Ireki menu nagusia

Laut dortoka edo laute dortoka (Dermochelys coriacea) mundu osoko uretan bizi den dortoka-espeziea da, baita Euskal Herrian ere[1]. Munduko dortokarik handienak dira, 2 metroko luzera eta 600 kg eta gehiago izanik[2]. Gehienetan itsaso tropikal eta azpitropikaletan bizi den dortoka hau arrisku egoeran dago.

Laut dortoka
LeatherbackTurtle.jpg
Iraute egoera

Kaltebera (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaTestudines
FamiliaDermochelyidae
GeneroaDermochelys Dermochelys
Espeziea Dermochelys coriacea
Vandelli, 1761
Banaketa mapa
Lieux pontes tortues luth.png

Itsas dortoken artean dortokarik handiena da laut dortoka. Oskolarengatik da berezia, izan ere hezurrezkoa izan beharrean larruzkoa eta beltz kolorekoa da. Espezie hau ozeano guztietan agertzen da, noiz behinka Euskal Herriko kostetan ikusteko aukera izaten dugularik.

Eduki-taula

DeskribapenaAldatu

Tamaina handiko dortoka da, itsas dortoken artean handiena izanik. Ale handienak 2,43 metro neurtzera heldu daitezke, baina orokorrean 1,32-1,70 metro bitarteko luzera izaten dute. Bere oskolarengatik da bereizgarria, izan ere, hezurrezko oskola izan beharrean ehun konjuntiboz eratutako oskola du, larruzko itxura ematen diona. Oskola beltza du, honen gainean orbain txiki zuri-horixka batzuk dituelarik. Burua eta lepoa ere beltz edo marroi ilun kolorekoa du eta bertan ere oskolean agertzen diren kolore berdineko orbain txikiak ditu.

Muturra ez da zorrotza eta ahoaren barnealdean, barailaren goiko alde guztian zehar, hortz itxurako egitura erpindun batzuk ditu. Ar helduek plastroia edo oskolaren azpialdea ahurra dute, eta emeen oskolarekin konparatuta goiko aldetik lauagoa da. Buru gainean ez dute orbain arrosarik, eta buztana atzeko soinadarrak baino luzeagoa du. Emeek aldiz buru gainaldean badituzte orbain arrosak, eta arrek baino buztan motzagoa dute, hauen tamainaren erdikoa izanik. Bai ar eta bai emeek aurreko soinadarrak atzekoak baino nabarmenki handiagoak dituzte. Larruzko dortoka gazteak marroi ilun edo beltzak izaten dira, orbain txiki eta zuriekin. Larruazala ezkata txikiez betea izaten dute, baina hauek berehala desagertzen dira dortoka hazten den bitartean.

BanaketaAldatu

Espezie kosmopolita da: ozeano guztietan agertzen da, iparraldean Alaska eta eta hegoaldean Esperantza Oneko lurmuturraren artean hain zuzen ere. Habia berriz Ozeano Atlantiko, Bare eta Indikoetako ur tropikaletako hondartzetan egiten du.

HabitataAldatu

Itsaso zabaleko espeziea da, baina zenbaitetan plataforma kontinentalean aurkitu daiteke, kostaldetik gertu.

Ale gazteak ur tropikaletan bizi dira, eta tamainaz handitzen doazen heinean ur hotzagoetara (latitude altuagoetara) migratzen dute, hazten dauden bitartean barne-tenperatura erregulatzeko gaitasuna lortzen baitute.[3] 2-3 urtetik behin emeak ur tropikaletako hondartzetara bueltatzen dira habia egin eta arrautzak erruteko.

ElikaduraAldatu

Larruzko dortokak sakonera txiki zein handietan bilatzen du bere elikagaia, eta marmokaz, sifonoforo koloniaz (karabela portugesa esaterako), tunikatuz zein gorputz biguneko bestelako animaliez elikatzen da.[4]

Ugalketa eta ontogeniaAldatu

Emeek 6-15 urterekin lortzen dute heldutasun sexuala, 1,30-1,80 metroko luzera izaten dutelarik, eta arrek ere adin eta tamaina antzekoa dutenean lortzen dute heldutasun sexuala. Gorteiatze eta estaltzea batzuetan ur tropikaletan ematen da, baina nagusiki ur epeletatik ur tropikaletara zeharreko migrazioan ematen da. Honen ondoren emeak ur tropikaletako hondartzetara joaten dira, 40ºN eta 35ºS bitarteko latitudetara,[5] bertan habiaratzeko. Ekintza hau gauez izaten da, talde txikietan, eta ilargiaren faseek eragina dutela ikusi da, ilgora eta ilbeheran dortoken azaleramendua handiagoa izanik. Emeak hondartzan toki egoki bat aukeratzen duenean atzeko soinadarrekin zuloa egiten du, eta zuloak tamaina egokia duenean arrautzak erruten ditu: arrautzek 45,4-65 milimetroko diametroa, 70-90,8 gramoko pisua eta 79,7 mililitroko bolumena izaten dute. Hauetatik %18-60a gorringorik gabekoa izaten da, hau da, ernaldu gabekoa, eta txikiagoak izaten dira, 13-45 milimetroko diametrokoak. Zenbait arrautzetan bikiak egon daitezke, eta aipatzekoa da atlantikoko dortokek ozeano barekoek baino arrautza gehiago jartzen dituztela. 60-70 egunera arrautza hauetatik larruzko dortoka txikiak jaiotzen dira, baina enbrioien heriotza-tasa altuaren ondorioz guztien %53,5ak soilik bizirauten du. Jaioberriak habian gelditzen dira denbora batez eta normalean gauean habia utzi eta itsasoan barneratzen dira.[6]

Jaiotako arrak ez dira inoiz lehorraldera bueltatzen, eta emeak helduak direnean 2-3 urtetik behin hondartzara bueltatuko dira habia egin eta arrautzak erruteko.

Larruzko dortoketan, narrasti guztietan bezala, tenperatura bidezko sexu-determinazioa ematen da,[7] tenperatura altuetan egondako arrautzetatik emeak eta tenperatura baxuetan egondako arrautzetatik arrak jaioz.

BizimoduaAldatu

Larruzko dortoka migrazio transozeaniko handiak egiteagatik da bereizgarria, ur tropikaletatik ur hotzetaraino mugitzen delarik. Berez odol hotzeko animalia den arren, homeotermo fakultatiboa dela ikusi da, hau da, inguruko tenperatura baxua den lekuetan gorputzeko barne-tenperatura altu mantentzeko gai da, eta honi esker aurki dezakegu espezie hau ur hotzetako inguruetan.[8]

Espezieen arteko elkarrekintzakAldatu

Ohikoa izaten da itsas dortoken oskolean alga eta bestelako espezie epibionteak aurkitzea, baina larruzko dortokaren oskol bigunaren ondorioz nahiko zaila izaten da bertan horrelako landare edo animaliak edukitzea sinbiosian. Hala ere, larruzko dortoka batzuek erromeroak (Echeneis naucrates eta Remora remora) eraman ditzakete oskolean atxikituta; elkarrekintza hau sinbiosi modura ulertzen da, non dortokak erromeroa garraiatzen duen eta erromeroak dortokaren oskolean bizkarroitzan dauden espezieak jaten dituen.[9]

Predaziorik handiena arrautzen gain eta eklosioaren momentuan ematen da. Gizakiak arrautzak batzen ditu komertzializaziorako edota elikatzeko, eta beste animalia batzuk ere hauetaz elikatzen dira: mamu karramarroa (Ocypode generoko espezieak) edota Varanus generoko muskerrak, besteak beste. Itsasoko predatzaileak aldiz marrazoak eta orka (Orcinus orca) dira.[6]

KontserbazioaAldatu

IUCNko zerrenda gorrian 2000.urtean CE (Critically endangered) bezala katalogatua zegoen; gaur egun VU (Vulnerable) bezala katalogatuta dago, baina egoera pixka bat hobeagoa duen arren oraindik ere mehatxu asko dituen espeziea da.

Marmoka gardenekiko duten lehentasunak arazo larriak sortzen dizkie dortoka hauei, izan ere ozeanoetara isurtzen den hondakin kopurua bortizki igotzen ari da, eta ondorioz plastiko gardenen kopurua ere. Dortokak ez dira gai marmoka eta plastikoak desberdintzeko, eta plastiko ingestioaren ondoriozko heriotza emendatzen ari da.[6]

ErreferentziakAldatu

  1.   Martin, Xabier (2009-10-18) «Paradisuan zenbatzen» Berria .
  2.   Pérez, Fernando Pedro Munduko lehorreko eta itsasoko dortokak Adeve ISBN 978-84-92401-29-1 .
  3.   Eckert SA (2002) «Distribution of juvenile leatherback sea turtle Dermochelys coriacea sightings» Mar Ecol Prog Ser (230): 289–293 .
  4.   Spotila JR (2004) Sea Turtles: A complete Guide to Their Biology, Behaviour and Conservation The Johns Hopkins University Press and Oakwood Arts .
  5.   Lutz PL & Musick JA (1997) The Biology of Sea Turtles New York: CRC Press LLC .
  6. a b c   Ernst CH, Lovich JE (2009) Turtles of the United States and Canada (2. argitaraldia) Baltimore, Maryland: The Johns Hopkins University Press .
  7.   Chevalier J, Godfrey MH, Girondot M (1999) «Significant difference of temperature-dependent sex determination between French Guiana (Atlantic) and Playa Grande (Costa-Rica, Pacific) leatherbacks (Dermochelys coriacea)» Annales des Sciences Naturelles 20 (4): 147-152 .
  8.   Frair W, Ackman RG, Mrosovsky N (1972) «Body temperature of Dermochelys coriacea: warm turtle from cold water» Science (177): 791–793 .
  9.   Sazima I, Grossman A (2006) «Turtle riders: remoras on marine turtles in Southwest Atlantic» Neotrop. Ichthyol. (4): 123-126 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Laut dortoka  
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Dermochelys_coriacea