Gernu-infekzio
Gernu-infekzioa gernu-aparatuan kokatutako infekzioa da, bakterio Gram-negatibo batek sortua gehienetan. Sintomak aldakorrak izaten dira, zein organo erasaten den kontu.[1] Mikrobiologiaren ikuspegitik, infekzioa izateko gernu mililitro batean 10.000 bakterio edo gehiago (koloniak eratzen dituzten unitateak) izan behar dira.
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Gernu-infekzioak patologia infekziosoen artean ohikoenetarikoak dira. Infekzio hauen jatorrian hiru organo egon daitezke: maskuria (maskuriaren infekzioak zistitisa eragiten du), giltzurrunak (giltzurrunen infekzioak pielonefritisa sortzen du) edo uretra (uretraren infekzioak uretritisa eragiten du).
Uretraren anatomia dela-eta, gernu-infekzioak ohikoagoak dira emakumezkoengan gizonezkoengan baino [2]. Heste-floraren bakterioak dira gernu-infekzio gehienak sortzen dituztenak. Sexu bietan zahartu ahala gernu-infekzioa pairatzeko probabilitatea areagotu egiten da [3].
Orokorrean, zistitisak ez dira larriak, eta sukar apala eta sintoma lokalak (disuria eta polakiuria) besterik ez dituzte sortzen. Pielonefritisek, aldiz, larriagoak dira, sintoma lokalez gain gaixoaren osasun orokorra kaltetzen dutelako [4].
Etiologia
aldatuKasu gehienetan gernu-infekzioak heste-florako bakterioek (Gram negatiboek) sortzen dituzte, uretran sartzen direnak (gertuko kutsadura fekal batetik, pertsona berarena) eta hortik -goranzko bidea hartuz- maskuriara iristen direnak (eta hainbat kasutan, giltzurrunetaraino).
Escherichia coli da gernu-infekzio gehienen atzean dagoen bakterioa. Infekzioen %80 baino gehiago bakterio honek sortzen ditu. Beste enterobakterio batzuek, proportzio txikiagoetan, infekzio horien errudunak izan daitezke: Proteus, Klebsiella, Enterobacter... Enterococcus faecalis (bakterio Gram positiboa), Staphylococcus saprophyticus eta Candida albicans (legamia) isolatu dira kasu batzuetan gaixo batzuen gernutik ere.
Pielonefritisaren kasuan bakterio patogenoek uretratik ez ezik, odoletik ere giltzurrunetaraino irits daitezke, organo horiek infektatuz.
Sintoma klinikoak
aldatuKasu batzuetan gernu-infekzioa dutenak asintomatikoak dira: haien gernuaren urokultiboan heste-florako bakterioak daude (bakteriuria), baina ez dute inongo sintomarik. Asintomatikoak diren bakteriuria horiek ez dituzte antibiotikorik behar.
Beheko gernu-traktuko infekzio sintomatikoak (uretrakoak edo maskuriakoak) arinak dira orokorrean: larriak ez izan arren, gogaikarriak dira, baina. Disuria (gernuaren kanporatze zaila eta mingarria) eta polakiuria (gernua oso maiz kanporatu behar izatea) dira sintoma nagusiak. Ez dago sukarrik edo, baldin bada, arina da.
Goiko gernu traktuko infekzioak (ureter, giltzurrunak) larriagoak dira. Sukarra, gerrialdeko min bortitza eta ondoeza orokorra dira sintoma nagusiak, disuriaz gain. Giltzurrunetan dauden bakterioak odolera pasatzen badira septizemia bat agertzen da, oso larria dena eta gaixoaren ospitalizazioa eskatzen duena [2]
Diagnostikoa
aldatuGernu-infekzio baten diagnostikoa historia klinikoan eta gaixoaren miaketan oinarritzen da. Kasu batzuetan urokultibo bat ere egiten da.
Gernu-infekzioaz hitz egiteko irizpide mikrobiologikoa da 100.000 bakterio-kolonia baino gehiago agertzea gernu-mililitro bakoitzeko (bakteriuria). Kasu batzuetan, ordea, mililitro bakoitzeko 10.000 bakterio baino gehiagoren zenbaketak mikrobio-infekzioarekin lotzen dira. Bakterioez gain, gernuak zornea (piuria) eta leukozitoen zenbaketa handiak ere izaten ditu.
Gernuan leukozitoen zilindroak agertzeak pielonefritisa iradokitzen du
Tratamendua
aldatuAntibiotikoak erabiltzen dira gernu-infekzioen tratamenduan. Kasu gehienetan, aho-bidetik epe labur batean, astebete baino gutxiago. Likido asko edatea gomendatzen da.
Trimetoprim-sufametoxazol konbinazioak ondo funtzionatu ohi du gernu-infekzio arinak sortzen dituzten bakterio gehienen aurka, andui erresistente batzuk agertu arren.
Sulfamidak, amoxizilina, nitrofurantoina eta kinolonak ere alternatiba terapeutikoak dira [5].
Pielonefritisaren kasuetan antibiotikoak zain barneko bidetik hartu ohi dira, gaixoaren ospitalizazioa eskatzen duena
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskalterm: [Ginekologia Hiztegia] [2015]
- ↑ a b Ingraham, J., Ingraham, C.: Introducción a la microbiología Vol. II, Ed. Reverté, 591 orr. ISBN: 84-291-1869-1
- ↑ infección urinaria en adultos MedlinePLUS
- ↑ Prats, G. : Microbiología clínica, Ed. Médica Panamericana (2007) 239 orr. ISBN: 978-84-7903-971-4
- ↑ L. Blasco Loureiro, C. Souto Moure, M.A. Marchena Fernández [https://web.archive.org/web/20100622232652/http://www.sefap.es/revista/pdf/4.1.4.pdf Infecciones del tracto urinario. Pautas de tratamiento empírico de la infección no complicada según los datos de sensibilidad antimicrobiana de un área de salud] Farmacia de atención primaria