Andres Irujo Ollo

Euskal politikaria (1907-1993)
Andres Irujo» orritik birbideratua)

Andres Irujo Ollo (Lizarra, 1907ko azaroaren 29a - Buenos Aires, 1993ko irailaren 29a) nafar idazle, editore, eta politikari abertzalea izan zen.[1]

Andres Irujo Ollo

Bizitza
JaiotzaLizarra1907ko azaroaren 29a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaBuenos Aires1993ko irailaren 29a (85 urte)
Familia
AitaDaniel Irujo
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaDeustuko Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, editorea eta politikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea
Eusko Alkartasuna

Gaztaroa eta Ikasketak aldatu

Lizarran jaio zen Andres Irujo Ollo 1907. urteko azaroaren 29an, Lizarrako patroia den Ander deunaren egunean alegia. Andres Maria Saturnino Honorato bataiatu zuten San Juan elizan. Daniel Irujo Urraren (1862-1911) eta Aniana Ollo Elordiren (1866-1950) semea zen. Daniel Irujok, Deustuko Unibertsitateko lehen irakasle laikoa, zuzenbide prozesala eta zuzenbidearen historia irakasten zuen. Sabino Aranaren lagun hurkoa, 1896an eta 1902an Aranaren kontra irekitako kasu judizialetan jeltzalearen abokatua dugu.

Sei anai-arreben artean gazteena, Andres jaio aurretik amak bi seme-alaba galdu zituen jaio eta hilabete gutxi ondoren, María Luisa eta Francisco Xabier, 1904ean eta 1905ean hurrenez hurren. Anai zaharrena Manuel (1891-1981) dugu; Eusebio (1893-1968), Maria Rosario (1894-1925), Juan Ignacio (1897-1969), Delfin (1900-1988) eta Josefina (1902-1992). Andres jaio eta hiru urte geroago bikotearen azken semea jaioko zen, Pello Mari (1910-1983). Andres lau urte zituelarik birikeriak jota hil zen aita 1911an.

Irujotarrak, kirolaren bitartez Nafarroan euskal giro politikoa eta euskal kultura zabaldu nahian, Lizarrako Izarra futbol taldearen osaketan parte hartu zuten, bai eta Merkatondoa futbol zelaiko erosketan ere. Juan Ignacio, Andres eta Pello Mari, Izarra taldeko aurrelariak izan ziren. Bestalde, anai zaharrenak, Manuel eta Eusebio, akziodunak, futbol taldeko batzarkideak.

Anai arrebak bezala, oso gazte afiliatu zen Andres Euzko Alderdi Jeltzalean. Alfonso XIII.ak ezarritako diktaduraren eragina jaso zuten ere, Manuel diputatu kargutik kendu zuen erregimenak eta Delfin 1925eko urrian atxilotu zuten.

Lekarozko Colegio de Nuestra Señora del Buen Consejo ikastetxean egin zuen Batxilergoa eta 1930ean zuzenbidea burutu zuen Andresek Deustuko eta Madrilgo Unibertsitateetan eta Manuelen abokatu-langelan laguntzaile dugu urte horretan bertan.

1936ko Gerra aldatu

1933an, Manuel Gipuzkoan diputatu hautatua izan eta gero, Andres langelaren kudeaketaz arduratuko zen, era berean, Manuelen idazkaria zelarik. Uztailaren 18an Tolosarantz trenez zihoazenean altxamenduaren berri izan zuten Manuelek eta Andresek. Orduan Manuel Tolosako Paper-fabrikako akzioduna eta enpresako batzorde eragilearen mahaikide zen. Gau horretan bertan abiatu ziren Donostiara anaiak Gipuzkoako diputatu jeltzaleekin biltzearren. Donostiako Estornés Legazpi ikastetxean, Andres eta Manuel Irujoz bestalde, Joxe Mari Lasartek, Telesforo Monzonek, Arzelusek eta Antoñanzasek eman zuten gaua. Gau luzea izan zen hura. Telefono deiak, informazioaren egiaztapena eta, batik bat, hurrengo egunetako plangintza osatu izan zuten lan larriena. Gau osoa bilduta egon ondoren Donostiako Kaputxino elizan meza aditu zuten goizeko zortzietan eta, goizean goiz, Gipuzkoako Jesús Artola Goikoetxea gobernadore zibilarekin bildu ziren Lasarte eta Irujotarrak. Bileraren helburua bikoitza zen, alde batetik Euzko Alderdi Jeltzalearen errepublikarekiko atxikimendua adierazi eta, bestetik, gobernu zibilaren jarrera argituz, hurrengo asteetarako plangintza martxan jarri. Uztailaren hogeita batean Euzko Alderdi Jeltzaleak Euzkadi eta La Gaceta del Norte egunkarietan alderdi jeltzalearen altxatuen kontrako jarrera irmoa adieraziz artikulu bat plazaratu zen.

Diputatu jeltzaleek harturiko lehen neurrietariko bat, Loiolako kuarteleko armak eta munizioa eskuratzea izan zen. Eginkizun horretan EAJko Manuel Irujok, Andres Irujok, Rafael Pikabeak, Juan Antonio Irazuztak, Joxe Mari Lasartek eta, Alderdi Sozialistako Miguel Amilibiak lan egin zuten. Ildo honetan bertan, Eusko Gudarostea antolatzeko lehen urratsak eman zituzten Irujok eta Lasartek, Azpeitiko Loiola saindutegian abuztuaren 8an erroldatzeko deia plazaratuz, Euzko Abertzale Ekintza eta Euzko Alderdi Jeltzaleko hainbat eta hainbat kide bertaratu zirelarik. Eusko Gudarostea antolatzeko osatutako lehen batzordea Cándido Saseta komandanteak, Manuel Irujo, Juan Kareaga eta Joxe Mari Lasarte diputatu jeltzaleek, Lino Lazkano Euzko Nekazari Batzaren ordezkariak, Salvador Aranburu Eusko Langile Alkartasuna sindikatuko ordezkariak, Tomás Mitxelena Euzko Abertzale Ekintza alderdiko ordezkariak eta Mikel Alberdi Euzko Mendigoizale Batzako ordezkariak osatu zuten.

Uztailaren amaieran, Irujotarrak Urbasa mendian udako oporretan zirela, Lizarrara abiatzeko mezua jaso zuten, jende asko tirokatzen ari baitziren hiri eta herrietatik at eta, nonbait, seguruago egongo ziren etxean, Lizarran bertan. Etxean zirela, gauez, matxinatuak heldu eta aterarazi zuten bertan ziren familiako kide guztiak, Eusebio Irujo eta Pilar Elizalde, Delfín Irujo, Josefina Irujo eta Javier Blanco, eta Mirentxu, Manuelen alaba alegia. Haiekin batera etxeko zerbitzariek Lizarratik alde egin zuten ere, Lizarran burumakur bizitzea baino espetxean Irujo familiarekin bat igortzea hobe zutela adieraziz. Gizonezkoak Iruñeko espetxean giltzapetu zituzten eta, emakumezkoak Ursulinas komentuan. Bi hilabete geroago, irailaren 26an, Pilar Elizalderen bigarren alaba, Marilo, bertan jaio zen.

Altxamenduak checas izeneko bat-bateko eta legez kanpoko epaitegien osaketa suspertu zuen Gipuzkoan. Zenbait gipuzkoar eskuin politikoko burukide hil zituzten horrela. Hain zuzen, Loiolako kuartelaren errendizioa eta gero, horietako epaitegi batek sei ofizialei heriotza zigorra ezarri zien. Manuel Irujok kondena ez gauzatzeko agindua luzatuko zuen, alabaina, orduko ofizialak fusilatu zituzten. Halako ekintzak saihestearren Miguel Amilibia sozialistaren lehendakaritzapean Gipuzkoako Defentsa Batzordeko Komisaldegia osatzea erabaki zuen probintziako agintaritzak. Amilibiaren uko egiteari Telesforo Monzonena jarraitu zion, azkenik, Manuel Irujok estuturik, Andres Irujok komisaldegiaren ardurari baietza eman behar izan zion. Andres Irujoren ondoan hilabete horietan Miguel José Garmendiak, Nafarroatik ihes egin ondoren Espetxe Zuzendaritzaren lehendakari izendaturik, Irujotarrekin guda amaitu arte gatibuen trukaketan arituko zenak lan egin zuen. Era berean, altxamenduaren lehen hilabete horietan Cándido Saseta Euzko Gudarostearen komandanteak Irujorekin lan egin zuen Gipuzkoan. Aunitz hilketa galarazi zituen Andresek, besteak beste, Fernando Sasiain Donostiako alkatearena. Ildo honetan bertan, Ondarreta espetxean fusilamendu pelotoi bati aurre egin zion, bakarrik eta armarik gabe, bost gizonen erailketa eragotziz. Halarik ere, Ondarretatik ateratzean, bi gizon fusilatu zituzten.

Zenbait matxinatuen aldeko politikari eta militarren bizia salbatzearren, azken hauek Guadalupe gotorlekura igortzea erabaki zuen Irujok. Bertan sartu zituen, besteak beste, Víctor Pradera, Honorio Maura eta Joaquín Beunza. Halarik ere, nahiz eta neurriak hartu, nazionalek Irun garaitu eta ordu batzuk lehenago zenbait milizianok bertan gordetakoak erail zituzten. Propaganda frankistak zabalki eskukatu zuen Beunzaren lintxamendua, hilketarekin deus ikustekorik izan zuten hainbat eta hainbat errepublikarrei fusilamenduaren errua egotziz, besteak beste, Andres eta Pello Mari Irujori, momentuan Manuelekin batera libre ziren Irujotar bakarrak alegia. Izan ere, behin baino gehiagotan saiatu ziren Manuel eta Andres berrogeita hamar bat nafar gatibu Pradera, Maura eta Beunzarekin trukatzen, halarik ere, Mola jeneralaren aginduei jarraiki ez ziren ganbiorik egin. Lortu zuten gauza bakarra Beunzaren emaztearentzako ibiltzeko baimena izan zen. Pilar Elizalde Isidro Gomá kardinalarengana laguntza eta gupida eskatzen abiatu zenean, azken honek, hitza egiteko baimena ukatuz, Eusebioren emazteari senarra bizirik mantentzea aski sari zuela aditzera eman zion.

Iruneko garaipenaren aurretik suertaturiko hilketak zirela eta, Gipuzkoako Denfentsa Batzordeak Saseta komandantearen indarrak Donostian azken momenturaino mantentzea erabaki zuen. Berdin jokatuko zuen Eusko Jaurlaritzak nazionalek Bilbo hartu baino lehen, Jesus Maria Leizaola sailburuak hiriko espetxeetan ziren atxilotuak salbu jarri zituzten, matxinatuen eskuetan. Bizi asko salbu jarri zituen neurriak.

Aunitz jendez gain, ondasun publikoak eta pribatuak zaindu eta babestu zituen Gipuzkoako Batzordeak. Besteak beste, Andres Irujok Julio Urquijoren 14.000 liburu zituen liburutegia gorde zuen.

Erbestea aldatu

 
Andres Irujo Ollo eta Ixaka Lopez Mendizabal Buenos Airesen.

Nazionalek Euskal Herriko frontea garaitu ondoren, Manuel Irujorekin batera joan zen Andres Madrilera, Balentziara eta Bartzelonara hurrenez hurren, justiziako ministroaren idazkari lanetan. Goian esan bezala, eginkizun honetan gatibuen trukaketan aritu ziren Irujo eta Garmendia nagusiki. Ildo honetan bertan, Frantziako Errepublikako Adiskideen elkarteko Euskal Herriko azpibatzordearen idazkaria izendatzen dute Andres 1938an. Lucio Aretxabaletarekin batera idazkari gisa eta, Euzko Jaurlaritzako Perpignaneko ordezkaritzako kide gisa, 1936ko gudaren eraginez frantziar estatuan euskal errefuxiatuen errolda osatu zuen, behar gorrian bizi ziren errefuxiatuei, lana, bazka edota sorospen medikua eskainiz.

Nazien 1940ko Europako mendebaldeko garaipenak Ameriketako bidea hartzera behartu zituen jada erbesteraturik bizi ziren zenbait euskaldun. Andres, 1940ko urria aldera, Aniana Ollorekin, Josefina Irujorekin eta Angel Blancorekin Argentinara abiatu zen itsasontziz. Marseillatik Lisboara, Portugaleko erregimeneko poliziak trabak jarri zizkion Ameriketarantz abiatzeko. Hamaika liskar eta arazo izan ondoren, Miguel José Garmendiarekin itsasoratu zen. Abenduan porturatu ziren Buenos Airesen, bertan Laurak Bat eusko etxeko kideek txistu eta dantzariekin etorri berriak agurtu zituztela. Roberto Ortiz (1882-1942) presidentearen dekretuari jarraiki, ailegatu berriek hilabete batean Argentinako naziotasuna eskuratu zuten bai eta, eusko etxeko kideen laguntzarekin, lana ere bai.

Lizarrakoarentzat laugarrena zen Argentinako erbeste honetan 1936an etxetik alde egin zuenetik, bi proiektu bulkatu zituen eraginkortasunez kultur arloan, hots, Ekin argitaletxearen eta Instituto Americano de Estudios Vascos elkarte kulturalaren osaketa. Honekin batera, 1950etik aurrera, Amerikako Eusko Ikaskuntzen erakundearen aldizkaria ere plazaratzen eta argitaratzen lagunduko du Irujok 1993 arte (Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos).

Argitaratze lanarekin batera, bi liburu idatzi eta argitaratu zituen Irujok. 1944ean plazaratutako Los Vascos y la República Española. Contribución a la historia de la guerra civil, 1936-1939 eta Los Vascos y las cruzadas, P. A. Sánchez Gamarraren hitzaurrearekin eta Kerman Ortiz Zaratek irudiztaturik, 1946ko azaroan plazaratutakoa. Lehenengoan 1936ko gudaren lehen hilabeteetan Gipuzkoako Defentsa Batzordeak burututako lanaren inguru idatzi zuen Irujok. Biak Andrés de Lizarra ezizenarekin sinatu zituen.

 
Andres Irujo Ollo

Buenos Airesko Acción Vasca elkarteko lehendakari ordea, Laurak Bat eusko etxeko lehendakari ordea eta Euzko Txokoa elkarteko bokala dugu Andres 1957 eta 1959 bitarte.

Berrogeita hamar bat artikulu idatzi zituen Amerikako Eusko Ikaskuntzen Institutuko aldizkarian Irujok ere. Hauen artean Buenos Airesko euskal abizenen bildumak aipu berezia merezi du. Abizen bilduma tradizio handiko lana zen hego Amerikako eusko etxeetan. Hain zuzen, 1944ean Bingen Ametzagak Uruguaiko Unibertsitatean Eusko Ikaskuntza Batzordea osatu zuenean, bideraturiko lehenengo lanetatik bat, Uruguaiko euskal abizenen errolda osatzea izan zen, urteekin 12.000 bat abizen bildu zituztelarik.

1978an, hirurogeita hamaika urte zituela, ezkondu zen Andres Irujo María Elena Etxeberrirekin, euskaldunen artean RH ezkorra faktorearen ugaritasuna ikertu zuen Etxeberri medikuaren alaba alegia. 1993ko irailaren 29an, Mikel deunaren egunean hain zuzen, hil zen Irujo Buenos Airesko erbestean berrogeita hamahiru urte eman ondoren. Bertan dago ehortzirik.

Erreferentzia aldatu

  • Artikulu hau Xabier Irujok Arturo Campion aldizkarian 2011an idatzitako artikuluan oinarrituta dago.
  1. Irujo Ametzaga, Xabier. ANDRES IRUJO OLLO (1907-1993) ETA EUSKAL ERBESTEKO KULTUR EKINTZA BUENOS AIRESEN. , 1-21 or..

Kanpo estekak aldatu