Asturiar mitologia Asturiar folkloreko ohitura eta herri kondairen multzoa da. Kantauriar mendilerroko beste ohitura batzuekin harremana gordetzen du.

Posible da asturiar folkloreko sinismenak Europakoak kristautasunaren aurreko herrien (erromatarrak, asturak, bisigodoak) sinesmen paganoekin lotura izatea eta hauek kristautasunaren eraginez aldatu izatea. Dena den, errealitate etnologikoa XIX. mendeko mito erromantikotik bereiztea zaila da.

Pertsonaia mitologikoak aldatu

Xana aldatu

Xana urjauzietan eta iturrietan egoten den maitagarria da. Normalean urazpian altxorrak gordetzen dituzte. Edertasun handiko neska gazteak izaten dira, ile eta begi argiak dituzte, urrezko orraziz ilea orrazten dute eta gizonak haien edertasunez eta altxorrei buruz hitz eginez engainatzen dituzte. Xanino deitutako ume txiki eta iletsuak dituzte, baina semeei bula ematerik ez dutenez inguruko herrietako ama baten umearekin trukatzen dute amak jakin gabe. Egunero bakarrik badaude ere, San Juan gauean taldean bildu eta dantza egiten dute. Kuelebre pertsonaiek zaintzen dituzte.

Ayalga aldatu

Ayalga altxorrez betetako dorre batean edo gaztelu batean sorginkeriaren menpe kondenaturik dagoen emakume hilkorra da. Kuelebre pertsonaiek zaintzen dituzte. Jasaten duen sorginkeriak naturaz gaindiko hainbat ahalmen majiko ere eskaintzen dizkio, hala nola animaliekin edota landareekin ulertzeko ahalmena. Sorginkeria ahusteko, gizon batek Ayalga zaintzen duen kuelebrea hil beharko du, lortuz gero Ayalga emakume bilakatuko da eta gizonarekin ezkonduko da, gordetzen duen altxorra eskainiko diolarik.

Kuelebre aldatu

Kuelebre altxorrak zaintzen dituen suge erraldoia da. Xana pertsonaiak edo Ayalgak ere zaintzen ditu. Hilezkorrak direnez, mendeen poderioz ezkatak gogortzen zaizkie eta zeharkaezin bihurtuz eta saguzahar hegoak hazten zaizkie, herensuge itxura hartuz. Zaintzen duten tokitik ez dira mugitzen normalean, ez bada artaldea edo gizakiren bat jateko.

Kuelebrei buruzko ipuinetan, Kuelebrea hil ahal izateko gori-gorian dagoen harria edo orratzez betetako ogi zatia eskaintzen zaie jateko. Kuelebreekin lotutako beste mito bat «kuelebrearen harriarena» da. Harriak gaixotasunak sendatzen ditu. Kuelebreari sei suge gehitzen zaizkio, haien guztien adurrek gogortzean harri hori osatzen dutelarik.

Nuberu aldatu

'Reñubeiru' edo 'Xuan Cabritu' izenez ere ezaguna, El Nuberu hodeien eta ekaitzen jainkoa da. Gizon bizardun gisa irudikatu ohi da, ahuntz larruz eta kapelaz . Pertsonekin maltzur joka dezake larreetan eta soroetan kaltea eraginez edo laguntzen dioten horiekin ongi joka dezake.

Mitoaren arabera, Egipton ohiuaren hirian bizi da. Behin Asturiasera bidaiatu zuen hodei baten gainean. Halabeharrez lurrera erori eta babesa eskatu behar izan zuen. Baina inork ez zion lagundu, gaualdean baserritar txiro batek etxera gonbidatu zuen arte. Harrez gero, ordainetan urtero soroak ureztatzen dizkio uzta ona izan dezan. Urte batzuk beranduago baserritarrak Egipto hurrunearino aldendu behar izan zuenean bere maiteak beste batekin ezkontzea erabaki zuela entzun zuen. Nuberuari laguntza eskatu zion, hodei baten gainean Asturiaseraino itzuli eta ezkontza galaraz zezan.

Herrixketan Nuberu ager ez zitzaien kanpaia jotzen zuten.

Extremadurako mitologiako Entiznau pertsonaia Nuberuren antzekoa da, baita jantzietan ere.

Mouro aldatu

Garaien hasieratik Asturiasen bizi diren izaki majikoak dira. Arrazoi ezezagunak direla eta, lurrazpian bizi behar zuten, meategietan lanean, metalgintzan, bitxiekin, zilarrarekin edo urrearekin lanean edo soilik boloetara jolasean. Kuelebreek gordetzen dituzten altxorrak dauzkate. Trikuharriak eta kastro herrixka zaharrak eraiki zituzten. Janaria jasotzeko ez bada, normalean ez dira lurrazpitik ateratzen. Soilik gaualdetik aurrera edo San Juan gauean atera ohi dira. Ez dute gizakiekin elkartzeko ohiturarik.

Trasgu aldatu

Asturiar mitologiako pertsonairik ezagunenetakoa, trasgu iratxo txikia da. Buztanaz eta adarrez irudikatu ohi da, jantzi eta kapela gorriarekin, ezkerreko eskua zulatuta duelarik. Etxe barnean bizi da eta traketsa da, batzuetan sarraski handia sortzen duelarik. Abereak zirikatzen ditu, gauzak lurrera botatzen ditu eta pertsonak gauez esnaratzen ditu. Trakets jokatu ohi duen arren, ongi tratatuz gero eta nahi baldin badu, etxea garbitu dezake. Batzuetan familiek etxez aldatu behar izan dute iratxoa ez jasateko, hala ere iratxoak etxe berriraino jarrai diezaieke. Mitoak dioenez, iratxoa desagertzeko modu ezberdinak daude: ura saski batean ekartzeko eskatuz edota ahuntz larru beltza txuri bilaka dezan eskatuz, eskaria bete ezin duenez lotsatuta alde egingo baitu. Bestela, ilar platera utziz, eskuko zulotik eroriko zaizkionez ezingo baititu bildu eta haserretuta alde egingo baitu.

Trasgu iratxoaren mitoa Europako hainbat txokoetako mitoekin lotuta dago.

Sumiciu aldatu

Ez da Trasgu bezain ezaguna, baina hau bezala Sumiciu ere etxeko iratxoa da. Oso txikia da edota ikusezina. Gauzak falta direnean Asturiasen honela esan ohi dute: “llevolo el Sumiciu” edo “páez obra del Sumiciu”. Baina Sumicioren ekintzak ez dira horiek bakarrik. Trasgu baino zitalagoa da. Pertsonak pixkanaka desagertaraz ditzake, haurrak bereziki. Hala ere, Sumiciu gehiago ez jasateko eta galdutako gauzak itzultzeko modua erraza dago: San Antoniori otoitz egin behar zaio baina akatsik gabe esan behar da otoitza, bestela galdutako gauzak sekulan ez dira itzuliko.

Busgosu aldatu

Busgosu erdi gizaki erdi aharia da. Iletsua, ahari hankaduna eta ahari adarduna da. Gorputz-enborra eta aurpegia giza itxurakoak ditu. Jantzia eta kapela berdea daramatza. Bi mito daude, Kantabriar mendilerroko ekialdeko mitoa Kantabriarraren antzekoa da: Busgosu bihotz-onekoa da, artzainak galduta badaude gidatzen ditu eta etxolak konpontzen laguntzen du. Asturiaseko mendebaldeko mitoan Busgosu basoetako jauna da. Aizkolarien eta ehiztarien arerioa da. Mitoa Asturiasera XVII. mendean etorritako errementari euskaldunek zabaldu zutela pentsatzen da, beste batzuek tokiko mitotzat dute.

Diañu burlón aldatu

Diañu burlón zaldi gisa irudikatu ohi da, hala ere; ahari edota baita gizaki bilaka daitekeen. Gizakiekin ez da sobera maltzurra baina adarra nahiko jotzen du: ibiltariaren bizkar gainean eseri eta lehertu arte nekatzen du, ondoren zaldi bihurtu eta abiadura handiz ibiltzeko, tamainaz gero eta gehiago handitzen delarik. Zaldun izutuak indar zerutiarrak dei ditzake, adibidez: ¡Xesús, Xosé y María!- zalditik bide ertzera erortzeko. Gizakiekin oso gaizkile ez den arren, Asturiaseko ekialdeko eta erdialdeko sorginek (bruxes) gurtzen dute eta Aker beltzek edo deabruak hartutako itxura bat izan daiteke.

Pesadiellu aldatu

Pesadiellu izpiritu maltzurra da. Ez du itxura finkorik eta deabruarekin zerikusia du. Ibiltariei agertzen zaie, gorputzean neke jasanezina somatzen dute eta otoitz egin behar izaten dute. Beste istorio batzuetan esku iletsua ala aker beltza da.

Ventolinos aldatu

Ventolin oso iratxo txikia da. Batzuetan ikus daitezkeen arren, airean eta ilargiaren errainuetan ibiltzen dira. Aurpegi ederra dute. Maitaleen hasperenak airean daramatzate, umeak haien ahots goxoz lokartzen dituzte eta hurrun dauden gurasoen azken agurra umeei eramaten diete. San Juan gauean ventolinek xaneei abesten diete eta hauek biribilean dantzatzen dute.

Espumero aldatu

Espumeroak Ventolinoen senide diren itsasoko iratxoak ditugu. Oso txikiak dira, itsasbelarrez egindako jantzia daramate, serene izakiek oparitzen dizkieten itsas barakuiluak daramatzate eta haiek sereneei ordainetan lore lepokoak oparitzeko lurrera ateratzen dira lore bila. Bi espumero mota daude: beltzaranek begi disdiratsuak dituzte, lainoa dagoen egunetan itsasontzien aurrean ateratzen dira itsasontzia porturaino gidatzeko. Ilehoriak itsasotik lurrera ateratzen dira eta itsasgizonen etxeetaraino joaten dira familiari haien berri emateko.

Serene aldatu

Serene izakiak erdi emakume erdi arrain dira, itsasoan eta errekan bizi dira eta abestiak abesten dituzte. Izakera maltzurra dute. Kantuz itsasgizonak itsasertz harritsuetara erakartzen dituzte eta ondorioz, galdu egiten dira edo istripuan hiltzen dira.

Llavandere aldatu

Llavandere oso emakume zaharrak dira, ibaian gauez arropa garbitzen dute. Ez dute maite jendeak begiratzea, horregatik jendea ibaian ito dezakete. Batzuek ibaiko uraren norabidea kontrolatuz basoko suteak itzaltzen dituzte.

Guaxa aldatu

Emakume zahar gisa irudikatzen da. Hortz bakarra du. Gauez etxean sartzen da eta umeen lepoan hortzaz arteria zabaltzen die odola poliki zurrupatzeko. Gauero itzultzen da gizakia hiltzen duen arte. Gizakia erasotzeko edozein txokotan izkutatu daiteke. Honela diote: "por donde pasa un soplo de aire pasa la Guaxa"

Papon aldatu

Papon edo Home el untu umeak bahitzen dituen gizona da. Gero ez dira sekulan itzultzen. Xuan Canas antzeko pertsonaia dugu, erreka-putzuetan izkutatuta bizi da, handik umerik pasaz gero bahitu eta urpean gordetzen du betirako.

Pataricu aldatu

Eonaviega kostaldeko uharte bateko izaki erraldoi begibakarrak dira. Naufragoak urrititik usaintzen dituzte eta jan egiten dituzte.

Güestia aldatu

Güestia heriotza iragartzen duen izpirituen prozesioa da. Argizarien ordez sua darien hezurrak daramatzate. Inork ez daki nora doazen. Ibiltzen diren bitartean honakoa diote: "Andai de día que la nueche ye mía". Prozesio hau ikusten duenak badaki hilko dela. Patua ekiditeko prozesioa ikusi duen pertsonak lurrean biribila marraztu behar du eta barruan gelditu. Prozesioa hurbiltzen bazaio lurrean etzanda egon behar du, prozesioa gainetik pasatzen bazaio ere.

Carru de la muerte aldatu

Carru de la muerte Asturiaseko zeruetan hilzorian daudenengana hegaka doan gurdia da. Pertsona hil ondoren bere arima jasotzen du. Batzuek diote gurdi honetatik jaisten dela Güestia prozesioa. Beste istorio batzuetan gurdia lurretik doa kortxozko gurpilez, inork ez entzuteko. Hilzorian dagoenaren etxe parean geratzen da eta esaldi bat botatzen du: “sal fulano que aquí lo buscan

Güercu aldatu

Güercu toki batean gertatzen den pertsona bat agerpena da. Senide bat izan ohi da agertutako pertsona hori. Ondoren agerpena ikusi duenak pertsonarekin edo senidearekin hitz eginez gero, honek elkarrekin egon ez zirela esango dio. Horrek agertutako pertsonaren heriotza iragartzen du.

Curuxa aldatu

Curuxa (hontz zuria) gaixo baten etxe inguruan hegaka badabil edo bertan paratzen bada, gaixoa hilko den seinale da. Seinale hori untziak edo beleak ere iragarri dezake. Beste istorio batzuetan gaixoaren etxe aurrean aurretik herrian ikusi ez duten zakur beltza azaltzen da eta uluka ibiltzen da gaixoa hil arte. Lurperatzen duten arte jarraitzen du hildakoa eta gero betirako desagertu egiten da. Guaxa emakumeak ere hontz zuriaren itxura har dezake.

Lloberu aldatu

Lloberoak otsoen artean hazten diren neskato eta mutikoak dira. Helduaroan otsotaldearen buruzagi izan daitezke. Gizakia otso bilakatzen den kasua ezberdina da, hori aitak semea haragi gehiegi jateagatik madarikatzen badu gerta daiteke. Semeak etxetik alde egin eta lurrean iraulkatzean otso itxura hartzen du, otsoek bai artaldea bai pertsonak ez erasotzeaz arduratzen da, zazpi urte beranduago berriz lurrean iraulkatzean gizaki itxurara betirako itzultzeko. 1648an LLanes herrian Ofizio Sainduaren erakundeak Ana María García izeneko Llobera baten kasua jaso zen.

Kanpo estekak aldatu