Pujol auzia Jordi Pujol eta bere familiakoak ikertu zituen epaitegiko auzi bat izan zen. 2014ko abuztuan hasi zen auzia.

Jordi Pujol

Kronologia aldatu

Uztaila aldatu

Uztailaren 25ean, Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak iragarri zuenez, ‘’azken egunotan’’ bere familiak erregularizatu egin zuen atzerrian azken 30 urteetan zuen hainbat diru. Bere aitaren herentziarekin zerikusia zuen dirua zen, eta horren kudeaketan egindako ‘’okerra’’ zela eta, barkamena eskatu zuen. Pujolen hitzetan, akats horrek kale egin zion emaztearen eta zazpi seme-alaben irudiari[1].

Uztailaren 29an, Jordi Pujolek uko egin zion Kataluniako presidente ohiaren soldatari eta bulegoari, Artur Masek iragarri zuenez. Bere hitzetan, uztailaren 28an bildu zen Pujolekin, eta biek adostu zuten, Pujolek berak proposatuta, pribilegioei uko egitea. Halaber, CDC eta CiUko ohorezko presidente karguei uko egingo zien Jordi Pujolek[2].

Uztailaren 30ean, Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiaren arrebak ez zekien bien aitak atzerrian herentzia utzi zuenik, ‘Ara’ egunkariak kaleratutako informazioaren arabera. Maria arreba eta Francesc Cabana haren senarra bisitatu zituen Pujolek eta orduan eman omen zien aitorpenaren berri[3].

Egun berean, ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiaren aurkako salaketa (Manos Limpiasek jarri zuen) onartu zuen Bartzelonako epaileari erreguzko mandatua bidaltzea eskatu zion Andorrara eta Suitzara, bi herrialdetan Pujolen familiaren bankuko kontuak zehazteko. Gainera, Kataluniako Parlamentuko alderdi guztiek, CiUk izan ezik, Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiak Erakundeen Arazoetarako Batzordean, irailaren 2an, agerraldia egitea eskatu zuten. Bestalde, Josep Antoni Duran Lleida Kataluniako Batasun Demokratikoaren buruak esan du Pujol auziak “eragina” zuela, baina ez zuela Katalunian etorkizun politikoari buruzko “gehiengoaren nahiarekin amaitzen”[4].

Abuztua aldatu

Abuztuaren 7an, "Justiziaren eta Ogasun erakundeen" esanetara zegoela esan zuen Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak Queralbseko udako etxean. Kataluniako Parlamentuan azalpenak emateko agerraldia egingo duen ez zuen oraindik erabaki Generalitateko presidente ohiak. "Ikusiko da", adierazi zuen[5].

Abuztuaren 8an, Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak Zerga Agentziaren deia jaso zuen. Bi funtzionarioek eman zioten deia. Bestalde, Marta Rovira ERCren idazkari nagusiak esan zuen bere alderdiak Jordi Pujolen auziaren inguruko ikerketa batzorde baten sorrera babestuko zukeela, Kataluniako presidente ohiak agerraldia egiteari uko egiten bazion. Bukatzeko, dirua atzerrian ezkutatzeagatik Jordi Pujoli eta Marta Ferrusola bere emazteari zabaldutako diligentziak bideratzen ari zen Bartzelonako Instrukzioko 31.ko Epaitegiaren epaileak bere aitaren testamentua eta herentziaren onarpena ematea (senarrarena eta emaztearena) eskatu zizkion[6].

Abuztuaren 13an, Jordi Pujolek gobernatzen zuen garaian Generalitateko auto ofizialek diru publikoa Suitzara eramaten zutela ziurtatu zuen Manos Limpias sindikatuak. Dirua Genevako eta Zuricheko "bankuetan zuzenean" sartzen zutela esateko "informazioa" zutela azaldu zuen sindikatuak. Bartzelonako Argibideetako 31. Epaitegiaren aurrean kereila aurkeztu zuen Manos Limpiasek. Bestalde, Marta Ferrusolari delituetan "laguntzea" egotzi zion[7].

Abuztuaren 19an, Pujol familiak kereila jarri zuen Andorrako bi banketxeren aurka, berez sekretuak diren banketxe-datuak kaleratzeagatik. Ekinbide horrekin, Justiziak kontu horietara sarbide izatea saihestu nahi zuten. PSOEk Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroaren agerraldia eskatu zuen Kongresuan, Pujol familiako kideren batek amnistia fiskalari heldu ote zion azaldu zezan. Bestalde, Kataluniako Iruzurraren Aurkako Bulegoak (OAC) Manos Limpias sindikatuaren aurkako kereila jarri zuen irainengatik. Izan ere, Miguel Bernad sindikatuko idazkari nagusiak aurreko egunea berretsi zuen OACk "beste aldera begiratu" zuela Jordi Pujol agintean egon zenean[8].

Abuztuaren 22an, Jordi Pujol Generalitatearen presidentea ohiak Andorrako bankuetan ezkutuan zuen dirutzaren inguruan Kataluniako Parlamenten azalpenak ematea erabaki zuen. Pujolen agerraldi horrekin, Convergencia Democraticak alderdiaren "sortzailearen gardentasun keinu bat" sustatu nahi zuen[9].

Iraila aldatu

Irailaren 2an, Espainiako Ogasun Ministerioak "amaieraraino" ikertuko zuen Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak egindako ustezko iruzur fiskala. Generalitateko presidente ohia ez zela 2012. urteko amnistia fiskalaz baliatu iragarri zuen Montorok eta Estatuko Abokatutza ikerketan parte hartuko zuela esan zuen. Bestalde, Kataluniako Parlamentuko Erakunde arteko Arazoetarako Batzordeak aho batez onartu zuen Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiak agerraldia egitea onartutako ondarearen inguruan azalpenak emateko. Eskaera Parlamentu kataluniarrean ordezkaritza zuten zazpi taldeek babestu dute: CiU, ERC, PSC, PP, ICV-EUiA, C's eta CUP. Guztiek aurreratu zuten eskaeraren alde egingo zutela[10].

Egun berean, Podemos eta Guanyem Barcelona ezkerreko indarrek kereila bat jarri zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, Jordi Pujolen, haren emazte Marta Ferrussolaren, bien zazpi seme-alaben eta hurbileko hainbat pertsonaren kontra. Haiek guztiek kontrolatzen zituzten 50 bat enpresaren eta Kataluniako politikaren arteko loturak ikertzea nahi zuten. Pujol familiako kideei ogasunaren kontrako delituak, influentzia trafikoa, diru zuritzea, eroskeria, diru publikoaren bidegabeko erabilera eta prebarikazioa egotzi zizkieten. Kereilari ICV, EUiA, CUP eta beste hainbat eragile eta auzo elkarte gehitu zitzaizkion. Bestalde, agerraldia egiteko prest adierazi zuen Pujolek, baina irailaren 22tik aurrera, irailaren 11ko Diadan eta hilaren 15 eta 17 arteko politika orokorrari buruzko eztabaidan «ahalik eta gutxien» eragiteko.[11].

Irailaren 3an, Pujol ikertzeko batzorde bat sortzeko eskaria erregistratu zuten ERCk, ICV-EUiAk eta CUPek. Kataluniako Parlamentuko alderdi guztiek eskatu zuten batzordearen sorrera, aurretik PPk eta C'sk beste eskaera bat aurkeztu baitzuten. Batzordea sortzeko beharrezkoa izango zen bozketan PSC, C's eta PPren babesa izatea, edo, gutxienez, alderdi horietako baten abstentzioa. PSCk eta C'sk adierazia zuten hura babesteko asmoa zutela[12]. Egun berean, Jordi Pujolek ezkutuan zituen dirutza handien inguruko ikerketan zebilen Bartzelonako epaileak Marta Ferrusola, presindete ohiaren emaztearen eta haren seme-alaben kontuen inguruko informazioa eskatu zion Madrilgo Bankuari, Andorran eta Suitzan ustez izan zitzaketen dirutzak ikertzeko[13].

Irailaren 4ean, Jordi Pujol Generalitatearen presidente ohiak berretsi zuen Kataluniako Parlamentura joango zela ezkutatu zuen diruaren inguruko azalpenak ematera, baina agerraldia irailaren 22tik aurrera egiteko eskariaren inguruko erantzunaren zain zegoela esan zuen[14]. Egun berean jakin zenez, Pujol familiak Andorran ezkutatuta zituen kontuetatik 3 milioi euro erregularizatu zituen Madrilgo Bankuaren bitartez, eta, zati bat Ogasunari ordaindu ostean, 1,6 milioi Madrilgo erakundean gorde zituen, jarri ziezazkiokeen isunen aurrean[15]. Egun berean argitu zenez, Kataluniako Parlamentuan aurrera aterako zen Jordi Pujol presidente ohiaren ezkutuko ondareari buruzko ikerketa batzordea eratzeko proposamena. Irailaren 3an, bi eskaera erregistratu zituzten: ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiena bata, eta PP eta C's alderdiena bestea. Baina Alicia Sanchez Camachok argitu zuen PPk babestu egingo zuela ezkerreko indarren eskaera. Eta, irailaren 3an ere PSCk ere aldeko botoa iragarri zuenez, Kataluniako Parlamentuan ikerketa batzordea eratzeko nahikoa boto segurtatu zituzten[16].

Irailaren 7an zabaldu zenez, Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak 30 urtez atzerrian izan zuen diruaren inguruko azalpenak emango zituen irailaren 22ko astean Kataluniako Parlamentuaren aurrean eta galderak onartuko zituen. Egun bereko datuen arabera, kataluniarren % 55ek uste zuten Pujol auziak burujabetza prozesuari eragingo ziola, % 31,8k ez zuten uste eraginik izango zuenik eta % 5ek uste zuten, berriz, ez zuela eragin positiborik izango, El Periodico egunkariak kaleratutako inkestaren emaitzen arabera[17].

Irailaren 8an, Jordi Pujol Ikasketa Zentroak desegiteko izapideak hasi zituen, 10 urteko ibilbidearen ostean. Kataluniako Gobernuko presidente ohiak iruzur fiskala aitortu eta gero, bere jarduerarekin jarraitzea eta proiektu berriak abiatzea "zail" izango zuela uste zuen fundazioak[18].

Irailaren 15ean, Jordi Pujol Ferrusola Auzitegi Nazionalean izan zen. Kataluniako presidente ohiaren seme zaharrenari dirua zuritzea eta delitu fiskala egotzi zioten[19]. Jordi Pujol Ferrusola Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren seme nagusia Auzitegi Nazionaletik atera zen inolako neurririk ezarri gabe, bost orduz deklaratzen eman eta gero. Ruz epaileak "legez kanpoko komisiorik" jaso ote zituen galdetu zion, kontratu publikoak esleitzearen truke eta ustezko aholkularitza lanen itxura emanez . Gainera, Jordi Pujol Ferrusolaren emazte ohia 15:30ean heldu zen ANera, atzerrian zituen banku-kontuak zirela eta azalpenak emateko[20].

Esleipen publikoetan bitarteko lanengatikk gainsoldatak jaso zituela ukatu zuen Jordi Pujol Ferrusolak. Horrela, enpresen eskutik jaso zituen diru kopuruak benetako lanen truke kobratu zituela defendatu zuen, nahiz eta Poliziak hori ez esan. Ferrusolaren bikotekide ohiak, bestalde, kontratu publikoen esleipenean bitarteko lanak egiteagatik legez kanpoko gainsoldatak kobratu zituela "bistakoa" zela adierazi zuen[21].

Irailaren 17an zabaldu zenez, Jordi Pujolek irailaren 26an emango zituen azalpenak Kataluniako Parlamentuan. Parlamentuko mahaiak hartu zuen erabakia. Alderdi guztiek eskatu zuten Pujolen agerraldia, atzerrian gordetako ondasunez hitz egiteko[22].

Irailaren 25ean, Mireia Pujol Ferrusolak, Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren alabetako batek, Convergencia Democratica de Catalunya (CDC) alderdian baja emateko eskatu zuen, aitak herentzia bateko dirua ezkutatu zuela aitortu ostean alderdiak egindako kritikak zirela eta[23].

Egun berean zabaldu zenez, Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiak atzerrian 30 urtean ezkutatuta izan zuen diruaren inguruko azalpenak emango zituen irailaren 26ko arratsaldean Kataluniako Parlamentuaren aurrean egingo zuen agerraldian. Erakunde-gaietarako batzordearen aurrean egingo zuen agerraldia 16:00etatik aurrera. Kataluniako Parlamentuan ordezkaritza duten zazpi taldeek aho batez onartu zuten agerraldia[24].

Irailaren 26an, parlamentuan azalpenak eman zituen Generalitateko presidente ohiak. Deliturik egin izana ukatu zuen: "Atzerrian dirua edukitzeak ez du esan nahi haren jatorria legez kanpokoa denik". Pujolek ere berretsi zuen ez zela "politikari ustel bat" izan[25].

Irailaren 30ean, Pujolen aurka salaketa aurkeztu zuten PSOEk eta Ciutadansek. Ogasunari iruzur egitea eta kapitalen zuriketa ustezko delituak leporatzen zizkioten sozialistek salaketan. Bestalde, "haritik tira" egiteko eskatu zion Ciutadansek Fiskaltzari[26].

Egun berean, Premià de Dalt udalerriko Udalak (Bartzelona) Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiaren estatua gordetzea erabaki zuen, gauean ezezagun batzuek monumentuari kalte nabarmenak egin ondoren[27].

Urria aldatu

Urriaren 2an, ikerketa batzordea aho batez onartu zuen Kataluniako Parlamentuak. CiUk PPren aurka egin zuen; izan ere, Alderdi Popularrak antzeko batzordeei ez zien babesik eman Kongresuan, Barcenas auzia ikertzeko kasuan esaterako[28].

Urriaren 4an, Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak uste zuenez, “Euskadin ez da Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiarena bezalako ustelkeria kasurik izan, ez eta Balear Uharteetan edo Andaluzian izan diren kasuak bezalakorik ere”. Euskadiko fiskal nagusiak ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren ordezkariaren figura sortzeko beharra azpimarratu zuen[29].

Urriaren 13an, Liechtensteinek Jordi Pujolen inguruko datuak eskatu zizkion Espainiari. Liechtensteinek Jordi Pujolen aurrekari penalak eta polizialak eskatu zizkion Espainiari, eta, ministroak esan zuenez, oso ohikoa zen herrialdeen artean horrelako datuak eskatzea[30].

Urriaren 21ean, Liechtensteingo epaile bat Pujol ikertzen ari zen dirua zuritzeagatik. Generalitateko presidente ohia ikertzen ari zen Liechtensteingo epaileak Pujolen aurrekarien inguruko informazioa eta zabalik zituen auzien berri emateko eskatu zion Espainiako Justiziari[31]. Egun berean, Kataluniako Parlamentuak urriaren 2an onartu zuen Jordi Pujolen ustezko iruzur eta diru ihesak ikertzeko batzorde bat eratzea, eta Bozeramaileen Batzordeak David Fernandez CUPeko diputatua izendatu zuen ikerketa batzordeko buru. PP eta C'sek protesta egin zuten, ez zirelako fio[32].

Urriaren 23an, Jordi Pujolen seme gazteena inputatu zuten. Miaketa egin bitartean atxilotuta eduki zuten Oleguer Pujol. Aske utzi zuten, inputatu gisa. Dirua zuritzea egozten zioten[33]. Egun berean, Jordi Pujol ofizialki pentsioduna zen. 2.550 bat euroko 14 ordainsari jasoko zituen urtero, Espainiako pentsio sistemaren gehienezko soldata. Pujolek hilabete bat lehenago egin zuen eskakizuna[34].

Azaroa aldatu

Azaroaren 3an, abian zen Pujol auziaren eta iruzurren gaineko ikerketa batzordea. Alderdi bakoitzeko bi parlamentarik osatzen zuten batzordea; eta, lan egutegia eta deklaratzera deituko zituzten pertsonen zerrenda zehaztu behar zuten, eta desadostasunak espero ziren[35].

Azaroaren 21ean jakin zenez, Kataluniako Parlamentuak deklaratzera deituko zituen Jordi Pujol eta bere emaztea. Euren lau seme eta Cristobal Montoro eta Jorge Fernandez Diaz ministroak deklaratzera deitzea ere erabaki zuten[36].

Abendua aldatu

Abenduaren 1ean jakin zenez, Artur Masek ez zen Pujol auziari buruzko batzordean agerraldian azalduko, izan ere, CiUk eta ERCk horrela eravaki zuten. Bestalde, ERCk, ICV-EUiAk, Ciutadansek eta CUPek egindako proposamena onartu zen eta Felipe Gonzalez eta Jose Maria Aznarren agerraldia eskatu zen[37].

Abenduaren 16an, Jordi Pujol, bere emaztea eta hiru seme-alaba inputatu zituen epaileak. Ondorioz, urtarrilaren 27an deklaratu beharko zuten, Ogasunean deklaratu ez zituzten ondasunei buruzko ikerketarengatik[38].

Abenduaren 23an, inputazioa bertan behera uzteko dei egin zuen Jordi Pujolen defentsak. Delitu “zantzurik ez” zegoela esan zuen abokatuak. Bestalde, Jordi Pujolek Kataluniako Parlamentuaren ikerketa batzordean azaldu beharko zuela jakin zen, otsailaren 23an[39].

Urtarrila aldatu

Oriol Pujolek ukatu egin zuen epailearen aurrean deklaratzea. Inputatu egin zuen Jordi Pujolen semea, funtzionarioak erasotea eta agiriak faltsutzea leporatuta[40].

Erreferentziak aldatu

  1. «Jordi Pujolek onartu du 30 urtez atzerrian dirua izan zuela», EiTB, 2014-07-25
  2. «Jordi Pujolek uko egin dio Kataluniako presidente ohiaren soldatari», EiTB, 2014-07-29
  3. «Pujolen arrebak ez zekien atzerrian herentzia zutenik»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-07-30
  4. «Fiskaltzak Pujol familiaren kontuak eskatu dizkie Suitza eta Andorrari», EiTB, 2014-07-31
  5. «Jordi Pujol, 'Justiziaren eta Ogasun erakundeen' esanetara»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-08-07
  6. «Jordi Pujolek Zerga Agentziaren zitazioa jaso du»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-08-08
  7. «Auto ofizialek dirua Suitzara eraman zutela salatu du Manos Limpiasek»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-08-13
  8. «Pujol familiak kereila jarri du Andorrako bi banketxeren aurka», EiTB, 2014-08-19
  9. «Pujolek azalpenak emango ditu Parlamenten Andorrako dirutza dela eta», EiTB, 2014-08-22
  10. «Montoro: 'Pujolek egindako delituak ez dira zigorrik gabe geratuko'», EiTB, 2014-09-02
  11. Xabin Makazaga,«Kataluniako Parlamentuan irailaren 22tik aurrera egin nahi du agerraldia Pujolek», Berria, 2014-09-03
  12. «Pujol ikertzeko batzorde bat sortzeko eskaria erregistratu dute ERCk, ICV-EUiAk eta CUPek», Berria, 2014-09-03
  13. «Pujolen inguruko bi ikerketa batzorde eskatu ditu Parlamentuak», EiTB, 2014-09-03
  14. «Pujol data adosteko zain omen dago Parlamentura joateko», EiTB, 2014-09-04
  15. «Pujol familiak 3 milioi erregularizatu, eta 1,6 gorde ditu isunetarako», EiTB, 2014-09-04
  16. Xabin Makazaga, «Pujoli buruzko ikerketa batzordea, aurrera», Berria, 2014-09-05
  17. «Pujolek 22ko astean emango ditu azalpenak eta galderak onartuko ditu», EiTB, 2014-09-07
  18. «Etikari buruzko Jordi Pujol Ikasketa Zentroak desegitea erabaki du», EiTB, 2014-09-09
  19. «Pujol Ferrusola Auzitegi Nazionalean da jada»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-09-15
  20. «Ferrusola ANtik atera da, badaezpadako neurririk gabe, 5 ordu eta gero», EiTB, 2014-09-15
  21. «Esleipenen truke gainsoldatak jaso dituenik ukatu du Pujolen semeak», EiTB, 2014-09-15
  22. «Jordi Pujolek irailaren 26an emango ditu azalpenak Kataluniako Parlamentuan»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2014-09-17
  23. «Mireia Pujolek CDC utzi du, alderdiak aitari egindako kritikengatik», EiTB, 2014-09-25
  24. «Jordi Pujolek azalpenak emango ditu bihar Kataluniako Parlamentuan»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-09-25
  25. «Pujol: "Ez naiz izan politikari ustel bat"»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2014-09-26
  26. «Pujolen aurka salaketa aurkeztu dute PSOEk eta Ciutadansek», EiTB, 2014-09-30
  27. «Jordi Pujolen estatua kentzea erabaki dute, eraso baten ondorioz», EiTB, 2014-09-30
  28. «Ikerketa batzordea aho batez onartu du Kataluniako Parlamentuak», EiTB, 2014-10-02
  29. «Calparsoro: 'Euskadin ez da Pujol auzia bezalakorik izan'», EiTB, 2014-10-04
  30. «Liechtensteinek Jordi Pujolen inguruko datuak eskatu dizkio Espainiari», EiTB, 2014-10-13
  31. «Liechtensteingo epaile bat Pujol ikertzen ari da dirua zuritzeagatik», EiTB, 2014-10-21
  32. «David Fernandez, Pujolen auziko batzordeko buru», Berria, 2014-10-22
  33. «Jordi Pujolen seme gazteena inputatu dute», Berria, 2014-10-23
  34. «Jordi Pujol ofizialki pentsioduna da», EiTB, 2014-10-23
  35. «Abian da Pujol auziaren eta iruzurren gaineko ikerketa batzordea», EiTB, 2014-11-03
  36. «Kataluniako Parlamentuak deklaratzera deituko ditu Pujol eta Ferrusola»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-11-21
  37. «Masek ez du Pujol auziari buruzko batzordean agerraldia egingo», EiTB, 2014-12-01
  38. «Jordi Pujol, emaztea eta hiru seme-alaba inputatu egin ditu epaileak», EiTB, 2014-12-16
  39. «Inputazioa bertan behera uzteko eskatu du Jordi Pujolen defentsak», EiTB, 2014-12-23
  40. Oriol Pujolek uko egin dio epailearen eurrean deklaratzeari. EiTB 2015eko urtarrilaren 12a.

Kanpo estekak aldatu