Jorge Sampaio
Jorge Fernando Branco de Sampaio (Lisboa, Portugal, 1939ko irailaren 18a - Camaxide, 2021eko irailaren 10a) portugaldar politikaria izan zen. 1989tik 1995era Lisboako alkate izan zen, eta 1996-2006 bitartean Portugalgo lehendakaria.
Bizitza
aldatuLisboako Unibertsitatean zuzenbide-ikasketak egin zituen. Politikan 1958an hasi zen, Humberto Delgado jeneralaren alde egin zuenean Errepublikako lehendakaritzarako kanpainan. 1960ko hamarkadan ikasleen buruzagi izan zen portugaldar unibertsitarioek Lisboan, Porton eta Coimbran izan zituzten borrokaldietan António de Oliveira Salazarren diktaduraren kontra. Aldi berean, preso politikoen abokatu izan zen. 1974an behin-behineko IV. gobernuan parte hartu zuen, eta Lankidetzako Estatuko idazkari izan zen. Handik gutxira, Ezker Iraultzaileko Mugimenduaren sorreran parte hartu zuen.
1978an Portugalgo Alderdi Sozialistan sartu zen, eta hurrengo urtean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegirako hautatu zuten. 1985. urteaz geroztik Alderdi Sozialistako diputatu izan zen, eta 1989an sozialisten idazkari nagusi hautatu zuten. Sampaiorekin Alderdi Sozialistaren estrategia politikoa Alderdi Sozialdemokratari nagusitasuna kentzea izan zen. 1989an Alderdi Sozialistak Portugalgo udal nagusiak Alderdi Sozialdemokratari kentzea lortu zuen, eta Sampaio Lisboako alkate hautatu zuten. Handik bi urtera berriz ere hautatu zuten hiriburuko alkate. 1995ean lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkezteko asmoa azaldu zuen, eta 1996an garaile irten zen. 2006a arte Portugalgo Errepublikako presidentea izan zen.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.