Eusebio Irujo Ollo

Eusebio Irujo Ollo Wikidata


Eusebio Irujo Ollo (Lizarra 1893-Lizarra 1968 ) EAJkp politikari garrantzitsu bat izan zen.

Eusebio Irujo Ollo

Bizitza
JaiotzaLizarra1893ko abenduaren 7a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaLizarra1968ko azaroaren 11 (74 urte)
Familia
Seme-alabak
Anai-arrebak
Jarduerak
Jarduerakfarmazialaria eta politikaria

Aniana Ollo Elordi eta Daniel Irujo Urraren semea izan zen, Lizarrako San Juan elizan bataiatu zuten Eusebio 1893ko abenduaren 7an. Hamar anai-arrebetatik bigarrena zen. Urte berean, aitak aktiboki parte hartu zuen Estanislao Aranzadi Izkuerekin eta Sabino Aranarekin batera Gamazadaren antolaketan, Nafarroak beren eskubide historikoen defentsan herria mobilizatu zuen matxinadan.

Batxilergoko ikasketak Tuterako jesulagunen neguko barnetegian amaitu zituen. Gero farmazian lizentziatu zen bere aitonaren Eusebio Olloren eta azken honen aitaren, Francisco Javier Ollo Errazkinen ibilbidea jarraituz. Ikasketak amaitu zituenean, Garesen jarri zuen botika eta gero Eusebio Ollok Lizarran utzitako farmazia oinordetzan hartu zuen, alegia, Francisco Javier Ollok 1850eko abuztuaren 3an Lizarrako Inmaculada pasealekuan sortutako botika.

1920ko gripea pairatu zuen eta bizitzan zehar jasan zuen biriketako lesioa utzi zion, espetxean egon zen bi urte eta erdian areagotu zena.

Pilar Elizalde Esandirekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Agurne, Maite, Marilo eta Pello. Bere anai-arrebekin batera, Lizarrako Merkatondoa futbol zelaiaren erosketan parte hartu zuen, eta hiriko Izarra futbol taldeko kide izan zen.

Gerra eta Espetxea aldatu

Urtero bezala, 1936ko uztailean familia Urbasako jauregian zegoen uda pasatzen. Lagun batek ohartarazi zien hobe zutela Lizarrara joatea, han atxilotuko zituzten arren, Urbasan euren bizitza arriskuan zegoelako. Hala egin zuten. Errekete pelotoi batek familiako etxea inguratu eta denak hartu zituzten. Eusebiok emakumezkoak uzteko eskatu zuen, baina Eusebio, Pilar eta haien bi alaba nagusiak atxilotu zituzten, bai eta bere arreba eta koinatua ere. Zazpi hilabeteko haurdun zegoen Pilar. Eusebio eta bere anaia Juan Ignacio Iruñeko espetxean sartu zituzten eta han egon ziren 1938. urte amaiera arte. Pello, anaia gazteenari, heriotza zigorra ezarri zioten eta San Cristobal espetxera eraman zuten. Pilar eta bere bi alaba nagusiak bakartuta egon ziren Ursulinaseko komentuan. Bertan, bere hirugarren alaba, Marilo, erditu zuen irailaren 29an, Fortunato Agirre Lizarrako alkatea Taxoaren exekutatu zuten egun berean.

Gurutze Gorriak trukatu zituen Pilar eta alabak eta Capbretonera joan ziren 1936ko urriaren 21ean.

Eusebio eta Pilarren ondasun guztiak bahitu zituzten matxinatuek. La Merindad de Estella astekariak Lizarrako ondasunak bahitzeko epaitegi bereziaren iragarkia argitara eman zuen 1938ko martxoaren 8an, Irujoren ondasunak enkante publikoan jarriko zirela argituz.

Erbestea aldatu

Gurutze Gorriak trukatu zituen Eusebio eta Juan Ignacio 1938ko abenduan. Ardura politikoen legea aplikatu zitzaien eta Capbretonera erbesteratu ziren. Bertan jaio zen seme gazteena 1939. urtean. Pilarrek Bidarteko La Roseraie ospitalean erditu zuen, Eusko Jaurlaritzak 150.000 euskal erbesteratuen beharrei erantzuteko Iparraldean sortu zituen bost erietxeetako bat. Pello bataiatu zuten, Eusebioren anaia zen Pello Irujo Ollo fusilatuko zutela espero baitzuten.

Bigarren Mundu Gerrak eta okupazioak beste hainbeste euskal abertzale askorekin batera behartu zuen Eusebio Amerikar erbesteko bidea hartzera. Pilarrek eta seme-alabek Iruñean gelditu behar izan zuten, ez baitzekiten erbesteratzeak gertatuko zituen inguruabarrak, eta ez baitzuten familia bidaia egiteko beharrezko baliabideak.

1939an EBBko kideek Dominikar Errepublikara euskal emigrazioa bultzatzea beharrezkoa ikusten zuten, handik Venezuelara joatea nahiko erraza eta merkea zelako. Eusebio EBBko kidea izanik, Eusko Jaurlaritzako Dominikar Errepublikan delegatu izendatu zuten eta Jesús Galindez idazkari. Rodolfo Bosch Pearson teniente koronelak, Espainiako Immigrazioari Laguntzeko Batzordeko idazkariak, SERE elkarteak ematen zuen dirulaguntzaren kudeaketa jarri zuen Irujoren agintepean Trujillo diktadorearen ustelkeriatik babesteko. Modu honetan hasi zen Irujo Venezuelara bidaia jarraitu nahi zuten erbesteratuak laguntzen.

Dominikar Errepublikako eta Venezuelako agintarien immigrazio dekretuei jarraiki, euskaldunak eta ezkerreko alderdietako kideak ez ziren hiritarrak utziko zituzten herrialde hauetan sartzen. Ciudad Trujillon (Santo Domingo) delegatu izendatu zutenetik hiru egun eskasera, Agirreri idatzi zion Eusebiok Venezuelara joateko beharrezkoak ziren dokumentuak erbesteratu batzuei soilik emateko agintea salatuz eta protokolo gisa ezarri zuen eskatzen zuten guztiei emango zizkiela bisak, alegia, euskaldun, espainiar, katalan, galiziar emigrante eta erbesteratuei edota, orokorrean, bere bulegora hurbiltzen zen edonori, juduak eta Europatik iheska zetozen guztiak barne. Era berean, alderdi eta afiliazio guztietako kideei emango zizkiela argitu zuen. Behin batean, emakume bat hurbildu zen Irujoren bulegora Venezuelara joateko euskaldunei ematen zieten bisa eskatuz. Emakumezkoak aitortu zuen ez zela euskalduna, nahiz eta Irunen aspaldi batez bizi izan zen. Berehala entregatu zion bisa Irujok eta Caracasen bizi izan zen bere seme-alabekin. Urteak geroago, Eduardo Escosura, bere semea, Eusebioren alaba zen Maite Irujorekin ezkonduko zen.

1940ko otsailean Jesús Galindezek Londresko Euskal Kontseilu Nazionaleko presidentea zen Manuel Irujori jakinarazi zion bera eta Irujo portura joaten zirela itsasontziak iristen zirenean txistulari batekin Agur Jaunak abestuz, etorri berriek jakin zezaten euskaldunak zirela eta haiekin harremanetan jar zitezen. Caracasera abiatzen ziren etorkinak ere laguntzen zituzten itsasontzietara, eta txistuz eta tanborilez agurtzen zituzten portuan. Zailtasunak izan zituzten arren, urtebete baten buruan etorkin gehienak Venezuelara bideratzea lortu zutela argitu zuen Galindezek 1940ko maiatzaren hasieran.

Venezuelako Erbestea aldatu

1940ko ekainean Irujo Caracasera joan zen Dominikar Errepublikatik Venezuelara joaten ziren erbesteratuen eta etorkinen azken taldeen egoera konpontzeko. 1940ko irailaren 1ean, Galindezek Londresera idatzi zuen zailtasunak izaten ari zirela argituz, Venezuelako gobernuak ezkerreko alderdi politikoekin lotura zuten etorkinak errepublikan sartzen uzten ez zituztelako. Venezuelako gobernuak El Trompillon antolatutako jantoki publikoen ikuskatzaile izendatu zuen Irujo. Bertan aritu zen urte batez petrolio boomaren aukerak eta mundu gerrak ekonomiari eman zion bultzadak erakarrita Venezuelara iritsi ziren Europako etorkin olatuari aurre egiteko.

 
Eusebio Irujo Ollo Jose Antonio Agirrerekin Caracasko eusko etxean

Irujoren dedikazioa eta eraginkortasuna zela eta, 1940ko urtarrilean Urreztieta, Urrutxua, Orue, Ibargüen, Basterretxea, Uribarrena, Soto eta Zabalak osatutako erbesteratuen taldeak Jose Antonio Agirre lehendakariari idatzi zioten Eusebio Irujo Eusko Jaurlaritzako delegatu izendatzeko eskaera luzatuz.

Etorkinen etorrera gutxiagotu zenean Últimas Noticias egunkarian kirol erreportari gisa lan egin zuen Irujok eta, urte batzuen buruan, egoera ekonomikoa egonkortu ondoren, Venezuelako hiriburuko Dos Caminos auzoan botika berri bat jarri zuen. Nahiz eta milaka eta milaka etorkinei bisak eman, Irujok ezin izan zuen bere dokumentuak erregularizatu eta Venezuelako herritartasuna lortu 1947ko urriaren 21era arte.

Caracasera iritsi zenetik eusko etxeko kide aktiboa izan zen. Bestalde, behin egoera ekonomikoa egonkortu zuenean eta Bigarren Mundu Gerra amaituta, Pilar eta seme-alabak Caracasera joan ahal izan ziren 1948an. Gerrak seme-alaben haurtzaroa lapurtu zion Eusebiori, eta hau bizi oso bateko mina izan zuen. Bederatzi urte bete arte ez zuen Pello bere seme gazteena ezagutu aitak.

Caracasko EAJko lurraldez kanpoko batzordeko presidentea izan zen bai eta Venezuelako euskaldunen lagunen gizartearen propaganda batzordeko kidea Martin Ugalde, Andoni Arozena, Genaro Egileor eta Jose Luis Bengoetxearekin batera. Venezuelako hainbat hiritarren laguntza izan zuten, hala nola Arturo Uslar Pietri, Rodolfo Rojas, Alberto Losada eta Antonio Picardi-rena. Caracasko Eusko etxean, Bingen Ametzaga buru zuen Gernika Kultur Taldeko kidea ere izan zen, Josemari Lasarte, Lucio Aretxabaleta, Fernando Carranza, Manuel Lartitegi, Luis Bilbao, Martin Ugalde eta Jose Elizalderekin batera.

1950ean gidari mozkor batek Agurne Irujo harrapatu eta hil egin zuen, Eusebio eta Pilarren alaba nagusia. Urte latza izan zen hura, Eusebioren ama 1950ean hil baitzen ere Buenos Airesen, 1936tik ikusi ezin izan zuen ama.

Bikotearen seme-alabek Caracasen ikasi eta graduatu ziren; aita eta aitonaren ibilbideari atxikiz, Marilo eta Maite farmazian lizentziatu ziren eta Pello ekonomian.

Itzulera aldatu

1960ko hamarkadaren hasieran, Eusebiok Lizarrara itzultzea erabaki zuen, 1936an kendu zioten Inmaculada pasealekuko farmazia itzultzeko eskaintza egin ziotenean. Berreskuratu ondoren, Eusebio eta Pilar Lizarran bizi ziren zortzi urtez, erbestean hogei urte igaro ondoren.

Arantzazu Ametzagak gogoratzen zuen moduan, “1967ko martxoaren 26an antolatu zen Iruñeko Aberri Egunerako ahaleginak areagotu zituen Venezuelako Euskadi Irratiko Txalupa taldeak. Mezuak bidali ziren, eta erresistentziako taldeen eskutik buletinak banatu zituzten bai eta argibideak helarazi ere. Caracastik Iruñera bidaiatu zen Pello Irujo eta erresistentziarekin harremanak lotu zituen, Gudari aldizkariko zenbakien banaketa ziurtatu zuen eta Gaztelu plazan botako zituzten ikurriñen inguruko xehetasun eta argibide teknikoak eman zituen. Bestetik, Euskadi Irratiko seinalea heltzen zela ziurtatu behar zen. Aita Eusebiorekin Lizarratik Urbasara abiatu ziren aita eta semea Gordini batean, gau hotz argi batean. Biak ala biak, erosi berri zuten irrati gailuarekin, Radio Euskadi sintonizatu zuten, arnasa hartuta. Baina Urbasan ez zen ezer entzun lehen gau hartan. Eusebiok semea besarkatu zuen, eta sentimendu sakonenak adierazi ezinik, ‘Gora Euskadi askatuta!’ oihukatu zuen.

1968. urtearen hasieran gaixotu zen, arnas arazoak izan zituela, gaztetan izan zuen eta espetxean gaiztotu egin zitzaion ezaugarri klinikoak jota. 1967an Aberri Eguna antolakuntzan parte hartzeagatik preso hartu zuten Pello semea erbesteratu zuten. Geroago bitan pasa izan ahal izan zuen semeak muga aita ikusteko. Lehen aldi batez Arantzazu Ametzaga emaztearekin eta bere lehen biloba Xabierrekin batera eta, hil baino egun batzuk lehenago bigarrena. 1968ko neguan klandestinoki zeharkatu ahal izan zuen muga Pellok erresistentzia sareei esker aitari azken agurra egiteko.

Eusebio 1968ko azaroaren 10ean hil zen, 75 urte zituela, Lizarrako Santiago plazako Irujo familiaren etxean.

Kanpo estekak aldatu

Erreferentziak aldatu