Gastroenteritis

Aldi berean urdaila eta heste meharra kaltetzen dituen hantura-prozesua

Gastroenteritisa heste meharraren eta urdailaren aldibereko hantura da. Gai pozoitsuak hartzearen, elikagaiak behar bezala ez mastekatzearen, edari alkoholdunak edo oso hotzak edatearen, edo kutsaduraren baten ondorio izaten da. Goragalea eta beherakoa eragiten ditu; gorputzak ura galtzen duenez, oso arriskutsua izan daiteke.

Gastroenteritis
Deskribapena
Motagastrointestinal system disease (en) Itzuli, digestive sign (en) Itzuli
eritasuna
Espezialitateadigestio aparatuaren medikuntza
Arrazoia(k)Errotabirus, Campylobacter
Norobirus
Sintoma(k)oka, beherakoa, goragalea, sukarra, tripako mina, Bihotzerrea, muskuluetako arranpa, deshidratazioa
abdominal cramps (en) Itzuli
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikakEritromizina, Ondansetron, Ziprofloxazino eta Ibuprofeno
Identifikatzaileak
GNS-10-MKK52.9
GNS-9-MK558.9
GNS-9008.8, 009.0, 009.1 eta 558
DiseasesDB30726
MedlinePlus000252 eta 000254
eMedicine000252 eta 000254
MeSHD005759
Disease Ontology IDDOID:2326
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Sarrera anatomikoa aldatu

Urdaila ("gastro"-) eta heste mehearen ("entero"-) hantura ("-itis") eragiten duen gaixotasuna da. Sintoma nagusiak beherakoa, okadak, min abdominala eta karranpak dira. [1] Normalean, birusek sortzen dute gastroenteritisa; dena den, bakterioek, parasitoek edota onddoek ere sor dezakete.

Urdaila aldatu

Urdailari dagokionez, digestio aparatuko atalik zabalena da, heste gorriaren beheko muturretik duodenoraino hedatzen dena. Lau atal ditu:

  • Fornixa edo fundusa: urdailaren eta hestegorriaren artean kardias zuloa dago eta honen gainetik geratuko den zatia izango da.
  • Kardia atala: kardias zuloaren alboan dago.
  • Gorputza: atal nagusia.
  • Atal pilorikoa: bi atalez osatuta dago: antro pilorikoa eta hodi pilorikoa.  Hodi pilorikoa piloro zuloan bukatzen da, duodenoarekin komunikatuz.

Aurpegiak aldatu

Horretaz gain urdailean bi aurpegi bereizten dira: aurrekoa eta atzekoa.

  • Aurrekoa hainbat egiturarekin erlazionatzen da: abdomenaren aurreko paretarekin, gibelaren ezkerreko lobuluaren beheko aurpegiarekin, gibelaren lobulu karratuarekin eta behazun xixkuarekin.
  • Atzeko aurpegia ere egitura ezberdinekin erlazionatzen da: poltsa omentala edo epiploiaren transkabitatearekin. Hau peritoneo barrunbearen zakuondo bat da. Honen atzean aorta, ezkerreko giltzurruna, ezkerreko giltzurrun arteria eta ezkerreko giltzurrun zaina egongo dira.

Ertzak aldatu

Gainera, urdailak bi ertz ditu.

  • Eskuinekoa edo makurdura txikia: ahurra da eta hestegorriaren eskumako ertzaren jarraipena da. Hemen ildo angeluarra dago, nun atal pilorikoa hasiko den.
  • Ezkerrekoa edo makurdura handia: ganbila da. Hau ez da hestegorriaren ezkerreko ertzarekiko jarraia. Izan ere, tartean kardia ildoa dago.

Epiploi handia aldatu

Makurdura handiari lotuta dagoen atzeko mesogastrioa da.

  • Epiploiaren amantala: egitura hau sortzeko bi orri jaisten dira eta beste bi igotzen dira. Hasiera batean jaisten eta igotzen diren orrien artean espazio bat dago; ondoren, ordea, guztiak elkartzen dira. Gainera, aurrerantz eta beherantz abiatzean zeharkako kolonaren aurreko paretarekin fusionatzen da. Handia eta zabala da eta jaistean heste meharreko lakioak estaltzen ditu. Gantzez beterik dago.
  • Lotailu gastroesplenikoa: ezkerrerantz abiatu eta barera heltzen da. Hemen honen inguruko errai peritoneoarekin jarraitzen da.

Epiploi txikia aldatu

Bi zati ditu, jarraiak direnak.

  • Lotailu gastrohepatikoa: urdailaren eta gibelaren artean kokatzen da. Urdailaren makurdura txikitik sortzen da.
  • Lotailu duodenohepatikoa: gibelaren eta duodenoaren hasierako zatiaren artean dago. Izan ere azken hau ere peritoneo barneko egitura da.  Duodenoaren hasierako zatiaren goiko aldetik sortzen da.

Bi lotailu hauek gibeleraino helduko dira, non gibelaren inguruko errai peritoneoarekin jarraituko diren.

Epiploi txikiaren eskuineko ertz librean, bi orrien artean, gibelaren pedikuloko egiturak kokatzen dira: porta zaina, koledokoa eta gibeleko arteria propioa. Atzean, berriz, zulo epiploikoa edo Winslow hiatoa dago. Honen bitartez poltsa omentalera heltzen da.

Geruzak aldatu

Geruza mota ezberdinak bereizten dira urdaileko paretan:

  • Mukosa: tolesdurak makroskopikoki ikus daitezke. Hauek mota ezberdinetakoak dira:
    1. Luzetarako tolesdurak: makurdura txikian daude eta pilororaino hedatzen dira.
    2. Tolesdura irregularrak: makurdura handian daude eta atal ezberdinetan zehar desberdinak dira. Fundusean txikiak izaten dira, eta gorputzekoak, aldiz, handiagoak.
  • Azpimukosa edo mukosa azpiko geruza
  • Geruza muskularra:
    1. Laprana: barnekoena. Geruza hau osatzen duten zuntzak fundusean eta gorputzaren goikaldean kokatzen dira batez ere. Ez dute urdailaren pareta osoa estaltzen.
    2. Zirkularra: tartean kokatzen da. Urdaileko pareta guztietan dago. Piloroaren inguruan oso lodia da. Hemen esfinter zirkular bat osatuko du. Esfinterrean zuntz zirkularrak eta luzetarakoak egongo dira.
    3. Luzetarakoa: kanpokoena da eta ez da osoa. Hestegorriko luzetarako zuntzek bi banda osatzen dituzte kardias zuloaren mailan. Bat makurdura txikira abiatzen da eta bestea handira. Ondorioz, urdaileko aurreko eta atzeko paretetan, erdiko ataletan, ez dago luzetarako zuntz muskularrik. Atal pilorikora heltzean bi bandak berriro elkartzen dira, atal hau estaliz.
  • Errai peritoneoa: peritoneo barruko egituretan agertzen den geruzarik kanpokoena da. Peritoneo kanpoko egituretan, berriz, adbentizia edo serosoa antzematen da. Urdaila peritoneo barruko egitura da, eta beraz, errai peritoneoz inguratuta dago.

Duodenoa aldatu

 

Heste mehea duodenoak, jejunoak eta ileonak osatuko dute, [2] hauek urdailaren ondoren kokatuko dira. Heste mehearen funtzio nagusiak nutrienteak xurgatzea eta digeritzea dira, baita immunitate barrera bezala jokatzea. Gorputzeko zelula gehienak berritzen dituen organo bat da. Hau bost egunero gertatzen da. [3]

Atalak aldatu

Urdaila jarraituz, duodenoa dago. Duodenoak 4 atal ditu:

  • Atal horizontala edo goiko atala: duodenoaren bulbo ere deitzen zaio. Duodenoaren 4 ataletatik peritoneo barrukoa den atal bakarra da. Honen alde kranealetik lotailu duodenohepatikoa irteten da, epiploi txikiaren eskuineko atala dena. Goiko atal hau eskuinera abiatzen da. 1. orno lunbarraren mailan kokatu eta tolestu egiten da (duodenoaren goiko tolestura deitzen zaio).
  • Beheranzko atala: peritoneo atzeko egitura da. Beheranzko atala L1 mailatik L3 mailaraino hedatzen da. Berriro tolesten da, duodenoaren beheko tolestura eratuz. Beheranzko ataleraino hurrengo atalak iristen dira:
    1. Vater anpulua edo karunkula handia: beheranzko atalaren atze-erdialdeko paretan dago. Hona bi iraizpen hodi iritsiko dira enbor komun bat sortuz: areatik datorren iraizpen hodi nagusia edo Wirsung-ena eta gibeletik datorren koledokoa.
    2. Karunkula edo papila txikira: 2cm gorago kokatzen da. Hona iritsiko da areatik irteten den beste iraizpen hodia, laguntzailea edo Santorini-rena.
  • Beheko atala: peritoneo atzeko egitura da. Beheko kaba zainaren eta aortaren aurrealdetik gurutzatzen da, aortaren ezkerreko aldean gorantz eta ezkerralderantz abiatuz.
  • Goranzko atala: peritoneo atzeko egitura da. 2. orno lunbarraren ezkerreko aldera iristen da, non tolestura bat eginez heste meharreko jejunoarekin jarraitzen den.

Angelu duodenojejunal honetan, 2. orno lunbarraren ezkerrean kokatuta, heste meharra berriro peritoneo barrukoa egiten da. Beraz, jejunoa peritoneo barruko egitura izango da; daukan atzeko mesoa mesenterio deitzen da.

Zelula geruzak aldatu

Duodenoaren zelula geruzak hurrengoak izango dira:

  • Geruza mukosoa: atal horizontalean nahiko lisoa izaten da. Baino gainerako ataletan tolestura zirkularrak ikusten dira: Kerckring balbulak. Honen eraketan mukosak zein mukosa azpiko geruzak hartzen dute parte.
  • Mukosa azpiko geruza: geruza honetan Brunner guruinak bereizten dira.
  • Geruza muskularra: hemen bi azpi-geruza muskular bereizten dira, barruko zelula zirkularrak eta kanpoko luzetarako zuntzak.

Etiologia aldatu

 
Gatroenteritisaren birus batzuk.

Gastroenteritisaren jatorri nagusiak Escherichia coli eta Campylobacter generoko bakterioak eta errotabirus generoko birusak dira. Hala ere, gaixotasun honek jatorri ez infekziosoak izan ditzakeela ikusi da. Gehien bat umeengan ematen da beraien immunitate sistema ez dagoelako garatuegi eta beraien higiene ez oso nabarmenagatik. Birusak umeen gastroenteritis kasuen %70-aren eragileak dira.

Jatorri birikoa aldatu

  • Lehen esan dugun bezala, birusen barruan errotabirusa izango da ume gehien kutsatzen dituena, herrialde garatuetan zein azpigaratuetan. Horrez gain, badaude beste birus batzuk gaixotasun honen eragileak izango direnak; hala nola, adenobirusa, astrobirusa[4] eta noronirusa.
  • Norobirusa[5], Estatu Batuetan bizi diren helduengan gastroenteritis kasu gehien eragiten dituena da, gaixotasun honen agerraldien %90 baino gehiago eraginez. Normalean, epidemia hauek pertsona asko, leku edo inguru murriztu batean daudenean gertatzen dira, adibidez ospitaletan edo jatetxeetan. Gainera kontuan izan behar dugu gaixotasun hau pairatu dutenek kutsakorrak izaten jarrai dezaketela nahiz eta bere sintomak jada ez izan.
     
    Gatroenteritisaren birusa mikroskopio bidez ikusita.

Jatorri bakterianoa aldatu

Herrialde garatuetan Campylobacter jejuni bakterioa izango da gastroenteritis bakterianoaren jatorri nagusia. Bakterio honek eragindako kasuen erdia hegaztien okelarekin erlazionatuta dago. %15 izango da bakterioek umeen gastroenteritisean duten agerrera.

Kutsatzeko modurik errazena jakien bitartez da. Jakiren bat kutsatu egiten bada eta giro tenperaturan mantendu, bertako bakterioak biderkatu egiten dira. Horrelako jakiren bat janez gero, kutsatzeko arriskua askoz ere handiagoa izango da. Mota honetako jakien artean hurrengoak dira ezagunenak: haragi gordina, oilaskoa, arrautzak, pasteurizatu gabeko esnea, gaztai freskoa, fruituak eta barazkiak.

Clostridium difficile bakterioak pertsona helduengan eragingo ditu kasu gehienak. Umeak bakterio honen eramaileak izan daitezke sintomarik pariatu gabe. Normalean, antibiotikoen erabilerarekin lotuta dago, hau da, antibiotikoak hartzen ibili diren pertsonek probabilitate handiagoa dute bakterio honek eragiten duen gastroenteritisa pairatzeko. Kontuan izanda zein antibiotiko kontsumitu duzun probabilitatea aldatu egiten da ere.

Jatorri parasitoa aldatu

Entamoeba histolytica eta Cryptosporidium generoko protozoo parasitoek umeengan agertu diren kasuen %10a eragin dituzte.

Jatorri ez-infekziosoa aldatu

  • Talde honen barruan antibiotikoak (hanturaren aurkako antibiotiko ez esteroideoa) eta glutena sartzen dira, baita Crohn-en gaixotasuna[6] ere.
  • Batzuetan jandako arrain mota ezberdinekin lotuta egon daiteke. Adibidez, badaude uretan toxinak sortzen dituzten mikroorganismoak. Koralak kolonizatzen dituzte eta gero arrain belarjaleek koral hau jaten dute. Arrainek ez dute inongo sintomarik pairatzen baina toxikoak bilakatzen dira. Beraz, guk arrain hori jatean toxinak gure organismoan sartuko ditugu eta gastroenteritisa eragiten digute.

Klinika aldatu

Gastroenteritisak normalean beherakoak eta okadak, edota bietako bat (kasu gutxitan) eragiten ditu. Gainera, pazienteak kalanbre abdominalak izan ditzake. Sintomak, agente infekziosoa bereganatu eta 12-72 ordutara hasten dira pairatzen. Agentea birikoa den kasuetan, gaixotasuna aste bat igaro ondoren desagertzen da. Kausa biral batzuk sukarra, nekea, zefaleak eta min muskularrarekin lotuta egon daitezke. Beherakoan odol-galera baldin badago ziurrenik agente bakteriano batek eragindakoa izango da.

Horrez gain, infekzio bakteriano batzuek min abdominal zorrotza eragin dezakete, eta aste batzuetako iraupena eduki. Hala ere, garapen maila txikiagoko lurraldeetan, infekzio zorrotzekiko tratamendua ez dago eskura. Horrenbestez, ohikoa da beherako kronikoa pairatzea.

Hari beretik, beherakoaren konplikazioetariko bat deshidratazioa da, eta horrek sintoma hauek ekar ditzake: larruazaleko hanpadura eskasa eta ez-ohiko arnasketa. Herrialde pobreetan, horrekin batera datorren desnutrizioak epe luzeko hazkuntza-atzerapena eta gutxiegitasun kognitiboa ekar ditzake.

Alde batetik, infekzioa Campylobacterrek eragindakoa izatekotan, kaltetuen %1k artritis erreaktiboa sufritzen du gastroenteritisa eta gero.

Bestetik, gaixotasuna Escherichia Coliren Shiga toxinek eragindakoa bada, Sindrome Uremiko Hemolitikoa ager daiteke; hau da, plaketopenia, giltzurrunen funtzionamendu eza eta eritropenia. Umeek honetaz kutsatzeko aukera gehiago dituzte.

Diagnostikoa[7] aldatu

Orokorrean, ez dago kausa zehatza ezagutzearen beharrik, gaixotasuna era berean maneia daitekeelako agentea ezagutzen bada ala ez bada ezagutzen. Hala ere, gorotzetan odola aurkezten dutenen pertsonen kasuetan, kultibo bat egitea beharrezkoa litzateke janari intoxikazio bat pairatu badute edota hirugarren munduko herrialdeetan egon badira jakiteko.

Edonola ere, kontrolerako diagnostikoak egin daitezke, elektrolito mailak eta giltzurrun funtzioak neurtuz, deshidratazio zorrotz baten susmoa izatekotan.

Deshidratazioa aldatu

Oso garrantzitsua da pazienteak deshidratazioa pairatzen duen ala ez zehaztea. Deshidratazio-maila desberdinak daude: arina (%3–5 ), moderatua (%6–9 ), eta zorrotza (≥%10).

Umeetan detekta daiteke arnaste-zailtasun, gehiegikeria kapilar eta azal arazoengatik. ​Oso zaila da deshidratazioa diagnostikatzea analisi biokimikoen bitartez.  

Diagnostiko diferentziala aldatu

Oso garrantzitsua da apendizitisaren, gernu-infekzio eta antzerako gaixotasunen sintomekin ez nahastea. Pazienteak soilik okadak edo beherakoak aurkeztekotan, diagnostiko diferentziala zailtzen da.

Apendizitisarekin ez nahasteko, beherako kantitate handia gastroenteritisaren bereizgarria dela jakitea oso garrantzitsua da.

Zetoazidosi diabetikoak ez du beherakorik aurkezten.

Tratamendua aldatu

Higienea zaintzea eta elikadura egokia mantentzea neurri garrantzitsuak dira gaixotasun hau sendatzeko eta ez transmititzeko. Horrez gain, galdutako likido guztia berreskuratzeko pixkanaka pixkanaka ur asko edan behar da. Horretarako, seruma[8] edateaz gain ura bikarbonato eta gatzarekin ere edan daiteke.

Ondorengo faktoreak kontuan hartu behar dira gaixotasuna tratatzeko orduan:

Hidratazioa aldatu

Lehen aipatu bezala, berriro hidratatzea oso garrantzitsua da haur eta helduetan. Hau batez ere aho bidez berriro hidratatzeko gatzak (SRO) [7]hartuz lortzen da. Kasu larrienetan, aldiz, zuzenean zainetatik sartu behar izaten dira gatz hauek (pertsonak konortea galtzen duenean, adibidez). Gainera, karbohidrato konplexuak dituzten elikagaiak hartzea komeni da (hau da, garia eta arroza dituzten elikagaiak). Gainera, azukredun edariak hartzea ez da gomendagarria bost urte baino gutxiago dituzten umeetan sintomak areagotu daitezkeelako.

Elikadura aldatu

Gomendatzen da amaren esnea edaten duten haurrek eta oraindik biberoia hartzen duten haurrek berdin jarraitzea (azken hauek, hidratatzeko gatzak ere hartu behar dituztela kontuan hartuta). Hala ere, azukre sinpleak dituzten elikagaiak hartzea saihestu behar da. Gainera, probiotiko batzuek gaixotasunaren iraupena eta sintomak murriztu ditzakete.

Antibiotikoak aldatu

Normalean gaixotasun honetan ez da beharrezkoa izaten antibiotikoak hartzea, baina sintomak oso larriak diren kasuetan edota kausa bakterianoa denean hartzea gomendatzen da. Makrolidoak[9] dira antibiotiko gomendatuenak.

Antiespasmodikoak aldatu

Farmako hauek arazo gehiago sorrarazten dituzte normalean, horregatik ez da oso gomendagarria hauek erabiltzea, nahiz eta arazo hauek jasateko probabilitatea baxua izan.

Erreferentziak aldatu

  1. Craig, Sandy A.; Zich, David K.. (2010). «Gastroenteritis» Rosen's Emergency Medicine – Concepts and Clinical Practice (Elsevier): 1200–1227. ISBN 9780323054720. (Noiz kontsultatua: 2019-10-30).
  2. Díaz Oquendo, Yanela. (2013-06). «Funciones de enfermería en la unidad quirúrgica de nefrología» Enfermería Nefrológica 16 (2): 121–128.  doi:10.4321/s2254-28842013000200009. ISSN 2254-2884. (Noiz kontsultatua: 2019-10-30).
  3. Salvo Romero, Eloisa; Alonso Cotoner, Carmen; Pardo Camacho, Cristina; Casado Bedmar, Maite; Vicario, Maria. (2015). «The intestinal barrier function and its involvement in digestive disease» Revista Española de Enfermedades Digestivas 108  doi:10.17235/reed.2015.3846/2015. ISSN 1130-0108. (Noiz kontsultatua: 2019-10-30).
  4. «Astrovirus - Diagnóstico molecular (RT-PCR). - IVAMI» www.ivami.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-30).
  5. «Infecciones por Norovirus» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2019-10-30).
  6. «Crohn-en gaixotasuna - Wikia-Elika» wikia.elika.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-30).
  7. a b (Gaztelaniaz) «Solución de rehidratación oral (SRO) con polímeros de glucosa para el tratamiento de la diarrea aguda» www.cochrane.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-30).
  8. (Gaztelaniaz) «Diccionario de cáncer» National Cancer Institute 2011-02-02 (Noiz kontsultatua: 2019-10-30).
  9. (Gaztelaniaz) «Macrólidos - Enfermedades infecciosas» Manual MSD versión para profesionales (Noiz kontsultatua: 2019-10-30).

Kanpo estekak aldatu