Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra
Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra (ingelesez: American Revolutionary War edo American War of Independence) Britainia Handiak Ipar Amerikan zituen Hamahiru Kolonien eta Britainia Handiaren arteko gerra izan zen, 1775etik 1783ra bitartean gertatua. Yorktowngo setioan britainiarrek izandako porrotak eta Parisko Ituna sinatzeak amaitu zuten gerra.
Iraultzaren aurrekariakAldatu
Ipar Amerikako ekialdeko kostaldean, Britainia Handiko koroaren jabetzako hamahiru kolonia zeuden. Jabetza horietan, lehenengo errepublika sortu zen eta bertako gobernua konstituzio baten bidez araututa gelditu zen. Horretarako, biztanleak britainiarren agintetik irten ziren, eta gainera, berdintasuna eta askatasuna sustatzen zituzten ideia iraultzaile nagusiak antolaketa politiko eta sozial berrian sartu ziren.
Kolonietako gizartea etorkin jario etengabeen eraginezkoa zen; gizarte horretan, ez zeuden Europako sistema feudal zorrotzaren ezaugarriak; jaraunspenezko nobleziarik ere ez zegoen. Hegoaldeko kolonietan (Virginia, Carolina, Georgia) sistema esklabista antolatu zen (500.000 esklabo beltz); sistema horretan, esklaboak tabakoa, azukre eta kotoiaren laborantzan egiten zuten lan.
Bertako gizartea honako hauek osatzen zuten: lur-jabe txikiek eta handiek; hirietako langile askeek, mendebaldean lur berriak okupatzeko eta baliabideak ustiatzeko aukera zuten langileak; merkataritza-trafiko aktiboa kontrolatzen zuten merkatariek eta azkenik, esklaboak ugariagoak ziren hegoaldeko kolonietan. Hamahiru kolonietako hiri eta porturik garrantzitsuena Filadelfia zen, eta 1760an, gehienez jota, 25.000 biztanle zituen.
Independentzia GerraAldatu
Amerikako kolonia britaniarren altxamendua, independentzia-gerra baino gehiago, benetako iraultza izan zen. Britainia Handiaren aurkako askatasun-gogoa kolonien barruan gelditu zen agerian.
Kolonoek bidegabeko tratua jasaten ari zirela uste zuten, metropolira aberastasuna eta zergak bidali arren, guztiz baztertuta zeudelako, eurengan eragina zuten erabaki guztietan. Egoera horren ondorioz, XVIII. mendearen erdialdetik aurrera, Britainia Handiarekiko menpekotasun gogorraren aurkako iritzia zabaldu zen.
Ingalaterrak Frantziari Zazpi Urteko Gerra (1756-1763) irabazi ondoren (metropoliak kolonoen laguntza handia jasota, bai laguntza militarra eta baita baliabide ekonomikoak ere), kolonoek eskainitako laguntza garrantzitsua ez zen behar bezala saritu. Aldiz, zerga-presioa gogortu egin zen, gerraren gastuak finantzatzeko. Horrela, azukrearen eta beste produktu batzuen gaineko zerga berriak sortu ziren. 1773ko abenduaren 16an, Bostoneko portuan istilu larria egon zen, Tearen Matxinada. Altxamendu horren zergatia Londresko gobernuak tearen merkataritzari ezarritako zerga berria izan zen. Kolono gazte batzuek, indiarrez mozorroturik, Ekialdeko Indien Konpainiako hiru itsasontzitako kargamentua itsasora bota zuten, konpainia horrek tea Ipar Amerikara esportatzeko monopolioa lortu baitzuen. Tropa ingelesek gogor zapaldu zuten altxamendua eta gobernuak Bostongo portua ixteko agindua eman zuen; baina, horren eraginez, haserrea biztanleria osora zabaldu zen.
Gobernu britainiarraren errepresio-neurrien ondorioz, Independentziaren gerra hasi zen. 1775eko data eman ohi da gerraren hasiera data bezala, istiluak lehenagotik bazetozen ere. Kolonoek milizianoen armada eratu zuten eta agintean George Washington (1732-1799) jarri zuten. Washingtonen lehenengo arazoa tropak ekipatzeko armarik eta muniziorik ez edukitzea izan zen. Gerraontzirik ere ez zeukanez, ingelesek erabateko nagusitasuna zuten itsasoan. Beraz, atzerriko potentzien laguntza lortu behar izan zuten. Frantziak, Britainia Handiaren aurkari nagusia zenez, George Washingtonek armadarako behar zituen armamentua eta munizioak bidali zituen. Lehenengo batailetan, armada britainiar indartsuak nagusitu ziren; hala eta guztiz ere, Saratogako batailan matxinoek kolpe gogorra eman zioten armada ingeleseko gorputzetariko bati, eta horren ostean, gerraren garapena aldatzen hasi zen.
1779an, gerra nazioarte zabalago batera hedatu zen: Frantziak eta Espainiak gerran sartzea erabaki zuten. Frantziak mendekurako gogoa zeukan, Zazpi Urteko Gerra (1748-1756) galdu ondoren, eta Espainiak galdutako jabetzak berreskuratu nahi zituen, Gibraltar eta Menorca esaterako. Horren guztiaren ondorioz, bi herri horiek Ingalaterraren aurka mobilizatu zituzten tropak. 1781ako urriaren 19an, Britainiarren armada errenditu egin zen Yorktowngo batailan eta 1783an, Britainia Handiak Estatu Batuen independentzia onartu zuen, Parisko Itunean.
Independentzia DeklarazioaAldatu
« | Bistakoak direlako eutsiko diegu egia hauei. Hona hemen: gizaki guztiak berdin sortuak direla; Sortzaileak eskubide besterenezinak ematen dizkiela guztiei (besteak beste, bizitza, askatasuna eta zoriontasunaren bilaketa); eskubide horiek bermatzeko, gizakien artean gobernuak ezartzen direla, eta gobernatuen onespenetatik eratortzen direla gobernu horien botere legitimoak; gobernua erabat printzipio horien aurka badoa, berritzeko edo abolitzeko eskubidea duela herriak, bai eta printzipio horietan oinarritutako beste gobernu bat ezartzeko eskubidea ere, eta segurtasuna eta zoriontasuna lortzeko egokiena iruditzen zaion moduan antola dezakeela herriak boterea. [...] Helburu bera duten gehiegikerien eta usurpazioen zerrenda luze batek herria despotismo absolutuaren mende hartu nahi duela adierazten badute, herriak gobernu hori boteretik botatzeko eskubidea eta betebeharra du, eta etorkizuneko segurtasunerako berme berriak ezartzekoa. Izan ere, handia izan da kolonia hauen sufrimendua; eta orain aurreko gobernatzeko era aldatzeko beharra nabaria da. [...]: Beraz Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariok, Kongresu Orokorrean bilduta, [...] hau jakinarazi eta aldarrikatu nahi dugu: Kolonia Batu hauek estatu aske eta independenteak direla, eta izan behar dutela eskubide osoz, [...] eta haien arteko nahiz Britainia Handiarekiko lotura politiko guztiak erabat disolbatuta daudela eta geratu behar dutela [...] |
» |
Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariek, Kongresu Orokorrean bilduta. Filadelfia, (1776), |
Lehenengo Konstituzio ModernoaAldatu
Ameriketako Estatu Batuetako historia |
![]() |
Pertsonaia garrantzitsuak |
Ipar Amerikako 1787ko konstituzioa liberalismo politikoaren printzipioak jasotzen zituen lehenengo kostituzioa izan zen. Independentzia konkistatu ondoren, antzinako kolonia guztiek ados jarri beharra izan zuten, eta hori oso konplexua izan zen. Hegoaldeko kolonietan, etxe handietan bizi ziren lur-jabeek agintzen zuten; adibidez, esklabotzaren abolizioaren aurka zeuden. Aldiz, iparraldeko koloniak burgesak eta nekazaritzako jabe txikiek kontrolatzen zituzten. Buruzagi politikoek neurri erradikalagoak proposatzen zituzten, banakako eskubideen aldetik, estatu kideen arteko batasun politiko handiagoa sustatzen zuten.
1787an, antzinako kolonietako berrogeita hamabost ordezkari Filadelfian bildu ziren, konstituzio berri bat idazteko. Joeren arteko paktua lortu zen: gobernu federal bakarra eratuko zen, errepublikako presidentearekin eta legegintzako bi ganberarekin (Ordezkarien Etxea eta Senatua; baina, aldi berean, estatu bakoitzak barne-politikan eskumen handiak izango zituen gobernu autonomoa eduki ezean.
1787ko konstituzioa, bestalde, ilustratuek defendaturiko berdintasunaren eta askatasunaren printzipioetan oinarritzen zen. Erregimen errepublikanoa eta demokratikoa ezarri zen eta emendakin batzuk kenduta, 1789an behin betiko onetsitako konstituzioa indarrean dago gaur egun ere.
Ipar Amerikako independentziak eta demokraziak eragin handiaz izan zuten, Europako iritzian eta politikan. Errepublika berriak eta Konstituzioari erantsitako giza eskubideen adierazpenak saihestu egiten zuten beltzen esklabotzaren gaia; gai hori Sezesio-gerran ebatzi zen (1861-1865); arazo horren ondorioz, gaur egun ere arrazen diskriminazioa erakusten duten egoerak ageri dira.