Antzinako greziar filosofia

Antzinako greziar filosofia K.a. VI. mendetik aro helenistikora bitartean luzatzen den pentsaera filosofikoa da, filosofo presokratikoekin hasi eta Grezia Erromatar Inperioan sartu arte, K.a. II. mendean. Mendebaldeko filosofiaren eta baita islamdar filosofiaren alderdi zenbaiten jatorri eta oinarritzat jotzen da, Sokrates, Platon eta Aristoteles filosofoen ekarpenekin bereziki. Hain zuzen ere, filosofia hitza bera antzinaro greziar filosofiaren baitan sortu zen.

Atenasko Akademia, Rafaelen margolana, non antzinako greziar filosofo nabarmenenak jasotzen diren.

Lau garaitan bana daiteke antzinako greziar filosofiaren aroa[1]: filosofo presokratikoak, Sokratesen aurretikoak alegia, bereziki kosmologia landu zutenak eta fenomeno naturalen azalpen arrazionalak ematen saiatu zirenak; Sokratesekin, biraketa antropologikoa gertatu zen filosofian, non gizakia bilakatu zen aztergai nagusi; Platonek gizakia eta gizartea aztertzen jarraitu zuen baina ontologia ere garatu zuen, ideien teoria delakoan, Aristotelek kritikatu zuena, gertaera eta behaketa enpiriko eta zehatzetan oinarritutako epistemologia garatuz; azkenik, aro helenistikoak eskola filosofiko zenbaiten garapena ekarri zuen, hala nola estoizismoa, neoplatonismoa eta eszeptizismoa.

Filosofiaren sorrera

aldatu
 
Antzinako Grezia Homeroren garaietan

Filosofiaren sorrera Grezian kokatzen da K. a. VI. mendean. Etimologiaren arabera, jakituriaren maitasuna esan nahi du filosofia hitzak, eta beraz jakituria da filosofoen helburua.

Filosofiaren jatorria gizakiak azalpen mitikoak alde batera utzi eta horien ordez azalpen logikoak erabiltzen hasi zen sasoian dago. Azalpen mitikoan jainkoak dira gauza guztien zergatia edo kausa, eta azalpen logikoan, berriz, natura behatu eta ondorio logikoak ateratzen dira. Garai horretan Grezian pentsaera aldaketa bat gertatu zen. Ordura arte indarrean zeuden azalpen mitikoak kritikatu eta garaiko jakintsuak logos delakoa erabiltzen hasiko ziren.

Filosofo presokratikoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Filosofo presokratikoak»

Filosofiaren sorreran kosmos delakoa dute aztergai, naturaren osotasuna adierazten duena, non gertaera naturalak lege unibertsal baten araberakoak diren. Haien ritziz, naturan gauzak ez dira nolanahi gertatzen, badago armonia bat, izan ere lege naturalak agintzen eta zuzentzen baititu naturan gertatzen diren aldaketa guztiak. Horregatik, lehenengo filosofoak fisikoak ziren, haien aztergai nagusia natura baitzen[2].

Garai honetako filosofoen helburua naturaren arkhe edo printzipioa bilatzea izan zen, naturaren printzipio material eta iraunkorra, nondik izaki bizidun guztiak sortzen diren. Baina filosofo guztiek ez ziren ados jarri arkhe delakoa zein den definitzerakoan[3][4]. Erantzunak bi sailetan banatzen dira:

Garai antropologikoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Garai antropologikoa»

K.a. V. mendean greziar filosofian norabidea aldatzen da, kezka nagusia kosmologiatik gizakiarengana aldatuz. Aldaketa hau gertatu zen aldiari garai antropologikoa deritzo. Hortik aurrera, filosofoak ez dira hainbeste kezkatuko kanpoko naturaz, gizakiaren barneko izaeraz baizik eta hiru izango dira horren inguruan landuko dituzten arloak: antropologia (zer eta nolakoa den gizakia), etika (nola jokatu behar duen gizakiak zoriontasuna lortzeko) eta politika, (nola antolatu behar den gizartea gizakion arteko harremanak zuzenak izan daitezen). Garai honetan sofistak, Sokrates, Platon eta Aristoteles dira filosofo garrantzitsuenak.

Sofistak

aldatu
Artikulu nagusia: «Sofistak»

Sofista hitzak trebea, maisua eta jakintsua esan nahi du. Eristika edo eztabaidatzeko artea zen haien trebetasuna. Irakasle profesionalak ziren eta diru truke irakasten zuten filosofo taldea bezalaxe defini daitezke.

Sofisten irakaskuntzaren xedea politikoa zen, hots, asanblada demokratikoetan parte hartu ahal izateko garrantzi handikoa zen jendaurrean ondo hitz egiten jakitea, diskurtso erakargarriak egiten jakitea, eta hori zen sofisten irakaskuntza.

Sofistek gazteei irakasten zieten politikan parte har zezaten eta horregatik beraiek hezitako gazteak demagogoak bihurtu ziren, hau da, herritarren engainatzaileak. Sokratesen ustez, oso kaltegarriak izan ziren atenastar demokraziarentzat, atenastar demokrazia suntsitu baitzuten. Bi sofista nabarmentzen dira: Protagoras eta Gorgias

Garai helenistikoa

aldatu

Helenismoa erlijio kezka eta asalduren garaia izan zen. Erlijio ofizialaren aurrez aurre, bazegoen norbanakoaren erlijioa ere, salbamen pertsonala helburu obsesiboa bihurturik. Horrela loratu ziren misteriozko gurtzak, jainkoarekiko harreman zuzena bideratzen eta gizonaren erosketa agintzen zutenak, hala adibidez misterio zahar asko: Demeter Eleusisen, Kabiriarrak Samotrazian, eta batez ere Dionisorenak.

Joera horrekin batera, eskola eta akademia arrazionalak ez ziren desagertu: eskola peripatetikoa, eszeptizismoa, epikureismoa eta estoizismoa loratu ziren.

Epikureismoaren oinarrietan, Epikurok bere eskolan azaldu bezala, gorputzaren garrantzia azpimarratzen da, existentziaren oinarria baita, eta gizakiaren zoriona gozamena. Gozamen hori mina saihestuz lortzen da, moderazioarekin zoriona, gozamen naturalak eta beharrezkoak aukeratuz.

Estoikoen kezka ere zoriona lortzea da. Eta hau, munduarekin armonian bizitzean oinarritzen da, norberaren beharrak naturaren beharretara egokituz.

Eszeptikoen zorion-bilaketa ere ezin uka daiteke, baina zorion edo gozamen terminoak baino, espirituaren lasaitasuna edo ataraxia lortzeaz mintzo ziren. Korronte honetakoen iritziz, ezin da ezagutu nolakoak diren gauzak, eta beraz, hoberena da iritzirik ez ematea, faltsu edo benetakorik ez baita existitzen. Aldi berean, erabateko ezagupenak lortu nahi izatea lasaitasunik ezaren iturri da.

Helenismoaren beste ezaugarri bat izan zen ideia filosofikoen transferentzia bat Erromarantz, politika eta kultura potentzia bezala, Erromatar zibilizazioak Grezia zaharraren ondare artistiko, literario, zientifiko eta filosofikoa jaso eta egokitu zuen, eta filosofiaren alorrean, grekoen dotrina ezberdinak hartu zituzten (Aristoteles, Platon, epikureismo, estoizismo, eszeptizismo, zinismo) eta hauen ideiak latinez azaltzeko ahalegin handiak egin zituzten. Zizeron (K.a. 106-43) eta Varron (K.a. 116-27) bezalako autoreek egin zuten "itzulpen" lana, oso garrantzitsua izan zen pentsamendu grekoa Mendebaldera eramateko. Epikureismoa eta estoizismoaren jarraitzaleak dira jbestalde Lukrezio (K.a. 98-55) eta Seneka (K.o. 4-65).

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Honderich, Ted, ed. (2005-01-01). The Oxford Companion to Philosophy. Oxford University Press  doi:10.1093/acref/9780199264797.001.0001/acref-9780199264797. ISBN 978-0-19-926479-7. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  2. (Ingelesez) Curd, Patricia. «Presocratic Philosophy» plato.stanford.edu (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  3. (Gaztelaniaz) «En busca del arché, la sustancia elemental» VENTURA 2015-07-11 (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  4. «Los filósofos presocráticos - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu