponakoak fede perfektua arrazoizko fedea zela argudiatu zuen, esaterako.

Goi eskolastikaren garaian, Erdi Aro klasikoan, unibertsitateen sorrera eta metodo eskolastikoa dira aipagarriak. Antselmo Canterburykoa, adibidez, Jainkoaren existentzia frogatzen saiatu zen arrazoimena erabiliz. Aurrerago, Akinoko Tomasek teologia eta arrazoia batzeko lan handia egin zuen, bere bost ibilbideekin Jainkoaren existentzia modu guztiz arrazionalean azaltzen ahaleginduz. Arrazionaltasuna, beraz, arrazoiaren aurka doazen aginduen eta arrazoia beraren arteko kontraesanak ebaztea litzateke.

Aipagarria da Gilen Ockhamgoa arrazoia eta fedea era zorrotzean banatzeagatik. Haren ustez fedearen egia funtsezkoak ezin ziren arrazoiaren bitartez ezagutu. Berak jarri zuen moduan: “Teologia ez da zientzia bat”.[6] Ockhamgoari ere zor zaio arrazionaltasun printzipioaren bere bertsoa, Ockhamen labana deiturikoa. Horretaz gain, ekintza zuzena jada ez zen Jainkoak emandakoa baizik eta arrazoiak ondorioztatu duena. Haren lanean arrazionaltasuna esaldien egiarekin lotzen da.[7]

Aro modernoan

aldatu
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Descartes ulertzeko gakoak

Modernitatearen aro goiztiarrean arrazionaltasuna prozedura zientifikoari lotzen zaio, baita subjektu indibidualari ere. Gizakiak bere burua ordena jainkotiar bati lotua ikusteari utzi eta mundua aldatu zezakeela ohartzen joan zen. Francis Bacon eta haren “Jakintza boterea da” esaera dira aipagarriak garai honetan, baita René Descartesek proposaturiko zientziaren filosofiaren aurrekaria ere. Galileo Galileiren ikerkuntzek paradigma aldaketa ekarriko zuten eta zientzia naturalaren jarraitzaileak munduaren ikuskera arrazionala sinesmenetik kanpo eraikitzen ahalegindu ziren.

XVII. mendeko arrazionaltasuna metodo geometrikoarena zen eta haren arabera Newtonek eta Leibnizek kalkulu infinitesimala matematikara txertatu zuten. Immanuel Kant filosofo prusiarra Ilustrazioaren arrazoimenaren gailurtzat hartzen da. Arrazoiaren mugak sistematikoki erakustean, Kantek hainbat auziren (infinitua, Jainkoaren existentzia, giza askatasuna…) gaineko eztabaidak jorratu zituen. Haren arabera, gizakia arrazionala da arrazoi espekulatiboa baztertu, bere mugetaz kontziente izan eta ulermena erabiltzen duelako.[7]

Aro garaikidean

aldatu

XX. mendearen bigarren zatian arrazionaltasunaren ikuskera klasikoa kritikatu zen, Ilustrazioak harekiko zuen ikuskera baikorregia zela argudiatuz. Mende hartan emandako bi mundu gerrek eta haren inguruan hedatutako erregimen totalitarioek giza naturaren beste ikuskera baten garapena ekarri zuten.[8] Franktfurteko eskolak, eta beste filosofo kontinental askok (Martin Heidegger, Michel Foucault, Jacques Derrida…) arrazionaltasunaren kritika desberdinak egin zituzten.

Hainbat filosofo analitikok arrazionaltasunaren teoriak egin dituzte; Karl-Otto Apel, Robert Nozick eta Robert Audi har daitezke adibidetzat. Gaur egun arrazionaltasuna zientzia kognitiboaren filosofiatik ikertzen da, nahiz eta beste esparru askotan (etika, ekintzaren filosofia) landu ohi den gaia.[9]

Arrazionaltasunaren teoriak

aldatu

Max Weber

aldatu
 
Max Weber soziologoak egindako arrazionaltasunaren bereizketa hartu izan da gaia jorratzeko oinarritzat.

Max Weber soziologo eta ekonomialariak lau arrazionaltasun mota proposatu zituen ekintza soziala interpretatzeko[10]: lehenak, arrazionaltasun instrumentalak, gizakien jokaerari buruzko itxaropenekin zerikusia du, non itxaropen horiek helburu bat lortzeko bitartekoak diren. Helburu horiek, Weberren arabera, arrazionalki jarraituak eta kalkulatuak dira. Bigarrena sinesmen- edo balio-arrazionaltasuna da, eta ekintzailearekiko intrintsekoak diren arrazoiengatik (etikoak, erlijiosoak…) gertatzen da. Hirugarrena arrazionaltasun maitekorra da eta ekintzailearen sentimendu edo emozioek determinatzen dute. Azkenik, laugarrena arrazionaltasun tradizional edo konbentzionala da eta usadioaren poderioz gertatzen da. Weberrek berak argitu zuen normalean haien arteko konbinaketa eman ohi dela eta lehen biek dutela garrantzi handiena, argudiatu baitaiteke azken biak aurrekoen azpikategoriak direla.

Weberren deskribapenari hainbat kritika egin zaizkio: ikuspuntu feminista batetik, esaterako, bere arrazionaltasunaren teoria gizonezko balioz betea dagoela eta gizonezkoen boterearen mantentzea bermatzen duela argudiatu da.[11] Baita ere, Jürgen Habermas filosofoak Weberren interpretazioa kritikatu du testuinguru soziala eta botere sozialaren inguruko teorizazioa falta zaizkiola argudiatuz.[12] Habermasek berak eta Karl-Otto Apelek arrazionaltasun komunikatiboa izeneko teoria gauzatu zuten, non arrazionaltasuna konbertsazio arrakastatsuaren nahitaezko ondorioa den. Teorien multzo honek, etika diskurtsiboan eta berreraikuntza arrazionalean oinarritzen den geroztik, adostasunera iristeko arau eta prozesuei buruzko azalpena ematean datza.

Robert Nozick

aldatu

Robert Nozick filosofo estatubatuarrak arrazionaltasun gizatiarra egokitzapen ebolutibo gisa ulertzen zuen. Hala ere, haren funtzioa mugatua denez, Nozicken hipotesia da filosofiaren historian betidanik egon diren auzi klasiko horiek hautespen naturalaren kontsiderazioetatik kanpo daudelako egiten zaizkigula zailak.[13] Baita ere, filosofo estatubatuarrak argudiatu du sinesmen arrazionalak bi osagai dituela: lehena intelektuala da, inork ez baitu uste behar zerbait sinesgarriagoa dela harrekiko bateragaitza den beste ezer baino. Bigarrena praktikoa da, izan ere, norbanakoak zerbait sinetsi beharko luke soilik hori sinestearen baliagarritasuna ez sinestearena baino handiagoa dela espero badu.[14][15]

Richard Brandt

aldatu

Richard Brandt filosofo utilitaristarentzat ekintzaile bat arrazionala izango da haren lehentasunak psikoterapia kognitiboa eta kritika logikoa jasaten badute. Ekintzaile horiek onartuko luketen morala utilitarismo forma bat litzatekeela argudiatu zuen.[16][17]

Robert Audi

aldatu

Robert Audi filosofo estatubatuarrak arrazionalismoa esperientziari erantzuteko ahalmen bezala definitu zuen. Harentzat, ekintzek ez dute justifikazio arrazionalik, haiek gidatzen dituzten sinesmen eta nahiek baizik. Halaber, uste edo sinesmen bat arrazionala izateak ez du esan nahi egiazkoa izan behar duenik. Esperientzia engainagarri bat izanez gero, haren inguruko sinesmena ez baita egia izango, nahiz eta ondorio horretara modu arrazionalean iritsi den.

Audik fundazionalismo mota bat defendatzen du non egoera mentalak bi kategoriatan banatzen diren: fundazioan eta gainegituran. Egoera mental horiek oinarri sendorik ez badute, irrazionalak izango dira eta egoki oinarrituak badaude, berriz, arrazionalak. Egoki oinarrituriko egoera mental arrazionalak fundazioan kokatzen ditu Audik eta horiek justifikatzeko esperientziara jotzen du. Esperientziaren barnean hainbat oinarrizko iturri bereizten ditu: pertzepzioa, memoria, introspekzioa eta intuizio arrazionala sinesmenen oinarri gisa, eta plazera eta oinazea desiren oinarri gisa. Fundazioko egoera mental horiek ezeztagarriak dira, hau da, faltsuak direla egiaztatu daiteke. Fundaziozko egoera mental horiek gainegiturakoak justifikatzen dituzte.

Adibidez, leihotik begiratzean zuhaitz bat ikusten badut, nire uste hori fundazioan kokatuko litzateke eta pertzepzioak justifikatuko luke. Are gehiago, nik zuhaitza ikusi ondoren lurzorua emankorra dela ondorioztatzen badut, uste hori gainegituran kokatuko litzateke, fundazioko hainbat uste batuz egin baitut dedukzioa.

Audi kritikatua izan da esperientzia justifikazioaren azken iturri gisa jartzeagatik. Gilbert Harman filosofoak momentuzko esperientzia gizakien sinesmen inkontzienteekin konparatuz gero oso estua dela argudiatu zuen. Sinesmen inkontziente horien artean hitzen esanahia, data historikoak etab. jarri zituen. Beraz, esperientziak usteen ehuneko xume bat besterik ezingo luke justifikatu, gainontzeko usteak irrazionalak bihurtuz.[17][18]

Atal honetan Max Weberren bereizketa hartu da arrazionaltasun motak sailkatzeko oinarri gisa. Beraz, bi arrazionaltasun mota garrantzitsuenak jorratzen dira hemen: lehenik arrazionaltasun instrumentala eta ondoren balio-arrazionaltasuna.

Arrazionaltasun instrumentala

aldatu
 
Nikolas Makiavelo autore italiarraren Printzea liburua litzateke arrazionaltasun instrumentalaren erabileraren adibide egokia.

Norbaitek arrazionaltasun instrumentala erabiltzen duela esango dugu baldin eta pertsona horrek baliabide aproposak hartzen baditu bere helburuak betetzeko. “Zer izango litzateke agente batentzat arrazionala?” galderaren aurrean, arrazionaltasun mota hau bi modutara ulertu izan da:

  1. Zer arrazoi ditu agenteak zerbait egiteko?
  2. Zerbait hori egiteak agentearen jokabidea koherente mantenduko luke?

Lehenengo galderaren kasua "transmisio instrumentala" atalean jorratzen da eta bigarrena, berriz, "koherentzia instrumentala" izenekoan. Bi kategoriak bat etortzea posiblea den arren, badira hainbat kasu non hori ez den gertatzen. Esaterako, demagun agente baten nahirik handiena osasuna dela. Demagun ere noizean behin erretzeko ohitura duela eta pentsatzen duela zigarroa piztea desira hori asetzeko bitarteko egokia dela. Zigarroa piztu eta erretzen badu nolabaiteko tokiko koherentzia lortuko du haren arrazoien eta ekintzaren artean, baina ez du koherentzia globalik izango, ekintza ez datorrelako bat bere nahirik indartsuenarekin (osasuna).[19]

Transmisio instrumentala

aldatu

Bitarteko-helburu erlazioak aztertu aurretik termino bakoitzaren esanahia argituko behar da. Bitartekoak helburu batera eramaten duten ekintza, aukera eta xede gisa ulertuko dira eta helburua, berriz, ekintza huts gisa. Ekintza bat egiteko arrazoiak helburuetatik bitartekoetara “transmititu” egiten direla esan ohi da, izan ere, helburu bat lortzeko arrazoiak badaude, bertara iristeko dauden baliabidetarako arrazoiak daude ere. Joseph Raz filosofoaren erraztasun printzipioa (facilitative principle ingelesez) da ikuskera horren adibide argia.[20]

Transmisio instrumentalaren oinarri eta forma desberdinak daude: batzuentzat bitartekoak beharrezkoak izango dira eta haien eta helburuen arteko erlazioa arrazoi indartsuen, ahulen edo ekintza egin behar izatearen (ingelesezko ought) arabera sailkatuko dira. Beste batzuentzat bitartekoak nahikoa izango dira eta era berean antolatuko dira: arrazoi indartsuekin, ahulekin…Sailkapen guztiek eta haien ereduek arazo partikularrak dituzte.

Horietako bat aipatzearren, demagun mediku batek bi sendagai dituela. Lehenengo sendagaia pazientearen mina eteteko bitarteko nahikoa da. Bigarren sendagaia ere ematen badio, lehen sendagaiaren efektua deuseztatuko du hasieran, pazienteari mina bueltatuz, baina denbora bat pasa ondoren lehenengoarekin nahastu eta mina ezabatuko du. Bigarren sendagaia ematea ez litzateke funtsezkoa izango mina lasaitzeko, nahiz eta lagungarria izan hura ezabatzeko. Arazoa zera da, medikuak ez lukeela bigarren sendagaia emateko arrazoirik izango, kostua onura baino handiagoa litzatekeelako. Are gehiago, berdin du kostuaren apaltasuna hamar edo ehun bider gutxitzeak, bigarren sendagaia emateak irrazionala izaten jarraituko duelako.[21]

Koherentzia instrumentala

aldatu
 
Koherentzia instrumentalari dagokionez, arrazionaltasuna norberaren helburuekiko globalki koherente izaten lortzen da.

Koherentzia instrumentala ulertzeko “inkoherentzia” kontzeptua ulertu beharra dago. Norbait instrumentalki inkoherentea da helburu bat lortzeko asmoa izan eta helburu horretara iristeko bitartekorik hartzeko asmorik ez badu. Adibidez, demagun dentista batek hortz bat ateratzeko helburua duela eta uste duela pazienteari mina ematea hori lortzeko beharrezko bitartekoa dela. Dentistak helburua lortzeko asmoa izango du baina ez du mina eragiteko asmo zuzena izango. Instrumentalki inkoherentea izaten ari al da?

Filosofo askoren ustez horrelako kasuen aurrean urratze baieztapena defendatu dute (ingelesez violation claim), hau da, norbait instrumentalki inkoherente izaterakoan baldintza bat edo gehiago urratzen dituela dioen baieztapena. Ez dago argi baldintza horiek normatiboak (urratu ez beharrekoak) diren, baina orokorrean hiru ikuskera hartu dira honen aurrean.

Lehen ikuskeraren arabera, ez dago inongo beharrik instrumentalki koherente izateko baina inkoherente izanez gero baldintza independente batzuk urratzen dira. Bi aukera daude inkoherentzia azaltzeko: edo agente batek izan behar ez lukeen jarrera bat du edo jarrera bat falta zaio.

Bigarren ikuskerari dagokionez, uste da badagoela instrumentalki koherente izateko beharra, arrazoiak horretara baldintzatzen gaituelako. Hau da, instrumentalki koherenteak izan behar dugu. Planteamendu honen arazo bat hurrengoa da: imajinatu agintari batek bere burua boterean mantentzeko helburua duela eta hori lortzeko bitarteko bakarra bere aurkaria akabatzea dela. Kasu horretan aurkaria akabatzeko asmoa izan beharko du arrazionalki koherentea izateko, bestela helburuz aldatu beharko du.

Hirugarren ikuskerak, azkenik, ez du uste inongo beharrik dagoela instrumentalki arrazionala izateko, ez baitago inongo baldintzarik hala jokatzeko. Ikuskera honek bi bertsio ditu: alde batetik, inkoherentzia instrumentala norberaren sinesmenei emandako erantzun egokien bitartez azaltzen da; bestetik, norbaitek agente moduan desegoki funtzionatzen duela adierazten duen seinale gisa hartzen da koherentzia falta hori.[21]

Max Horkheimeren kritika

aldatu
 
"Ilustrazioaren Dialektika" izeneko lanean, Horkheimerrek Ilustrazioaren aurrerapena arrazionaltasun instrumentalarekin lotzen du.

Max Horkheimer filosofoak bere Eclipse of Reason (Arrazoiaren eklipsea) lanean arrazionaltasun instrumentalak irrazionaltasunera eramaten duela argudiatzen du, esanez arrazionaltasun instrumentalaren interes hutsa helburu batera iristeko bitartekoak determinatzea dela, helburuei buruzko arrazoiketa kontuan hartu gabe.[22] Bere Dialektik der Aufklärung (Ilustrazioaren Dialektika) lanean Ilustrazioa arrazionaltasun mota honen aurrerapenarekin parekatzen du, bere helburuen aurka joan dela esanez. Arrazionaltasun instrumentala gizartearen alderdi orotan errotu dela dio ere; kultura, adibidez, eredu industrial homogeneizatu batean bihurtu duela salatuz.[23]

Balio-arrazionaltasuna

aldatu

Arrazionaltasun mota honen arabera, norbait arrazionala izango da baldin eta haren helburuak berezko balioa badu ekintzaile horren balio estetiko, moral edo erlijiosoen arabera. Hala, ez du inongo garrantzirik izango helburua lortzen den edo zein bitarteko erabiltzen diren hura lortzeko, baizik eta helburua bera aproposa den.[23] Hainbat pentsalarik erabili dute arrazionaltasun mota hau eta haien artean hurrengoak dira aipagarriak:

John Rawls

aldatu

John Rawls filosofo estatubatuarrak baldintzarik gabekoak ziren giza ekintzaren eredu justuak identifikatzeko erabili zuen balio-arrazionaltasuna. Bere 1971ko A Theory of Justice (Justiziaren Teoria Bat) eta 2002ko Justice as Fairness (Justizia Zuzentasun gisa) lanetan berez legitimoa zen eredu bat aurkitu zuela baieztatu zuen. Rawlsek balio-arrazionaltasunari “arrazoizkoa” (the reasonable) deitu zion.[24] Hark onartu zuen banakoek interes desberdin eta askotan kontrajarriak zituztela, baina imajinatu zuen egoera natural moduko bat non pertsonak (haien aurreko bizitzaren memoria, interes pertsonal eta jabetzarik gabe) balio-arrazionalki ados jartzen ziren berez justuak liratekeen instituzioak aukeratzeko.[25] Bere justiziaren teoriaren arabera gizakiek distribuzio sozial justuaren berezko zentzua dute.[26] Ikuskera horrekin utilitarismoa ordezkatu nahi zuen moralaren ulerkera sistematikoa duen sistema gisa.[27][23]

Amartya Sen

aldatu

XXI. mendearen hasieran Amartya Sen ekonomialariak Weberrek egindako arrazionaltasun instrumentalaren eta balio-arrazionaltasunaren arteko bereizketa zalantzan jarri zuen. Bere 2002ko Rationality and Freedom (Arrazionaltasuna eta Askatasuna) lanean bi motak elkar-baldintzatuak eta -lotuak direla argudiatu ostean, arrazionaltasuna norberaren helburuak aztertzearen diziplina bezala definitu zuen.[28] Are gehiago, zalantzan jarri zuen baldintzarik gabe legitimoak diren helburuak eta baldintzatuta dauden bitartekoak koordinatzea posible izatea.

Senek “prozesuarekiko independentea den arrazoiketa” izena jarri zion balio-arrazionaltasunari. honek ez dituelako aintzat hartzen helburura iristeko erabiltzen diren bitartekoak.[29] Bere esanetan, bi arrazionaltasun motak aldi berean erabiltzea benetan arrazionala izatea da. Horretaz gain, Rawls kritikatu zuen haren teoria ondorioekiko independentea zela eta ez zuela instituzioen eraldaketek eragin litzaketen ondorioak epaitzeko lekurik uzten esanez.[23]

Psikologian

aldatu
 
Wasonen hautaketa zeregina arrazionaltasuna neurtzeko teknika gisa erabiltzen da gaur egun.[30]

Arrazoiketaren psikologian posizio desberdinak defendatu dituzte psikologoek eta zientzialari kognitiboek. Ikuspegi entzutetsu bat Philip Johnson-Laird eta Ruth M. J. Byrnerena da, non argudiatzen den gizakiak printzipioz arrazionalak direla baina praktikan huts egiten dutela haien errendimendua mugatua delako.[31] Arrazoimen test ugarik (Wasonen hautaketa zereginak, esaterako) arazo metodologiko eta kontzeptualak dituztela ikusi ostean liskarrak piztu dira ikerlariek test horiek erabiltzearen inguruan. Halaber, arrazoimen egokia deskribatzeko estatistikan, logikan eta probabilitatean edo hautaketa arrazionalaren teorian oinarritu beharra dagoen eztabaidatu da.[32]

Ekonomian

aldatu

Ekonomian eta zientzia politikoan aukera arrazionalaren teoria erabili ohi da jarduera sozial eta ekonomikoa ulertu eta moldatzeko. Teoria honen arabera, banakoak bere erabilgarritasun-onura maximizatu eta kostuak minimizatzeko joera du, bere kostu-mozkin analisi partikularraren bitartez.[33] Zientzia politikoan, esaterako, Anthony Downs ekonomialariak ondorioztatu zuen bozkatzerako garaian bozka ematearen aukerak hurrengo formularen bitartez azaldu daitezkeela: B + D > C denean emango da bozka, non C bozka ematearen kostua den, B hauteskundeak irabaztearen onura eta D asetasuna diren.[34] Teoria honen oinarrizko premisak gizartearen jokaera osoa haren parte diren gizabanakoen lehentasun indibidualen batura besterik ez dela dio.[35]

 
Aukera arrazionalaren teoria hainbat esparrura aplikatu izan da. Zientzia politikoetan, adibidez, hautesleen jokabidea ikertzeko erabili da.[34]

[34]

Horretaz gain, eredu honen jarraitzaileek diote ez dutela aukeramen prozesua deskribatzen, baizik eta haren ondorioak aurreikusi ditzaketela. Aipagarria da aukera arrazionalaren teoria banakoen lehentasunak berekoitzat hartzen dituen ikuskerarekin, hau da, gizakia homo economicustzat hartzen duen deskribapenarekin lotu bada ere, eredu horiek babesten dituzten askok, Chicagoko ekonomia eskolak adibidez, teoria errealitatearen deskribapen egokia baino hipotesiak egiteko mekanismoa dela argudiatu dutela.

Aukeramen arrazionalaren teoria hainbat ikuspegitatik izan da kritikatua.[35] Hasteko, teoriaren uste inplizitutzat hartu dira jendeak fenomeno ekonomikoen inguruan informazio guztia duela eta ziurgabetasun egoeretan aukeraketak beti emango direla.[35] Kritika horien jarraipen gisa, subjektuek abilezia kognitibo mugatuak dituztela kontuan hartzen duen teoria eraiki da, hots, arrazionaltasun mugatuaren teoria. Beste aldetik, Pierre Bourdieu soziologoak gogor kritikatu du aukeramen arrazionalaren teoria esanez agente sozialek ez dituztela erabakiak modu kontzientean kalkulatzen irizpide arrazional eta ekonomiko esplizituen arabera. Haren ustez subjektuek haien esparru sozialetan dituzten usadioen arabera jokatzen dute.[36]

Oharrak

aldatu
  1. Euskaraz arrazoi hitza erabiltzen den arren, filosofian bereizten dira razionaltasuna, arrazionaltasuna (non a- horrek negazioa dakarren) eta irrazionaltasuna, razionaltasunaren guztiz kontrakoa dena.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  2. Lorraine Daston: MIracles, Evidence and Facts: On the History of Rationality (2nd edition) Fischer, Frankfurt 2001, 7.
  3. Karen Gloy: Vernunft und das Andere der Vernunft. Alber, Freiburg, München 2001, 34.
  4. Christof Rapp: Vorsokratiker, 2. Aufl. Beck, München 2007, 185.
  5. Aristoteles, Nikomakorentzako Etika I 6, 1098a 7-8
  6. Wilhelm von Ockham: In 1. Sent. prol. q.7 OT 1, 183–205, Das philosophische Denken im Mittelalter. Von Augustin zu Machiavelli. 2. Auflage. Reclam, Stuttgart 2001.
  7. a b (Alemanez) Rationalität. 2021-04-19 (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  8. (Alemanez) Rationalität. 2021-04-19 (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  9. «InPhO - Idea - Rationality» www.inphoproject.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  10. (Ingelesez) Kalberg, Stephen. (1980). «Max Weber's Types of Rationality: Cornerstones for the Analysis of Rationalization Processes in History» American Journal of Sociology (The University of Chicago Press) 85 (5): 1145–1179. ISSN 0002-9602. (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  11. Eagleton, M. (ed) (2003) A Concise Companion to Feminist Theory, Oxford: Blackwell Publishing.
  12. Jürgen Habermas (1984) The Theory of Communicative Action Volume 1; Reason and the Rationalization of Society, Cambridge: Polity Press.
  13. (Ingelesez) The Nature of Rationality. 2021-01-01 (Noiz kontsultatua: 2021-04-20).
  14. (Ingelesez) Nozick, Robert. (1993). The nature of rationality. Princeton University Press, 3-181 or. ISBN 0-691-02096-5. PMC 27267050. (Noiz kontsultatua: 2021-04-20).
  15. (Ingelesez) Instrumental and value rationality. 2021-04-15 (Noiz kontsultatua: 2021-04-20).
  16. (Ingelesez) Richard Brandt. 2021-02-22 (Noiz kontsultatua: 2021-04-20).
  17. a b (Ingelesez) Rationality. 2021-04-17 (Noiz kontsultatua: 2021-04-20).
  18. (Ingelesez) Robert Audi. 2021-03-29 (Noiz kontsultatua: 2021-04-20).
  19. Kolodny, Niko; Brunero, John. (2020). Zalta, Edward N. ed. «Instrumental Rationality» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  20. Raz, J. (2005): “The Myth of Instrumental Rationality,” Journal of Ethics and Social Philosophy, 1(1): 1–28.
  21. a b Kolodny, Niko; Brunero, John. (2020). Zalta, Edward N. ed. «Instrumental Rationality» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  22. Berendzen, J.C.. (2017). Zalta, Edward N. ed. «Max Horkheimer» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2021-04-20).
  23. a b c d (Ingelesez) Instrumental and value rationality. 2021-04-15 (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  24. (Ingelesez) Rawls, John. (1999). A theory of justice. (Revised edition. argitaraldia), 30-36, 83 or. ISBN 0-674-00077-3. PMC 41266156. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  25. (Ingelesez) Rawls, John. (1999). A theory of justice. (Revised edition. argitaraldia), 8, 41 or. ISBN 0-674-00077-3. PMC 41266156. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  26. (Ingelesez) Rawls, John. (1999). A theory of justice. (Revised edition. argitaraldia), 10-14, 497-498 or. ISBN 0-674-00077-3. PMC 41266156. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  27. (Ingelesez) Rawls, John. (1999). A theory of justice. (Revised edition. argitaraldia), 12, 58, 124 or. ISBN 0-674-00077-3. PMC 41266156. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  28. Sen, Amartya (2002): Rationality and Freedom. Harvard University Press, 4.
  29. Sen, Amartya (2002): Rationality and Freedom. Harvard University Press, 278-81.
  30. (Ingelesez) Wason selection task. 2021-04-13 (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
  31. Johnson-Laird, Philip N.; Byrne, Ruth M. J. (1 September 2009): “Corrigendum: ‘If’ and the problems of conditional reasoning”. Trends in Cognitive Sciences. 13 (9): 282–287.
  32. Sturm, Thomas (February 2012): “The ‘Rationality Wars’ in Psychology: Where They Are and Where They Could Go”. Inquiry. 55 (1): 66–81.
  33. Gary Browning, Abigail Halcli, Frank Webster (2000). Understanding Contemporary Society: Theories of the Present, London, SAGE Publications.
  34. a b c Downs, A (1957) An Economic Theory of Political Action in a Democracy, Journal of Political Economy, volume 65, No. 2, 135-150.
  35. a b c (Ingelesez) Rational choice theory. 2021-04-25 (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  36. (Ingelesez) Rational choice theory. (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).

Kanpo estekak

aldatu