Joseph Mallord William Turner
Joseph Mallord William Turner (Londres, Ingalaterra, 1775eko apirilaren 23a – 1851ko abenduaren 19a) Ingalaterrako margolari erromantikoa izan zen, aitzindaria paisaien lanketan. Bere margolanek kolorea eta argia jorratzeko ausardia berritzailea dute bereizgarri; Turnerrek "argiaren margolari" goitizena jaso zuen, hain zuzen ere. Hori dela eta, John Constable garaikidearekin batera, inpresionisten aurrekaritzat jotzen da gaur egun.
Biografia Aldatu
1789. urtean Royal Academy Arte Ederretako akademian onartu zuten, eta, bost urte geroago, grabatzaileentzako marrazkiak egiten hasi zen. Haren lehen paisaia arrakastatsuek, olioz eta akuarelaz eginak, Richard Wilson ingelesaren eragina erakusten dute. 1802. urtean akademiako kide egin zuten. Urte haietan bidaia ugari egin zituen, eta, Parisko egonaldian, frantses eta italiar maisu barrokoak aztertzeko egokiera izan zuen. Horren ondorioa izan zen Dido Kartago eraikitzen lan ikusgarria.
XIX. mendearen hasieran, halaber, gaztelu eta jauretxe ugari pintatzeko mandatuak jaso zituen (Linlithgow, Somer Hill, Tunbridge), eta aukera horretaz baliatu zen kolore eta argiarekin jolastu eta probak egiteko (Merkataritza itsasontzi baten hondoratzea).
1838. urtean utzi egin zuen Royal Academy eskolan zuen irakasle postua, eta Europan zehar bidaiatzeari eta koadroak pintatzeari ekin zion buru-belarri.
Bere bizitzako azken urteetan kolorea eta argitasuna landu zituen nagusiki: Egunsentia Norham gazteluan, Izukaitza ontzia desegiteko bidean eta Euria, behe lainoa, abiadura. Turnerren ospea murriztuz joan zen errealismoa nagusitzen zihoan neurrian, baina John Ruskin ingeles kritikariak eta inpresionistek goraipatu egin zuten Turnerren pintura, eta XIX. mende bukaerarako oso preziatuak ziren haren lanak.
Irudi galeria Aldatu
-
Keyes errota, Pembury
-
Chichesterreko ubidea
-
-
-
-
-
-
Euria, lurruna eta abiada, 1844, National Gallery
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joseph Mallord William Turner |
Erreferentziak Aldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.