Patogenoa (grezieratik pathos = "gaixotasuna" eta genein = "sortu") ostalari batean gaixotasuna sortzen duen edozein eragile biologikoa da. Patogenoen artean ohikoenak hauek dira: birusak, bakterioak, onddoak, protozooak eta helmintoak. Izaki bizidunak ez izan arren prioiek ere ahalmen patogenoa dute.

Pseudomonas aeruginosa, mikroskopio elektronikoan, bakterio patogeno bat da eta maiz aurkitzen da infekzio nosokomialetan.

Patogenesian bi faktore kontuan hartu behar dira: eragilearen ahalmen patogenoa (birulentzia) eta ostalariaren egoera immunologikoa. Gaixotasunaren agerpena bi faktore hauen arteko elkarrekintzaren ondorioa izaten da. Esaterako, birulentzia urriko mikrobioek gaitza sor dezakete ostalariaren immunitate-sistema ahulduta baldin bada. Mikrobio oportunistak kasu honen muturreko adibidea dira.

Patogeno batzuek izurrite beldurgarriak sortu zituzten aurreko mendeetan: Yersinia pestis bakterioak, esaterako, Europako biztanleria birrindu zuen XIV. mendean, izurri beltza hedatuz. Baztangaren birusa gizateriaren zigorra izan zen Lur gainetik desagertu arte (XX. mendean). Legenar eta tuberkulosiaren bakterioek ere milioika hildako eragin zituzten aurreko mendeetan. Gaur egun, mikrobiar-mehatxuek beste izenak dituzte: Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB), esaterako, HIES-aren eragilea.

Patogenoen aurkako borrokan gizakiak urrats esanguratsuak eman zituen XX. mendean: txertoen hedapenak, antibiotikoen aurkikuntzak, arau higienikoen ezarpenak, uren tratamenduak eta janari-industriaren garapenak gaixotasun infekziosoen murrizketa ekarri zuten. Aitzitik, patologia infekzioso berriak ere azaldu dira azken urteotan, mikrobioek etengabeko aldaketa genetikoak dituztelako eta haien ahalmen patogenoa ere aldatzen duelako.

Bakterio patogenoak

aldatu

Kontrakoa iruditu arren, bakterio gehienak ez dira patogenoak. Gizaki hiltzaile gehiago dagoela bakterio hiltzaileak baino esatea zuzena eta zehatza da, bakterioek gizakia baino ospe txarragoa badute ere [1]. Dena den, hainbat bakterioren ahalmen patogenoak gaixotasun larriak eragiten ditu, gaixoaren bizitza bera kinka larrian jartzeraino.

Bakterioek sortutako gaitzen artean honako hauek aipa daitezke: tuberkulosia, legenarra, kolera, karbunkoa, tetanosa, botulismoa, sukar tifoidea, legionelosia, pneumonia, etab

Birus patogenoak

aldatu

Birus guztiak parasito hertsiak dira, zelulak behar dituztelako ugaltzeko eta bizi-jarduera mantentzeko. Hori horrela izanik, ulertzekoa da asko patogenoak izatea, eta kalteak eragitea infektatutako zeluletan.

Birusek sortutako gaitzen artean hauek daude: HIESa(GIBek eragindakoa), gripea, amorrua, sukar hemorragikoa (Ebola birusak eragindakoa), meningitisa, elgorria, barizela, mononukleosi infekziosoa, COVID-19, hepatitis, etab

Protozoo patogenoak

aldatu

Protozooak eukariotoak dira, eta gutxi batzuk besterik ez dira patogenoak. Hala ere malaria, disenteria, Chagas-en gaixotasuna eta toxoplasmosi bezalako gaitz larriak sor ditzakete.

Erreferentziak

aldatu
  1. Albero, Josu: Mikrobioen Mundu Liluragarria, EHUko Zio Bilduma (2019), 13. orr. ISBN: 978-84-1319-082-2

Kanpo estekak

aldatu