Vladimir Nabokov
Vladimir Vladimirovitx Nabokov (errusieraz: Влади́мир Влади́мирович Набо́ков; San Petersburgo, 1899ko apirilaren 22agreg./apirilaren 10ajul. - Montreux, Suitza, 1977ko uztailaren 2a) idazle errusiar-estatubatuarra. XX. mendeko idazle berezi eta nagusietako bat da, bai bere obraren indarragatik eta originaltasunagatik, bai errusiar eta ingeles literaturetan duen lekuagatik, eta, batez ere, abangoardien historian duen garrantziagatik.
Bestalde, tximeletetan aditua zen, eta lepidopteroen inguruko ikerketa garrantzitsuak egin zituen. Badira bi tximeleta Nabokoven izena dutenak, hark deskribatu baitzituen aurrenekoz.
Biografia
aldatuSan Petersburgoko familia dirudun eta aristokrata batean hazi zen. Nabokov hirueledun izan zen txikitatik, haren familiak errusieraz, ingelesez eta frantsesez hitz egiten baitzuen. Aristokrazia giroan ohi zen bezala, ez zen eskolara joan. Etxeko irakasleak izan zituen, eta haietako batekin, britainiarra baitzen, ikasi zuen ingeles hizkuntza, geroago anglosaxoniarrak berak txunditurik uzten zituen mailetaraino menderatuko zuena.
Nabokov familiak sorterritik ihes egin behar izan zuen 1917ko Urriko Iraultzaren ondoren. 1919an, Alemaniara erbesteratu ziren Nabokoven senideak, boltxebikeen beldur; Nabokov, berriz, Cambridgeko Unibertsitatean sartu zen.
Aita, politikari liberala, Hitlerren zerbitzura zegon eskuindar batek hil zuen urte batzuk geroago; ama, aldiz, Pragan hil zen, zikinkeriaz inguratuta, semeak zioenez ez baitzen sekula neskamerik gabe bizitzera ohitu.
1940an, Estatu Batuetara joan zen Vladimir Navokov, Bigarren Mundu Gerratik ihesi.
Obra
aldatu1920ko hamarraldian hasi zen literatura serio lantzen, Masbenka lehen eleberriarekin. V. Sirin ezizena erabiltzen zuen, ez baitzuen aitaren deitura nahasi nahi, oraindik politikagintzan zebilela-eta hura. Lehen lanak errusieraz idatzi zituen; errusierazko obra osoa 1920tik 1940ra idatzi zuen, Cambridgera iritsi zenetik Estatu Batuetara erbesteratu zen arte. Geroago idazleak berak itzuli zuen ingelesera bere obra, bakarrik zenbaitetan, eta semearen eta beste lankide batzuen laguntzaz beste zenbaitetan.
Vladimir Nabokoven lanak sarritan esperimentalak eta ilunak badira ere, erudizio eta zorroztasun handia erakusten dute. Obra zabala da: sei eleberri, eleberri labur bat eta kontakizun asko.
Aipatzekoak dira Despair (1978, Etsipena) eta Priglasheniye na kazn (1936, Gonbidapena heriotzara). Despair lanak eromenaren azterketa aurkezten du, barnetik egina, eroaren barne-bakarrizketa bakarrik erabiliz. Nabokovek nahi adina baliatzen ditu bitxikeria estilistikoak, hasi berbaldiaren oparotasunetik eta beste estiloak imitatzeraino, hitza bihurritzetik egitura aldrebesteraino; baina gehiegikeria horiek funtzionalak izatea lortzen du, kontamoldeak dira, pertsonaia biribiltzeko balio dute, eta, modu horretan, XIX. mendeko psikologismoaren pisua kentzen dio kontalariak narrazioari.
King, Queen, Knave (1972, Erregea, dama, zerbitzaria) eta Dar (1938, Oparia) lanek ez zuten aparteko harrerarik izan kritikaren aldetik, eta, hala ere, perfektuak dira batzuk, eta badituzte jada Nabokov helduaren ezaugarriak: alde batetik, liburu horietan deskribatu zituen aurrenekoz literaturan perbertsio-mota batzuk, eta, bestetik, abangoardismoari zegozkion osagaiak baliatu zituen kontakizunean. Bi lorpen horiek jarriko zuten Nabokov XX. mendeko idazle handien artean.
Estatu Batuetan, hango paisaia eta jendea aztertu zituen, motelen eta modernitatearen lurraldea. Horrek eraman du kritikari bat baino gehiago Nabokoven paradoxa aipatzera: errusiarra da iparramerikar eleberrigile onena. Paradoxa hori indartu besterik ez zuen egin Nabokovek 1955etik aurrera idatzi zuen obrak.
Ingelesezko lan ospetsuena Lolita (1958) da. Gizon heldu batek alabaorde gaztearekin dituen maitasun-harremanak kontatzen ditu. Argitaratu zen garaian kritika eta eskandalu handia sortu bazituen ere, gaur egungo prosaren klasiko bihurtu da. Lolitak puritanoen ukoa sortu zuen aurrena, eta, berehala, eta, partez eskandaluari esker, sekulako arrakasta izan zuen, bai salmentetan eta bai kritikaren aldetik. Gaitzetsia izan zen bere jaioterrian, Errusian, ere: 1986ra arte ez da han Nabokoven lanik argitaratu, ez bakarrik errusiar zuri erbesteratua zelako, baita literatura-esnobismoa lantzen zuelako ere.
Zinemara ere egokitu zuten eleberria, Stanley Kubrickek 1962an eta Adrian Lynek 1997an, eta baita antzerkira, operara eta balletera ere.
Arrakasta hari esker, unibertsitateko lana utzi ahal izan zuen Nabokovek, eta bete-betean murgildu zen literaturan, errusiar munduari estu helduz: Aleksandr Puxkinen Eugenio Oneguin itzuli zuen, sekulako oharrez horniturik. Bereziki errusiar sustraiak agertzen dituen autobiografia bat idatzi zuen: Speak, Memory (1951, Mintza hadi, memoria).
Pnin idatzi zuen 1957an, protagonistak errusiar erbesteratuak dituen liburua. Gainera, beste bi obra guztiz berezi idatzi zituen: alde batetik, Pale Fire (1962, Su apala), non kontakizunak mila bertsoko tankera hartzen baitu; beste aldetik, Ada (1969), anaia-arreben arteko intzestu-harreman eskandalagarri bat kontatzen duena.
Ahal bezain laster, Estatu Batuetatik alde egin zuen Navokovek, eta Montreuxeko hotel batean hartu zuen bizilekua, Amerika betiko utzirik eta Errusiatik gertuago. Hirurogeita hamar urte beterik, ingelesezko itzulpenak eta bere kontakizunen azken bertsioak argitaratu zituen.
Nabokov XX. mendeko eleberrigintzan
aldatuLiteraturaren historiaren ikuspuntutik, berehala kokatu zuten Nabokov abangoardiazaleen artean, hitz-jokora zuen joeragatik, bereziki. Geroago, iparramerikarrek postmodernismo deritzatenaren idazle nagusitzat jo zuten, Borges eta García Marquez hegoamerikar kontalariekin batera: haien literaturan, nobelak nobelez mintzatzen dira, edo nobelagileez. Alabaina, kontuan harturik azken urteotan Mendebaldeko zenbait narraziogintzak egin duen aldaketa, esan liteke Nabokoven eleberrigintza zubi bat izan dela, azken eleberrigintza eta abangoardien aurrekoa lotzen dituena.
Ikuspuntu teorikotik, ez da hain berritzailea, eta nahiz eta eskola formalista sortu zuten Errusia iraultzaileko kritikarien ahalmen analitikoa eta sistematizatzailea ez izan, oso hurbil dago eskola horretatik, estetika ez-utilitarista defenditu zuen neurrian. Haiek bezala, egitura formalei eman zien nagusitasuna, uko egin zion errealismoaren iruzurrari eta haren ondorengo errealismoaren degenerazio ohiturazaleari. Idazlearen eginkizun erabakigarria azpimarratu zuen ororen gainetik: egilea mundu baten sortzailetzat hartzen zuen, ikusitako munduaten sortzailetzat ez ezik, irudikatutako munduaren sortzailetzat.
Biarritzen
aldatuIdazleak Lapurdiko Biarritz hiri turistikoa 1907ko eta 1909ko udetan bisitatu zuen. Bidaia horien berri Mintza hadi, memoria liburu autobiografikoan eman zuen[1]. Biarritzen bainuak hartu zituen; idazlea lepidopteroen ikertzailea ere izan zenez bainuetan lagundu ziotenetako bati galdetuta, papillon (tximeleta) euskaraz "miserikoleta" esaten zela erantzun zion errusiarrari[2]. Biarritzen Colette idazlearekin topo egin eta maitemindu egin zen.
Ikus, gainera
aldatuKanpo loturak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vladimir Nabokov |
- (Ingelesez)(Errusieraz) Nabokov Museoa (San Petersburgo)
- (Ingelesez) Lolitaren kronologia
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.