1960ko Italiako Giroa txirrindularitza Itzuli Handi honen 43. edizioa izan zen. 1960ko maiatzak 19 eta ekainak 9 artean ospatu zen, 21 etapatan banatutako 3481 kilometroko ibilbidearekin, garailea izan zen Jacques Anquetil frantziarrak 37 kilometro orduko abiaduran bete zituenak. 21 etapa horietatik bi bikoitzak izan ziren. Itzulia Erroman hasi eta Milanen amaitu zen.
140 txirrindularik hasi eta 97k amaitu zuten proba.
Hiru ziren edizio hau irabazteko faborito nagusiak: Charly Gaul, 1959ko Italiako Giroaren garailea izan zena, Jacques Anquetil, aurreko edizioan 2. izan zena, eta Gastone Nencini, 1957ko Italiako Giroa irabazi zuena, eta 1960an bertan, Frantziako Tourraren garaile izango zena. Gastone Nencini zen italiar txirrindularitzaren itxaropen nagusia, berriki Fausto Coppi hil ondoren. Mendiko lehen etapa garrantzitsua 12.a izan zen, Cervinian amaitu zena. Gaulek mendatearen hasieratik eraso zuen, baina ez zuen gainontzeko faboritoekiko abantailarik lortu. Luxenburgotarrak mendate hori beretzat ez zela behar bezain gogorra adierazi zuen, eta Dolomitetan hobeto egingo zuela. Anquetilek, bere aldetik, bere lana egin zuen 14. etapan, 68 kilometroko erlojupekoa izan zena, non Gaul zazpi minutura uztea lortu zuen, eta Nencini 4 baino gehiagora. Beste behin, bazirudien Charly Gaulek ez zuela Giroa irabaziko, aurreko edizioetan mendate garaietan egindako erakustaldi epikoek itzulia erabat eraldatu zuten arren. Duelua 20. etapan, etapa erregina zena, lau mendaterekin eta Gavia beldurgarriarekin, hortxe zegoen.
Gaulek ez zuen hutsegin, eta, beste behin, lasterketa bere erara hausten saiatu zen. Gaviarako igoeran ihes egin zuen, jaitsieran Imerio Massignan aurreratu zuen, ihes eginda zihoana, eta etapa garaipena lortu zuen. Alabaina, oraingoan, lortu zuen abantaila ez zen nahikoa izango, eta benetako lehia Nencini eta Anquetilen artean zegoen. Normandiarra askotan saiatu zen italiarra atzean uzten, baina ez zuen lortu. Nencinik ez zituen soilik bere hankak igoera honetan, baizik eta baita ia airean zeramaten hamarnaka tifosiren laguntza ere, ia pedalik eman beharrik gabe. Honek, frantziarrak jasan zituen bi zulatuekin batera, italiarrari hamabost segundoko abantaila eman zion Gaviaren tontorrean, Bormioko helmugarako jaitsiera beldurgarrian bi minutu eta erdira handitu zuena, hala ere gutxiegi izan zena Anquetili maillot arrosa kentzeko, hurrengo egunean, Milango Vigorelli belodromoan, Italiako Giroa irabazi zuen lehen frantziarra izan zelarik.