Kornilov afera

Korniloven altxamendua» orritik birbideratua)

Kornilov afera 1917ko irailean (abuztuaren 27an), Errusiako Armadako buruak buruturiko estatu-kolpe ahalegina izan zen. Gertaera nahiko nahasia izan zen: alde batetik eskuinak eta eskuin muturrak Sobietak deusezteko, “diziplina berrezartzeko”, bestetik Kerenski eta Kornilov beraren anbizio kontrajarriak eta hirugarrenik gaizki-ulertuek eraman zuten egoera honetara. Gertakari honek, bai Estatu-kolpe zein auto-kolpe ezaugarriak izan zituen.

Kornilov bere ofizialekin.

Irakurketak aldatu

Stalinek abuztuaren 28an definitu zuen moduan: “ez zen iraultzaren eta kontrairaultzaren arteko borroka bat, bi kontrairaultzaileren artekoa baino”. Nikolai Sukhanovek esan zuen moduan, “Kerenski kornilovista zen, baina diktadura berak gidatzea nahi zuen”. Beste batzuen arabera, Kerenski bera ere lan horietan sartua zegoen. Adibidez, Anton Denikin jeneral zuriaren arabera “militarren artean diktadura bat ezartzeko planez ekainean hasi ziren hitz egiten, artean Kerenski lehen ministro ez zela (…) eta Kerenskik berak parte hartzen zuen elkarrizketa horietan”. Trotskiren arabera, Kerenskik aldi berean militarrak xaxatu zituen kolpearen planekin aurrera egin zezaten, honek bere asmoen errotara ura eramango zuelakoan. Egun hauetan, bi aktore nagusien eta bigarren mailako aktoreen posizioa oso aldakorra izan zen, ikusiko dugun moduan, eta aldaketa hauek kolpea baino auto-kolpea edo auto-kolpea baino kolpea ote zen zehazten zailtzen dute. Orlando Figes britainiar historiagileak ez du uste Kornilovek Estatu-kolpea emateko asmoa zuenik, eta are gutxiago Kerenskiren kontra, baizik eta “hau salbatzea, bere borondatearen kontra bada ere”; izan ere, Kornilovek “Errusia salbatzeko” modu bakarra diktaduran ikusten zuen, hala ere, Figesen bertsioaren arabera, “azken momentua arte Kerenskiren babesa bilatu zuen asmo horiek aurrera eramateko”[1].

Testuingurua aldatu

Kornilov izendatzea aldatu

Uztailaren 19an, Kerenskik Aleksei Brusilov jenerala armadaren goi-kargu bezala (eta Kerenski Guda-ministro zenean izendatua izan zena, eta Kerenski Ofentsiban armadaburu izan zena) Lavr Kornilov jeneralaz ordeztea erabaki zuen[2].

Ofentsiba haren porrotaren errudun gisa bere burua ikusten zuen Brusilovek, eta atsekabeturik kargua utzi zuen. Gainera, Brusilov beste jeneralek ez zuten ondo ikusten, soldaduekiko hurbilekoegia zela eta gainera otsaileko egunetan onartutako erreforma militar demokratikoak (Sobietak onartutakoak, eta militarren arabera armadaren desegituraketa zekartenak) ondo ikusten zituela edo behintzat, onartu egiten zituela eta[2].

Lavr Korniloven izaera aldatu

Lavr Kornilov militarra ez zen orduan jeneral handien artean egon, baina bere profil sozialak arrazoi handia izan zen bera aukeratua izateko. Alde batetik, kosakoa izan zen, familia umil baten semea. Bere ama turkiar etniakoa zen, eta berak ere turkiar hizkuntzak jaki izan zituen; beraz, jatorri “ez-aristokratiko” batetakoa zen, “otsaileko izpirituaren” araberakoa. Gainera, bera izan zen otsailaren 28an Dumako Kideen Komiteak Sergei Khabalov tsaristaren ordez Petrogradeko komandante militar izendatu zuena, eta Aleksandra Romanova tsarina berak atxilotu zuen 1917ko martxoaren 8an. Maiatzaren 1eko ospakizunetara ere joan zen. Baina beste alde batetik, Kornilov, armadaren barruan diziplina ezartzearen eta soldaduen komiteen eta soldaduen Sobieten eskubideak murriztearen (eta are komite hauek deuseztearen aldekoa zen)[2].

Lavr Korniloven papera Gobernuaren aurka aldatu

1917an borroka-gunetik alde egiten zuten soldaduen kontra tiro egiteko agintzearren ezaguna egin zen, eta uztailaren 12an Gobernuak Armadan, zenbait delitu larriren kasuan, heriotza-zigorra berriz ezarri zuen Kornilov horretan tematu ostean (Kornilovek 1915ean austriarrek atxilotu eta 1916an preso-eremu batetik ihes egin zuen). Beraz, guzti honen arabera, Kornilov, iraultzaren etapa honetan Kerenskiren eta Errusiako Behin-Behineko Gobernuaren aliatu izan zitekeela zen Gobernuaren ustea, ez soilik frontean boltxebikeen bakearen aldeko agitazioaren kontra, baizik eta behar balitz baita ere “etxean”; Sobietaren aurka. Hots, Brusilov (jatorri elitista, baina pentsaera demokratikoa) iraultza burgesaren lehen aldietarako, hau da, Gobernuaren eta Sobietaren “eztei-aldirako” egokia bazen, Kornilov (jatorri “demokratikoak” edo “meritukratikoak”, baina jarrera gogorra eta hertsitzailea), iraultza burgesaren bigarren aldirako, hau da, burgesia eta langileriaren konfrontazio aldirako egokia zen[2]. Kornilovek bere ondoko gisa Boris Savinkov eserista (baina jada ezkerraren eta Sobieten kontra oso jarrera gogorra zuena izendatu zuen[1].

Korniloven erreforma aldatu

Aukeratua izan zenean, Kornilovek, uztailaren 21ean, bere “erreforma plana” aurreratu zuen[2]:

  • Armadan heriotza-zigorra berriz ezarri.
  • Ofizialen autoritatea soldaduen komiteen gainetik ezarri.
  • Soldaduen asanbladak debekatzea.
  • Agitazio politikoa egiten zuten soldaduak atxilotzeko eta epaitzeko eskubidea.
  • Frontean egunkariak debekatu.
  • Ezker iraultzailearen aldeko joera erakutsi zuten unitate militarrek disolbatzea (programa hau, antza denez, bere laguntzaile eta Guda ministro-orde Boris Savinkovek idatzi zuen).

Erreforma-plan hori otsailean onartutako “Lehen Ordenaren” (eta berez Sobietaren, mentxebike-eseristen gehiengodun Sobietaren) aurkakoa zen erabat. Hori zela eta, eskuineko zirkuluek, “Uztaileko egunen” ostean euren jarrera asko gogortu zutenek, Kornilov euren itxaropen berri bezala hartu zuten Kornilov, eta laster Kerenskik baino popularitate handiagoa hartu zuen Sobietaren kontrako zirkuluen artean, hau bigunegi bezala ikusten baitzuten[2].

Konplota gorpuztuz aldatu

Korniloven oinarri soziala aldatu

Kornilovek bazituen babes gehiago, adibidez eskuinaren aldetik. Burgesiak, eskuineko alderdiek (kadeteek eta oktubristek) eta kanpo potentziak Kerenskiren Gobernua Sobietekiko “ahulegia” zela uste zuten. Jende horren ustez, Errusian “gizon indartsu” bat behar zen, eta Kornilov armada-burua zen horretarako egokiena, batez ere frontean jada erakutsi zuelako zer nolako neurriak har zitzazkeen. Gainera, abuztuaren 12an hasi zen Moskuko Estatu-konferentzian, eskuin osoak Kornilov txalotu zuen, Kerenskik oso itxura pobrea eman zuelarik. Kanpoko potentzien enbaxadek ere Kornilov jarri nahi zuten lehendakari postuan: Stalinek kolpearen ostean, irailaren 12an, atera zuen artikulu batean (Atzerritarrak eta Korniloven konplota), kolpe honen atzean atzerriko egunkari batzuk (The Times ingelesa eta Le Temps frantziarra), atzerriko enbaxadak (Buchanan britainiar enbaxadorea) eta are atzerritar militarrak zeudela salatu zuen, “iraultzaren kontrako konplotean”. Hala ere, Orlando Figesen arabera “Kornilov plan guzti horien jabea baino, morroia zen”. Hauetako “babesle” asko Kornilovek Estatu-kolpea eman zezan irrikitan zeuden, are Kornilov bera baino gehiago. Plan hauetako bitartekaria, hasieran behintzat, Boris Savinkov zen, zeinek Kerenski-Kornilov diktadura bateratu batean pentsatzen zuen[1].

Gobernuaren jarrera Kornilovekiko aldatu

Guzti honek, Kerenskik bere burua “Errusiako salbatzaile” gisa ikusten zuen irudiari kalte egiten zion. Alde batetik, Kornilov behar zuen diziplina ezartzeko (bere kabuz ez zen ausartzen Sobietaren kontra egitera, edo ez zuen indarrik, eta gainera eskuinaren artean babesa eman ahal zion Kornilov bere ondoan edukitzeak), bai armadan eta beharko balitz “etxean”. Azken finean, Korniloven analisi politikoarekin bat zetorren, eta bere diktadura, Korniloven laguntzarekin, onargarria zitzaiokeen. Baina beste alde batetik, “salbatzaile” paperean Kornilovek egiten zion konpetentziaz kezkatuta zegoen, izan ere, eskuinari egindako emakidak (adibidez uztailaren 12an frontean heriotza-zigorra berrezartzea onartzea), eskuinak Korniloven lorpen bezala hartzen zituen. Bestalde, ez dago argi Kornilovek bere programa Gobernuari ezarri edo Estatu-kolpe bat eman ote nahi zuen, edo Estatu-kolpea ematekotan, programa ezartzeko eman nahi ote zuen (edo momenturen batean planez aldatu bazuen). Orlando Figesek esan zuen moduan “batak bestea erabili nahi izan zuen bere anbizioetarako”[1].

Kerenskik hasieran zalantzak zituen Korniloven programa ezartzeko, honen erabateko boteretzea esan nahi zuten eta (abuztuaren 3an jada Kornilovek fabriken eta trenbideen militarizazioa eskatu zuen –Figesen arabera, erreforma programaren biraketa koalitatibo bat izan zen-, eta Kerenskik berriz esan zuen ezetz, bai Gobernu-koalizioaren desegitea ekarri zezakeelako, bai Sobietek altxamendu bat egin zezaketelako). Bestetik, Rex Wadek esaten duen moduan, Kerenskik Sobieta menperatu bai, baina ez zuen nahi hauxe erabat desegin (eta Korniloven asmoak horiek izango ote zirenaz beldur zen), izan ere Sobieta “Kerenskiren boterearen iturrietako bat zen”. Hala ere, Savinkovek konbentzitu zuen harekin lan egiteko, baina betiere, Kornilov Kerenskiren menpe ezartzen bazen (Trotskiren arabera “Kerenskik Korniloven programa aplikatu nahi zuen, baina berarentzat botere handiagoa suposatuko zuelarik”). Bitartean, Uztaileko Egunen ostean berriz burua altxatzen zebilen ezkerrak (boltxebikeek, anarkistek eta ezkerreko eseristek) Kornilov kontrairaultzaren ikur bezala jarri zuen. Abuztuaren 10ean Kerenskik Korniloven hasierako programa (fabriken eta trenbideen militarizazioa gabe) onartzeko keinua egin zuen, Savinkovek konbentzituta, baina laster Moskuko Estatu-konferentzia etorri zen, eta eskuinak Kornilov ahobatez babesten zuenaren inpresioa eman zuen. Honek Kerenski zalantzaz bete zuen, eta Kornilov eskuinaren laguntzaz, Kerenskiren gainetik ere bere programa politiko-militarra inposatu zezakeela konbentzitu zuen. Azkenean, Kerenskik Savinkovi abuztuaren 17an esan zion Korniloven programa onartzen zuela, baina antza denez “hiriburua Moskura aldatu ostean”. Savinkovek ez zuen hori entzun eta programa berehala onartu zuela esan omen zion Kornilovi. Bitartean honek Petrograd inguruan tropak kontzentratzen jarraitu zuen, ez dago oso argi Kerenski mehatxatzeko (gero Kerenskik esan zuen moduan), edo litekeena zen moduan, programa onartzerakoan gerta zitekeen langile altxamendu bat zapaltzeko (gertakari hauekin bat, abuztuaren 25ean Gobernuak Proletari egunkaria itxi zuen “altxamendua animatzearren”; honen ordez Rabotxi (“Langilea”) atera zen). Figesen arabera, Kornilovek egun horretan bertan “ez dut Behin-behineko Gobernua uzkaili nahi” esan zion[1].

Gertakariak aldatu

Kerenski eta Korniloven arteko negoziaketak aldatu

Azkenik, Kerenskik, abuztuaren 23an, programa onartzeko asmoa erakutsi zuen, baldin eta Petrograd programaren neurriez kanpo geratuko balitz. Kerenskik eta Kornilovek Petrograden erabili beharreko tropak zeintzuk izanen ziren eta Kronstadteko goarnizioa eta Itsas-armada zapaltzea ere paktatu zuten. Hala ere, hemen badago guztiz argitu gabeko beste puntu bat: tropak Petrograden esku-sartzeko aitzakia gisa, hiriburuan “altxamendu boltxebike” faltsu bat prestatzea, Aleksandr Dutoven zuzendaritzapeko tropekin. Kornilovek bere agenteak bidali zituen asmo horretarako, baina ez dago argi Kerenskirekin adostu zuenik, edo Kerenski faît accompli baten aurrean jarriz indarreko posizio bat lortu nahi zuenik (Stalinek, abuzutaren 28an konplot hori salatu zuen artikulu batean)[1].

Tartean, Vladimir Lvov deitutako politikari kontserbakor bat (Alderdi Oktubrista) sartu zen bi buruzagien artean, gaizki-ulertuak handiagotuz. Lvovek bi buruzagiak ados jarri nahi zituen Gobernu autoritario bat lortzeko, baina azkenean, berak martxan jarritako gurpilak ihes egin zion. Hasiera batean, abuztuaren 22an, Kerenskiri esan zion “Gobernua moldatuz gero” eskuinaren babesa izango zuela, baina abuztuaren 25ean Kornilovi esan zion Kerenskiren izenen hitz egiten zuela eta hainbat aukera aurkeztu zizkion: bata Kerenskiren diktadura zen, eta beste bat Kerenski dimititzeko eta Kornilov lehendakari jartzeko prest zegoela (Kerenskik hori adierazi ez zuelarik) Kornilovek hurrengo Gobernuan sartzen bazuen. Kornilovek onartu egin zuen azken eskaintza hori; hurrengo egunean abuztuaren 26an, Lvovek Kerenskiri komunikatu zionean, Orlando Figesen arabera “Lvovek Kerenskiri esan zion Kornilovek diktadore eskumenak eskatu zizkiola, baina hori ez zen egia”. Kerenski ez zen ados egon, eta Korniloven nahiak eta tropen kontzentrazioa honen aurka ere erabiltzen saiatu zen. Figesen arabera, “orduan hasi zen Kerenski pentsatzen Kornilovek agian paretik kendu nahi zuela”[1].

26an bertan, arratsaldez hirurak teletipoz hitz egiteko geratu ziren. Hala ere, Vladimir Lvov berandu iritsi zen, eta Kerenskik, Lvov imitatuz (aktore izan zen, eta horretarako dohaiak bazituen), aurreko eguneko baldintzak errepikatzeko eskatu zion Kornilovi. Kornilovek “Lvovi” errepikatu egin zizkion, honek Kerenski Kornilovek kargugabetu nahi zuenaz konbentzitu zuelarik. Kornilovek, ordea “Lvovekin” izandako elkarrizketaren ondorioz tropak Petrogradera eramateko eta Sobieta zanpatzeko baimena zuela uulertu zuen. Bestetik, berandu iritsi zen Lvov atxilotua izan zen[1].

Abuztuaren 27: tropen mugimenduak aldatu

Abuztuaren 27a oso egun nahasia izan zen. Kerenskik Kornilovekin izandako elkarrizketa erabili nahi zuen Gobernuak Kornilov sala zezan, baina Gobernua, Savinkoven eraginez, ez zegoen guztiz ados (egun horretako goizean, Savinkovek oraindik “Gobernuak Kornilovengan konfidantza osoa du” esan zion prentsari). Orduan Kornilov kargugabetzeko agindua berak sinatzea erabaki zuen. Honek Kornilovi altxamendu boltxebike bat gertatu zela eta Kerenski atxilotuta zegoela ustearazi zion (halako agindu bat Gobernuak sinatu behar zuen, ez soilik Lehen Ministroak), beraz, tropak Petrogradera mugitzeko agindua eman zuen. Korniloven mugimendu honek konbentzitu zuen Gobernua Estatu-kolpea martxan zenaz. Hala ere, Kerenskiren jokoak bere aldekoak ere nahastu eta nazkatu egin zituen, eta oso jende gutxik babestu nahi zuen: Mikhail Alekseiev jeneralak adibidez ez zuen onartu armadaburu postua, soilik Estatu Nagusiko buru postua. Azkeneko momentuan negoziazio saiakera bat behartu nahi izan zuten, Korniloven kargugabetze neurria soldaduek jakin ez zezaten, baina alferrik izan zen. Abuztuaren 27an Kornilov kargugabetua eta kolpista bezala salatua zen. Korniloven mugimenduarekin bat, frontean militar batzuk ere altxatzen saiatu ziren, Aleksei Kaledin Don Eskualdeko kosakoa adibidez[1].

Kerenskik oso tropa gutxi zituen bere alde borrokan egiteko, eta gainera, bere laguntzaileen konfidantza ere galdu zuen: berak bere burua izendatu zuen armadaburu, postu horretan bere menpe aritzeko kiderik aurkitu ez baitzuen. Azkenean Sobietei laguntza eskatu behar izan zien. Boltxebikeen aldetik, Korniloven aurkako mugimendura batu ziren, baina ez Kerenskiren Gobernuaren menpe, baizik eta norbere independentzia mantenduz (Stalinek abuztuaren 28an esan zuen moduan: “Iraultzak berak atera behar ditu kaosetik salbatuko dituen indarrak”). Moskun zein Petrograden “Kontrairaultzaren Aurka Borrokatzeko Batzordean” sartu ziren, beste alderdi sozialista guztiekin batera. "Kontrairaultzaren Aurka Borrokatzeko Batzorde” horiek, Sobieten pe funtzionatzen zuten, eta alderdi guztietako ordezkariez osatuta zeuden; beraz, boltxebikeak bertan sartzea hauen errehabilitazio politikoa izan zen. Are gehiago, Kontrairaultzaren Aurkako Batzorde horietan, Alderdi Boltxebikeak jokatu zuen abangoardia bezala, eurak izan ziren –batez ere Erakunde Militar Boltxebikearen bidez- populazioa mobilizatu zutenak eta susmagarriak atxilotu zituztenak. Gainera boltxebikeek bazuten (momentu horretan klandestinitatean bazegoen ere), indar armatu baten, Goardia Gorriaren, kontrola. Goardia Gorriak bolondres berriak errekrutatu zituen egun horietan, eta Gobernua armak eman beharrean aurkitu zen. Abuztuaren 28an bertan, Alderdi Boltxebikeak, Stalinen ahotik, kolpearen kontra borrokatzeko jeneral kontrairaultzaile denak kargugabetzea, aukeraketazko ofizialak itzultzea, soldaduen komiteak berrezartzea, heriotza-zigorra eta neurri errepresiboak desagerraraztea, lurren banaketa, zortzi orduko laneguna, banketxeen gaineko kontrola, finantzen demokratizazioa, zerga progresibo zuzenak, hiri eta landaren arteko horniketa berrabiaraztea, autodeterminazioa, errepublika aldarrikatzea, Asanblada Konstituziogilerako deialdia berehala egitea eta aliatuekin itunak eta guda inperialista salatzea eskatu zuen[1].

Boltxebikeen irakurketa eta jarrera aldatu

Boltxebikeen idatzi guztietan edo ia guztietan argi adierazten zuten Kerenskirekiko distantzia, Kerenski ere konspirazioaren parte gisa eta “kornilovista” izendatzen baitzuten. Irakurketa boltxebikearen arabera, biak Kerenski zein Kornilov ziren plan bereko gaizkide, eta Korniloven tropen kontzentrazioa Sobietaren eta langileen kontra zegoen zuzendua, ez Kerenskiren kontra. Ikusten dugun bezala, irakurketa hau nahiko zuzen zebilen. Stalinek, abuztuaren 28an idatzitako boltxebikeen eskaera-plataforma batetan, kadeteak eta burgesia egin zituen egoeraren erantzule, eta plan handiago batean enmarkatu zuen Estatu-kolpea (ofentsibaren aitzakiaz soldaduen eskubideak murriztea, Riga entregatzea eta abar). Hor ez zuen Kerenski ia aipatu egiten (bai ordea “burgesia” eta “kadeteak”), baina ezta ere hura defendatzeko. Leninek, ordea, abuztuaren 30ean Komite Zentralari idatzitako gutun batean,esan zuen bezala: “orain ez dugu Kerenskiren Gobernua babestu behar: Hori gure printzipioen aurkakoa da (…) Korniloven kontra borrokatu behar dugu, Kerenskiren tropek egiten duten moduan, baina ez dugu Kerenski babestu behar, honen ahuldadea erakutsi baino (…) Kerenskiren kontra borrokatzeko modua aldatzen ari gara”. Stalinek abuztuaren 31ean atera zuen beste artikulu batean, ildo hori jarraituz, Burgesiarekin akordioak egitearen kontra deitutakoan, kadeteen paper kolpista eta “kontziliatzaileek” (hau da sozialista ofizialistek) kontrairaultza guztiz garaitu nahi ez zutela salatu zuen, eta kolpea garaitzeko modu bakarra “langileen eta baserritarren Gobernua osatzea” izan zela. Irailaren 1ean (behin kontrairaultza erabat garaituta), Leninek Pravdan idatzitako iruzkin batzuetan are gogorrago jo zuen Kerenskiren kontra, eta Korniloven pare paratu zuen. Irailaren 6an, Stalinek, Beren bidetik deitutako artikuluan, Kerenski jomugan jartzen zuen, “Kontrairaultzaileen kontra borrokatu nahi ez zuela” eta “hauen aurkako borroka oztopatu zuela” salatuz. Irailaren 4ko Kerenskiren ordena salatu zuen, zeinak komite iraultzaileak legez kanpo ezartzen zituen, hau Korniloven programaren parte zela esanez, eta Kerenskik Korniloven programa jarraitzen zuela deitoratuz[1].

Abuztuaren 28: kolpearen porrota aldatu

Abuztuaren 28an, Kornilov, jada bere kargugabetzeaz eta Gobernuaren arbuioaz jakitun zen eta tropak Petrogradera agindu zituen. Hala ere, bere tropak gero eta nahasiago zeuden: teorian “altxamendu boltxebike” bat zanpatzera joan ziren, baina ez zen halakorik gertatu: Petrograden “altxamendu faltsua” eragin behar zuten agenteek ere ez zuten aktuatu. Sobietak Korniloven tropengana agitatzaileak bidali zituen. Agitatzaile hauek Korniloven armada-gorputz ezberdinak konbentzitu zituzten aurrera ez egiteko (azken finean Petrogradera “Behin-behineko Gobernua salbatzera” zihoazen), eta hala lortu zuten. Bestetik, Korniloven tropek ez zuten uste Sobietak hainbesteko gizonik eta armarik bildu zituenik. Sobietaren tropak (ez Gobernuarenak) portuez eta trenbideez jabetu ziren. Trenbideetako langileek (Vikzhel sindikatuak) Korniloven tropak eramaten zituzten tropak desbideratzen zituzten. Abuztuaren 28an izan ziren istilu apurretako gehienak, abuztuaren 29rako soilik istilu marjinalak geratzen ziren. 29an Kronstadteko eta Viborg hiriko langileak iritsi ziren Petrogradera, eta kontrairaultza Petrograden guztiz zapaldua izan zen. Frontean ere, soldadu askok euren komandanteak atxilotu zituzten, Anton Denikin, adibidez. Berez, ez zen borroka handirik eman, baina masek eman zuten indar-erakustaldiak indar korrelazioa aldatu zuen berriz Sobieten alde, eta hauen barruan boltxebikeen alde. Abuztuaren 29an Kerenskik bere burua armadaburu izendatu zuen, Mikhail Alekseiev Estatu Nagusiko buru izendatu zutelarik. Irailaren 1ean, Mikhail Alekseiev Estatu Nagusiaz jabetu zen, eta Kornilov atxilotuz “Estatu-kolpea” bukatutzat eman zuen[1].

Ondorioak aldatu

Istiluak bukatuta, Kerenskik Gobernu berri bat izendatu zuen, eta irailaren 1ean ofizialki Errepublika aldarrikatu zuen. Kornilov eta bere laguntzaileak (tartean, Anton Denikin) Bikhov herriko (Bielorrusia) monastegi katoliko batean sartu zituzten preso (Urriko Iraultza baliatu zuten handik ateratzeko), Aleksandr Krimov jenerala izan ezik, honek bere buruaz beste egin baitzuen. Hala ere, preso horiek Korniloven tropek zainduta zeuden, eta euren atxilo-aldia ez zen oso gogorra izan. Boris Savinkov Alderdi Eseristatik egotzia izan zen[1].

Gertaera nahasgarri (eta komiko) honek, Kerenskiren autoritatea asko ahuldu zuen; ezkerretik (bere izaera kontrairaultzailea eta boterezalea agerian agertu zelako) zein eskuinetik (Kornilov agerian utzi eta atxilotu egin zuelako). Kerenskik Korniloven programa militarra ezartzeko asmoa adierazi zuen, baina jada ez zuen indarrik, kolpea geratzeko Goardia Gorria armatu beharra izan zuen, eta honek ez zuen armak itzultzeko gogorik. Kerenskirekin batera, Gobernuaren aldeko alderdi sozialistak ere kaltetuta atera ziren: nahiz eta hauek Kerenski ez bezala ez ziren kolpearen parte izan, baina Kornilov armadaburu izendatzearekin ados izan zirenez, hein batean euren izenari ere min egin zien honek. Boltxebikeak aldiz, indartua atera ziren, ez soilik klandestinitatetik atera zirelako (hurrengo egunetan kartzelan zeuden boltxebikeak aske geratzen hasi ziren), baizik eta euren tesiak, hau da “kontrairaultza ala sobietar boterea” baieztatuta geratzen ari zirelako (abuztuaren 31n, oraindik kolpea bukatu ez zelarik, Petrogradeko Sobietak tesi horren inguruan boltxebikeek aurkeztutako mozio bat bozkatu zuen). Korniloven kolpearen kontrako erresistentzia garrantzitsua izan zen boltxebikeek Sobieten kontrola lor zezaten. Leninek Egungo egoerari buruzko txostena (irailaren 3) idatzi zuenean, “Korniloven kolpeak masei eseristen eta mentxebikeen politika zein zen argitzen lagundu zien” esan zuen. Frontean ere Kerenskiren Gobernua eta ofizialak oso desprestigiatuak izan ziren: soldaduentzat gogorra zen ulertzen ez zuten guda batean aritzea, gainera ofizialak eta agintariak Estatu-kolpeetan edota euren arteko jokoetan aritzeko; beraz desertzioak eta ofizialen kontrako erasoak areagotu egin ziren[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i j k l m n «Korniloven Estatu-kolpea» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-31).[Betiko hautsitako esteka]
  2. a b c d e f Kornilov, armadaren buru izendatua, K17. CC0 Domeinu Publikoa

Kanpo estekak aldatu