Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista

Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista(serbokroazieraz: Socijalistička Federativna Republika Jugoslavija / Социјалистичка Федеративна Република Југославија; eslovenieraz: Socialistična federativna republika Jugoslavija) edo Jugoslavia Europako hego-ekialdeko eta erdialdeko estatu sozialista-plurinazionala izan zen, 1945ean sortu eta 1992an desegin zena. Gaur egungo Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Ipar Mazedonia, Serbia, Kosovo eta Montenegro hartzen zituen. Ipar-mendebaldean Italia eta Austria zituen, Hungaria eta Errumania iparraldean, Bulgaria ekialdean, Grezia eta Albania hegoaldean, eta Adriatikoa mendebaldean. 255.804 kilometro koadroko eremua hartzen zuen, eta 23,2 milioi biztanle zituen 1991n. Hiriburua Belgrad zen.

Jugoslaviako Herri Errepublika Federala
1945–1963
Federativna Narodna Republika Jugoslavija
Федеративна Народна Република Југославија
Federativna ljudska republika Jugoslavija

Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista
1963–1992
Socijalistička Federativna Republika Jugoslavija
Социјалистичка Федеративна Република Југославија
Socialistična federativna republika Jugoslavija
1945 – 1992
Errepublika federal sozialista
Jugoslaviako bandera

Jugoslaviako armarria


Ereserkia
Hey, Eslaviarrak

Goiburua
Bratstvo i jedinstvo
Geografia
HiriburuaBelgrad
Biztanleria23.229.846 (1991ko zenbatespena)
Azalera255.804 km²
Telefono aurrizkia+38
Ekonomia
DiruaJugoslaviar dinarra
Kultura
Hizkuntza(k)serbokroaziera, esloveniera eta mazedoniera
Historia
Sorrera1945
Jugoslaviaren desegitea1992
Aurrekoa
Jugoslaviako Erresuma
Ondorengoak
Eslovenia
Kroazia
Mazedoniako Errepublika
Bosnia-Herzegovina
Jugoslaviako EF

Herrialdea 1945ean sortu zen, Bigarren Mundu Gerraren ostean, eta gerra aurreko Jugoslaviako Erresumaren ondorengoa izan zen. Hasieran Jugoslavia Federal Demokratikoa izena eman zitzaion, Jugoslaviako Herri Errepublika Federala 1946an, eta Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista 1963an. Gerra Hotzaren garaian, Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduko kide garrantzitsua izan zen.

Izena aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Eslaviar»

Jugoslavia izena serbokroazierazko bi hitzen elkartzetik sortu zen: jug («hegoaldea») eta slavia («eslaviarren lurraldea»; hots, «Hegoaldeko eslaviarren lurraldea» esan nahi du), eta XIX. mendetik aurrera erabiltzen hasi zen.

Geografia aldatu

Mugak aldatu

Iparraldean, Italia, Austria eta Hungariarekin zuen muga; ekialdean, Errumania eta Bulgariarekin; hegoaldean, Albania eta Greziarekin; eta mendebaldean, Adriatikoarekin.

Historia aldatu

Lehen Mundu Gerraren ondoren, 1918an, sortu zen hegoaldeko eslaviarren estatu modernoa, Austria-Hungariako Inperioaren parte izandako Balkanetako lurraldea (Esloveniarren, Kroaziarren eta Serbiarren Estatua) Serbiako Erresumari batu zitzaionean. Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erresuma izen ofiziala hartu zuen, Petri I.a Karageorgevic errege zela. Neuillyko (1919), Saint-Germaingo (1919) eta Trianongo (1920) hitzarmenetan zehaztu ziren estatu berriaren mugak.

1921. urtean. Alexandro I.ak hartu zuen Petri aitaren lekua, eta areagotu ziren serbiarren politika zentralista batetik, eta beste herrien asmo nazionalistak, bestetik. 1929an, Alexandro I.ak diktadura ezarri eta Jugoslaviako Erresuma izena eman zion estatuari. Garai hartan talde armatu eskuindarrak (ustatxa edo gerrilari kroaziarrak) eratu ziren Kroazian, Ante Pavelic zutela buru. 1934an hil zuten kroaziarrek Alexandro I.a Marseillan eginiko atentatu batean. Petri II.a erregearen aginpidea erregeordeen esku zen garaian, Italia, Alemania eta Bulgariaren aldera lerratu ziren Jugoslaviako erregeordeak (1937-1938ko akordioak). Kroaziak autonomia zabala lortu zuen, bestalde, 1939an.

1941ean, Dragiša Cvetković-en gobernuak Adolf Hitlerren eta Benito Mussoliniren ordena berria onartu eta hitzarmen bat izenpetu zuen Alemaniarekin eta Italiarekin. Petri II.ak erregetzaren ardura hartu zuen urte horretan bertan eta, gudaroste aliatuen aldera lerratuko zelakoan, Jugoslavia inbaditzeko agindua eman zuen Hitlerrek. Alemaniarren aurkako erresistentzia sutsua izan zen oro har Jugoslaviako bazter guztietan, eta nazien aurka jarri zen herria, Europako gainerako bazterretan ez bezala. Bi agintari nabarmendu ziren horretan: Draža Mihajlović serbiar koronela eta, batez ere, Josip Broz Tito kroaziar buruzagi komunista.

1944an Jugoslaviako herriak, sobietar gudarostearen laguntzaz, Belgrad hiria hartu ondoren, gobernu berri bat osatu zen Jugoslavian, Tito zuena buru, eta erbesterako bidea hartu behar izan zuen Petri II.ak. Jugoslavia Federal Demokratikoa, Jajcen antolatu zen Jugoslaviaren Askapenerako Kontseilu Antifaxista Nazionalaren (AVNOJ) bilera batean sortu zen, 1943ko azaroaren 29tik abenduaren 4ra bitartean, erbestean zen errege-familiarekin negoziaketan ziharduten bitartean. 1945ean, ezkerreko herri fronteak irabazi zituen hauteskundeak eta Jugoslaviako Errepublika sortu zen. 1945eko azaroaren 29an estatu sozialista aldarrikatu zen. 1946ko urtarrilaren 31n, Jugoslaviako Herri Errepublika Federalaren konstituzio berria onartu zen, herria sei errepublikatan antolatzen zuena: Bosnia-Herzegovina, Eslovenia, Kroazia, Mazedonia, Montenegro eta Serbia. Lehenengo presidente eta lehen ministroa Ivan Ribar eta Josip Broz Tito izan ziren, hurrenez hurren. 1953ko urtarrilean Tito aukeratu zuten presidente, eta 1963an "bizitza guztirako presidente" izendatu.

 
Josip Broz Tito

Alderdi Komunista gidari zela, nazionalizazio egitarau zabal bati, nekazaritza eraberritzeari eta deszentralizazio sakon bati ekin zien Jugoslaviako gobernuak, eta errespetatzen hasi ziren herri desberdinen hizkuntza eta kultura eskubideak. Horrezaz gainera, sobietarrena ez bezalako sozialismorako bidea aukeratu zuen Titok, eta 1948an hautsi zituen Stalinekin zituen loturak. Beste ekialdeko herrialde komunistek ez bezala, Jugoslaviak Sobietar Batasunarekiko bide propioa egitea erabaki zuen, eta ez zen inoiz Varsoviako Itunaren kide izan. Ez eta NATOkoa ere, Lerrokatu Gabeko Mugimendua sortu zuen bere ekimenez 1956an. Marxismoaren ideologiaren barnean betiere, autogestioa bultzatu zuen Titok ekonomian eta bakearen aldeko apustua egin zuen atzerrian: Triesteko lurraldearen arazoa (1954), Grezia eta Turkiarekiko hitzarmenak (1954), eta Ekialdeko estatuen alderako irekitze prozesua. Jugoslavia izan zen lerrotu gabeko estatuen mugimenduaren aitzindari nagusia, Tito 1980an hil zen arte, batez ere. Bestalde, 1960an onera etorri ziren berriro ere Sobietar Batasunaren eta Jugoslaviaren arteko harremanak, baina ordura arteko jokamolde bereziari eutsi zion Titok. 1974an, konstituzio edo lege nagusi berri bat idatzi zen Jugoslavian. Bi biltzar nagusi izan zituen aurrerantzean Jugoslaviak: Ganbera Federala eta Errepubliken Ganbera. Ganbera federalak bizitza guztirako hautatu zuen Tito errepublikako presidente.

Titoren politika moldeak nagusitu ziren Jugoslavian 1980an hil zen arte. Haren heriotzaren ondoren, errepubliken arteko tentsioak handituz joan ziren. Urte batzuen buruan, gero eta arazo handiagoak izan zituen Jugoslaviako lehendakaritzak sistema federalari eusteko, eta 1985. urtetik aurrera zalantzan jartzen hasi ziren Jugoslaviako ekonomia sistema mistoa, merkatu-ekonomia erabatekoaren alde; bestalde, asko indartu ziren tokian tokiko higikunde abertzaleak. 1989tik aurrera, independentziaren alde agertu ziren Jugoslaviako errepubliketako ordezkariak, eta guztiz indartu zen serbiarren artean Serbia Handiaren aldeko joera. Ekonomia egoera larria zela, egitura politikoak hautsi ziren, eta 1990eko otsailean erabat hautsi zen Jugoslaviako Komunisten Liga. Gorabehera handien eta gudu militar lazgarri askoren ondoren, independentzia lortu zuten 1991. urtean Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta Mazedonia, eta Serbia Handiaren asmoari leial eutsi zioten Serbiako eta Montenegroko errepublikek. 1991n, Eslovenia eta Kroaziako gerra bukatu ondoren, Europan azken berrogeita hamar urteetan izan den gerra gogorrena piztu zen aspaldidanik gizatalde desberdinak (musulmanak, kroaziarrak eta serbiarrak) bilduak zituen Bosnia-Herzegovinan. 1991tik aurrera ez dago Jugoslaviarik. 1992an, gelditzen ziren bi errepublikek, Serbiak eta Montenegrokm Jugoslaviako Errepublika Federala sortu zuten. 2002an izena aldatu zitzaion eta Serbia eta Montenegro izena hartu zuen herrialde horrek.

Banaketa administratiboa aldatu

Sei Errepublika Sozialistetan eta Serbiako Errepublikaren barnean zeuden bi Probintzia Autonomo Sozialistetan zegoen banaturik Jugoslavia. Hiriburu federala Belgrad zen.

Izena
Hiriburua
Eremua
(km²)
Biztanleria
(1991)
1. Bosnia eta Herzegovinako Errepublika Sozialista Sarajevo 51.129 4.377.053  
2. Kroaziako Errepublika Sozialista Zagreb 56.594 4.784.265
3. Mazedoniako Errepublika Sozialista Skopje 25.713 2.033.964
4. Montenegroko Errepublika Sozialista Titogrado 13.812 615.035
5. Serbiako Errepublika Sozialista
5a. Kosovoko Errepublika Autonomo Sozialista
5b. Vojvodinako Errepublika Autonomo Sozialista
Belgrad
Pristina
Novi Sad
88.361
10.686
21.506
9.313.476[oh 1]
1.584.441
1.952.533
6. Esloveniako Errepublika Sozialista Ljubljana 20.246 1.913.355

Demografia aldatu

Banaketa etnikoa aldatu

 
Jugoslaviren banaketa etnikoa (1991)[1]

Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistak nazioak (narodi) eta nazionalitateak (narodnosti) definitzen zituen; lehenbiziko terminoa gehiengo indigenenei egokitzen zitzaien, eta bigarrena gutxiengoei eta etorkinei. Errepublika bakoitzak bazuen bere gehiengo nazional argia:

  • Eslovenian esloveniarrak.
  • Kroazian kroaziarrak
  • Serbian serbiarrak
  • Montenegron montenegroarrak
  • Mazedonian mazedoniarrak
  • Bosnia eta Herzegovina salbuespena zen, bertan serbiarrak, kroaziarrak, eta musulmanak (nazionalitatetzat ‘’musulman’’ hartuta) bizi baitziren.

Errepublika osoa kontuan harturik, serbiarra zen etnia nagusia, biztanleriaren % 36, % 20 ziren kroaziarrak, % 9 musulmanak, % 8 esloveniarrak, % 6 mazedoniarrak, eta % 2,5 montenegrotarrak; garrantzitsuak ziren talde ez eslaviarrak Kosovon (albaniarrak % 90) eta Vojvodinan (hungariarrak bereziki).

Nazioen aniztasuna faktore garrantzitsua izan zen federazioaren disoluzioan. Titoren heriotzaren ondoren, nazionalismoak berpiztu ziren, eta federazioaren porrota ekidinezina izan zen. Nazioen aniztasun horrek, eta nazionalismoen erradikalizazioak Jugoslaviako Gerrak sortarazi zituen. Gerra horietan izugarrizko garbiketa etnikoak eta zibilen kontrako sarraskiak gertatu zirelarik.

Hizkuntzak aldatu

Serbokroaziera (Serbia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro), esloveniera (Eslovenia), mazedoniera (Mazedonia) eta albaniera (Kosovo) ziren hizkuntza nagusiak.

Erlijioa aldatu

Erlijioari dagokionez, ortodoxoak ziren erlijiodunen % 41 (serbiarrak nagusiki), katolikoak % 32 (kroaziarrak nagusiki), eta musulmanak % 18.

Ikus, gainera aldatu

Oharrak aldatu

  1. 1981eko errolda

Erreferentziak aldatu

  1. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..

Kanpo estekak aldatu