Eskailera-suge
Eskailera-sugea (Rhinechis scalaris) pozoirik gabeko sugea da, Colubridae familian sailkaturik dagoena. Hego-mendebaldeko Europako endemikoa da.
Eskailera-suge | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) [1] | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Squamata |
Familia | Colubridae |
Generoa | Rhinechis |
Espeziea | Rhinechis scalaris Schinz, 1822[2]
|
Banaketa mapa | |
Deskribapena
aldatuEuskal Herrian ikus daitezkeen sugeen artean[4] eder eta lirainenetarikoa da. Suge luzea da berez, eta normalean metro bat ingurukoa izaten bada ere, 1,5 metroraino ere irits daiteke, eta isatsak osatzen du luzera osoaren bosten bat. Ezkata dortsalak leunak ditu, eta hauek 27 lerro eratzen dituzte soinaren erdialdean. Ezkata bentralak berriz, zabalak izan ohi dira, eta beren kopurua 200 eta 220 artekoa izaten da. Azkenik, ezkata subkaudalak, sabelaldean uzkitik atzerantz hedatzen direnak, 48-68 alez osaturiko bi lerrotan antolaturik dauzka.[3]
Burua zabala eta ongi definitua izan ohi du, eta bertan bi ezkata parietal zabalak oso nabarmenak dira. Horrezaz gainera, ezkutu itxurako ezkata frontal nabariak punta zorrotza du atzealderantz. Honen alde bietara supraokularrak (alde bakoitzean bana) ikus daitezke, eta buruaren aurre aldera joz bi prefrontal (luze baino zabalagoak), eta bi internasal. Ezkata errostral handia, zabal baino luzeagoa, azpimarratzekoa da halaber; internasalen artean eta hauen erdiraino iritsiz luzatzen baita atzerantz.[3]
Kolorazioari dagokionean, helduek alde dortsal arre argi uniformea dute, bertan eta erdi-lerroaren alde bietara bi marra longitudinal paralelo ilunagoak izaten dituztela. Ale gazteengan bi lerro hauek zeharkako marra ugariz lotuta ageri dira, eskailera antzeko bat irudikatzen dutelarik, eta hortik datorkio suge honi bere izen bitxia. Bestalde, buruaren alde bietara, eta begitik atzerantz eta kanporantz, marra ilun nabarmen bana izaten du. Sabelaldeari dagokionez, berriz, helduengan zuri edo horiska izaten da; orbanik gabekoa. Gazteengan ordea, eta salbuespen gisa, orban ilunak ikus daitezke zenbait aletan.[3]
Banaketa
aldatuBanaketa geografikoari dagokionean, eskailera-sugea mediterraniar espeziea dugu; Iberiar penintsulan, iparraldeko eskualde hezeetan izan ezik, Frantziako hego-ekialdean, Hyères uharteetan eta Menorcan bizi da. Euskal Herrian ere, eskualde mediterraneoetan aurki daiteke: Araban Ebro ibaiaren inguruetan, eta Nafarroa Garaian, berriz, erdialde eta hegoaldean.[3]
Habitata
aldatuNarrasti hau, sastrakadi harritsu eta lehorretan, larre-bazterretan, baso bakanduetan, nekazaritza-alorren arteko palaxuetan, edota horma-zuloetan aurki daiteke batik bat, beti ere ingurune heze eta hotzetatik at.[3]
Bizimodua
aldatuEskailera-sugea narrasti lehortarra eta lehorzalea dugu, egunez diharduena, eta normalean lurrean bizi den arren, trebezia handia du zuhaitz eta zuhamusketara ere igotzeko, ehizakiren baten bila, edota bestela eguzkia hartzeko gogo hutsez. Izan ere, suge hau ikaragarri eguzkizalea baitugu, eta ordu luzez egon daiteke astro esku zabalak bidalitako izpi beroez gozatzen.[3]
Bere mugimenduak azkarrak eta arinak dira eta, ondorioz, ikaragarri ehiztari bikaina dugu. Era berean, erasokorra da oso, eta ez du oldarkortasun handienaz hozka egiteko inolako zalantzarik izaten, bere burua arriskutan dagoen susmorik badu. Eskailera-sugeak ez du pozoinik ordea, eta bere hozkadek ez dute inolako ondorio larririk sortzen, baina sarritan erasotzailea uxatzeko aski izan daitezke.[3]
Elikadura
aldatuLehen hilabeteetan matxinsaltoak eta antzerako intsektuak ehizatzen dituzte. Hazten doazen neurrian, gero eta ehizaki handiagoak atzematen dituzte. Bere harrapakinen artean, ugaztun xeheak, txori eta txitoak, sugandilak eta musker gazteak dira nagusi, eta guzti hauek hertsatuz akabatzen ditu berehala irentsi aurretik.[3]
Ugalketa eta ontogenia
aldatuAraldia udaberriaren azkenetan gertatzen da; maiatza eta ekaina bitartean. Ernalketa burutu eta hiruzpalau astera, emeak 6-24 arrautza luze-horiska errungo ditu, lurreko zulo edo harriazpiren batean. Arrautza hauek 2 x 5 zentimetroko egitura zimur eta horiskak izaten dira. Uda bukaeran bertatik jaioko diren sugetxoek 20 zentimetroko luzera izango dute munduratzean, eta une horretatik bertatik beren bizimodua egiteko gai izango dira, inoren laguntzaren beharrik gabe.[3]
Kontserbazioa
aldatuSuge hau gero eta ikusgaitzagoa ari zaigu gertatzen, espezieak pairatzen duen erregresioa dela eta. Haren habitatak kokatzen direneko ingurunearen eraldaketa da uritze-prozesu honen arrazoia. Izan ere, nekazaritza-alorrek landaredi naturala ordezkatu baitute leku gehienetan eta, bestalde, nekazaritza intentsiboaren ondorioz, alorren arteko palaxuak eta baso eta sastrakadi txikiak ere gero eta gutxiago baitira, suge dotore honen bizilekuak ere geroz eta murritzagoak dira. Beraz, eta beste zenbait espezierengan gertatzen den legez, eskailera-sugearen babesak ingurunearena eskatzen du, eta palaxu, sastrakadi eta baso txikiena bereziki.[3]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Rhinechis scalaris, iucnredlist.org
- ↑ The Species 2000 and ITIS Catalogue of Life
- ↑ a b c d e f g h i j k Aihartza, Joxerra. Eskailera-sugea, eguzkizale liraina. Elhuyar aldizkaria, 1992/01/01 , CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-22).
- ↑ «Euskal Herrian dauden 11 espezietatik hamar atzeman dituzte Aranzadiren 'Sugebizi' proiektuko 'sugezainek'» Berria 2021-07-16 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Aihartza, Joxerra, Eskailera-sugea, eguzkizale liraina, aldizkaria.elhuyar.eus
- (Ingelesez) TIGR Reptile Database in Species 2000 and ITIS Catalogue of Life: 2011 Annual Checklist
- (Gaztelaniaz) Culebra de escalera, mapama.gob.es