Joseph Goebbels
Paul Joseph Goebbels (Rheydt, gaur egun Mönchengladbach, Ipar Renania-Westfalia, 1897ko urriaren 29a - Berlin, 1945eko maiatzaren 1a) alemaniar politikaria izan zen, Hirugarren Reicheko Informazio eta Propagandako ministroa 1933-1945 bitartean. Adolf Hitlerren jarraitzaile sutsuenetakoa izan zen, kemenarengatik eta oratoria boteretsuarengatik ezaguna. Antisemita amorratua, Holokaustoaren lehen pausoa izan zen Kristal hautsien gauaren gidaritzat jotzen da.[1][2]
Biografia
aldatuLehen urteak
aldatu1897ko urriaren 29an jaio zen Rheydteko familia katoliko batean, Mönchengladbacheko (Alemania) hegoaldeko hiri industrial batean. Friedrich Goebbels, aita, fabrika bateko langilea zen eta Katharina Maria Odenhausen, ama, nederlandarra jatorriz, ezkondu aurretik baserri batean lan egin zuen. Goebbelsen arbasoak nekazariak ziren eta Akisgran, Kolonia eta Mönchengladbach arteko lurraldean bizi izan ziren.[3] Bost anai-arreba izan zituen: Konrad (1893-1947), Hans (1895-1949), Maria (1896-1896), Elisabeth (1901-1915) eta Maria Katharina (1910-1949). Azken hori Max Wilhelm Kimmich zinemagile alemaniarrarekin ezkondu zen 1938an. 1932an, hamabost urte zituela, Joseph Goebbelsek bere arbola genealogikoaren liburuxka bat argitaratu zuen bere sustrai genealogikoentzat, erakusteko arbaso judurik ez zuela.[4]
Bere haurtzaroa familiaren egoera ekonomiko txarrak markatu zuen. Diru-sarrerak hobetzeko, etxeko kideek hainbat enplegutan lan egin zuten. Goebbelsek osasun txarra izan zuen, bestetik: borroka luzea egin zuen biriketako hantura baten aurka, eta, lau urtetik, eskuineko oinak hezur-infekzio baten ondoriozko deformazioa zuen. Azken horren ondorioz, barrurantz okertuta zegoen, eta ezkerreko oina baino lodiera eta luzera txikiagoarekin. Zuzentzeko ebakuntza bat egin zitzaion lehen hezkuntza hasi aurretik, baina huts egin zuen. Metalezko aparatu ortopediko bat eta zapata bereziak zeramatzan, hanka motzenak herren eragiten ziolako ibiltzean. Hori zela eta, haren aurkari politikoek barregarri utzi zuten urte batzuk geroago.[5] Goebbelsek soldadu gisa parte hartu nahi izan zuen Lehen Mundu Gerran, baina haren ezgaitasunagatik baztertua egin zuten. Geroago, bere burua gerra beterano gisa aurkezten zuen, eta bere ezgaitasuna, gerra-zauri gisa.[6]
Anai-arrebekin batera, Städtische Oberrealschule mit Reformgymnasium Bigarren Hezkuntzako eskola kristauan ikasi zuen, eta, han, unibertsitatera sartzeko azterketa gainditu, 1917ko martxoan. Pianoa jotzen ikasi zuen, eta hainbat kontzertu eman zituen bere eskolan. Ikasgelako ikasle bikainena zen, eta graduazio zeremonian hitzaldi bat emateko ohorea eman zioten. Goebbelsek teologia katolikoa ikasteko interesa bazuen ere, eta erakunde katoliko baten babesa bazuen ere, ideia hori bertan behera utzi zuen Kerkradeko frantziskotar barnetegi labur bat egin ondoren, eta horrek bere gurasoak atsekabetu zituen; horren ordez, germanistika, historia eta filologia klasikoa ikasi zituen Bonngo, Wurzburgoko, Friburgoko, Municheko, Koloniako, Heelikerreko eta Berlingo unibertsitateetan. Ikasle katolikoak sustatzen zituen Albertus-Magnus-Verein («Alberto Magno Handia») elkartearen beka jaso zuen; bere irakasle ohi izan zen Mollen aitaren gomendioz, 1917ko maiatzaren 22an, Goebbels Bonneko Unibertsitatean Verband der Wissenschaftlichen Katholischen Studentenvereine Unitas zuen adarrean sartu zen, Goebbelsek unibertsitate ikasketak hasi zituen tokian, alegia.
1918an bere lagun eta pisukide Karl-Heinz Kölsch-i jarraitu zion Friburgora: han, Anka Stalherm ezagutu zuen, bera baino hiru urte zaharrago zen emakumea eta familia aberats bateko kidea; maitemindu egin ziren eta Wurzburgora joatea erabaki zuten, han ikasketekin jarraitzeko asmoz. Stalhermen gurasoak harremanaren aurka egon ziren, eta 1920an, Munichera aldatu ondoren, bikotea banandu egin zen. Hausturak pentsamendu suizidez bete zuen Goebbels. 1919 eta 1921 artean eleberri erdiautobiografiko bat idatzi zuen, Michael: ein deutsches Schicksal in Tagebuchblättern (jatorriz Michael Voormanns Jugendjahre izenburu zuena), hiru liburukitan banatutako lana.
Goebbelsek identitate-krisia bizi zuen Lehen Mundu Gerra amaitu zenetik. Garai hartan, Richard Flisges izeneko anarkista gazte batek — Goebbelsek haurtzarotik ezagutzen zuen— eragin berezia izan zuen harengan, komunismoaren doktrinetan sartu baitzuen. Goebbels idazle asko irakurtzen hasi zen, batez ere Fiodor Dostoyevski, Oswald Spengler, eta Houston Stewart Chamberlain, jatorri britainiarreko autore alemaniarra, Die Grundlagen des neunzehnten Jahrhunderts ("XIX. mendeko oinarriak", 1899) lana Alemaniako eskuin muturraren oinarrizko liburuetako bat izan zuena. Flisgesen iradokizunez, «Auzi soziala» eta Marx, Engels, Luxemburg, Bebel eta Noskeren lanak ere aztertzen hasi zen. Era berean, garai hartan, Bavariako iraultza komunistaren saiakeraren aurkako erreakzio nazionalista bortitza miretsi zuen, baita Ruhr eskualdeko iraultza gorri» bat ere Kappeko estatu-kolpean. Bere pentsamenduaren gisa, garai honetan, langileak loriatzen zituen eta haiekin lotura estua sentitu nahi zuen; bere herra «burgesekiko» zen. Komunistak gustatzen zitzaizkion bere iraultzaile sutsuagatik eta burgesiarekiko gorrotoagatik, eta sozialdemokrazia eta liberalismoa gaitzesten zituen. Denborarekin, komunismoaren nazioarteko joera zatitzailea zela ondorioztatu zuen, eta, alternatiba gisa, «Sozialismo nazionala» ezartzeko asmoa zuela.
Heidelbergeko Unibertsitatean doktore-tesia idatzi zuen Wilhelm von Schütz XIX. mendeko antzerkigile erromantikoari buruz Wilhelm von Schütz als Dramatiker: ein Beitrag zur Geschichte des Dramas der Romantischen Schule. Tesiaren zuzendaria Max von Waldberg izan zuen, judua, baina itxuraz hori ez zen harentzat arazoa izan.[7]
Rheydtera itzuli zen idazle ezaguna izateko itxaropenarekin. Kazetari gisa hasi zen lanean Westdeutsche Landeszeitung egunkarian. Denbora hartan, bere idazkiek antisemitismoa eta kultura modernoarekiko desatsegin handiagoa islatzen zuten. 1922ko udan maitasun harreman bat hasi zuen Else Janke irakaslearekin; ama judua zuen eta aita, kristaua. Harremana ez zen garatu, desadostasun askoren ondorioz. Hurrengo urteetan egile emankorra izaten saiatu zen. baina bere literatur lanen diru-sarrera urriek Koloniako Dresdner Bankeko langile lanpostua onartzera behartu zuten, gorroto zuen lana; 1923ko abuztuan bankutik kaleratu zuten, zazpi hilabeteko lanaren ondoren, eta Rheydtera itzuli zen. Goebbelsek bere curriculuma Vossische Zeitung eta Berliner Tageblatt egunkarietara bidali zuen arren, ez zuten kontratatu. Editore nagusiak juduak ziren; beharbada, hori izan zen juduekiko erresuminaren arrazoietako bat, Goebbelsen arabera, «Kultura menperatzen» zutenak, haien lana «estimatzen» ez zutenak.[8]
Naziekin aktibismoa
aldatuHitler eta nazismoarekiko interesa agertu zuen 1924an; NSDAPekin izan zituen lehen harremanak urtebete lehenago Ruhr (Ruhrbesetzung) Frantziako okupazioaren aurkako erresistentzia-kanpainan gertatu ziren, eta artean nazien mugimendu debekatuko kideak ezagutu zituen. 1924ko otsailean Hitlerren aurkako epaiketa egin zen, 1923ko Municheko Putscha zela medio. Boterea eskuratzeko saiakeran traizio handia egin izana egotzi zitzaion. Epaiketa mediatikoa izan zen eta Hitlerri bere diskurtso nazionalista zabaltzeko aukera eman zion. Bost urteko espetxe-zigorra ezarri zioten arren, preso politikoentzako amnistia orokorraz baliatu zen eta Bavariako Auzitegi Gorenak hura askatzeko agindua eman zuen 1924ko abenduaren 20an, zortzi hilabete geroago. Urte hartako abuztuan, Goebbels Nationalsozialistischen Freiheitsbewegung Großdeutschlands («Alemania Handia Askatzeko Mugimendu Nazionalista») erakundearen sorrera-kongresuan izan zen, Weimarren. Bertan, NSDAPeko hainbat erakunde bildu ziren, Putscharen porrotetik eta alderdiaren debekutik urrundu zirenak. 1925eko otsailaren 25ean, Goebbels NSDAPera batu zen eta, martxoaren 22an, 8762. bazkidea bihurtu zen, nahiz eta gero zenbaki hori 22ra aldatu, alderdiaren buruzagitzak hala erabakita.
Heidelbergeko Unibertsitatean filosofian doktoretza egin ondoren, kazetaritzan hasi zen lanean. 1922az geroztik, nazionalsozialismoan sarturik, hasieran Gregor Strasserekin bat egin zuen, eta nazien ezkerreko sailean lan egin zuen. Baina 1925ean Hitlerrekin bat egin zuen. 1928an Reichstageko diputatu-, hizlari- eta propaganda-lanetan nabarmendu zen, batez ere Der Angriff egunkarian idatzi zituen artikuluetan.[9] Hitlerren gonbidapenaren ondorioz, Goebbelsek hizlari gisa parte hartu zuen alderdiak Munichen egindako bileretan eta 1926ko NSDAPen urteko kongresuan, Weimarren. Hurrengo urteko ekitaldirako plangintzan parte hartu zuen lehen aldiz; Hitlerrekin batera mitina antolatu zuen filmatzeko. Goebbelsek bere ideia politikoak Hitlerren ideiekin bat etortzeko eta askoz gehiago miresteko eta idolatratzeko moldatu zituen.[4]
1926ko abuztuan Berlin-Brandeburgoko sekziorako Gauleiter edo lurralde baten bururako posturako izendatu zuten. Irailaren erdialdean hiriburura bidaiatu zuen eta urrian kargua onartu zuen. Hitlerren asmoa Gauleiterren ipar-mendebaldeko taldea desegitea zen, Goebbelsek Strasserren agindupean zerbitzatu zuena. Hitlerrek autoritate handia eman zion guneari, eta, horri esker, Goebbelsek Gau-ren antolaketaren eta lidergoaren norabidea zehaztu zuen. Goebbelsek Sturmabteilung (SA) eta Schutzstaffel (SS) tokiko sekzioaren kontrola hartu zuen eta Hitlerren aurrean baino ez zuen erantzukizunik. Alderdiko afiliazioa 1000 pertsona ingurukoa zen Goebbels iritsi zenean, baina berak 600 pertsonako talde batera murriztu zuen; kide aktiboenak gorde zituen.
Publizitate positibo zein negatiboaren garrantziaz jabeturik, garagardotegietan eta kaleetan borrokak eragin zituen, baita Alemaniako Alderdi Komunistaren (KPD) aurkako eraso bortitzak ere. Ekainean idatzia zuen: «Estatuaren boterea kalean hasten da. Kalea konkistatu dezakeen edonork Estatua ere konkistatu dezake»; «izua eta basakeria» erabili nahi zituen, eta, horrela, «Estatua boteretik kendu».[10] Goebbelsek publizitate komertzialeko teknika berriak egokitu zituen esfera politikora, bestetik, lelo erakargarrien eta mezu subliminalen erabilera barne. Ideia berriak izan zituen posterrak diseinatzeko, hala nola letra handiak, tinta gorria eta goiburu kriptikoak, irakurlea letra txikia aztertzera bultzatzen zutenak haien esanahia aurkitzeko.
Oratoria, bestetik, funtsezko propaganda-tresna zen Goebbelsentzat. Hala ere, agintariek jendaurrean hitz egiteko debekua ezarri zioten 1927ko urriaren amaierara arte. Zigorra betetzen ari zela, Der Angriff egunkaria sortu zuen Berlin aldean propaganda egiteko tresna gisa; egunkari oldarkorra zen baina, halaber, aurkezpen modernoa zuena. Ildo editoriala antikomunista eta antisemita zen. NSDAPen barruan, Municheko Völkischer Beobachter eta Berliner Arbeiterzeitung, Otto eta Gregor Strasser anaien astekaria, argitaratzen ziren. Der Angriffen zirkulazioa 2000 alerekin hasi zen; urte hartako urrirako 4500 kopia saldu zituzten. Egunkariaren gai gogokoenen artean Bernhard Weiß Berlingo Poliziako buruordearen aurkako kalumniak zeuden. Goebbelsek «Isidor» ezizen mespretxagarria jarri zion, eta gupidarik gabeko jazarpen-kanpaina egin zion. Karikaturagile batzuk kontratatu zituen, Hans Schweitzer besteak beste, Weidal eta Weimarreko Errepublikako beste politikari batzuen trufak marrazteko.
Bigarren aldiz, Goebbels literatur munduan sartzen saiatu zen Michael liburuaren bertsio berrikusi bat argitaratuz eta bere bi antzezlanen (Der Wanderer eta Die Saat) ekoizpen hutsalarekin; hau izan zen dramaturgian sartzeko egin zuen azken saiakera, egunkari guztiek, Der Angriffek izan ezik, gogor kritikatu baitzituzten lanak. Garai hartan, Berlinen, harreman asko izan zituen emakumeekin, baita Anka Stalherm bere neska-lagun ohiarekin ere, ordurako ezkonduta eta haur txiki batekin.
1928ko hauteskunde federalak
aldatuNSDAPek gainean zuen debekua 1928ko hasieran amaitu zen, hain zuzen ere maiatzaren 20ko Reichstageko hauteskundeetarako garaian. Dena dela, NSDAPek ia 100.000 boto-emaile galdu zituen eta nazio mailan botoen % 2,6 baino ez zituen irabazi. Berlingo emaitzak txarragoak izan ziren, botoen % 1,4 baino ez baitzuten lortu. Goebbels NSDAPeko hamabi kideetako bat izan zen, Reichstagean eserleku bat irabazi zuena, eta horrek immunitatea ematen zion egiteke zeuden karguen zerrenda luze baterako, apirilean Weiß buruzagiordea iraintzeagatik jaso zuen hiru asteko epaia barne. Der Angriff-en iseka egin zion erakunde horri, "Suntsipenerako zerrenda"n prest aurkitu baitzuen.
Gregor Strasser, Berliner Arbeiterzeitung bere egunkaritik, Goebbelsek hirien botoa erakartzean egindako akatsen kritiko sutsua izan zen. Hala ere, alderdi osoak arrakasta izan zuen landa-eremuetan, eskualde batzuetan botoen % 18 lortu baitzituen. 1928ko maiatzean, Hitlerrek Goebbels alderdiko propaganda zuzendari izendatzea erabaki zuen, baina zalantzak izan zituen, Strasser kargutik kentzeak alderdiaren zatiketa ekar zezakeela uste baitzuen.
1929ko maiatzetik, komunisten eta SAren arteko liskarrak gero eta ugariagoak izan ziren, bi aldeen propagandak elikatuta. Irailean, kaleko liskar batean, Goebbelsek tiro bat ia jaso zuen, baina balak autoaren gidaria harrapatu zuen. 1930eko urtarrilaren 14an, SAko atal bateko buru Horst Wessel tirokatu zuten KPDko bi kidek, nazien eta komunisten arteko bortizkeriaren erdian. Goebbelsek mugimendu naziko martiri bihurtu zuen, eta Wesselek, Die Fahne Hochek osatutako martxa bat Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistaren ereserkia izango zela adierazi zuen, eta Horst-Wessel-Lied izenburua jarri zion.[11]
1930eko abenduan, All Quiet on the Western Front film estatubatuarra estreinatu zen, Erich Maria Remarqueren eleberri antibelizista homonimoa moldatuta. Eskuin muturrak gogor egin zion kontra, gerraren alferkeria eta izugarrikeria erakusten zuelako. Goebbelsek bere jarraitzaileak bidali zituen proiekzioa boikotatzera eta ikustera zihoazen juduei eraso egitera. Hurrengo egunetan, protesta-manifestazioak hasi zituzten, eta poliziarekin kale-borroketan hasi ziren. Azkenean, filma debekatu egin zuten «alemaniar ospea arriskuan jartzeagatik», eta debekua Goebbelsek arrakasta handitzat jo zuen.[12]
Depresio Handia
aldatuDepresio Handiak herrialdeari eragin zion, eta 1930ean langabeziaren gorakada izugarria gertatu zen. Otto eta Gregor Strasser anaiek Berlinen Der Angriffekin lehiatzeko egunkari bat argitaratzeko asmoa zutela-eta kezkatuta zegoen Goebbel, , eta Hitlerren laguntza finantzarioa behar zuen hori saihesteko, baina une hartan zalantzan zegoen Hitlerren bere lidergo-ezaugarriez, 1930eko urtarrilean honako hau adierazi baitzuen: «Hitlerrek, berriz ere, erabaki bat ez zuen hartu: berarekin txantxetan aritzea bezala da. [...] Hitler bera ez dabil behar adina. Hori ez da jarraitu beharreko bidea. Eta ez du erabakiak hartzeko kemenik».[13] Hilabete horren amaieran Goebbels Munichen izan zenean, Hitlerrek Reichspropagandaleitung der NSDAP (NSDAPeko Propagandako Zuzendaritza) agindu zion, eta eroso itzuli zen hiriburura. Hala ere, martxoan, Strassertarren egunkari berria atera zen, Nationaler Sozialist: horrek, haren beste egunkariek bezala, nazismoa, nazionalismoa, antikapitalismoa, erreforma soziala eta anaiek landuriko antiokzidentalismoa zabaltzen zituen. Goebbelsek orduan Hitler gogor kritatu zuen. Dena dela, gatazka paperean mantendu zen, Goebbelsek Gauleiter karguan eta ekitaldi masiboetan hizlari jardunean segitu baitzuen.
1930eko apirilaren amaieran, Hitlerrek irmo adierazi zuen Gregor Strasserren aurka zegoela, eta Goebbels izendatu zuen NSDAPeko propaganda zuzendari. Bere lehen ekitaldietako bat Nationaler Sozialist-en arratsaldeko edizioa debekatzea eta tirada nazionaleko beste egunkari nazi batzuen kontrola hartzea izan zen, horien artean alderdiaren buletin ofiziala, Völkischer Beobachter. Uztailaren 3an iragarri zen Otto Strasserrek eta bere aldekoek NSDAP utziko zutela. Der Angriffek astean bitan aldatu zuen tiradaren maiztasuna 1929ko urrian, arratsaldez egun bakoitzean, azaroaren 1etik aurrera. Inprimaketak ere gora egin zuen, 80.000tik (1930eko martxoa) 1.000ra (1932ko uztaila), baina urte horietan finantziazio-arazoak eta zirkulazio-debekuak izan zituen aldizkariak.
1930eko martxoaren 27an, ekonomiaren narriadurak 1928an aukeratutako gobernu koalizioa desegitea eragin zuen. Kabinete berri bat eratu zen eta Paul von Hindenburgek bere botere presidentziala dekretu bidez gobernatzeko erabili zuen; Heinrich Brüning kantziler izendatu zuen. Goebbelsek NSDAPen kanpaina nazionalaren ardura hartu zuen 1930eko irailaren 14an deitutako Reichstagerako hauteskundeetan. Hitlerren hitzaldiek Weimarko Errepublikari egotzi zioten herrialdeko arazo ekonomikoen errua, eta gerraren ordainek Alemaniako ekonomiaren hondamendia ekarri zutela azpimarratu zuen. «Arraza- eta nazio-batasunean» oinarritutako gizarte berri bat proposatu zuen. Lortutako arrakastak Hitler eta Goebbels harritu zituen: alderdiak sei milioi boto baino gehiago jaso zituen eta 107 eserleku lortu zituen Reichstagean.
1930eko amaieran, Goebbelsek Magda Ritschel ezagutu zuen, hilabete batzuk lehenago NSDAPera batu zen dibortziatua. Ritschel Günther Quandt industrialariarekin ezkonduta egon zen, baina 1929an banandu egin ziren. Berlingo alderdiaren bulegoetan boluntario gisa lan egiten zuen, eta Goebbelsi bere dokumentu pribatuak antolatzen laguntzen zion. Ritschelen Reichskanzlerplatzeko departamentua Hitlerren eta NSDAPeko beste funtzionario batzuen bilgune gogokoena bihurtu zen.
Garai horretan Goebbelsen presentzia ohikoa bihurtu zen epaitegietan. 1929ko abenduan, Goebbelsek Alemaniako herriari traizio egitea leporatu zion Hindenburg presidenteari eta, 1930eko maiatzean, auzitegietan agertu behar izan zuen. Entzulegoaren txalo-zaparradaren aurrean bere gaitzespenei eutsi zion. 800 markoko isuna ezarri zioten. Abuztuaren 14ko helegitea baino lehen, Hindenburgek esan zuen Goebbelsek berak iraindu nahi izan zuela, eta jada ez zuela zigorrik nahi. Bi egun lehenago, Goebbels Hanoverreko gortean agertu zen, ustez Otto Braun Prusiako lehen ministroa «Galitziako judu» batek erosi zuela esateagatik. Nazien martxa batekin antolatu zuen agerpena, eta justizia-jauregira lagundu zion. Esan zuen ez zuela Braun aipatu, Gustav Bauer kantziler ohia baizik, eta absolbitu egin zutela. 1930eko irailaren 29an difamazioagatiko sei demandarengatik epaitu behar zuten. Behin eta berriz eskatu zuen atzeratzeko, hainbat arrazoirengatik. Azkenik, auzitegiak nahitaezko agerraldia agindu zuen. Goebbels ez zen agertu, eta Reichstag ireki zen egunean, eraikineko harmailetako atxiloketatik ihes egin zuen, immunitate parlamentarioaren babespean zegoelako berriro. 1931ko otsailean, Reichstagek arauak aldatu zituen, eta Goebbels behartua izan zen aurreko urtean Der Angriffen idatzi zituen difamazioengatik isunak ordaintzera. Apirilaren 14an, 1.500 markoko isuna jaso zuen Weie iraintzeagatik. Berlinen epaiketara agertu ez zenez, Otto Busdorf poliziak — Magdeburgoko eskandalu judizialagatik ezaguna — difamazioz aurkeztu zuen bere aurka, Munichen atxilotu zuten eta apirilaren 29an justiziara eraman zuten hiriburuan. Zortzi kasutan, 1.500 markoko isuna jarri zioten guztira; maiatzaren 1ean, 1.000 marko gehitu zizkioten; hil horren erdialdean, 500 marko gehiago eta bi hilabeteko espetxealdia. Goebbels epekako ordainketetan babestu zen eta azkenean amnistia jaso zuenez, ez zuen espetxera joan behar izan. Hilabete batzuk geroago, justiziari iseka egin zion bere egunkarian: ezgai, barregarri eta zapaltzaile gisa deskribatu zuen, eta bere burua martiri gisa erretratatu.
1932an, Goebbels Reichstageko eserlekutik kendu zuten, Hindenburg iraindu zuelako; horregatik, urte hartako hauteskunde-kanpainetan kontzentratu zen. Otsailean, Hitler konbentzitu ahal izan zuen Reicheko Presidentetzara aurkezteko eta Hindenburgen aurka lehiatzeko; bere egunkarian idatzi zuen naziek boterea irabazi behar zutela eta marxismoa akabatu behar zutela. Goebbelsek hitzaldi ugari egin zituen hauteskunde-kanpaina horietan, Hindenburg eta bere gobernua deskalifikatuz. Hala ere, martxoaren 13ko hauteskundeen emaitza aldrebeskeria izan zen, bigarren bueltan Hitler bigarrena gelditu baitzen. Honen ondoren, Goebbelsek uztaileko hauteskunde parlamentarioetarako kanpaina masiboak antolatu zituen, mitinak, desfileak, hitzaldiak eta Hitler über Deutschland (Hitler Alemaniaren gainean) kanpaina hegazkinez. Apirilaren 24an, Prusiako probintzia-parlamentuko hauteskundeetan, Brüning kantzilerrari erronka bota zion hitzezko duelu bat egiteko Berlingo Kirol Jauregian, baina Brüningek uko egin zion parte hartzeari. Ekitaldian, Goebbelsek barregarri uzteko eta bere aldekoen txaloak lapurtzeko asmoa zuen. Azkenean, 2. barrutian (Berlin) aukeratua izan zen Prusiako probintzia-parlamentuaren aurrean. 1932ko abuztuaren 24an, Goebbelsek uko egin zion kargu horri, Reichstagerako 1932ko uztaileko hauteskundeak irabazi ondoren, eta Hermann Voßek ordezkatu zuen parlamentu horretan.[14]
Goebbelsek bere hitzaldietako batzuk binilozko diskoan grabatuta eta liburuxketan inprimatuta zeramatzan, eta alderdiaren bileretan erakusteko film mutuen bilduma txiki baten ekoizpena ere bultzatu zuen. Goebbelsen kanpainako afixa askok irudi bortitzak zituzten, hala nola erraldoi bat aurkari politikoak edo beste etsai batzuk suntsitzen, hala nola «nazioarteko finantzari handiak». Bere propagandan oposizioa «azaroko kriminal», «Txotxongilo judu» edo «mehatxu komunista» gisa tratatu zuen. 1932ko bigarren hauteskundeetan Volkischer Beobachteren 800 000 kopia banatu zituen.[15] Alderdiak bitartean jarraitu zuen hazten, baina hauteskunde hauetako bakar batean ere ez zuen gehiengoaren gobernua lortu. 1933ko urtarrilaren 30ean, Hindenburgek Hitler Reicheko kantziler (Reichskanzler) izendatu zuen, herrialdea egonkortzeko eta baldintza ekonomikoak hobetzeko ahaleginean.[16]
Hitlerrekin Alemaniako gobernuan
aldatuHitler kantziler izendatu zutela ospatzeko, Goebbelsek zuzien desfile bat antolatu zuen Berlinen urtarrilaren 30eko gauean, 60.000 gizon ingururekin. Ikuskizuna Estatuko irratiak eman zuen zuzenean Hermann Göring Abiazio ministro izango zenaren komentarioekin. Hala ere, Goebbelsek huts egin zuen Hitlerren Kabinete berrian postu bat ez lortzeagatik, zehazki Kultura Ministerioan (izendatua Bernhard Rust izan zen). Horrelako kontraesanekin Hitlerrek mesfidantza, lehia eta barne borrokak sustatu zituen bere kolaboratzaileen artean, bere boterea sendotu eta maximizatzeko. Goebbels minduta eta inguratuta sentitu zen gertueneko botere-zirkulutik kanpo. Baina otsailaren 16an Hitlerrek bere asmoen berri eman zion eta Goebbelsek bere hurrengo izendapenaren berri izan zuen.
1933ko otsailaren 27an Reichstagen jauregiaren sutea izan zen, naziek bultzatu eta lagunduta; Marinus van der Lubbe izeneko gazte batek su eman zion. Suntsiturik geratu zen jauregia. Hitlerek komunistei egotzi zien errua eta atentatu hura hartu zuten aitzakiatzat diktadura ezarri eta zapalkuntza basa bati ekiteko.[17] Hurrengo egunean Hitlerrek Hindenburg presionatu zuen Verordnung des Reichspräsidenten zum Schutz von Volk und Staat dekretua onartzeko (Herriaren eta Estatuaren Babeserako Reicharen presidentearen Dekretua). Hau izan zen Alemanian demokrazia desmuntatu eta Hitler buru zuen diktadura totalitario bat ezarri zuten hainbat lege-proiektutatik lehena. Martxoaren 5ean beste hauteskunde bat egin zen Reichstag-en, Bigarren Mundu Gerraren amaieran naziek porrot egin baino lehen izan zen azkena. NSDAPek eserleku-kopurua eta botoen ehunekoa handitu arren, ez zuen naziek nahi zuten gehiengo absolutua lortu. Martxoaren 7an, Hitlerrek «hezkuntza eta propagandaz» arduratzen zen erakundea sortu zuen, eta, martxoaren 14an, Goebbels Ilustrazio Publiko eta Propagandarako ministro izendatu zuen; 35 urterekin, Gobernuko gazteena zen.
Ministerio berriak San Joan Ordenaren Jauregian (Ordenspalais) ezarri zituen bere bulegoak, Reicheko Kantzilergoaren aurrean. Bere funtzioa alemaniarren bizitza kultural eta intelektualaren alderdi guztien kontrola zentralizatzea zen. 1933ko martxoaren 25ean, Goebbelsek esan zuen alderdiaren babesa % 100era igotzea espero zuela. Publikoki aipatu ez zen helburu bat beste herrialde batzuen aurrean NSDAPek Alemania osoaren erabateko laguntza sutsua zuela agertzea zen. Goebbelsen lehen ekoizpenetako bat «Potsdameko Eguna» izan zen (urte horretako martxoaren 21ean), Hirugarren Reicheko lehen Parlamentuaren inaugurazio-ekitaldia; Goebbels Hitler Hindenburg presidentearen mende zegoela simulatzen ahalegindu zen. Apirilaren 1ean, Hitlerren dekretua idatzi zuen, juduen kapitalismoaren aurkako estrategia baimentzeko; urtarrilaren 30etik aurrera, Estatu Batuetako Kongresu Juduak bultzatutako antinazien boikota zegoen. Hil berean, Goebbels Rheydtera itzuli zen, eta han harrera arrakastatsua izan zuen. Biharamunean, bertako heroi izendatu zuten.[18]
1933ko maiatzaren 1a, komunistek eta sozialdemokratek ospatu ohi zuten eguna, NSDAPen jaiegun bihurtu zen. Ohiko ekitaldien ordez, Goebbelsek partiduaren bilera handi bat antolatu zuen Berlingo Tempelhof lurreratze pistan. Hurrengo egunean, SA-ek eta SS-ek nahitaez desegin zituzten erakunde sindikalak, eta, horien ordez, Lanaren Fronte Alemaniarra sortu zen, haien eginkizunak bere gain hartu zituena.[19] «Alemaniako nagusiak gara», adierazi zuen bere maiatzaren 3ko egunkarian.[20] Bi aste geroago, maiatzaren 10ean, «Gainbehera eta ustelkeria moralari ez!» izeneko hitzaldia eman zuen hiriburuan liburuak erretzen ari zirela, eta hauxe esan zuen: «Muturreko intelektual juduaren aroa amaierara iritsi da. [...] Etorkizuneko gizon alemaniarra ez da bakarrik liburu-gizona izango, izaera handiko gizona ere izango da».[21]
Milaka lagun atxilotu zituzten naziek, Hitler-ek hiritarren eskubideak eta babes juridikoa murrizten zituen egoeraren ondorioz (1933ko otsailaren 28a). 1945 arte luzatu zen egoera hura.
1933an, Hitlerrek gobernua hartu zuenean, Informazio eta Propagandako ministro izendatu zuen. Komunikabide guztiak politika eta ideologia nazia hedatzeko erabili zituen; jendartean zuen eragin handiaren bidez, juduen kontrako gorrotoa zabaldu zuen. Hitlerrekin eta Alfred Rosenbergekin batera, nazismoaren teoriaren egilea izan zen. 1944an gerra osoaren zuzendaritza Goebbelsen esku utzi zuten.[22]
1945eko maiatzaren 1ean, Hitlerren suizidioaren ostean, emazte Magda Goebbelsekin batera bere buruaz beste egin zuen, beren 6 seme-alabak pozoitu ondoren.[23]
Legezko iraultza Goebbelsen arabera
aldatu« | Reichstagean sartu gara armez hornitzeko, demokraziaren beraren armategian. Diputatu izateko aurkeztu gara, Weimarko demokrazia geldiarazteko, haren laguntzaz. Guk sarraskiak egiteko demokraziak dietak eta bidaiak ordaintzen badizkigu, horren inozoa bada, hor konpon (...). Hauteskunde hauetan gure alderdiko 60 edo 70 agitatzaile parlamentuetan sartzea lortzen badugu, estatuak berak antolatu eta finantzatuko du gure borroka-taldea. (...). Mussolini ere parlamentuan sartu zen, baina berehala hasi zen alkandora beltzez jantzitako eskuadrekin Erroman desfilatzen (...). Ez da pentsatu behar parlamentarismoa gure helburua denik (...). Etsai gisa gatoz, artaldea erasotzen duen otsoa bezala! (...). | » |
Joseph Goebbelsen artikulua, Der Angriff egunkarian argitaratua, 1928ko apirilak 30. |
Goebbelsen egunerokoak
aldatuIa bizitza osoan lan egin zuen egunkariak, 1923ko urritik hil zen arte landuak, 6.000 eta 7.000 orrialde artean zituen eskuz idatzita eta 50.000 mekanografiatuta. Toby Thacker historialariak «Goebbels jakitun zen bere egunkari pertsonala dokumentu historiko garrantzitsu bat zela, eta etorkizuneko argitalpen baterako pasarte batzuk berriro lantzeko itxaropena zuen, beraz, sarrera bakoitzerako orduak ematen zituen». Paper horietako gehienak Aliatuek Berlingo Reicheko Kantzelaritzaren gainean egindako bonbardaketetan suntsitu ziren. Zatietatik abiatuta, Institut für Zeitgeschichte erakundeak eta, ondoren, Elke Fröhlich ikertzaileak Munichen argitaratu zituzten hainbat bilduma liburu 1948, 1960 eta 1977an. 1987an, IfZ eta Fröhlich egunkariek bertsio osatuagoa aurkeztu zuten: Die Tagebücher von Joseph Goebbels. Sämtliche Fragmente (lau liburuki). 1992an, Fröhlichek beirazko xafla batzuk aurkitu zituen Moskuko artxiboetan, Goebbelsek bere testuen zati bat mikrofitxa-plaketan gordetzeko erabili zituenak. Berreskuratutako dokumentu horietatik abiatuta, 29 liburukiko edizio berri bat argitaratu zen 1992 eta 2005 artean, eta zuzenketa ugari egin ziren 2007an eta 2008an.[24]
Goebbelsen liburuak eta lanak
aldatu1921ean Filologia Germanikoan doktoretza lortu zuen Heidelbergeko Unibertsitatean eta bere ametsa, askotan bere egunkari pertsonalean adierazi zuen bezala, idazlea izatea zen. Bibliografia luzea kaleratu zuen eta, bestetik, testu asko argitaratu gabe gelditu ziren. Hona hemen argitaratutako batzuk:
- Das kleine abc des Nationalsozialisten. Freiheit und Brot!. Elberfeld: Verlag der Arbeitsgemeinschaft Nordwest. 1925. OCLC 719003722.
- Die zweite Revolution. Briefe an Zeitgenossen. Zwickau: Streiter-Verlag. 1926. OCLC 931986132.
- Wege ins Dritte Reich. Briefe und Aufsätze für Zeitgenossen. Múnich: Franz-Eher-Verlag. 1927. OCLC 931986286.
- Der Nazi-Sozi – Fragen und Antworten für den Nationalsozialisten. Elberfeld: Verlag der Nationalsozialistischen Briefe. 1927.
- Das Buch Isidor. Ein Zeitbild voll Lachen Haß. [Hans Schweitzertrkin batera]. Munich: Franz-Eher-Verlag. 1928.
- Michael. Ein deutsches Schicksal in Tagebuchblättern. Munich: Franz-Eher-Verlag. 1929. OCLC 902218893.
- Revolution der Deutschen – 14 Jahre Nationalsozialismus (Reden). Oldemburgo: Verlag Gerhard Stalling. 1933. OCLC 721132221.
- Reden aus Kampf und Sieg – „Goebbels spricht“. Schriften an die Nation. 45/46. Oldemburgo: Verlag Gerhard Stalling. 1933. OCLC 751185319.
- Vom Kaiserhof zur Reichskanzlei. Eine historische Darstellung in Tagebuchblättern (vom 1. Januar 1932 bis zum 1. Mai 1933). Munich: Franz-Eher-Verlag. 1934. OCLC 67486634.
- Signale der neuen Zeit. 25 ausgewählte Reden. Munich: Franz-Eher-Verlag. 1934. OCLC 836554927.
- Das erwachende Berlin (en alemán). [Hella Koch-Zeuthenen argazkiak]. Múnich: Franz-Eher-Verlag. 1934. OCLC 837007692.
- Kommunismus ohne Maske. Dr. Goebbels auf dem Reichsparteitag 1935. Berlin: M. Müller & Sohn. 1935. OCLC 39273097.
- Der Angriff. Aufsätze aus der Kampfzeit. [Hans Schwarz van Berken hitzaurrearekin]. Munich: Franz-Eher-Verlag. 1935. OCLC 80340825.
- Wetterleuchten. Aufsätze aus der Kampfzeit. [Georg-Wilhelm Müllerren edizioa]. Munich: Franz-Eher-Verlag. 1939. OCLC 632271241.
- Die Zeit ohne Beispiel. Reden und Aufsätze aus den Jahren 1939/40/41. Munich: Franz-Eher-Verlag. 1941. OCLC 638198829.
- Der steile Aufstieg. Reden und Aufsätze aus den Jahren 1942/43. Munich: Franz-Eher-Verlag. 1943. OCLC 792809391
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Longerich, Peter (2015). Goebbels: A Biography. New York: Random House. ISBN 978-1400067510.
- ↑ Thacker, Toby (2010) [2009]. Joseph Goebbels: Life and Death. New York: Palgrave Macmillan. ISBN 978-0-230-27866-0.
- ↑ Hoff, Hans (1973). «Die Ehrenbürger der Stadt Rheydt. Dr. Joseph Goebbels (1934)». Aufsätze zur Stadtgeschichte. Rheydter Jahrbuch für Geschichte, Kunst und Heimatkunde 10. Rheydt: Otto von Bylandt Gesellschaft. 86-93 or. ISSN 0482-878X. OCLC 74184406.
- ↑ a b Manvell, Roger; Fraenkel, Heinrich (2010) [1960]. Doctor Goebbels: his life and death. New York: Skyhorse. ISBN 978-1-61608-029-7. OCLC 464580178.
- ↑ Diehl, Paula (2005). Macht, Mythos, Utopie: Die Körperbilder der SS-Männer. Politische Ideen 17. Berlin: Akademie Verlag. 124 or. ISBN 978-3-05-004076-9. OCLC 61429620.
- ↑ Fest, Joachim (1970). The face of the Third Reich. Londres: Weidenfeld & Nicolson. ISBN 0-297-17949-7. OCLC 73696. 88 or.
- ↑ Longerich, Peter (2015). Goebbels: a biography. New York: Random House. ISBN 978-140-006751-0. OCLC 869262446. 21-22 or.
- ↑ Heiber, Helmut (1965) [1962]. Joseph Goebbels. Munich: Deutscher Taschenbuch Verlag. 37-38 or. OCLC 734305.
- ↑ Fest, Joachim (1970). The face of the Third Reich. Londres: Weidenfeld & Nicolson. 90. or.ISBN 0-297-17949-7. OCLC 73696.
- ↑ Zelle, Karl-Günter (2010). Hitlers zweifelnde Elite: Goebbels – Göring – Himmler – Speer. Paderborn: Schöningh. ISBN 978-3-506-76909-1. OCLC 614474919, 50.or. [1]
- ↑ https://www.lavanguardia.com/historiayvida/historia-contemporanea/20210629/7542219/verdadera-historia-horst-wessel-martir-fabricado-nazismo.html
- ↑ Reuth, Ralf Georg (1990). Goebbels. Munich: Piper. ISBN 978-3-492-03183-7. OCLC 22843146. [2].
- ↑ Zelle, Karl-Günter (2010). Hitlers zweifelnde Elite: Goebbels – Göring – Himmler – Speer. Paderborn: Schöningh. ISBN 978-3-506-76909-1. OCLC 614474919. 54.or.
- ↑ Kienast, Ernst, ed. (1933ko otsailaren 15) [1932]. «Ausgabe für die 4. Wahlperiode». Handbuch für den Preußischen Landtag (Berichtigungen für die Handbücher). Berlín: Decker’s Verlag/G. Schenck. pp. 7, 433.
- ↑ Reuth, 1990, 212, 216-219 or.
- ↑ Evans, Richard J. (2003). The coming of the Third Reich. New York: Penguin Group. ISBN 978-0-14-303469-8. 307. or. OCLC 53186626.
- ↑ https://www.euskadi.eus/web01-a2lurhiz/es/contenidos/termino/_c05092/eu_r_0297/r0297.html
- ↑ Longerich, Peter (2015). Goebbels: a biography. New York: Random House. ISBN 978-140-006751-0. OCLC 869262446.
- ↑ Reuth, Ralf Georg (1990). Goebbels. Múnich: Piper. ISBN 978-3-492-03183-7. OCLC 22843146. 284-285 or.
- ↑ Evans, Richard J. (2003). The coming of the Third Reich. New York: Penguin Group. ISBN 978-0-14-303469-8. OCLC 53186626. 358. or.
- ↑ Longerich, 224.or.
- ↑ https://www.lavanguardia.com/hemeroteca/20180313/441481287230/joseph-goebbels-ministro-de-propaganda-nazismo.html
- ↑ https://historia.nationalgeographic.com.es/a/goebbels-temido-ministro-propaganda-hitler_14181
- ↑ Jäckel, Eberhard (2008). «Die Tagebücher von Joseph Goebbels. Abschluß der Gesamtausgabe und Neuedition des ersten Teils». Historische Zeitschrift (Berlín: Walter de Gruyter) 286 (1): 91-98. ISSN 0018-2613. OCLC 229683135. doi:10.1524/hzhz.2008.0004.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz):Goebbelsen manipulatzeko tekniken inguruko bideoa.
- (Frantsesez):Goebbelsen biografiaren kronologia.