Nikolai Sukhanov
Nikolai Nikolaievitx Sukhanov (errusieraz: Николай Николаевич Суханов; 1882ko abenduaren 10a - 1940ko ekainaren 29a) errusiar kazetari, ekonomilari, historiagile eta militante mentxebikea izan zen[1].
Nikolai Sukhanov | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Николай Николаевич Гиммер |
Jaiotza | Mosku, 1882ko azaroaren 27a (juliotar egutegia) |
Herrialdea | Errusiar Inperioa Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Lehen hizkuntza | errusiera |
Heriotza | Omsk, 1940ko ekainaren 29a (57 urte) |
Hobiratze lekua | Omsk |
Heriotza modua | : bala zauria |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Galina Flakserman |
Hezkuntza | |
Heziketa | First Moscow gymnasium (en) |
Hizkuntzak | errusiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | ekonomialaria, historialaria, kazetaria, iraultzailea eta politikaria |
Kidetza | Sobieten Komite Exekutibo Zentrala |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Alemaniako Alderdi Komunista |
Biografia
aldatuHastapenak Alderdi Eseristan
aldatuGaztetan Lev Tolstoiren ideologia bakezale-utopistarekin bat egin zuen, eta agian Tolstoiren populismoak eraginik, Alderdi Eseristarekin bat egin zuen. Garai horietan, bere kezka nagusia ideologia marxista eta populista uztartzea zen. 1904an, lehen aldiz atxilotu zuten, baina ez zuen denbora handirik pasa kartzelan. 1905eko Errusiako Iraultzan parte hartu zuen. 1909an, Ekonomia ikasten hasi zelarik, marxismoarekiko interesa izan zuen, bere kezka nagusia marxismoa eta populismoa uztartzea zelarik. 1910an, berriz, atxilotu eta deportatu zuten, baina 1913an aske geratu zen. Orduan Gorkiren Letopis (“Kronika”) aldizkari literario-politikoan lanean hasi zen, idazlearekin iraun egin zuen harreman bat hasiz[1].
Jarduera politikoa
aldatu1914an, Lehen Mundu Gerraren kontra egon zen posizio internazionalista harturik. Gerra pizteak eta bere erreakzioak, Martoven jarraitzaile ziren mentxebikeengana hurbildu zuen, hauekin bat egin zuelarik (nahiz eta eseristekin sekula ez zuen guztiz puskatu). Otsaileko Iraultza gertakariak bertatik bertara jarraituz zituen eta halaxe, batez ere alderdi guztietan zituen kontaktuak zirela medio, otsaileko egunen protagonista bat izan zen. Petrogradeko Sobietaren birsortzean parte hartu zuen eta Komite Exekutiboko parte aukeratu zuten (hala ere, akats larri bat egin zuen otsailaren 25ean iraultzarik egongo ez zela esan zuenean: “Petrograden istiluak daude, baina ez dago inongo iraultzarik”). Nikolai Sokolov abokatu mentxebikeak Lehen Zenbakidun Ordena idatzi zuenean, Sukhanov izan zen honen inspiratzaileetako bat. Horrez gain, Nikolai Sukhanov bera izan zen martxoaren 1ean, Sobietaren izenean Dumako Kideen Komitearekin Behin-behineko Gobernua osatzeko eta honen programa negoziatzeko ordezkarietako bat; Orlando Figesen arabera, Sobietaren aldetik ordezkaririk nabarmenena izan zen. Martxoan Errusiako Behin-behineko Gobernuaren eta Sobietaren arteko “Lotura-Komisioko” kide izan zen, hau da Sobietak Behin-behineko Gobernua kontrolatzeko sortutako komisioaren kide. Otsaileko gertakariei buruzko liburu bat idatzi zuen, egun historiagileek ere erreferentziazkotzat dutena[1].
Alderdi Mentxebikean
aldatu1917ko otsaileko egunetan Alderdi Mentxebikearen gizonik garrantzitsuenetako bat izan bazen ere, ez zuen lortu bere alderdiaren edota politikan itzal handirik izaterik. Orlando Figesen arabera: “alderdi barruan ez zuen babesik, ez zen fakzio batekin ere lerrokatzen eta gainera oso zalantzatia zen. Arazo politikoak intelektual baten ikuspuntutik ikusten zituen, ez politikari batenetik”. Trotskiren arabera: “Sukhanov begirale bat zen estatu-gizon bat baino, kazetari bat iraultzaile bat baino, argudio-emaile bat kazetari bat baino; gai zen ikusmolde iraultzaile bat babesteko hura praktikara eramateko unea iritsi arte”. 1917tik aurrera, mentxebikeen ezker-aldean, “mentxebike internazionalisten” aldean kokatu zen, Martovekin bat. Maksim Gorkiren Novaia Zhizn egunkarian idazten zuen. Pixkanaka berak sortzen lagundu zuen Errusiako Behin-behineko Gobernuarekiko mesfidantza handiagoa garatu zuen, batez ere gerratik ateratzen ez zelako; baina ez zuen programa alternatiborik, izan ere, boltxebikeekin aliantza egitearen kontrakoa zen: 1917ko ekainean eta Uztaileko Egunak izan zirenean, boltxebikeek “estatu-kolpea” edo "matxinada” prestatu zuten ikuspuntua defendatu zuen. Sukhanoven arabera, Uztaileko Egunetan gertatutako manifestazioek “Komite Zentral Boltxebikea, izen horrekin edo beste batekin, Gobernu gisa aldarrikatzeko helburua” zuten, eta bere arabera, Krasnoie Selo herriko 136 erregimentuak Sobieteko zuzendaritza atxilotu behar zuten, Gobernu berria aldarrikatuz. Ikuspuntu hura 1920an bere memorietan defendatu zuen, baina geroago aitortu zuen teoria horren “elementu batzuk kontraesankorrak” zirela. Nikolai Sukhanov “gobernu sobietar” baten aldekoa zen, baina ez “estatu sobietar” baten (hau da, botere osoa Sobietetan oinarritzen zuen estatu baten) aldekoa; eta ez zuen uste Errusian sozialismorantz jo zitekeenik, bere ustez Sobietek “iraultza demokratiko-burgesa” burgesiak baino hobeto egingo zuen[1].
1917ko urriaren 10ean, boltxebikeek matxinada armatua erabaki zuteneko Komite Zentral Boltxebikearen bilera, ironiak ironia, bere etxean egin zen, bera enteratu gabe (bilera hura bere emazte Galina Flakserman boltxebikeak antolatu zuen). Ez zuen Urriko Iraultza Sozialista babestu, eta honen kontra egin zuen hainbat puntutan. Sobieten II., III. eta IV. Biltzar Nagusietan VTsIKeko kide izan zen, mentxebikeak ordezkatuz (postu hori 1918ko ekainean, Sobieten V. Biltzar Nagusian galdu zuen, Sobietek VTsIKetik mentxebikeak eta eskuineko eseristak botatzea erabaki zutenean). 1921an, Alderdi Mentxebikea utzi zuen eta Alemaniako Alderdi Komunistaren kide egin zen, Alderdi Boltxebikeko kide ere egin nahi izan zen, baina ez zuten onartu.
Azken urteak
aldatuGerora, Nekazal Institutu Komunistan lanean hasi zen, 1930an kanporatu egin zuten arte (Sukahnoven ikuspuntuak industrializatzearen kontrakoak ziren). 1931an atxilotua izan zen, talde mentxebike klandestino bateko kidea izatearren, eta 10 urteko deportazio-zigorra ezarri zioten Tobolsk probintzian, baina 1935an zigor hori bertan behera utzi zuten. 1937an berriz atxilotu eta 1939an exekutatu egin zuten[1].
Legatua
aldatuEgun, batez ere, 1919 eta 1921 artean idatzi eta 1922an argitaratu zuen Errusiar Iraultza zazpi liburukietako liburu eskergagatik da ezaguna[1].