Sai arre

260 cm inguruko hego-zabalera eta lumaje arrea duen saia. Europako hegoaldean eta Afrikan bizi da. Europako arruntena da

Sai arrea (Gyps fulvus) Accipitridae familiako hegazti harraparia da[1], iparraldeko Afrikan, hegoaldeko Europan eta Asiako mendietan bizi dena.

Sai arre
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaAccipitriformes
FamiliaAccipitridae
GeneroaGyps
Espeziea Gyps fulvus
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa252 g (pisua jaiotzean)
8,328 kg (helduen pisua)
Zabalera2,591 m
Kumaldiaren tamaina1
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora54 egun
Arrautza

Beste putreak bezala sarraskijalea da. 93–110 zentimetroko luzera, 230–269 zentimetroko hego-luzera eta 6-13 kiloko pisua ditu.

Euskal Herrian bizi den hegazti handi bezain ikusgarria. Handia izanagatik ere dotorezia handiz egiten du hegan, hegakadarik ia egin gabe, eta luzaroan egon daiteke bazka bila. Sarraskijale izaerak ordea etsai asko ere sortu dizkio.

Deskribapena aldatu

Identifikatzeko erraza da sai arrea: hegazti harrapari handienetarikoa da (95-105 cm luzera, 240-280 cm hego zabalera eta 6-9 kg arteko pisua) eta hegan hegoak ia mugitu gabe egiten du; urrun egonda ere, buru eta buztan laburrak dituela igarri daiteke, eta gerturatzean arraun-luma beltzak eta estal luma arren arteko kontrastea nabaria da. Burua argia da eta lepoaren inguruan lumaz osatutako tapauka bat dauka (gazteen tapauka hori marroia da, eta helduena argia).

Sarraskijalea denez buruko eta lepoko lumak oso txikiak dira (burua gorpuetan sartzean infekzioak ekiditeko) eta oso moko gogorra du haragia erraz urratzeko. Bada, ale gazteenetan mokoa helduena baino ilunagoa da. Gainera, alde dortsaleko estal-lumen puntak nabariki apalak dira helduetan.

Azpiespezieak aldatu

Sai arrek bi azpiespezie ditu:[1]

Kantua aldatu

Gainontzeko saiak bezala, sai arrea ere nahiko isila da. Halere, janariengatik edo lo-lekuengatik lehiatzen direnean ufadak eta eztarri-soinuak egiten dituzte.

Banaketa aldatu

Sai arrea batez ere Mediterraneo itsasoaren inguruan bizi da: hegoaldeko Europan eta iparraldeko Afrikan. Halaber, hegoaldeko Afrikan eta Ekialde Hurbilean ere bizi da. Ordea, Iberiar penintsulan eta Grezian da ohikoen. Lekuotan mendialdeak hobesten ditu, kareharriak dauden mendiak batez ere.

Ez da espezie migratzailea, baina gazteek dispertsio bidaia luzeak egiten dituztela ikusi da.

Euskal Herria aldatu

Euskal Herriko mendialdean oso hedatua dagoen hegaztia da. Nafarroan aurkitu daitezke Euskal Herriko kolonia handienak, Urbasa-Andia, Aralar, Arbaiungo eta Irunberriko arroiletan eta pirinio osoan oso ohikoa da. Gorbeialdean, Aizkorri-Araz inguruan eta Urkiola parkean ere oso arrunta da. Urkiola natura parkeko Mugarra mendiko labarretan bizi da Bizkaiko sai arre kolonia handiena.

Habitata aldatu

Sai arreak habia 0-3500 m inguruan dauden harkaitzetako erlaitz eta zuloetan egiten du (tarteka zuhaitzetan ere) betiere gertu abereak larratzen diren zuhaitz gutxiko eremuak daudela. 10000 metrotara hegan ikusi izan dira.

Elikadura aldatu

Esan bezala, sai arrea espezie sarraskijalea da. Batez ere ungulatuak jaten ditu eta, hori dela eta, Euskal Herrian behintzat abeltzaintza jarduerari lotuta egoten da espezie hau. Gainera zabortegietara ere gerturatzen da bazka bila.

Europa hego-mendebalde osoan, ungulatu basati handien falta dagoenez mendietan, sai arreek abeltzaintzak utzitako sarraski handiei eta saientzako bazkaleku bereziei izugarrizko dependentzia diete, hau gabe desagertuko litzateke saien populazioa zonalde hauetan.

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Neguan gorteiu-hegaldiei ekiten diete, bikotearen lotura sendotzeko, eta urtarrila eta otsaila artean arrautza bakarra erruten dute. Arrautza hori 48-54 egunez inkubatzen dute (arrak zein emeak), eta txita jaio eta gero 110-115 egunez jaten eman behar zaio. 80-90 egun dauzkanean txita erlaitzean zehar mugitzen hasten da, baina uda bukaera arte ez da bere kabuz hegan hasteko gai izaten.

Bizimodua aldatu

Bikoteak bizi osoan irauten du. Bestalde, harkaitzetako erlaitzetan koloniak osatzen dituzte. Hainbat ornitologoren esanetan jokabide hau ezinbestekoa zaio gorpuak urratzeko, ale askoren indarra behar omen baita.

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Sarraskia jateko prozesuaren partaideetako bat besterik ez da sai arrea: sai zuriak txoko txikienetatik ere buru sartzen du eta ugatzak hezurrak jaten ditu. Gainontzekoa da sai arreak jaten duena. Bestalde, erlaitzetan lehia izugarria egoten da beste sai arreekiko bai eta ugatz eta sai zuriekiko ere.

Harrapari eta etsai naturalak aldatu

Sai arre heldua handiegia da harraparirik izateko, helduek ez dute ezerren beldur izan behar. 10 kg gainditu dezaketen hegaztiak dira, moko zorrotz eta indartsu batekin, gizakiaz gain ez daukate etsairik. Sai motzarekin eta arrano beltzarekin lehia izan dezake sarraski bat jaterako orduan, sai motza sai arrea baino handiagoa da eta arrano beltzak, txikiagoa izan arren, indarra badu sai arre heldua mendean hartzeko, baina sarraskien gaineko noizbehinkako lehiak kenduta, ez dute inolako arazorik.

Sai arreek kopuruaren indarra erabiltzen dute gainontzeko lehiakide sarraskizaleak kanporatzeko.

Antzeko espezieak aldatu

  • Sai motza (Aegypius monachus): Espezie hau ez da ohikoa Euskal Herrian, baina Nafarroa hegoaldean tarteka ikusi ahal izan da. Edonola, sai beltza hegan dagoenean burua luzeagoa eta hegalak zabalagoak dauzkalako identifika daiteke. Gainera, lumadia guztiz beltza dauka.
  • Arrano beltza (Aquila chrysaetos): Gertutik oso erraz bereizi daitezke, baina baliteke urrunean nahastea. Arrano beltzak burua eta lepoa luze eta sendoak ditu, eta buztana ere luzeagoa da. Gainera, arrano beltzak hegaldi azkarragoak egiten ditu, hegakada gehiagorekin.

Kontserbazioa aldatu

Europako populazioa izugarri handitu da 1990. urtea arte eta egun oso egonkor mantentzen da. Hori dela eta ez da mehatxupean kontsideratzen[2]. Hala ere, behi eroen gaitzak bazkalekuen itxiera eragin zuenetik badirudi populazioa zertxobait murriztu dela. Egoera horretan, eta bizi nahiak bultzatuta, sai arreak horren ohikoak ez zituen bazka iturrietara jo eta animalia gaixoak eta ahulak ere jaten hasi zen. Horrek haserreak eragin ditu abeltzainen artean eta desadostasunak egon dira eraso horien izaeraren inguruan. Edonola, egun bazkalekuak ireki dituzte berriro ere.

Galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b Clements, J.F.; T.S. Schulenberg, M.J. Iliff, B.L. Sullivan, & C.L. Wood. (2010). (xls) The Clements Checklist of Birds of the World. (6.5. argitaraldia) Cornell University Press.
  2. BirdLife International 2008. Gyps fulvus. IUCN Red List of Threatened Species. Version 2009.1

Kanpo estekak aldatu