Lezetxiki

Arrasateko kobazuloa

Lezetxiki kobazuloa Arrasaten dago (Gipuzkoa), Udalatx mendiaren inguruan, Kobate eta Bostate artean. Bertan topatu dira Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak. Lezetxiki kobazuloa 1927an aurkitu zuten. Dena den, Jose Miguel Barandiaranek egin zituen indusketarik garrantzitsuenak leize honetan 1956tik 1968ra[1]. 2022ko uztailaren 13an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, Gune Arkeologiko sailkapenean[2]

Lezetxiki
Motahaitzulo
Sakonera345 m
Geografia
Map
Koordenatuak43°04′29″N 2°32′00″W / 43.07472°N 2.53333°W / 43.07472; -2.53333
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
EskualdeaDebagoiena
UdalerriaArrasate
20 urtez jarraian indusketa-lanak eginda, ez dago Euskal Herrian horren sakon aztertu den beste aztarnategirik.

Gaur egun, indusketek jarraitzen dute eta aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte. Horien artean nagusienak hauek dira[3]:

2014ko abenduaren 10ean jakin zenez, bertan aurkitutako humeroak gutxienez 164.000 urte zituen eta Euskal Herrian aurkitutako giza hezurrik zaharrena zen. Duela 50 urte aurkitu zuten Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak[4].

Ezaugarriak

aldatu

Lezetxikiko Gune Arkeologikoa Garagartza auzoan dago, Bostate mendiaren ekialdeko hegalean, Kobate errekaren haranaren ondoan (lehen Bostiturrixeta esaten zitzaion). Bere oinarrian dagoen substratu geologikoa kareharri urgondarrez dago osatuta. Bertan, partzialki desegindako barrunbeak dituen sare karstikoa eratu da (besteak beste, Lezetxiki), edo gaur egun aterpe-itxura duten eremuak; Lezetxikiko Harpea, adibidez.

Lezetxikiko tunel-kobazuloko aztarnategiek eta Leibar eta Lezetxiki II kobazuloek osatzen duten multzoa da ondasunaren nukleo nagusia. Azken indusketen emaitzen arabera, gune horiek beheko kota batean kokatutako galeria bereko bi tarte edo segmentu dira. Barandiaranek Lezetxeko barrunbe txikia induskatu zuen, eta Lezetxiki kobazuloko beste sektore bat gehiago zela esanez deskribatu zuen, baina Lezetxikiko barrunbe nagusiko bigarren mailako galeria bat da, eta Lezetxikiko barrunbe-sistema horren barruan sartzen da topografikoki. Lezetxikiko hegoaldeko muturretik 15 bat metrora, Lezetxikiko Harpearen aterpea dago. Aterpearen hormaren forma oso kurbatua denez, pentsa liteke tunel-barrunbe kolapsatu baten hondarra izan daitekeela (Lezetxikikoa bezalakoa), baina ezin da baztertu Lezetxikikoaren beste tarte bat izatea, nahiz eta goragoko kota batean kokatuta egon.

 
Lezetxikin aurkitutako humero bat, EAEn aurkitutako zaharren

Lezetxikiko aztarnategiaren sekuentzia estratigrafikoak erakusten duenagatik, gizakiak kobazuloa okupatu zuen Erdi Pleistozenoaren amaieratik hasita, Goi Pleistozenoan zehar, eta Brontze Arora arte, jada Holozenoan. Gizataldeen okupazio edo bisitaldi horiez gain, txandaka eta zenbait fasetan, urtsidoek eta beste haragijale batzuek aterpe edo babesleku gisa erabili zuten kobazuloa. Lezetxikiko sekuentzia horrek, gainera, aparteko balioa du; izan ere, Homo heidelbergensis, Neandertal eta Sapiens modernoaren edo egungoaren hezur-hondarrak eman dituen aztarnategi bakarra da. Lezetxiki da, gainera, EAEn hedadura eta sakonera handiena duen aztarnategi paleolitikoa. Hain zuzen ere, mousteriar klasikokoak eta, bereziki, antzinako Erdi Paleolitokoak izan daitezkeen mailak beren potentziagatik nabarmentzen dira. Azken horiek 90.000 urte baino gehiago dituzte. Ikuspuntu paleontologikotik, Lezetxikik interes handiko fosilak eman ditu, eta, horri esker, hobeto uler daitezke testuinguru paleoanbientala eta metakinaren eraketa-prozesuak.

Lezetxikik, gainera, balio historiografiko ukaezina du euskal arkeologiaren esparruan. Jose Migel Barandiaranek 1956 eta 1968 arteko kanpainetan egindako indusketei esker, historiaurreari buruzko ikerlarien belaunaldi oso bat trebatu zuen, eta ikerlari horiek lekukoa hartu zuten gero, Euskal Herrian zein kanpoan beste talde batzuk prestatuz eta gidatuz.

Besaide Espeleologia Taldeak hainbat material berreskuratu zituen 1975ean egindako laginketan, eta material horiek potentzial arkeologiko handiko sekuentzia bat aurreratzeko aukera ematen digute. Sekuentzia hori Lezetxikikoaren garai berekoa da, zati batean bederen; eta, Lezetxikikoarekin erlazionatzeko modukoa ere bai.

Indusketa modernoak

aldatu

1956an hasi ziren lehen ikerketa hura 1968an geratu zen bertan behera eta aurkikuntzarik garrantzitsuena, gorago aipatu den Homo Heildebergensis-aren besahezurra izan zen.

1996.urteaz geroztik, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko arkeologo taldeak egin du Barandiaranek hasitako lan horren jarraipena, EHUko irakasle eta doktore den Alvaro Arrizabalagaren gidaritzapean.

Talde horretan parte hartzen dute unibertsitateko ikasleek, lizentziadunek eta doktoreek ere. Koba eta indusketak egiteko bisitak antolatzen dira maiz.

2018.urtetik geroztik indusketa lanak geldirik daude, izan ere, laborategiko azterketak egiten ari dira urteetan zehar induskatutako material guztiarekin[5].

Alvaro Arrizabalaga Valbuena; María José Iriarte-Chiapusso EHUko ikerlariek, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren 2018ko Barandiaran Bekarekin saritu zituen, Lezetxikiren inguruko ikerketa bati esker[6].

Estratigrafia

aldatu

Zenbait prozesuk, hala nola sabaia erori izana, zaildu egiten dute estratigrafia irakurtzea. Zortzi maila bereizi dira:

  • VIII. maila: ez dago aztarna arkeologikorik. Fase epel eta heze batekin bat egiten du Riss glaziazioaren barruan.
  • VII. maila: kareharriek eta hareharriek osatzen dute, eta arrail handi bat dago, antzinako ur-korronteak daudela adierazten duena. Klima hotza Riss glaziazioan.
  • VI. maila: hareak, kareharrizko errekarriak eta harri koskorrak. Riss-Würm glaziazio arteko aldiari dagokio.
  • V. maila: bi mailatan banatua eta hareazko matrize batez osatua, Würm glaziazioaren hasierako fasekoa.
  • IV. maila: lur hareatsuek osatzen dute. Hiru zatitan banatzen da:
    • IVc: hareazko lurtez osatua.
    • IVb: buztin-lurrezko geruza bat, kareharrizko ertzekin.
    • IVa: lur buztintsu oso trinkoa fosfatoekin edo legarrekin, eremuaren arabera.
  • III. maila: bi mailatan banatzen da:
  • II. maila: giro hotzean sortua.
  • I. maila: bi mailatan banatzen da:
    • Ib: ez du aztarna arkeologikorik.
    • Ia: (daturik ez)

Euskal Y-a eraikitzeko lanek eragindako kalteak

aldatu

Euskal Y-aren abiadura handiko trenbidea egiteko lanen ondorioz, leizeari kalte nabarmenak eragin zaizkio. Eskualdeko espeleologiazaleek 2023ko urtarrilean honela salatu zuten:[7]

« [...] bi urte dela konturatu ginen Lezetxiki kobazulo barruko ohiko bide bat etenda zegoela. Barreneko galerietarako bidea berriki eroritako harri handiz zegoen estalita, guztiz. Garai hartan, AHTaren obrak zirela eta, ia egunero izaten ziren leherketak eta hauek sortutako dardarek eragindako lur-jausia izan zitekeela pentsatu genuen.

Aurtengo urtarrilaren hasieran, aipatutako barreneko galeria horietara iristeko beste bide bat bazegoela jakin genuen eta aztertzeari ekin genion. [...] Zailtasunak zailtasun, iritsi ginen jauzira. Kobazuloa ondo argiztatu eta inguruan genuena sinetsi ezinik gelditu ginen. Zer zen hura! Izugarrizko kareharri eta lur-jausia, azpiko galeria guztiz estaltzen zuena. Harri askatzearen jatorriari erreparatu genionean ikusi genuen astakeriarik beldurgarriena. Goraxeago, 40 bat metro aurrerago, askatzearen sorburuan metalezko sarez eta xaflez osatutako horma antzeman genuen. Hobeto aztertu ondoren, Abiadura Handiko Trenaren tunelaren kanpo estaldura zela egiaztatu genuen. Bai, jaun-andreok, AHTaren tunela Lezetxiki barruan egin dute, haitzuloa zulatuta.

Kalte horiek guk ikusi ahal izan ditugunak baino ez dira. Ez dugu zalantzarik kaltea handiagoa izango dela, agerian ez badago ere.

»

Aztarnategia dagoen eremuak ez du kalterik nozitu. Izan ere, orain arte aurkitutako kalte hori guztia Leibar kobazuloan dago, Lezetxikiko aztarnategi nagusiaren itxituratik kanpo. Gipuzkoako Aldundiaren Kultura Departamentuak ere berretsi zuen suntsiketak ez diola eragin aztarnategiari. Tunela babes eremutik kanpo dagoela erakusteko agiri grafiko bat igorri zuen hedabideetara Jaurlaritzako Kultura Sailak.[8]

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Roa Zubia, Guillermo. (2002/12/01). Lezetxiki eta arbasoen arbasoak. www.zientzia.net.
  2. Kultura ondasun izendapena EHAAn (noiz kontsultatua: 2023-03-18)
  3. Gurpegi, Mikel G.. (2009-07-15). «Tres osos de hace 150.000 años» El Diario Vasco.
  4. Maddi Ane Txoperena Iribarren, «Lezetxikin aurkitutako humeroak gutxienez 164.000 urte ditu», Berria, 2014-12-10
  5. «Lezetxikiko indusketak» Arrasateko Udala (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).
  6. (Gaztelaniaz) Arrizabalaga, Alvaro; Iriarte-Chiapusso, María José. (2020). [https://www.barandiaranfundazioa.eus/images/EFU54/Lezetxiki_EUSKO%20FOLKLORE%20URTEKARIA%2054_2020-5.pdf «De ayer y de hoy. Documentación, salvaguarda digital y actualización de los trabajos arqueológicos de J.M. de Barandiarán en la cueva de Lezetxiki (Arrasate), a la luz de las excavaciones más recientes y la documentación original (Resumen Beca Barandiaran 2018)»] Eusko Folklore urtekaria (Jose MIguel Barandiaren Fundazioa) 59, 2019-2020: 93-106..
  7. «AHTk Arrasateko Lezetxikin egindako kalteak argitara atera dituzte bertako espeleologia zaleek» naiz: 2023-02-01 (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  8. Martin, Xabier. «AHTaren tunel batek Lezetxikin kalteak egin dituela salatu dute» Berria 2023-02-02 (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa