Objektibotasun berria (alemanez: Neue Sachlichkeit) 1910eko hamarkadaren hasieran Alemanian agertutako mugimendu artistikoa izan zen, espresionismoaren aurkaria. Mugimendua, izatez, 1933an bukatu zen, Weimarko Errepublikaren erorialdia eta nazien botere-hartzearekin. Termino hau arte piktoriko, literatura, musika, arkitektura, fotografia edo zinemako lanetara hedatzen da.

Max Beckmannen Gurutzea eraistea margolana, 1917.

Arte piktorikoa

aldatu

Gustav Friedrich Hartlaub Mannheimeko Kunsthallearen zuzendaria zenak sortu zuen terminoa 1923an, bere kideei bidalitako gutun batean, zeinetan prestatzen zebilen erakusketa deskribatzen zuen. Geroko artikulu batean, «Objektibotasun berrirako sarrera: alemaniar margolaritza espresionismotik», Hartlaubek zion,

« hemen aurkezten ari garena berez kanpokoak besterik ez diren objektibotasunaren ezaugarriengatik bereizten da, hots, artistek beraiek adierazteko erabiltzen dituztenak. »

Bi talde identifikatu zituen: veristak (italiar verismotik), «ekintza garaikideetako munduaren forma objektiboa urratzen eta bere garaian eta tenperatura gogorrean esperientzia arrunta irudikatzen zutenak»; eta errealista magikoak (hispanoamerikar errealismo magikotik), zeinek «esfera artistikoan existentziaz aparteko legeak adierazteko betiereko gaitasuna duen objektua» bilatzen duten.

Izan ere, nahiz eta veristen eta errealista magikoen arteko bereizkuntza nahiko jariakorra izan, veristak objektibotasun berriaren alde iraultzailearentzat jo daitezke, Otto Dix eta George Grosz eredu. Bere errealismoko forma sutsuak itsusia dena nabarmentzeko eiteak itxuraldatzen ditu. Artista hauek ikusgai jarri nahi zuten errealitatea zen. Haien ertia latza, probokatzailea eta satirikoa zen. Beste verista garrantzitsuak Rudolf Schlichter, Georg Scholz (bere lehendabiziko lanetan), eta Karl Hubbuch. Max Beckmann, zeinek ez zuen inoiz bere burua mugimendu baten barne ipini, veristen artean erraldoia da, baita berak bere burua zenbaitetan pixka bat espresionistatzat hartu arren ere.

Veristekin alderatuz, errealista magikoek Lehen Mundu Gerraren ondorengo «ordenarako itzulera» argiago adierazten zuten, Europan barrena arteetan altxatutakoa, eta neoklasizismoan bere adieraztea aurkitu zuena. Errealista magikoek, Anton Räderscheidt, Christian Schad, Georg Schrimpf, Alexander Kanoldt eta Carl Grossberg barne, talde ezberdina izan ziren, Schaden errealismo ia fotografikotik Schrimpfen neoprimitibismora zihoana. Räderscheidten margolanek Giorgio de Chirico eta Carlo Carrà italiarren margolaritza metafisikoaren oihartzunak erakusten dituzte, eta Félix Vallotton suitzar margolariaren eragina agerikoa da objektibotasun berriko hainbat margolarien errealismo garratzean, bai veristak baita errealista magikoak ere. Errealismo magiko honen kultibadoreen artean Albert Carel Willink egon zen.

Estilo hau ere noizbait landu zuten beste margolariak Oskar Kokoschka (1886-1980), Ernst Barlach (1870-1938) eta Conrad Felixmüller (1897-1977) izan ziren.

Neue Sachlichkeitaren margolariak erretratua eta autorretratuaren generora mugatu ziren batez ere, fisionomia bakunekin edo karikaturarantz joz.

Definizioa

aldatu

Franz Roh (1925) kritikariak espresionismoaren eta objektibotasun berriaren arteko ezberdintasunen zerrenda egin zuen, hark post-espresionismoa zeritzona.

Espresionismoa Post-espresionismoa
Estasi-objektuak Objektu bakunak
Erlijio-gai aunitz Erlijio-gai gutxi
Objektu murrizgarriak Objektu ez-murrizgarriak
Erritmikoa Erakusgarria
Ernagarria Xurgatzailea
Dinamikoa Estatikoa
Zaratatsua Isila
Laburra Iraunkorra
Begi-bistakoa Bistakoa eta enigmatikoa
Sekulakoa Miniatura
Epela Fresko-hotza
Koloratze-trinkoa Kolore geruza mehea
Zimurtsu Leuna
Zizelkatu gabeko harria bezalakoa Landutako metala bezala
Lantze-prozesua kontserbatua Lantze-prozesua ezabatua
Aztarnak lagaz Objektibazio xahua
Objektuen itxuragabetze adierazkorra Objektuen garbitasun harmonikoa
Diagonaletan aberatsa Markoen inguruan angeluzuzena
Maiz angelu zorrotzekin Paraleloa
Margolanaren ertzen aurka landuz Margolanaren ertzen barne finkatuta
Primitibo Zibilizatua

Argazkilaritza

aldatu

Ordezkari nagusia Albert Renger-Patzsch izan zen. Bere proposamenen artean argiaren erabilpen baliagarria egitea, enkoadraketa ezberdinak erabiltzea eta luzera fokal ezberdinetako objektiboak erabiltzea dago. Werner Graffek Hemen dator argazkilari berria (Es kommt der neue Fotograf) deitutako liburua idatzi zuen 1929an, objektibotasun berriaren argazkiei buruz doana. «Argazkigintza Berria» izeneko mugimendua sortu zen, zeinek fokuratze argiko argazkiak ekarri zituen berekin, poetika autokontzientean oinarritutako aurreko argazki-edertiaren kontra zihoan izaera dokumentalarekin.

Alemanian ordezkari nagusiak John Heartfield, Karl Blossfeldt, Walter Peterhaus, Helmar Lerski eta August Sander dira. Txekiar Errepublikan Josef Sudek dago. Errusian konstruktibismoari lotutako aurrekontuekin aurki dezakegu Aleksandr Ródchenko. Estatu Batuetan joera honen hurbil daude Paul Strand, Edward Weston, Imogen Cunningham, Ansel Adams eta Walker Evans. Talke honek maneiatu gabeko argazkigintza babesten duen norabidea ordezkatzen du.

Zinemagintza

aldatu

1924an, Gustav Hartlaubek, Mannheimeko museoaren zuzendariak, "objektibotasun berria" (Neue Sachlichkeit) izendapena sortu zuen, alemaniar zinemagintzaren joera berri eta kementsua izendatzeko, joera errealistakoa, zeinen banderaren azpian Georg Wilhelm Pabst mailako egileek militatuko zuten. Atseginik gabeko kalea filmarekin errealismorako kapitulua eta naziaurreko zinemagintza alemaniarri buruzko eztabaida irekitzen dira.

Musika

aldatu

Musikan objektibotasun berriak, ikusmen-arteetan bezala, berantiar erromantizismoaren sentimentaltasuna eta espresionismoaren asaldura emozionala baztertu zituen. Paul Hindemith konpositorea bai espresionista baita objektibotasun berriko kidetzat ere har daiteke, konposizioaren arabera, 1920ko hamarkadan barrena. Bere musikak eredu barrokoetara atzera jotzen du eta forma tradizionalak eta egitura polifoniko egonkorrak erabiltzeari ekiten dio, disonantzia modernoari eta jazzak eragindako erritmoei gehituta. Ernst Toch eta Kurt Weill konposatzaileek 20ko hamarkadan zehar objektibotasun berriko musika konposatu zuten ere bai.

Arkitektura

aldatu
 
Hegoaldetik hartutako IG Farben Eraikinaren panorama, eraikuntzaren fatxadaren forma kurbatuak bere tamainaren eragina txikiagotzen duela egiaztatuz.

Objektibotasun berriak arkitekturan, margolaritzan eta elertian gertatzen den bezala, trantsizio-urteetako alemaniar lana deskribatzen du, 20ko hamarkadaren hasieran Weimarreko kulturan, arkitektura espresionistaren neurrigabekeria estilistikoei eta gogo-aldaketa nazionalari erantzun zuzen gisa. Bruno Taut, Erich Mendelsohn eta Hans Poelzig bezalako arkitektoek objektibotasun berriak adierazitako ikuspuntu bakun, funtzional eta praktikorantz jo zuten; arkitekturarako aplikazioak Alemanian Neues Bauen («Eraikuntza berria») bezala ezagutzera eman izatea izan zen emaitza. Neues Bauen mugimenduak, Dawes plana hartzearen eta nazismoaren gorakadaren arteko denboraldi laburrean loratu zenak, Weissenhof Estate bezalako erakusketa publikoak, hiri-plangintza zabala, Taut eta Ernst Mayeko sustapen publikoko egitasmoak baita Bauhauseko eragin handiko esperimentuak baitan hartu zituen.

Ondarea

aldatu

Usaian objektibotasun berria mugimendua 1933ko martxoan Adolf Hitlerren agintepean zeuden nazionalsozialistek boterea hartu eta Weimarko Errepublika erori zenean amaitu zela kontsideratzen ohi da. Autoritate naziek lanaren zati handia zigortu zuten, arte endekatutzat jotzen baitzuten; konfiskatu eta suntsitu ziren lan mordo, eta artista askori erakusketak egitea debekatu zitzaien. Gutxi batzuei, horien artean Karl Hubbuch, Adolf Uzarski eta Otto Nagel, guztiz debekatu zitzaien margotzea. Mugimenduaren zenbait figura esanguratsu erbestera joan ziren ahala, estilo beran margotzen ez zuten jarraitu. George Grosz Estatu Batuetara erbesteratu zen eta estilo erromantikoa hartu zuen, eta Max Beckmannen lana 1937an Alemania utzi zuenerako, Franz Rohen hitzetan, espresionista zen.

Objektibotasun berriaren eragina Alemaniatik at hainbat artistetan ikus daiteke, besteak beste: Balthus, Salvador Dalí (1924ko Luis Buñuelen erretratua bezalako lan goiztiarretan), Auguste Herbin, Maruja Mallo, Cagnaccio di San Pietro, Grant Wood, Adamson-Eric eta Juhan Muks artisten lanetan.

Erreferentziak

aldatu
  • Albright, Daniel (2004). Modernism and Music: An Anthology of Sources. University of Chicago Press. ISBN 0-226-01267-0.
  • Bonet, Juan Manuel, et al. (1997). Realismo Mágico: Franz Roh y la Pintura Europea 1917-1936. Valencia: IVAM Institut Valencià d'Art Modern. ISBN 84-482-1527-3 (gaztelaniaz eta ingelesez)
  • Carrassat, P.F.R. y Marcadé, I., Movimientos de la pintura, colección Reconocer el arte, Larousse, Barcelona, 2004 Spes Editorial, S.L. ISBN 84-8332-596-9
  • Kaes et al., eds (1994). The Weimar Republic Sourcebook, p.493. Berkeley: University of California Press. Citado en Albright (2004).
  • Michalski, Sergiusz (1994). New Objectivity. Colonia: Benedikt Taschen. ISBN 3-8228-9650-0
  • Schmied, Wieland (1978). Neue Sachlichkeit and German Realism of the Twenties. Londres: Arts Council of Great Britain. ISBN 0-7287-0184-7
  • Willett, John (1978). Art and Politics in the Weimar Period: The New Sobriety 1917-1933. Nueva York: Da Capo Press, 1996. ISBN 0-306-80724-6.

Kanpo estekak

aldatu